www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Periyaren zalapartak
Alfonso Maria Zabala
1911, 1963

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Periyaren zalapartak..., Alfonso M.ª Zabala (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1963

 

 

   

PERIYAREN ZALAPARTAK

 

 

IRUDIGILLEAK

 

        MIKELA

        JOXE

        PATXIKO

        PERMIN

        MANUEL

        ANTON

        MIGEL

        MORROIA

        JOXE-MARI

        LAPURRA

        ZELADORIA

        MUTILLAK

        BASERRITARRAK

 

        Peria egiten dan toki-inguruko zelai bat. Ezkerretara, jatetxe bat, eta ate-aurrean maia; maian, jaten, Joxe, Patxiko, Permin eta Manuel. Inguruan ogi-gañean jarritako lukainka jaten, jaietan bezela jantzitako mutill-saill bat. Alde batetik bestera baserritarrak, atxur, aizkora, sega ta perian erositako beste gauza batzuek eskuetan dituztela.

 

 

I

JOXE, PATXIKO, PERMIN, MANUEL,
MUTIL ta BASERRITARRAK

 

MUTIL: (Kantatzen eta saltoka)

                Santo Tomas'ko peria

                txorixua ta ogia;

                lapurrak ere badabiltz-eta

                ondo iriki begia.

BASERRITARRA I: (Kantatuaz)

                Makallau igartxo au

                kapoyaren truke

                gaur gure biajea

                ez da irten merke.

                Geyago eman bearrik

                ai! ez balegoke,

                urtea nolerebait

                pasako genduke.

MUTILLAK: (Len bezela)

                Santo Tomas'ko peria

                txorixua ta ogia;

                lapurrak ere badabiltz-eta

                ondo iriki begia.

BASERRITARRA II: (Beste baserritar batek, kantatuaz)

                Kapoyakin batean

                dirua ugari

                eman diogu beintzat

                nagusi jaunari.

                Ori sortu danean

                kontentu nago ni;

                orain ekin berriro

                gogoz lur-lanari.

MUTILLAK:

                Santo Tomas'ko peria

                txorixua ta ogia;

                lapurrak ere badabiltz-eta

                ondo iriki begia.

BASERRITARRA III: (Beste Baserritar batek)

                Santo Tomas'ko eguna

                da egun aundia,

                onera etortzeko

                egun egokia.

                Nagusiaren bizkar

                egin bazkaria,

                eta etxera apaltzeko

                bixigu guria.

MUTILLAK: (Beti bezela kantatuaz izkutatu bitez)

                Santo Tonas'ko peria

                txorixua ta ogia;

                lapurrak ere badabiltz-eta

                ondo iriki begia.

 

 

II

LENGUAK eta MORROIA

 

MORROIA: (Jaki batekin agertu bedi ta mai-gañean jarri beza).

JOXE: Orain zer dakartzu?

MORROIA: Orain? Ate bat, labian erria... Mokadu gozoagorik zuen bizi guzian ez dezute jan.

JOXE: Ola, ola! Atea beraz, e? (Patxiko'ri) Zuk iñoiz aterik jan al dezu?

PATXIKO: Nere etxeko atariak bi ate dauzka, eta ez bata ta ez bestia jateko ez dira gauza.

JOXE: Onek ordea...

PATXIKO: Onek etzeukak itxura txarra ta jan egin bearko. (Guziok atar¡ begira, nola jaten asi ez dakite).

JOXE: Jaten asi bearko diau, ba.

MANU: Bai. Jateko ekarriko ziaten noski, ez oni begira egoteko.

PATXIKO: Eta au nola jaten da? (Kutxara artuaz).

PERMIN: Kutxararekin ez, gizona. Baba-zopak dirala iduritzen al zaizu?

PATXIKO: Nolabait asi bearko degu beñepein. Tira, zuk anka batetik eta nik bestetik elduta, zerbait irtengo da.

MANU: Ez gizona, orla ez.

PERMIN: Nola ba, bestela?

PATXIKO: Oraindik atea nola puskatzen dan ez dakizute? Aizkorarekin, gizona, aizkorarekin.

PERMIN: Aizkora? Ona emen gaur erosi dedana. (Artuaz).

MANU: Ken ari ortik... Ia Joxe: i gu baño geiago ibillia ta ikusia aiz, eta ia asmatzen dekan au nola ebaki.

JOXE: Ia ba. Ia, labaña zorrotz bat. (Eman bezaiote. Artu ta asi bedi kisk eta kask, alde batetik eta bestetik atea ebaki eziñik. Izerditan asi balitz bezela, txamarra kendu beza, ta berriz ere asi bedi, ekin eta ekin, ateari kutxilloa sartu naiaz). Zer arrayo dek au? Au ez dek atea... Inpernutik ertendako deabru zarren bat dek au... (Guziok, tenedoreak eskuetan dituztela, Joxek noiz ebakiko zai daude begira). Arraio... milla... demonioa...

 

 

III

ANTON eta MIGEL

 

ANTON: (Bere adiskide Migel'ekin agertu bedi. Biak beltzez ederki jantzita datoz, txapel apain, esku-makilla ta guzi. 50 urte inguru dituzte). Ori jendez perian.

MIGEL: Bai, bai. Gaur dendariak nori saldu badute.

ANTON: Peria kendu ezkero, gure baserritarrenak egin zuan.

MIGEL: Nekazari gizajoak ere orrelako lasai-aldi batzuek bear dituzte. Beti baserrian sartuta, neke-pian bizi balira, ernegatu egingo lirake.

ANTON: Naiz ezer saldu ez, eta naiz ezer ez erosi, perira datoz, eta zirkun-zarkun or dabiltza, besterik ez bada, ia albookaren batean tragotxoren bat erortzen ote dan.

MIGEL: Ori ondo da. Oyek perian batera ta bestera ibilli arren, etzazula pentsa protxurik ateratzen ez dutela. Gauza guzien balioak jakiten dituzte: gari, arto, zaldale, babarrun, ollo, arrautza, sagar, gaztaña, intxaur, gazta, txekor, txerri, ta gañeratikoak zenbaitean dabiltzan eta igotzeko itxurarik duten jakiten dute, ta urrengoan berak saltzera datozenean ez die iñork ziririk sartuko, ez.

ANTON: Bai, gure baserritarra zintzoa dezu; ori ala da. Baña... elizarako baño perirako griña geigo dula iruditzen zat orregatik...

MIGEL: Etzera ondo ari, adiskide. Elizara? Nor ikusten da geigo elizan, baserritarra ala uri aundietako prakestu bigoteduna? Oraindik, Jaungoikoari eskerrak, piñ jokatzen du baserritarrak, piñ. Baserritarrak sinismena galtzen badu, guziok galduak gera. Orregatik baserritarrari lagundu bear zaio, ez bere lanetan bakarrik, baita bere sinismenari eusten ere. Gure baserritarrak eta zenbait pabrikako langilleak ez dira berdiñak ez.

ANTON: Egia diozu. Gure baserritarren artean beste langillien arteko nasketa ta iskanbillak sartzen badira, gorriak ikusi bearrean izango gera.

MIGEL: Orregatik bada nekazaria goratu bear degu. Gure aurretik igarotzen danean buruko txapela kenduko bagenioke, ez genduke geiegizkorik egingo.

ANTON: Geitxo esango zenduan orregatik... Dana dala, arrazoyaz itzegin dezu. Ekatzu bosteko, ori. (Eskua emanaz).

MIGEL: Gaur Santo Tomas-eguna degu ta txorixo-muttur bana jango ote genduke? Neri ez dit on aundirik egingo, baña egunari berea eman bear zaio.

ANTON: Ondo diozu. Oiturai eutsi egin bear zaie.

                Santo Tomas'ko peria

                txorixua ta ogia.

        esaten da aspalditik. Jan dezagun bada guk ere muttur bana.

MIGEL: Bai gizona. Ementxe bertan, mai ontan. Neroni sartuko naiz sukaldera txorixo ederrenak aukeratuko ditut eta berealaxe erre-eraziko ditut. Ikusiko dezu, ikusiko dezu... (Sartuaz).

 

 

IV

ANTON, azkenean LAPURRA

 

ANTON: Bai neri orlakoxe ezerezkeriak jatea gustatu. A zer panpantxo polita egingo degun toki eder ontantxe! Migel etorri bitartean zerbait irakurri dezagun. Ia gaurko eguneroko onek zer dion.

 

(Egunerokoa atera beza sakeletik, eta betaurrekoak jarriaz, oen kajatxoa sakelean sartu beza. Txapela ta makilla utzi bitza exertoki baten gañean. Egunerokoa goratuta, aurrean zer gertatzen dan ikustea galerazten diola irakurri bear du. Irakurtzen ari dala, Lapurra agertu bedi; brusa luze bat dakar jantzita; manga bat lotuta, besa-motzak oi duten bezela, eta beste eskuan, mutuak oi duten txiliña. Ixil-ixilik gerturatuko da Anton'engana, ta au irakurtzen ari dan bitartean, kenduko dizkio erlejua, sudur-zapia, petaka, kartera, betaurrekoen kajatxoa, ta exertoki-gañean utzi zituan esku-makilla ta txapela. Guziak brusa-azpian gordeko ditu, gauza bakoitza ikustean ta batez ere karterako diru-paperak ikustean poz aundia artzen duala erakutsiaz).

 

        Gutxi gora-bera betikoa esango du onek ere... Emen politika... Betikoa! Agintzen dutenak txarrak; zai daudenak onak. Emen berriz alako ezkondu dala, alako ezkonduko dala... Alako ta alako ere pozik ezkonduko lirakela esan bear luke. Aurreraxeago jolasak... Nazkagarri zait sail auxe. Ostikalariak partidu bat dutela, ta illabetez aurretik ta illabetez atzetik orrezaz itzegiten. Ume-koxkor batzuek korrika-apostua dutela, ta zortzi egunean ori esaten. Zorioneko jolasak! Ara emen errietako berriak: bazkaria izan dala... gurdiak aur bat azpian artu duala... kalean lokatza dagola... alako joan dala ta bestea etortzeko dala... Betikoa; ainbeste paper eta gauza berri gutxi. Berritxukeria ugari...

        (Egunaria gordetzen asitakoan, lapurra ikusten du). Au ere norbait badiagu. Gizon onek zer ote dakar onera? Traste tzarraren itxura dauka beintzat.

 

(Lapurra gerturatuko zaio, ta beso motza ta txintxarria erakutsiko dizkio, mutua dala adierazi naiaz).

 

        Zer biazu? (Lapurrak keñuz esan bezaio mutua dala ta eskean dabillela, Anton'ek ere keñuz erantzun bezaio, ta pixka batean orla itzegiñaz egon bitez, par-eragiteko eraz. Azkenean Anton'ek zerbait eman bezaio, ta mutua joan bedi, bere laguna ordo engañatu duala adieraziaz).

 

 

V

ANTON eta MIGEL

 

MIGEL: Bapo! Auxen da lukainka goxoa. (Ogi ta lukainka-puskakin ontzi bat dakar eskuan).

ANTON: (Betaurreak gordetzen asten danean, kajatxoa palta duala ikusten du. Gero, erloju, petaka, ta guztiak eraman dizkiotela igartzen du). Au da lana! Esku-pañuelua, erlojua, antiojuen kaja, petaka eta ogei ta amabost duruakin nuan kartera kendu dizkiate. Noan, noan, lapurraren billa. (Txapela ta makilla artu nai ditu, baña oek ere palta). Nere txapela ta bastoia nun dira? Oek ere bai? Dena, dena lapurtu dirate. Nor izan ote da? Emen egon naizen bitartean arako besa-motz mutu ura besterik ez da iñor agertu. Iruditu zait bai, irakurtzen nagoala norbait nere soñean atzaparka bezela zebillela... Aretxek ostuko ziran... Banua, banua beraren billa...

MIGEL: Baña gizona, zer pasa zatzu? Jan zazu ogia ta txorixua oztu baño lenago.

ANTON: Zer jan bear det, gizona? Txorixua ta ogia jateko goguak kendu zaizkit neri.

MIGEL: Baña era orretan joan biazu? Buru-utsik eta eskuetan ezer gabe? Laga zaiozu, gizona; protxu on deiola zuri ostu dizunari. Jan zazu soseguz ogi ta txorixo gozo au, eta gero ere zuri ostu dizkizuten gauza oyek osatuko dira.

ANTON: Preskoa zera orratik zu. Eta ogeita amar duruak? Eta nere petaka ederra? Banuala... banuala...

MIGEL: Baña nora joan biazu, gizona?

ANTON: Nora juango naiz? Zakurraren gelara...! Lapurraren billa (Bijoa) eta ai! atzapar-artean arrapatzen badet...

 

 

VI

MIGEL

 

MIGEL: Gauza zelebria gertatu zayo orregatik nere adiskide gizajoari, ni barrenen txorixuak prejitzen ari nitzan bitartean! Alajaña! Soñean zeuzkan gauza guziak ostu! Lo egongo zan, bestela, ainbat gauza ostu baño lenago, oroitu bear. Txapela, bastoia, erlojua, esku-pañuelua, petaka, antiojuen kaja ere bai, eta guzien gañetik ogei ta amabost duro. Lapurtxo orrek orregatik gaur ez dik jornal txarra atera! Dana dala, jan dezadan beintzat txorixo-muttur bat, oztu baño lenago... Bai, gizona! Oraindik aundiagoa ere entzun bear diagu...

 

 

VII

MIGEL, JOXE-MARI, MIKELA,
MUTILLAK eta BASERRITARRAK

 

(Migel jaten ari dan bitartean, mutillak irten bitez lenago bezela, txorixo ta ogia jaten, iskanbillaka, ta baserritarrak ere bai itai, sega, ta gañeratikoakin. Joxe-Mari ta Mikela ere agertu bitez; zar-xamarrak dira: Joxe-Mari eran-xamarra dator, eskuan makilla duala; Mikela'k berriz, pardel txiki bat dakar; besotik elduta datoz.)

 

MIKELA: Baña Joxe-Mari, etzera lotsatzen jendeak zer esango duan? Otsemazu, gizona, estaziora, onezkero trena Tolosa-aldera laister irtengo da-ta.

JOXE-MARI: Ez dago presarik, emakumea Etxerako zerbait erosi biagu... Jorrai batek oso palta egiten digu.

MIKELA: Bai, polita zaude zu tratuan asteko. Bat balio badu, lau kenduko lizuteke.

JOXE-MARI: Neri? Eztago Donosti'ko plazan neri ziririk sartuko diranik. Igaz ere makiñatxo bat erosi nituan baña, etxera joan nitzanian oso merke erosi nituala esan zirazuten.

MIKELA: Igaz etzenduan ordea orrelakorik atxitu.

JOXE-MARI: Igaz ere, aurten bezela, bapo jan da edan egin genduan bada.

MIKELA: Aurten ordea bonbilla aunditxoa atera digute, ta an egon zera txurrut eta txurrut dena agortu arte. Gero berriz kapearekin ere geitxo egin dezu, eta ona zer gertatu zaitzun...

JOXE-MARI: Urtean bein orrelakoxe bat arrapatzea, ez da pekatu aundia, e, Mikelatxo?

BASERRITARRA: Kaxo, Joxe-Mari. Oraindik emengo aldi?

JOXE-MARI: Bai, gizona. Etxera joateko zer presa arrano daukat ba nik?

BASERRITARRA: (Serio ta geldi-geldi) Joxe-Mari: ori da pulamentua, ori. Arrapatzekotan, orrelakoxeak arrapatu bear dira.

JOXE-MARI: Zer egingo degu, ba, Tiburtxio? Urtean bein, ta kito.

MIKELA: Guazen, Joxe-Mari, guazen...

MUTILLAK: (Kantatuaz).

                Santo Tomas'ko peria

                txorixua ta ogia;

                lapurrak ere badabiltz-eta

                ondo iriki begia.

BASERRITARRA II: Izan ere... Lapurrak dabiltzala, ori bai dala egia. Neri aizkora bat ez dirate bada lapurtu?

BASERRITARRA III: Neri guardasola.

BASERRITARRA IV: Neri parrilla.

BASERRITARRA V: Neri padera.

BASERRITARRA VI: Neri sorta bat pillomen.

BASERRITARRA II: Nor ote da orlako lapurra?

BASERRITARRA III: Etzekiat nik baño, or ikusi diat esku-maingu bat, blusa luze batekin, eta ark etzikan kristau onaren arpegirik.

BASERRITARRA IV: Bai! Nola nai dek esku-maingu bat lapurra izatea? Guri ainbeste gauza ostu dizkiguna ez dek ez maingua; esku azkarrekoa dek ura.

BASERRITARRA III: Etzekiat ba; paperak ere egiten dira; maingua dala uste ta bi eskuak ederki askatuak edukitzea gertatu izan dek.

MIKELA: Ai ene! Neri esku-maingu batek limosna eskatu dit, eta erreparatu diot soñetan atzaparka dabillela. (Poltxikuetan begiratuaz) Ai nere Amabirjiña Arantzazukoa! Ai, ai, ai... !

JOXE-MARI: Zer dezu, emakumea?

MIKELA: Ai, ai, ai... ! Nere poltxatxua, nere poltxatxua, nere poltxatxu ederra! Etxera juateko billete ta guzti lapurtu dirate. Ai Joxe-Mari! Orain etxera nola juan biagu?

JOXE-MARI: Etzaitez estutu, atxua... Traberna ortantxe apaldu ta lo egin, eta biar goiz irten, eta gauerako etxera joko degu.

MIKELA: Eta aparia zerekin pagatu biazu?

JOXE-MARI: Ez ote dizu zerbait utzi? Ia begiratu ezazu ondo pratikara orretan.

MIKELA: Zer utzi bear ziran! Emen ez dago aize utsa besterik.

JOXE-MARI: Ba... aize utsak apaltzeko alimentu gutxi dauka.

MIKELA: Ai ene! Au ere guri gertatu bear zitzaigun... (Kanpuan garraxiak entzuten dira: «Lapurra, lapurra!», ta guziok ara begira jarri bitez).

BASERRITARRA II: To! An zijoak korrika maingu brusa luzea... Eta zeladoria eta kaballero bat bere ondoren. Nor ote da buru-utsik eta antiojuakin jarraitzen dion kaballero ori? (Kanpuan entzuten dira: «Ortik, ortik». «Kale ortan sartu da...». «Emen dator, emen dator...» ta orlako garraxiak).

BASERRITARRA III: Ondo! Kaballeroak lepotik eldu ziok... Baita zeladoriak ere... Emen zekartek, emen zekartek... Ez dik ez, igesik egingo.

 

(Zalaparta kanpoan. Barrura datoz. Txapel gabe ta betaurreak jarrita dituala dator Anton, lapurrari belarrietatik eltzen diola. Lapurra «ai, ai, ai...» garraxika. Zeladoria ta baserritarrak, lapurra jo naiz. Au, beti, «ai, ai, ai...»-ka).

 

 

VIII

LENGUAK, ANTON, ZELADORIA

ta LAPURRA

 

ANTON: Ai, ai, ai, esaten dek? Ator onera. Nun dituk nere ogei ta amabost duruak?

LAPURRA: Emen, emen.

ANTON: Nun, ordea?

LAPURRA: Emen barrenen.

ZELADORIA: Kendu zayogun brusa au.

 

(Kendu nai diote, baño lapurrak alegiñak egiten ditu kendu ez dakioten. Azkenik, kenduko diote, ta an azalduko dira korputzean zintzilika ederki jarririk, gero izendatuko diran gauza guziak.)

 

BASERRITARRA I: Mutillak... ! Zer da au? A zer denda! Onek ez dik mairik bear bere gauzak erakusteko.

LAPURRA: Ai! Garai onean etxera joan banintz, beste zakur batek orain zaunka egingo liket.

ZELADORIA: Ea, ea. Gauza oek guziak kendu egin bear zaizkio. (Banaka, poliki-poliki kenduaz) Onoko guardasol au norena da?

BASERRITARRA III: Neria, neria. (Eman bezaio)

ZELADORIA: Eta beste au?

BATEK: Neria, neria.

ZELADORIA: Eta bastoi au?

ANTON: Ori neria.

ZELADORIA: Eta aizkora au?

BASERRITARRA II: Neria ori.

ZELADORIA: Eta beste au?

BATEK: Neria, neria...

ZELADORIA: Parrilla au?

BASERRITARRA IV: Neria; gabonetako bixigua erretzeko erosia.

ZELADORIA: Kate oek?

BATEK: Bat neria; bestea onena.

ANTON: Baña nere ogei ta amabost duruak nun dira?

LAPURRA: Emen, kolkuan.

ZELADORIA: (Eskua kolkuan sartu bezaio) Esku-pañuelo au norena da?

ANTON: Ori neria.

ZELADORIA: Antiojuen kaja au?

ANTON: Ori ere neria. (Antiojuak kendu ta kajan sartu bitza).

ZELADORIA: Kartera bat.

ANTON: Neria... neria. Ia ogei ta amabost duruak emen dauden... Bai, bai, emen zeudek. Ala ere, gaitz erdi.

ZELADORIA: Portamonera au?

MIKELA: Ai ene! Ori neria. (Artu ta ikusiaz) Emen daude, emen daude nere billete eta diruak...

JOXE-MARI: Arrayo zitala! Nere atxuaren poltsa nai al zenduan?

ZELADORIA: Sorta bat erretxin.

BASERRITARRA VI: Neria. Baña ez da erretxiña, pilomena da; elizan animen suprajioan erretzeko pilomena.

JOXE-MARI: A zer mesedia egin dizuten karga ori guzia gañetik kenduta! Oraiñ ariñago zaude kartzelara juateko.

ZELADORIA: Geiago badezu?

LAPURRA: (Asarre) Bai, sudurra.

MUTIL BAT: Neria, neria.

LAPURRA: Arrayo beltza! Nere sudurra irea al dek? Ostiko bat...

BESTE MUTIL BAT: Neria, neria...

LAPURRA: To ba, irea bada! (Ostikara bat emanaz)

MUTIL BAT: Ai, ai, ai...!

ZELADORIAK: Sekulako lapurretak egin dituzu, ta oraindik ain arro zaude? Lotsarik ez al dezu?

LAPURRA: Banuan baña, lotsa ere beste gauza guziakin kendu egingo ziazuten. Larrua besterik ez dirazute utzi-ta...

ANTON: Ori ere kentzea merezi dezu.

LAPURRA: (Bat-batean) Orain utzi neri orroko jente orri itz bat esaten.

                Gezurrik esan gabe

                ara emen egia:

                oso gaizki irten zait

                aurtengo peria.

                Beste urte batian

                nai nuke obia...

                orrela bukatu da

                gure komeria.

 

(Mutillak, «Santo Tomas'ko peria» kantatuaz
irten bitez, eta aien ondoren guziak.)

 

ZAPIA JETXI BEZATE