URRUTI-IZKETA
I
URRUTIZKAILARIA ta BASERRITARRA
(Ikuslien ezkerretara urritizkai bat duala, urrutizkai-gela ageri bedi. Urrutizkaiaren aurrez-aurre eserita, urrutizkailaria. Atzeko atetik sartu bedi Baserritarra, sorbaldan txamarra ta eskuan makilla dituala).
URRUTIZKAILARIA: Zerbait nai al du?
BASERRITARRA: Bai jauna; tilifono edo... tiligrafo edo... (buruan atz egiñaz) telfinoro edo... ez dakit nola deitzen zaion ere... Beñepein onera etortzeko esan didate, Azpeiti'ko nagusiaz itzegin dezadan, oni enkargu bat eman nai nioke-ta.
URRUTIZKAILARIA: Bai, bai; telefonora etorri zera, Azpeiti'ko zure nagusiaz itz egitea; ez da ala?
BASERRITARRA: Ori da, ori da.
URRUTIZKAILARIA: Ondo da, ondo da. Eta izena nola dezu?
BASERRITARRA: Agustin Bizkarrondo, jauna.
URRUTIZKAILARIA: Pirmatzen jakingo dezu, e?
BASERRITARRA: Pirmatzen jakin izan banu ez nitzan etorriko onera; karta batekin obeto esango nion tilifono edo instrumentu ortatik baño.
URRUTIZKAILARIA: Gizona, zer esaten dezu? Kartaz obeto esango ziozula itzez baño?
BASERRITARRA: Ez diot bada esan nere nagusia Azpeiti'n dagoala? Nola nai du arrekin itzegin dezadan Azpeiti'ra juan gabe?
URRUTIZKAILARIA: Esan ez dirazu bada emendik zure Azpeiti'ko nagusiaz itzegin nai dezula?
BASERRITARRA: Bai, ala esan det baña, nik ez dakit nola itzegin dezakean.
URRUTIZKAILARIA: Bai gizona, bai. Emendixek, istrumentu onetatixek naikoa zure nagusiaz itzegingo dezu Azpeiti'ra juan gabe.
BASERRITARRA: Istrumentu orretan al dago bada nere nagusia? Ez diot esan Azpeiti'n dagoala?
URRUTIZKAILARIA: Baña Azpeiti'n entzungo dizu zuk esaten dezun guztia.
BASERRITARRA: Zer? Nik Donostia'n itzegin eta Azpeiti'n entzun? Uste al du nik kañonazoka edo turmoiaren antzera itzegiten dedala, emendik Azpeiti'ra entzuteko? Ez da turmoiak bezela itzegingo banu ere... an ez da entzuten Donostia'n egiten dan turmoi soñurik.
URRUTIZKAILARIA: Tira, tira; berriketa gutxirekin, eseri zaitez emen, eserleku ontan, eta itzegin zaiozu nai dezun guzia; orretarako nik esango diot emen zaudela ta berealaxe etorriko da.
BASERRITARRA: Ai beza; ni ezin negoke emen nagusia etorri arte; gutxienez andik onera etortzeko bear ditu zortzi bat ordu. Arraietan! Banago ementxe, nagusia etorriko dala-ta, zortzi bat orduan!
URRUTIZKAILARIA: (Asarre-xamar) Begira; kopla gutxi neri. Jarri zaite emen nagusiaz itzegin nai badezu, ta lenengo paga zazu peseta bat.
BASERRITARRA: Peseta bat? Nagusiarekin itzegiteagatik peseta bat? Arraietan! Nagusiarekin itzegin dedan bakoitzean peseta bat pagatu bear izan banu, onezkero gelditu nitzan ardit zulatu bat gabe.
URRUTIZKAILARIA: Zer? Utsean itzegin nai al dezu bada?
BASERRITARRA: Berorrek nigaz utsean ez du bada itz egiten?
URRUTIZKAILARIA: Baita zuk ere nerekin. Ez ordea nagusiarekin ez dezu itzik egingo peseta bat pagatu gabe, ta ori iru minutuan bakarrik.
BASERRITARRA: Ederki ziok! Iru minutuan bakarrik eta peseta bat... (Beretzat) Mutill merkea aiz i alazankoa...
URRUTIZKAILARIA: Ia ia ernegatu eragin didazu, ta eseri zaite or eta itz egizu itzegin bear dezuna, edo zoaz emendik, bestela zeladoreari deitzera noa.
BASERRITARRA: (Asarre xamar) Deizaiok nai badek; ni ez nua peseta pagatzea iru minutuan nagusiarekin itzegiteagatik, eta ori zortzi ordu arren zai emen pasa-ta.
URRUTIZKAILARIA: Nork esan dizu zortzi ordu arren zai pasatu bear dituzula?
BASERRITARRA: Ez du bada esan deitzera dijoala onera etorri dediñ? Eta ez diot erantzun Azpeiti'tik onera gutxienez zortzi ordu badaudela?
URRUTIZKAILARIA: Ez dio ajola gizona. Minutu bat garrengo emen dezu.
BASERRITARRA: Minutu bat garrengo? Uste al du nere nagusia tximistaren bat dala?
URRUTIZKAILARIA: Ba, ba, ba... Emendik juan nai ezpadezu zeladorearengana nua... (ateratzen asiaz)
BASERRITARRA: Ai beza, ai beza... Bego, bego. (Beretzat) Au dek lana... Neri nagusiak esan dit telefonora etorri ta andik esateko arren enkarguagatik erantzun didatena... Orain onek berriz zeladoreari esanta kartzelan sartu bear ninduteke... Au izango litzake polita. Eman egin biarko diot peseta eta ikusiko degu zer izkera-modu dan zorioneko tilifono edo istrumentu ori. Tori, tori peseta. (gerrikotik atera ta eman bezaio)
URRUTIZKAILARIA: Tira, zure nagusiari deitzera noa. Izena nola du?
BASERRITARRA: Don Juan Tibursio Aizpuru.
URRUTIZKAILARIA: Azpeitia... (urrutizkaiaz deituaz)
AZPEITIA: Zer da?
URRUTIZKAILARIA: Emen dago Agustin Bizkarrondo bere nagusi don Juan Tiburzio Aizpurua'rekin itzegin naiaz.
AZPEITIA: Ia bada ordubete bera ere orren zai emen dagoala.
URRUTIZKAILARIA: (Baserritarrari) Emen daukazu nagusia alpaldian zure zai. Atoz, jarri zaite emen, eta onoko istrumentu au arzazu... neronek ipiñiko dizut buru ta belarrian.
BASERRITARRA: (Buruan jartzekoari begiratuaz) Nik ez det istrumentu onen bearrik.
URRUTIZKAILARIA: Bai gizona, bai; au gabe ezin entzun dezakezu. (jarri bezaio ta exeri erazi)
BASERRITARRA: Baña, non dala diozu nere nagusia?
URRUTIZKAILARIA: Or gizona, or; telefonuan. Tira, itzegizu, ta emendik iru minutura emen naiz berriz ere. (bijua)
NAGUSIA: (Urrutizkaiaz) Agustin! Agustin!
BASERRITARRA: Baña non dago beori?
NAGUSIA: Emen gizona, emen.
BASERRITARRA: Nun ordea? (urrutizkaiaren zulotik begiratuaz) Nik ez det bada ikusten.
NAGUSIA: Emen nagoala istrumentuan.
BASERRITARRA: Istrumentuan? (alde guztietara, arrituta begiratuaz) Baila Donosti'ra etorri bada, zertako eman dit neri enkargua Goikoetxe zenbatean saltzen dan jakiteko?
NAGUSIA: Baña ez dizut esaten Azpeiti'n nagoala?
BASERRITARRA: Azpeiti'n egonda, Donostia'n nola itzegiten du bada? (Beretzat) Ez diat oraindik orlako sorgintzarik ikusi!
NAGUSIA: Ez dizut aditzen zer esaten dezun. Orroko zulo ortatik itzegizu...
BASERRITARRA: Baña zer zulo arraio? Nik ez det emen zulorik ikusten... Nun dago ordea zulo ori?
NAGUSIA: Or zure aurrean daukazun zulo ortatik edo tronpetaren ipurdia dirurien zulo ortatik.
BASERRITARRA: Baña nik ez ipurdirik ez zulorik emen ikusten ez badet...!
NAGUSIA: Tira, jar zazu aoa zulo orretan eta esan zaidazu Goikoetxeko baserriagatik zenbat eskatzen duten.
URRUTIZKAILARIA: (sartuaz) Ba... Iru minutu igaro dira ta beste iru minutuan itz egin nai badezu eman bear dituzu beste sei erreal.
BASERRITARRA: Sei erreal berriz? Arraietan... orrela baguaz laister dira nere diru guztiak beorrentzat.
URRUTIZKAILARIA: Ala markatzen du tarifak.
BASERRITARRA: Zer tarifa ta tarifa ondo! (aserre)
URRUTIZKAILARIA: (Urrutizkaiaz deitu bezate Azpeiti'tik. Urrutizkailariak, apur batean entzun beza) Ea; nagusiak Azpeiti'tik dio jar zaitiala telefonoan; eskerrak oni, bestela zuk eman bearko zenituen sei errealak.
BASERRITARRA: Lenago ere eman det nik ematekorik asko, orain beste sei erreal eman gabe. Baña esaten dezu nagusiak diola Azpeiti'tik ni telefonoan jartzeko? Eta zuk ori nundik dakizu?
URRUTIZKAILARIA: Telefonotik esan diralako...
BASERRITARRA: Eta Azpeiti'n itz eginda, zuk emen entzuten al dezu bada?
URRUTIZKAILARIA: Bai, gizona, bai.
BASERRITARRA: Ez dirazu neri orrelako ziririk sartuko. Azpeiti'n itzeginda emen entzun, e?
NAGUSIA: (Urrutizkaiaz diote Azpeiti'tik:) Agustin! Agustin!
URRUTIZKAILARIA: Ona; zuri deika daude. Atoz, jarri deizudan berriz ere buruan onoko au. (berriz jarriaz) Tira, onoko zulo onetatik itzegiozu.
NAGUSIA: Agustin!
BASERRITARRA: Zer bear du?
NAGUSIA: Zenbat eskatu dizute Goikoetxea'gatik?
BASERRITARRA: Baña nagusi jauna, agertu beza sikiera arpegia, orduban obeto esango diot-eta...
NAGUSIA: Ez dezu ikusten ordea Azpeiti'n nagoala ta arpegia ezin erakutsi dezakeala?
BASERRITARRA: Berori Azpeiti'n eta ni Donostia'n? Eta nola liteke berorrek nere belarrira itzegitea eta nik ementxe balego bezela entzutea? Zer sorginkeri da au?
NAGUSIA: Agustin! Etzaitez izan ain temosoa, ta ain buru-gogorra; tira, esan zazu: zenbat eskatzen dute baserriagatik?
BASERRITARRA: Amar milla ta berreun peseta.
NAGUSIA: Galesti samar etzaizu iduritzen?
BASERRITARRA: Ez jauna; baztar onak dauzka-ta.
NAGUSIA: Ondo da ba: itxi zazu tratuba, eta atoz biar edo etzi diruaren eske.
BASERRITARRA: Diruaren eske? Eta zertara juan bear-det nik Azpeiti'ra diruaren eske? Bekar orain or dagoan ezkero eta ala ez daukat orrera etorri bearrik.
NAGUSIA: Baña oraindik orretan zaude? Ez dezu sinisten ni Azpeiti'n eta zu Donostia'n gaudela?
BASERRITARRA: Baña, nola sinistuko det baldin belarri-belarrira itzegiten badit?
NAGUSIA: Ba, ba...! Agur, eta Azpeiti'n itxoingo dizut etzi amaiketan. Atoz bazkaltzera ta dirua artu ta pagatuko dezu Goikoetxe'k balio duana. Agur, etzi arte.
BASERRITARRA: Orrenbesterekin ba al dijua. Agur ba... (Beretzat, urrutizkaia utziaz) Ni Azpeitira eraman erazi gabe eman zitzakean amar milla eta berreun pesetak.
URRUTIZKAILARIA: Tira, bukatu dezu? Naikoa itzegin dezu?
BASERRITARRA: Ai beza; aitortu bear dit, ala bear izan ezkero ez diot iñori esango-ta. Aitortu bear dit nere nagusia emen zein tokitan egon dan; bearbada berak etzuan naiko nik jakitea baño...
URRUTIZKAILARIA: Gizona, etzaitez ain iñozoa izan. Zure nagusiak Azpeiti'tik itzegin dizu.
BASERRITARRA: Azpeiti'tik? Juramentu egingo zenduke nik Azpeiti'ra itzegin dedala?
URRUTIZKAILARIA: Ez nuke egingo bada? Ez dakizu nola or bide oietan ikusten dituzun alanbre oien bitartez, nai bada Madrilla, nai bada Paris'a itzegiten dala?
BASERRITARRA: Eta alanbre oien bitartez nik itzegin al det bada?
URRUTIZKAILARIA: Bai, gizona.
BASERRITARRA: (izututa) Ai ene! Beaz ni sorgindua nago? Alanbre oiek parte gaiztokoak dira-ta. Ai! Gaur etxera juatekoan eta nere atxoari esaten diotanean alanbre oien bitartez nagusiakin Donosti'tik Azpeiti'ra itz egin dedala etxetik biralduko nau sorginduba nagoala-ta... Ai! zer egingo det? (negarrez) Ai, ai, ai! Nere etxera ezin juan niteke! ai ene! Zer izango da nizaz...? Deitu zaiozu Jaungoikoagatik apaiz bati...
URRUTIZKAILARIA: Zertarako? iltzera al zoaz?
BASERRITARRA: Ai, ai, ai! Obe nuke ilko banitz...! Deitu zaiozu apaiz bati konjuroak ateratzeko eta Ebanjelioak irakurtzea sorgin guziak neri kentzeko. Ai, ai, ai...! Besterik ez bada ekatzu onera ur bedeinkatuba, bestela demonio guztiak gañean ditut eta inpernura eramango naute... Ai, ai, ai! Ni banua emendik... Ai nere atxo maitia! Zu gabe nola biziko naiz...? (negarrez bijua)
II
URRUTIZKAILARIA ta TOTELA
URRUTIZKAILARIA: Mutillak! Orlako buru gogorrik munduan zanik ere sinisteak lan ematen dik! Eta azkenean sorgindu egin degula ta negarrez etxera juan da! Mundu onetako baztarretan amaika kirten bada!
(Baserritar gazte bat sartu bedi, eskuan makilla duala. Sartzerakoan bi edo iru aldiz jo beza lurra makillaz, an dagoala urrutizkailariari adierazi naiaz)
URRUTIZKAILARIA: Au ere badek norbait! Ez al dek izango lena beziñ astapikua. Adiskidia, zer nai zenduan?
TOTELA: Te... te... te... telefonoa, e... e... e... emen al dago?
URRUTIZKAILARIA: Bai emen dago. (beretzat) Au izango dek berriz komeri polita.
TOTELA: O... o... o... ortixe Se... Se... Segura'ko la... la... la... lagun ba... ba... ba... bati i... i... itz e... e... egin na... na... na... nai nioke.
URRUTIZKAILARIA: Segurako lagun bati itz egin nai diozula?
TOTELA: Ba... ba... ba... bai jauna.
URRUTIZKAILARIA: Baña zuk egundaño telefonoz itzik egin dezu?
TOTELA: E... e... e... ez jauna.
URRUTIZKAILARIA: Ez dakit ba... Itz motel samarra zera-ta... Ez dakit nola itz egin dezakezun.
TOTELA: Ba... ba... ba... Se... Se... Segura'ko nere la... la... la... laguna ere i... i... i... itz mo... mo... mo... motela da.
URRUTIZKAILARIA: Zure laguna ere bai?
TOTELA: Ba... ba... ba... bai jauna.
URRUTIZKAILARIA: Nola arrano entendituko zerate bada?
TOTELA: E... e... e... entendituko gea bai.
URRUTIZKAILARIA: Ondo da, ondo da. Izena nola dezu?
TOTELA: Ka... Ka... Ka... Ka... Kalistro jauna.
URRUTIZKAILARIA: Nola, nola?
TOTELA: Ka... Ka... Ka... Ka... Kalistro.
URRUTIZKAILARIA: Eta lonbria?
TOTELA: Pi... Pi... Pi... kasarri.
URRUTIZKAILARIA: Pikasarri?
TOTELA: Ba... ba... bai jauna.
URRUTIZKAILARIA: Ondo da. Kalistro Pikasarri. (eskribituaz) Nori deitzea nai dezu?
TOTELA: I... I... I... Ipolito Zun... Zun... Zun... Zunzunegi'ri.
URRUTIZKAILARIA: Ipolito Zunzunegi'ri, e?
TOTELA: Ba... ba... ba... bai jauna.
URRUTIZKAILARIA: Ondo da; eseri zaite emen. Pirmatzen bai al dakizu?
TOTELA: E... e... e... ez jauna. (buruz ezetz dio)
URRUTIZKAILARIA: Jakingo dezu lenengo peseta bat pagatu bear dezula, e?
TOTELA: (Arrituba) Pe... pe... pe... peseta bat?
URRUTIZKAILARIA: Bai gizona, bai.
TOTELA: O... o... o... ondo da. To... to...to... torizu peseta.
URRUTIZKAILARIA: Eta iru minutuan bakarrik egon ziñezke. Denbora geiago pasa nai badezu, urrengo iru minutuetan sei erreal berriz. Eta zure laguna zure antzeko itz-motela bada, zerbait alkarri esateko gutxienez ordubete bear dezute, eta orduan bost duro bear dituzu telefonoz itz egiteko.
TOTELA: E... e... e... ez dio inporta.
URRUTIZKAILARIA: Ez diola inporta?
TOTELA: E... e... e... ez jauna. Ni... ni... ni... nik ba... ba.. baditut o... o... o... oraindik bo... bo... bost duro te... te... telefonoz i... i... itz egiteko.
URRUTIZKAILARIA: Ondo da, ondo da. (beretzat) Au ez dek bestea bezin zurra. Deitzea noa bada Segura'ra zure lagun Ipolito'ri. (urrutizkaiaz) Segura...! Datorrela telefonora Ipolito Zunzunegi. (apur batean entzun da gero) Plazan da... Bereala deituko omen diote. Atoz Kalisto. Laister dezu emen. Jar zaite onoko eserleku onetan. (Urrutizkaiaren onduan jarri beza. Tinbrea jotzen dute) Nor da? Ipolito ori totela dala? Emengoa ere ala da ba. Or konpon!
2. TOTELA: Ka... Ka... Kalistro!
TOTELA: Ka... ka... ka... xo I... I... Ipolito.
2. TOTELA: Ka... ka... ka... kaxo Ka... Ka... Kalistro.
TOTELA: O... o... o... ondo bi... bi... bizi al aiz?
2. TOTELA: Ni... ni... ni... bai. I... i... ire bai?
TOTELA: Bai... ba... baita nire.
2. TOTELA: E... e... eta ze... ze... biek?
TOTELA: Ez... ez... ez... eztaietara konbidatzen aut.
2. TOTELA: Ez... ez... ezkontzen al aiz ba?
TOTELA: Bai. (aurrerantzean ere totel itzegin bezate biak)
2. TOTELA: Norekin?
TOTELA: Museñe'ko Joxpantoni'rekin.
2. TOTELA: Neska zar orrekin?
TOTELA: Ze inporta ziok?
2. TOTELA: Gañera berriz begi-bakarra izan bear dik.
TOTELA: Begi batekin ere naikua ikusten dik bai. Baña oso aberatsa dek ordea.
2. TOTELA: I kontentu baaiz, ori dek printzipalena.
TOTELA: Ni bai. Ni kontentu natxiok. Gañera zortzi bat arroba pisatzen dizkik.
2. TOTELA: Mutill. Ori dek aragi puska!
TOTELA: Ze nai dek ba?
URRUTIZKAILARIA: Igaro dira iru minutu eta geiago itz egin nai badezu paga itzazu beste sei erreal.
TOTELA: Bai. Oraindik geiago. Tori sei errealak. Ipolito! Etorriko aiz eztaietara?
2. TOTELA: Etorriko nauk. (tinbrea jotzen dute)
URRUTIZKAILARIA: Nor da?
CENTRAL: Central.
URRUTIZKAILARIA: Ze biazu?
CENTRAL: Gaur telefonoan, zer pasatzen da? Dana aidean daukazute ainbesterañoko tarrapatarekin. Ia iru edo lau lekutatik kejatu zaizkit ez dutela ezer aditzen da. Esan liteke norbait danborra jotzen ari dala.
URRUTIZKAILARIA: Bi itz-motel asi dira izketan da; eta oek tatata, motolo ta potolo... oek nastutzen dute guztia.
CENTRAL: Ken itzatzu bada. Bestela multaren bat botako digute-ta.
URRUTIZKAILARIA: Ea Kalistro! Naikoa da; iru edo lau lekuetatik kejatu dira, zuen izkera motel orrekin entenditzen ez dira-ta.
TOTELA: Bakoitzak al duan bezela itzegiten du.
URRUTIZKAILARIA: Baña zuekgatik multa pagatzea ez noa ni.
TOTELA: Ondo da. Azkeneko itza esatera noa. Ipolito! Etorriko aiz?
2. TOTELA: Bai, etorriko nauk.
TOTELA: Agur ba.
2. TOTELA: Agur.
TOTELA: (Urrutizkailariari) Urrena arte. (irtetzen asiaz)
URRUTIZKAILARIA: Urrena arte bearko da bai. Ez dezu, arraiopola! telefonotik itzegingo, ez.
TOTELA: Zaude ixillik orrelakorik esan gabe. Tori bi peseta propiña, eta agur.
URRUTIZKAILARIA: Agur gizona, agur. (bi pesetak artuaz) Orrelako gizon esku zabal gutxi etortzen dituk onera. (bijua totela)
III
URRUTIZKAILARIA ta GORRA
URRUTIZKAILARIA: Zoaz Jaungoikoarekin, Jesus! Jesus! Ia, ia, zoratu eragin didate. Batek sinistu nai ezik bere nagusiaz itzegin duala, azkenian juramentu ere egin erazi dit eta ala ere bere buru gogorraz sinistu gabe juan da. Bestea berriz, bere mingañ motelarekin esan zitekean Segura'ko laguna eta biak tanborrada jotzen ari zirala. Jaunak, au istillua! Eta ala ere eskerrak Jaungoikoari, multaren bat pagatu bear izan ez degunean. (atia jotzen dute) Orain nor ote degu? Bildurrez, ikara nago; beste aien antzekoren bat badator, ona egun guztiko pesta. Ez al da alakorik izango! (atia iriki beza)
GORRA: (Berrogei urte ingurukua, ondo-xamar jantzia, goxo itzegiten duana) Jaungoikoak dizula egun on.
URRUTIZKAILARIA: Baita berorri ere. Zer nai zuan?
GORRA: Telefonoa emen al dago?
URRUTIZKAILARIA: Bai jauna, orra nun duan.
GORRA: Villafranca'ko Manuel Gorosabel'ekin itzegin nai nuke.
URRUTIZKAILARIA: Ondo da. Deitzera noa. Villafranca. Emen dago gizon bat Manuel Gorosabel'ekin itzegin nai duana.
VILLAFRANCA: Ez det ezagutzen. Nun bizi da?
URRUTIZKAILARIA: (Gorrari) Ez duala ezagutzen; ea nun bizi dan.
GORRA: E? Gor xamarra naiz da ez dizut ondo entenditzen. (obeto entzuteko, eskua belarrian jarrita gerturatzen zaio)
URRUTIZKAILARIA: (Beretzat) Gorra berriz? Au izango dek polita. Villafranca'tik galdetzen dute Manuel Gorosabel ezagutzen ez dutela ta, ia nun bizi dan.
GORRA: A! Calle Portal, lúmero kintze.
URRUTIZKAILARIA: (Villafranca'ra) Calle Portal, número 15. (Gorrari) Berorrek nola du izena?
GORRA: Bai, bai. Naiko gizena. Egunero jaten degu ta, lan gutxi berriz ta... orrela nai ta nai ez gizendu biar.
URRUTIZKAILARIA: (Deadarrez) Ez diot ori galdetzen. Izena nola duan.
GORRA: (Eskua belarrian duala) Ez zaidazu orrelako deadarrik egin, ixilll itzeginda ere entzuten det-eta.
URRUTIZKAILARIA: Nik ez dakit bada berorrekin nola entendituko naizen. Galdetzen diot izena nola duan. (paper bat erakutsita, kiñuz adierazten dio eskribitu egin bear duala)
GORRA: A! Zuk nere izena jakin naiko dezu?
URRUTIZKAILARIA: Bai gizona, bai; berorren izena.
GORRA: Eustakio Aranzadi.
URRUTIZKAILARIA: Pirmatzen badaki?
GORRA: E?
URRUTIZKAILARIA: Au da lana! (deadarka) Ia pirmatzen dakian. (pluma artuta adierazten dio zer esan nai dion)
GORRA: Pirmatzen?
URRUTIZKAILARIA: (Buruz baietz esan bezaio).
GORRA: Ez det ba jakingo?
URRUTIZKAILARIA: Pirma beza bada emen. (ala egin beza) Orain pagatu bear du peseta.
GORRA: Errezeta? Ez, ez det errezeta bearrik. Ez dago errezetarik nere gorreria kentzeko. Mediku askorekin ibilli naiz baño, oraindik ez dute sumatu botikarik nere gaitz au sendatzeko.
URRUTIZKAILARIA: Ez diot ori esaten. Izketan asi baño len peseta bat paga dezala. (kiñuz adierazten dio dirua emateko)
GORRA: Zer? Dirua bear duala?
URRUTIZKAILARIA: Bai.
GORRA: Zer diru? Nik uste nuan telefonoan itzegiteagatik etzala dirurik pagatzen. Nai duan guziak itzegin dezan probintziak jarritako telefonoa ez alda ba au?
URRUTIZKAILARIA: (Aserre) Bai; diru gabe itzegin, eta gero probintziak pagatuko ziguk aizearekin.
GORRA: Ez bedi asarretu, ez bedi asarretu. Zenbait pagatu bear det?
URRUTIZKAILARIA: Peseta bat.
GORRA: E? Zenbat?
URRUTIZKAILARIA: Orlako bat. (peseta erakutsiaz)
GORRA: Peseta bat?
URRUTIZKAILARIA: Bai. (buruarekin)
GORRA: Torizu, torizu.
URRUTIZKAILARIA: Tira. Eseri bedi emen.
GORRA: Emen eseritzeko?
URRUTIZKAILARIA: Bai. (tinbrea jotzen dute) Villafranca. Emen dago Manuel Gorosabel.
URRUTIZKAILARIA: Manuel emen dagoala. (gorrari)
GORRA: E?
URRUTIZKAILARIA: Au bai dala lana! (garraxika) Manuel Gorosabel or dagoala.
GORRA: Gizona... Ezazula orrelako deadarrik egin. Len gorra banago geiago gortuko nazute. Ez dezu esan Manuel emen dagoala?
URRUTIZKAILARIA: Bai.
GORRA: Manuel...!
MANUEL: Ze biar du?
GORRA: Manuel...!
MANUEL: Ze biar du?
GORRA: Manuel!
MANUEL: Ze biar duan?
GORRA: (Urrutizkailariari) Ezdu bada esan Manuel emen dagoala?
URRUTIZKAILARIA: Bai gizona, bai; or dago eta zer biar duan galdetzen dio.
GORRA: Ea zer bear dedan? Manuel, gauza bat jakin nai nikek. Ea juan dan asteazkeneko perian arrautzak zer prezio egin duten.
MANUEL: Sei erreal dozenak.
GORRA: Zenbat esan du? (Urrutizkailariari)
URRUTIZKAILARIA: Dozenak sei errial.
GORRA: E?
URRUTIZKAILARIA: (Sei beatz erakutsiaz) Sei erreal dozenak egin duala
GORRA: Sei erreal?
URRUTIZKAILARIA: Bai. (buruarekin)
GORRA: Manuel! Eta olloak?
MANUEL: Parea bost peseta ta erdi.
GORRA: Zenbat? Zenbat? (Urrutizkailariari)
URRUTIZKAILARIA: Orain nola esango diot oni bost peseta ta erdi? (Duro bat atera beza; osorik erakutsi bezaio lenengo, ta gero, ausiko balu bezela egiñaz, ia erakutsi bezaio)
GORRA: Zer? Duro ta erdi?
URRUTIZKAILARIA: (Ezetz buruarekin. Duro bat eta bi errealekua erakutsiko dizkio)
GORRA: A! Ogeita bi erreal...
URRUTIZKAILARIA: Bai. (Relejuari begiratuta) Tira, pasatu dira ia lau minutu.
GORRA: Manuel! Manuel!
MANUEL: Ze biar du?
GORRA: Aizak, gure neskamiak... (Urrutizkailariak, aserretuta, kentzen du urrutizkaiaren ondotik)
URRUTIZKAILARIA: Pasatu dirala lau minutu. Luzatu nai al du?
GORRA: Sangratu nai dedan? Nik sangririk ez det bear, gizona. Lenago ere medikuak nere gorreria kentzeko ederki sangratu naute. Amar milla erreal gutxienez mediku ta botiketan gastatu nituan ta, orain zuk sangratu egin nai nazu berriz?
URRUTIZKAILARIA: Ez diot ori esaten! Ea luzatzea nai duan?
GORRA: Begira. Lenago ere naiko luzea nago ni zuk geiago luzatu gabe.
URRUTIZKAILARIA: Jaungoikoak pazienzia eman deiela! (deadarrez) Ia geiago itzegin nai duan...
GORRA: (Berriz urrutizkaitik) Manuel! Manuel!
URRUTIZKAILARIA: (Aserre, urrutizkaitik kenduaz) Berori neri burla egitea etorri al da onera? Juan bedi berealaxe emendik, bestela egurren batekin bizkarra ausiko diot. (beretzat) Arraiea! Gaur emen zer gertatzen da?
GORRA: Gizona! Oso asarraturik dago.
URRUTIZKAILARIA: Nola ez naiz bada asarratuko? Uste al du Job santuak baño pazientzi geiago detala?
GORRA: Gizona, gizona. Beraz, arrautzak Villafrancako perian sei erreal egin zutela ta; olloak berriz parea ogeita bi erreal ta; gure neskamiak berriz arrautzak bederatzi eta olloak ogeita seiña kobratu...? Bai bai, banuan bai nik bildurra, sisatu egiten zigula neska zital orrek... Lapurtu nai hadu mendira dijuala. (urrutizkailariari geldiro-geldiro) Ai beza! ai beza! Gure neskamia bialdu genduan Villafrancara arrautza eta ollo eske, andik merkeago irtengo giñalako ustean; baña ziri ederra sartu digu. Lau dozena arrautza erosi; dozena seiña erreal, eta guri beatziña pagatu erazi. Orra nun dituzun amabi erreal. Lau ollo berak pagatu ogeita biña erreal, da guri ogeita seiña kobratu; orra berriz beste iru peseta. Dena sei peseta lapurtu diguna. Orrezaz gañera trena eta bazkaria... Arraietan! Zerbait egin genduala uste ta orra zer peri ederra egin degun.
URRUTIZKAILARIA: Eta zer det nik ze ikusi beorren arrautza ta ollokin? Ia, ia ernegatu erazi naute!
GORRA: Etzaitezela pio Goierriko neskame oiekin...! Etortzen zatzu etxera ogi biguña baño biguñago ta... eta orra gero... sisa arrautzakin, sisa olloakin, sisa aragiaz, sisa arraiaz... Orrela ezin bizi liteke; guk degun guztia ez da asko oientzat.
URRUTIZKAILARIA: Morroi bat artzea dauka.
GORRA: E? (belarrian eskua jarriaz)
URRUTIZKAILARIA: Morroi bat artzeko.
GORRA: Soldata ona pagatzeko? Ala zankoa! Bost duro illean ematen zaizkio... Eta jai arratsaldetan libre...! Ala ere, batek eskatu zigun nork orraztu bear zuala... Esan nion: zoaz emendik, baserritar gaizki azia... zeu ez altzera naikoa zere illeak orrazteko? Nork orraztua, alajaña...! Beste batek berriz, litro bat ardo bear zuala jan aldi bakoitzean...; goiz jeikitzea konbeni etzitzaiola; umerik etzitzaiola gustatzen... eta sarjento bat zeukala senar-gai, eta arrekin egunean ordu pare bat pasatzen utzi bearko giñiola... Zoaz ortik, lotsagabea —esan nion— litro bat ardo, berandu jaiki, garbiketarik egin ez, sarjentoarekin egun guztia berriketan pasa... A zer serbitzaria zu!
URRUTIZKAILARIA: Baña, zer det nik zer ikusi berorren serbitzariarekin? jaunak, au gizon berritxua! Belarriak gortuta dauzka, baño ez dauka aririk eta moteltasunik mingañean.
GORRA: Zer? Zer?
URRUTIZKAILARIA: Baietz, baietz. Arrazoi daukala. (garraxika)
GORRA: Zer armazoi?
URRUTIZKAILARIA: Ez diot armazoirik esan... Ba, ba, ba... Bijua, bijua emendik, Jaungoikoagatik... (kale-aldera bultz-egiñaz)
IV
URRUTIZKAILARIA, TOTELA, BASERRITARRA ta GORRA
URRUTIZKAILARIA: Orain ere emen zerate?
TOTELA: (Totel itzegiñaz) Onoko gizon au negarrez billatu det orroko kale oietan, eta esan dit emen sorgindu dutela, eta atxoak, emazteak edo pamiliak etxetik botako dutela.
BASERRITARRA: (Negarrez) Ai nere atxo maitia!
GORRA: (Urrutizkailariari) Gizon orrek zer du ainbesteko aoa zabalka eta istillurekin?
URRUTIZKAILARIA: (Totelari) Oni itz egiozu, au oso gizon jakintsua da-ta.
TOTELA: O... o... oni?
URRUTIZKAILARIA: Bai.
TOTELA: (Gorrari) Ai beza. Beori medikuren bat al da?
GORRA: (Asarre) Zer a... a... a... ta zer me... me... me... Ni gorra naizelako onera neri burla egitea al ator?
TOTELA: (Urrutizkailariari) Gorra al da jaun au? Nik medikua zala uste nuan, eta gizajo au senda zezala esan nai nion. (gorrari) Barkatu jauna! Ez nekian gorra zanik!
GORRA: (Totela jo naiaz) Aizak. Gero etzirak oraindik iñork neri burlarik egin...
URRUTIZKAILARIA: (Jotzea galeraziaz) Asko da, jaunak. Atozte orain onera, eta agur egin zaiegun gure komeria iltusten egon diran jende prestu oei.
TOTELA:
Gustatu bazaitzue
gure komeria
jakin zazute dala
txit berri-berria.
BASERRITARRA:
Sorgiñik ez dagola
or emen diote
aundiagorik ezin
munduan legoke.
Emendik Azpeitira
itz egin liteke?
Orrelako gauzarik
sinisten dezute?
GORRA:
Oso gorra naiz eta
ez det nik aditzen
baña txaloka eskuak
ditut nik ikusten
eta millaka eskerrak
gogotik ematen,
eta beste bat arte
gogoz naiz agurtzen.
|