|
JAUREGI ERROTAKO ASTOA
BAKARRIZKETA
Bakarrizketa au Donostiko Integro-gaztedia'rentzat idatzitakua da, ta gazte aien biltokian esan zan lenengo aldiz.
Ateratzen da gizon bat, errotari bat, zaku bat bizkarrean eta akullu bat eskuan dituala; utzitzen ditu iruditegiko txoko batean, nagiyak ateratzen ditu, ta astenda izketan.
Ona errotari baten bizimodua; beti nekepean, beti zakua bizkarrean eta ez askok uste duten bezela ugari irabaziaz, baizik lan asko egin eta txanpon gutxi ekarriaz.
Egunaz egon zaite beti arriyari begira, zakuak ustu ta zakuak bete; oiek beren jabeai eraman; arrazoi txarrak entzun; batian larri igo detala; bestean zai asko daukala; ogi beltza egiten detala; pixuan labur dagola; lapurtu besterik egiten ez detala eta arrazoi oiek entzun eta ago ixillik bezerorik ez galtzeagatik... Orrezaz gañera, noizik eta beiñ arriya pikatu, ekartzen duten aziya garbitu, txerri eta beste ganaduai kontu egiñ, atxoaren umore txarra eta erriyetak eraman,... Gabaz berriz, batean urik ez dagola, bestean uramilla datorrela... errota gelditu egiñ dala ta gaurik geiena lorik egiñ gabe... Gaizki jan, txurrut gutxi egiñ, lagun artera juan gabe... jai egunian meza bat presaka entzun eta ago beti orrela, abere baten gisa... Au da bizimodua? Oraintxe ia, ia, ia, ernegatu egiñ det... eta gogoak ematen dit dena txakurraren gelara bota, ta beste opizio bat artzea... Baña, nork esan gure atxoari? Itoko ninduke ta...
Eskerrak gure astoari; ori jaio ez bazan errukarriya nintzake... Orrek beintzat zakuak batera ta bestera eramaten umill, zintzo eta leial laguntzen dit. Ori da nere lagunik onena, Jaungoikuak bedeinka dezala!
Asto jakintsu eta piñagorik ez dago lurraren gañean neria baño. Orain ere ez da urruti izango, ez; nere arrantza entzungo balu, laister erantzungo liket, bai. (Azaltzen da iruditegiko leioan mutil gazte bat, entzuten diyo une batian, eta errotariyak ikusi gabe juaten da). Jaungoikuak egin dituan abere guztien artean, astoa da abererik onena eta gizonarentzat bearrena... Baña, nere astoa! Nere astoari ez dio gañez egiten Balaan Igarlearen astoak ere. Esaten dute Balaanen astoak itz egiñ zuala, eta gertatu bear zuten gauzak aurrez esaten zituala... Eta ori zer da? Balaanek nere astoa arrapatu balu ez bakarrik izketan, baita sumar, restar, multiplicar ta partir ere erakutsiko zion. Oiek gauza errezak dirala? Nik egundaño eziñ ikasi izan nituan ba, luzaro eskolan ibilli nintzan baño.
Ez dauka bada berdiñik nere astoak. Ea, ea, ekar dezatela bat nere astoaren pare jartzea... Esaten dute Amezketan dirala asto bikañak, egundañoko astoak an dirala... Berriketa asko amezketarrak. Ez da amezketar guziakiñ asto bat egiñda ere, nere astoa añakoa ez da izango.
Ia, nai dutena apostu egiñgo diet, nere astoak bezela aienak zortzikorik, eta laukorik ez dutela kantatzen. Nik arrantza egitean zortzi kolpe ematen baditut, nere astoak beste zortzi emango ditu; sei ematen baditut ark ere sei, eta orobat lau ematean. Esan zazute bada, amezketar berritxuak: zuek orrelako astorik bai al dezute? Ez diat uste.
Nere astoagatik esan liteke pralle predikatzalle batek San Martologatik esaten zuana: etzala zeruan Martolo bezelako santurik... Oraindik oroitzen naiz itz oek nun entzun nituan. Beiñ, San Martolo batzuetan Zegamara juan bear bat izan nuan; ango pesta zan, eta juan nintzan meza nagusira. Arantzazuko pralle batek sermoia egiñ zuan. Bazegoan pulpituan San Martolome gora ta San Martolome bera, eta alakorik batean esaten du: Zer baliyo du Gabiriko Drokek, Mutilloko Petrik, Idiazabalgo Blasek, Zeraingo Marik eta Segurako Santik gure San Martolo aundiaren aldian? Nun jarriko degu Martolo aundi au? Eta lakunzar bat zegoan nere ondoan meza entzuten; prallea luze zegoan; nunbait nekatua arkitzen zan elizan egotez, eta zegoan lekutik erantzun zion pralleari: «Aizak, ni banijua bai, ta jarzak nere lekuan»... Mutillak, ango ixtilluba! Predikatzallea ixildu zan; alkatea bere aulkitik jaikitzen da, emakumeak garraxika asten dira eta Zeamako gizonak ostikoka ta golpeka lakunzar gizarajoa elizatik ateratzen dute, eta meiñoak kartzelan sartu zuan... Jaunak: nere parreak egun artan ekustean zegamatarren lotzakisuna. Ja, ja, ja! Oraindik ere gogoratzen naizen bakoitzean eziñ parreari eutsi diot... Ja, ja, ja!...
Bada nere astoagatik ere orixe bera esan diteke; ez dago Euskal-erriyan errotaririk, ez Gabiriñ, ez Mutilloan, ez Idiazabalen, ez Zeraiñen, eta ez ere Seguran nere astoaren pare jarri ditekeanik. Oraiñ atozte onera, amezketar prestuak, esatea zuen astoak nerea baño obeak dirala.
Astoa zenbait estimatu bear dan jakiñ nai duanak, irakorri beza arako Don Quijote de la Mancha deritzon liburua. Jinesillo lapurrak Santxo Panzari astoa ostu zion, baña egun batean, Don Quijote eta bera bidez zijuazela, ikusi zuan Jinesillo bere astoaren gañean. Ikusi bezin laister, juan zan lasterka bere astoarengana, eta Jinesillori deadar egiten zion: «Jinesillo lapurra, lagaiok nere prenda ederrari, utziyok nere biziyari, nere deskansuari, nere erregaloari» eta Jinesillok astoa lagata iges egiñ zuanean, juan zan Santxo Panza bere astoarengana, eta lepotik elduta egundañoko laztanak eman zizkion esanaz: «nere ontasuna... nere begiyetako argia... nere lagun maitia... non izan zera? Jinesillo lapur lotsagabeak, zer tratu modu eman dizu?»... Eta astoak etzion itzik ere erantzun... Ori da, ori, astoak zenbait balio duan ondo jakitea; ori da ori, astoa merezi duan bezela maitatzea... Eta nik ere nere astoa orrelaxe maite det, eta askotan iduritzen zait, nere atxoa baño geiago ez ote detan maite...
Astoa da munduko aberien artean geienbat goratua izan dana. Edozeñek daki Jesukristo bera ere, arako Erramu egunean Jerusalenen aiñ ospatsu sartu zanean, astotxo umill baten gañean sartu zala; eta neguaren erraiyan Belengo estalpe artan jaio zanean, otza egiten baizuan, eta asto batek bere asnasaz berotu zuan, eta Jesus, Maria ta Josek, Herodes errege gaizto arrengatik, Ejitora iges egiñ zutenean, Maria bere aurtxo Jesusekiñ, ondartza aiek barrena, asto gañean juan zan, eta asto berarekiñ ostera Nazaretera biurtu zan. Ekusten dezute astoa nola onratua izan dan? Etzaitezte bada arritu, nik nere astoa ainbat maitatzen detala entzutean.
Ni nere astoa gabe eziñ bizi naiz; ni nere astoa gabe ezer ez naiz; eta astoak berak ere orrelakoxe naitasuna dit; ni nora, ura ara. Elizara nuanian ere, lotuko ez banu, uste det elizara bertaraño nerekin juanggo litzakeala, eta ez dakit an, asko egoten diran baño errespeto geiagokiñ egongo ez litzakean. Zenbait asto, nere astoa baño andiagoak badijoaz elizara...
Beiñ ijito bat etorri zitzaidan nere astoa bere baten truke artuko zirala, edo bestela saldu neiola. Esan nion ezetz, ez nijoala astorik trukatzea, baña ondo pagatzen baziran astoa salduko niyola... «Ondo da; atera zazu ekus dezadan». Atera nion asto ori ta (esan diteke asto jakintsuak norekin zebillen ezagutzen zuala) asi zitzaion aurreak eta atzeak begiratzen. Alakorik batean ijitoak, nai etzuan zerbait egiñ zion, gure astoa asarratzen da, jasotzen ditu atzeko anka biyak eta ijito gizarajuari alako ostikada eman zion. Bi eskuak auan jarrita esan zuan: «Ai nere ortzak.... madarikatutakoak izan zaitezte, bai astoa eta baita astoaren jabea ere». Eta dozenerdi bat ortz an utzita, astorik ez erosi eta ez trukatzeko gogorik gabe, etorri zan bidean juan zan... Ai nere parreak egun artan; oroitzean parrea datorkit... Ja, ja, ja!.... (Ontan azaltzen da berriz lengo gaztea, apur baten entzuten diyo ta juaten da). Eta bera non ote da?... Ez da urruti izango, ez. Andutz arbela baño askoz urrutiago etzan juango; alderdi ori geienbat gustatzen zaio... Orrek badaki bai belarrik gozoena non dagoan...
Oraintxe, zaku au ere bere jabeari eraman bear zaio ta, billatu egin bearko degu ba... Laister erantzungo dit, bai. (Jartzen ditu esku biyak masalletan ta asten da astuarena indarrez egiten. Lengo gazteak erantzuten diyo barrendik). Arraietan... e?.. ori da boza ori... ori da tajuz erantzutea... ori da legez arrantza egitea.. .. Nere astoa ala... Teatro baterako neurrigabea da... Ez dago Españi guzian ori bezelakorik... Nola ezagutzen duan, e?, bere nagusiaren arrantza... Esan diteke biyok ama baten umeak gerala.
Ekusiko dezute nola zortzikoan ere arrantzatzen duan... Nik zortzi puntuko arrantza, eta orrek ere bai (arrantzatzen du zortzi puntotan eta astuak amarrekoan erantzuten diyo; astua ari dala errotariyak kontatzen ditu puntuak) Bat, bi... zazpi... zortzi (astuak segitzen du ta errotariya asarratzen da). Asko dek, asko dek... arraio kirtena ori ez dek zortzikoa, ori amarrekoa dek. Ia berriz: oraiñ seikoa. (Arrantzatzen du seitan, ta astuak zortzitan. Errotariyak kontatzen ditu len bezela). Asko dek motell... seikoa esan diat (Akullua artzen du)... ago, ago; onoko akullu onekiñ nik lezioa erakutsiko diat... (juaten da ta bastidore tartean esaten du): Asto madarikatuba, non aiz? potx, potx, potx (Onetan lengo gazte ura sartzen da iruditegira; errotariyak kanpotik arrantz egiten du eta onek erantzuten diyo barrendik. Errotariya sartzen da eta gaztea kanpora dijoa). Nere astoa non da? Ez dit bada emendik erantzun? Au bai dala komeriya... kastigu bildurrez, okullura juan ote zait? (begiratzen du errota dagon aldera). Ez dago emen ere... Asto madarikatua... Nun aiz? (Arrantz egiten du berriz, ta erantzuten diyo gazteak, al dala altura samar batetik). To!... an zeok kanpantorre gañean!... eta aoa zabalduta eta ortzak agiri dituala... (ondorengo itzak esango ditu irriparrean)... Irriz zeok... (Atsege jarriaz). Baña, zer ikusten det?... Nere astoa soka batetik zintzilika dago. Ai!... orkatua dago; kanpantorrean lanean dabiltzan argiñak lepotik soka lotu ta goraño igo dute... eta gizarajoa orkatu egiñ da! (au dana esaten du astua dagon aldera begiratuaz; gero errota iruditzen dan aldera begiak biurtuaz eta deadar egiñaz ta negarrez esaten du): Atxua... atxua... ill da gure astoa!... Ai!... nereak egin du!!... (Artu beza arpegiya esku-artean, ta negarrez bezela bego oiala jetxi artean).
|
|