www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal ipuinak
Wentworth Webster
1877

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ipuinak (I eta II), Wentworth Webster (Xipri Arbelbideren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1993

 

aurrekoa hurrengoa

ERREGE ETA BERE HIRU ALABAK
 

        Asko munduan diren bezala eta garen bezala, bazen errege bat; bazituen hiru alaba. Bi zaharreneri ari zen bethi gauza eder ekhartzen. Ez zen batere okupatzen alaba gaztenaz. Bizkitartean hura zen ederrena eta maitagarriena. Bethi bazabilan errege feriaz feria eta bestaz besta eta denetarik zerbeitekin ethortzen zen bere bi zaharrenentzat. Egun batez bazualarik besta baterat erraten dio bere alaba gazteenari:

        —Behiñ ere ez zaitut deusik ekhartzen zuri. Erran nazu bada zer nahi zinduken eta izanen duzu.

        Erraten dio aitari:

        —Ez dut eta deusen beharrik.

        —Ba, ba! Ekharri nahi zeitut zerbeit.

        —Orduan ekhar nazu lore bat.

        Badoha. Ari da eros eta eros, batean xapel bat, bertzean arropa gai eder bat, bertzean lepoko bat. Heldu zen etxerat eta pasatzean jauregi eder baten aintzinean ikhusten du baratze bat dena lorez bethia eta erraten dio bere buruari:

        —Nere alabaren loria ahantzirikan beininduan, hemen izanen duk ausarki.

        Hartzen du beraz eta hartu orduko boza batek erraten dio:

        —Nork eman hau permisionea loria hartzeko. Hiru alaba beitituk, urtea bethe orduko ez balin bahaiz heldu hekietako batekin, non nahi errea izanen haiz hi eta hire erresuma guzia.

        Badoha errege hura etxerat. Ematen diote zaharreneri beren presentak eta gaztenari ere bere buketa. Ungi erremesiatzen du bera aita. Zenbeit denboraren buruban errege hura tristatzen da. Alaba gehienak erraten dio zer duen. Erraten dio nola ez balin badu alaba batek gan nahi holako tokitarat urtea bete gabe, errea izanen dela. Alabak erraten dio:

        —Nere gatik errea izanen zare. Ez dut gan nahi harat. Antola zeite bertzekin.

        Bigarrenak ere galdetzen dio:

        —Goguetatua atzematen zaitut aita. Zer duzu?

        Erraten dio nola engaiatua den urtea bethe gabe alaba bat egortzera holako tokitarat, bertzenaz errea izanen dela. Erraten dio harek ere:

        —Antola zeite nahi duzun bezala, bainan ez konda nire gainean.

        Alaba gaztenak erraten dio zenbeit egunen buruan:

        —Zer duzu aita, hoin triste? Zerbeit pena egin zaituzte?

        Erraten dio haren buketaren billa gan zenian boza batek erran zioela hiru alabetarikan bat behar zuela urtea bete gabe eta ez zakiela zer egin. Bertzenaz erran zioela errea izanen zela. Erraten dio alaba horrek:

        —Aita ez zaitela griña. Ni ganen naiz.

        Eta partitzen da berehala. Karrosa baten barnean sartu eta arribatzen da jauregirat. Sartzen da eta aditzen du musika alde guzietarik eta alegrantziak. Bizkitartean ez zuen nihor ikhusten. Bere xokoleta atzematen du prest. Bazkaria igual. Badoha ogerat. Ez du orainion nehor ikhusten.

        Biharamunian, goizian, boza batek erraten dio:

        —Zarratzatzu begiak. Zure altzuan nahi nuke egon istant bat.

        —Zato, zato! Ez naiz izitzen.

        Agertzen da beraz suge izigarri bat. Nahi ez zuelarik andre gazte harek egin zuen mohimendu bat. Istan baten buruan badoha sugea eta bizi zen ederki andre gazte hura deusen eskasikan gabe. Bozak erraten dio egun batez iyan ez zuen gan nahi bere etxerat. Erraten dio ungi dela han. Ez duela gogorik. Erraten dio baietz, nahi badu gan ditakela hiru egunentzat. Ematen dio erreztun bat eta erraten dio:

        —Hori mudatzen balin bada, penetan izanen naiz eta odoletan ematen bada, malur handitan izanen naiz.

        Partitzen da andre gaztea bere aitaren etxerat. Aita kontent zen hanitz. Ahizpek erraten diote urus behar duela han izan. Lehen bañion ederrago dela, iyan norekin den han. Erraten diote, suge batekin. Ez zuten nahi sinetsi.

        Hiru egunak pasatzen zaiozka amets bat bezala eta ahanzten du bere sugea. Laugarren egunean erreztunari behiratzen dio eta ikhusten du mudatua. Ukitzen du erriz eta odoletan ematen da. Hori ikhusi eta badoha lasterka aitarenganat erraterat badohala.

        Arribatzen da jauregirat eta atzematen du triste tristea. Musikak ez ziren hari. Denak paratuak ziren. Iten dio sugeari oihu. Azor zuen izena eta andre gazteak Fifine. Ari da bethi oiuka bañion nihondik ez zen ageri Azor. Etxe guzia billatu onduan, zapatak kendu eta badoha baratzerat, han ere oihuka.

        Atzematen du lur edo toki piska bat ormatua baratzean. Berehala egiten du su handi bat toki hartan eta handik atheratzen da Azor sugea. Erraten dio:

        —Ahantzi ninduzun beraz. Ez bazindu su hau egin, akabo nintzen.

        Fifinek erraten dio baietz ahantzi zuela, erreztunak oroit arazi duela. Azorrek erraten dio:

        —Banakien ba zer gertatuko zen. Hartako eman zintudan erreztuna.

        Etxerat ethorri eta atzematen du lehen bezala etxea alegrantzietan, musikak hari ziren bazter guzietarik. Handikan zenbeit egunen buruan, Azorrek erraten dio:

        —Ezkondu behar duzu nerekin.

        Fifinek ez du deus errepustarik ematen. Galdetzen dio hola hiruetan eta bethi badago ixil ixilla. Etxe guzia tristatzen da orainion eta ez du gehiago jatekoa prest atzematen. Berritz ere galdetzen dio Azorek iyan nahi duen harekin ezkondu. Ez du errepustarikan ematen orainion. Eta hola bazagoen ilhunpian zenbeit egun deusik jan gabe eta erraten du bere baitan zer nahi gostarikan ere erran behar dioela baietz. [Sugeak berritz galdetzen dioenean iyan harekin ezkondu nahi duen erraten dio]:

        —Sugearekin ez, bainan gizonarekin bai.

        Hori erran eta musikak abiatzen dire lehen bezala eta erraten dio Azorrek behar duela gan bere aitaren etxerat mintzatzerat aphezak eta behar diren gauza guzien preparatzerat. Biharamunian izanen direla espos.

        Badoha neskatxa erran bezala. Erraten dio aitari ezkontzen dela sugerekin biharamunian eta iyan denak prestatuko dituen hartako. Aitak erraten dio baietz. Bañian pena zuen. Aizpek galdetzen diote ere norekin den espos eta arritubak dire aditziarekin sugearekin iñ behar duela. Fifine badoha bere etxerat. Azorrek erraten dio iyan zer nahiago duen etxetik elizarat suge ala elizatik etxerat. Fifinek erraten dio:

        —Etxetik elizara suge.

        Azorrek erraten dio nik ere bai.

        Karrosa eder bat heldu zaiote atherat sugea han ematen da; Fifine haren saietsean eta arribatzen dire errege aitaren etxerat. Erraten dio sugeak zarratzeko athiak eta erridabak nihork ez dezan ikhus. Erraten dio Fifinek:

        —Ikhusiko zaituzte ordean jaustean.

        —Igual da. Zarra zazu.

        Badoha bere aitarenganat. Heldu da aita hura bere korte guziarekin sugearen billa. Idikitzen du athea eta nor da arritua? Mundu guzia. Sugearen plazan da jaun gazte xarmant bat. Badohazi denak elizara. Handikan lekora zuten bazkari eder bat erregeren etxen. Bañian jaun esposak erraten dio bere andreari ez dutela behar batere besta egin. Badutela afera handi bat itekoa etxean. Bertze egun batez ethorriko direla besta egiterat. Erraten dio hori bere aitari eta badohazi aintziniarat beren etxerat.

        Han arribatu direnian jaunak ekhartzen dio saski handi batean suge larru bat eta erraten dio:

        —Iñen duzu su handi bat eta gaberdiko lehenbiziko orena aditzen duzunian, botatuko duzu suge larru hori su hartarat. Behar du horrek erre eta behar duzu botatu horren autsa hamabigarren orena jo gabe kanporat. Hori iten ez balin baduzu sekulako malurus izanen naiz.

        Erraten dio andreak iñen dituela segurki iñ ahal guziak ungi egiteko. Asten da gaberdi bañion lehenago su egiten. Lehenbiziko orena aditu orduko, botatzen du bere suge larruba eta bi gerren artu eta igi eta zirika hamar oren jo orduko errea du. Pala bat artu eta botatzen du autsa kanporat, hamabiak finitzearekin. Orduan erraten du boza izigarri batek:

        —Madarikatzen haut hoin abilki eta artoski iñ dunan gauzarentzat.

        Horrekin batean heldu zaio bere senharra. Ez zakien non zen. Bozkarioz besarkatzen du eta ez daki nola erran bere emazteari zer ungia in dioen, orai ez duela deusen beldurrik. Ez balu harek erran bezala egin, hogoi ta bat urterentzat eskantatu izanen zela berritz. Orai akabo zela eta ganen zirela trankil aitaren etxerat besta egiterat.

        Badohazi biharamunian. Ungi jostatzen dire. Badohazi beren jauregirat beren gauza ederren billa, ez beitzuten gehiago nahi egon mendi zoko hartan. Kargatzen dituzte karruak eta xarretak gauza baliosez eta badohazi erregeren etxerat han bizitzerat. Andre gazte harek beititu laur haur, bi mutil eta bi neska, ahizpek jelosia handia beitzuten, aitak egorri zituen etxetikan kanporat. Erregek eman zioen bere korona bere suiari. Jadaneko errege semea zen.

        Ungi bizi baziren ungi hil ziren.

 

(Laurentine)

 

aurrekoa hurrengoa