www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ekaitza
Josemari Satrustegi
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ekaitza, J.M. Satrustegi. Jakin, 1973.

 

 

  hurrengoa

HITZAURREA

 

        Mahai borobila zergatik esaten zaion, hain zuzen, ez dakit. Bainan, elkarrizketa helburutzat harturik, bere luze-meharrean, borobila gertatu da gurea. Harri zahar eta zura beltzez inguraturik, herritarra zen giroa, eta herrikoia esandako guzia. Ez da inor besteen bildurrez ixilik gelditu. Eta zirta mailan esan pottokokeriaren bat edo beste barne dela, arrazoibide onik asko ere jaso da.

        Hutsune larri bat izan du gure bilerak: mundu zabaleko 'prolema' haunditatik urrutitxo ibilia. Gizarteko gai sozial orokarrak ez ditugu aipatu. Viet-Nam, China eta Palestina aldera heltzerik ez dugu izan. Hitz haunditxoak guretzat. Arrunta zen gure taldea; euskal artzain eta nekazari artekoa. Ameskeria eta izarretako bideak utzirik, hori bai, egunoroko turraren gainean sendo finkatuak ginela uste dut.

        Herri txikia da, izan ere, Udargi. Eta herri txikitako buru hauste haunditatik, libra gaitzazu Jauna, esan beharko genuke herriko apaiz zaharrak bezala. Mundua ongi joateko, Iruña izan behar lukeela herri txikena, Zion berak. Ni, berriz, talde txikien alde.

        Baserritarren kezka guziak lau pundu nagusitara datoz:

        1) Dirua. Dirua asmatu zuenak urkabidea merezi omen zuen. Kalterik aski egin du munduan. Garai batez gutxiegi bezala, orai gehiegi; eta ez jakin zer den hobe. Axaleko haundikeriatan leporaino sartua da gazte jendea, nor gehiagoka bezala. Udan harrokeria nagusi eta neguan eskuak huts. Lehen eta orai, berdin pobre.

        2) Jakintza. Asko aurreratu da hortan. Lehengo zabarkeria negargarri zen. Bainan, zer erakusten zaie? Gurasoek dakitena, haurrek zer duten ikasten... Lotsa galdurik eta lana egiteko asmo gutxi. Jakinduria haundiz egindako tresna hoien menpeko ez ote da, azkenean, gizona? Alaitasun gehiago behintzat bazen lehen.

        3) Sinesmena. Heurek ere ez direla berotarik izanak, zioten; bainan, oraiko hau gehixeegi ez ote den! Denon gainetik genuen haren itzala kendurik nora helduko da gizartea? Ikusten diren guziak ondore berdina ote? Burubide exkaxa. Ondo gabeko putzuaren gaua.

        4) Jokabidea. Izadiko beste edozein ar-emeen jokabide askatua nahi lukete batzuek. Kalez-kale usainka dabiltzen txakurrena, esate baterako. Bainan, txakurrak ez du inoiz jakinaren gainean umerik botarazten. Otsoak berak ez du kumerik salgai, ez bide baztarrean uzten. Nora goaz?

        Udargi-ko festa egunean, soinua leher zapartaka eta plaza bete betean zegoela, hil ezkilak elizan. Bat batean ixildu dira denak nor hil den jakiteko. Izerdi latza, gaxoren bat etxean zutenen kopetan. Bildurra.

        —Nor hil da? galdetu diote, noizbait, herriko apaiz zaharrari.

        —Lotsa hil da; lotsa!! Esan plazan diren guziei... hil dela herri hontako lotsa

        Mahai borobila sakona izan da. Iritzi ezberdinak batzerik ez dago; eta bakoitza bere bidez joan den baino urrutiago joaterik ere, nekez. Zerbait haundi gertatzen ari da gure artean. Herri txiki baten egosketa larria. Ekaitza.

 

  hurrengoa