www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

  hurrengoa

SAR-ATEA

 

        Itz bi eskatu dizkidazu, Martin ortzargi, sar-ate bezela; ta nola nik ukatu dezaizkizuket? Ez litzakit legezko. Baiña, berriz ere galdezka: Ote duzu gero idatzi duzun liburua aurkeztu bearrik? Ez al zaitugu aski-ainbat ezaguna euskal literaturan? Alaz ere, ain biziki opa duzunez gero, emen dituzu itz melgera auek.

        Bi auzo ditu Legazpi-k, ondo lerdenak: Telleriarte ta Brinkola. Zu Telleriarte-n bizi zera, Saletxe baserrian; ortxe bait ziñan sortu 1916-2-14'an. Damaso zure aita oñatiarra, ta zure ama Jertrudis Azurmendi, Zegamakoa. Ortxe ezkondu ziñan 1949-1-8'an, Oñati-ko alaba Juana Arregi Idigoras'ekin. Bi alaba izan dituzute, M. Pilar eta M. Anjeles, muxu-belxko ta langille biak.

        Zeure len-ikaskizunak —azkenak ere bai?— Brinkola-n burutu zenitun, garai artan apaiz-etxean eskola ematen emen eliz-gizon argiarekin; eta berezkoaz gaiñ, ainbat gaitan eskolatu ziñan. «Berezkoaz gaiñ» diot, eta olaxen da: berezkoa da, izan ere, norbere izateak damakiona geien bat, euskaldun jendea jator biurtzen duena, joandako urteetan egiazki. Gaur eskolatuago datorkigu gaztedia, baiña euskaldun-ezago ere bai, tamalez; odol-odian dakarten kultura-sena lagarik, arrotz tankeraz bait zaizkigu moldatzen.

        Basa-seme jatorra zaitugu, zure deiturak adierazten digunez; urte-mordo batez zamatua onezkero. Sei-zortzi buru dituzu ukuilluan; nolako buruak gero! Etxalde joria ere baduzu, arto ta babarrun sail ederrez inguratua. Orrezaz kanpo, etzera nagia, ta fabrikan lan dagizu, ofizial ona zeralarik: 38 urte daramarkizu Legazpi-ko Patrizio Etxeberria-ren lantegi sonatuan. Gaur, izan ere, igurdizi ta esku-dantza bear da bizi-moldeari gurpilla emateko. Eta zuk, gizaseme azkar, olaxe fabrika ta soro, ederki uztartzen dituzu borobil bigunean.

 

* * *

 

        Gaiñerakoan, kezkati zera-ta —obe: olerkari—, idatzi egiten diguzu, lumaren punttaz zeure barrunbe sentikorra ustu ta iragarri-aziz. O bai! Baserritar zera, ta olerkari ta idazle. Ez da gezurra. Ainbat olerki ta poema luze-xamar dituzu nik amar urtez argitaratu nuen OLERTI (1959-1969) aldizkarian, lar luzatu gabe argia ikusiko dutenak.

        Eta orain eleberri bat, nobela bat idatzi diguzu, baita argitara eman ere, legazpiar lagun zintzo batzuei esker. Nik ere izan dut onetan parte: zu lotsatia izaki, beti bait dizut bultz-eragin euskal arlora. Etzaitugu, alegia, langille urri ta motz, pizkor ixilla baizik. Ta orrek balio du, ixilka egiten dan lanak, egiazko euskalduna itzetan labur baita, ta luze egiñetan. Gure omen zarrak olaxe darasa beiñik-bein.

        Esku artean dugu eleberri au, zuk egiña. Ta nik zer esango? Gaillurreraiño jasoko al zaitut? Edo-ta lur azalera eratsi? Ez bata, ez bestea noski. Ertz guztiak dute beren neurria, baita liburuak ere. Nobela onek gauz ederrak dauzkanik ezin dezakegu uka, ta bidenabar —nola ez?— akatsak ere bai: bakoitzak ditugu geure begiak, gustuak, ikusmira berezi-berezia; ta nola aitor dezakegu neri eder zaidana bakar-bakarrik dala ona, ta bestea ez? Batez ere gaur, gramatika legerik aintzakotzat artu nai ez dugun garai biurri ontan? Auzi onetan ere mingaiñez askatasun aldeko agertu oi gera, baiña urkoari, geure iritziaz bat ez baldin badator bereziki, jipoia ederki berotzen diogu. Legezkoa ote jokabide au?

 

* * *

 

        Arira etorriaz, zure nobela —nere ustetan— ederra duzu egal askotatik begirata, antze ta taiu andiz osatua, klasiku saillekoa bear bada, gaurko ao-xuri bitxiari orren atsegin etzaiona. Baiña denok ez gaude oraingo gizarte naastu onetan ere kezka berdiñez kutsutuak, denok ez gera iñolaz ere moda berrien irrikaz bizi, naiz-ta munduarekin abia bearra izan. Modakoa, urpunpullu antzo, aize-eragin urrikoa duzu, ta klasikua beti bizirik dirauna. Biotan, zein obe?

        Eta zure nobela barru ta azal aztertzera ezkero, gaiari buruz, errikoi-errikoia dela esan bear, eta euskalduna oso: baserri-bizi, ikazkintza, meatz-lan, maite mindu, erriko sendakaillu, sorgin, auzo-lan, on-egite, obari, baserri-erretze, senar-emazteen kezka ta istillu, bizi-moldeari aurrera eragiteko buruko miñak, muga-zaiñak, gau ta eguneko estuasunak, alkar-eraso ta burrukak, bide egite etengabeak, eta abar. Zure idaztian auek denok datozkigu ederki opilduta. Sikoloji aldetik giza-barne ezagutzaille gotor agertzen zatzaigu, ta euskal gaietan jakitun. Ez al dizu onek txalorik merezi?

        Euskera aldetik, umetan ikasi zendun amaren magal-zulo beroan darabiltzun izkuntza. Alderdi ontatik so-eginda ez duzu, ez, akatsik: guztiz ederki igitzen zaizu luma, errez, jori, errikoi, esakun dotorez pitean bein zipriztindua. Ontatik, beraz, zarta-jotze etengabea merezi duzu, esku biekin egiña; irakur, bestelan, ondorengo atal zer gerta jasoak eta esaidazu zer derizkiozun. Au idaztea! Au gaiari guna ateratzea! Au euskera, gure euskera bikaiña! Jakiñez naiz ezjakiñez mordoillo zaleok, ikas dezagun idazten baserritar onengandik. Ez diñogu, ba, sarri baserrira jo bear dugula euskeraz mintzatzen eta idazten ondo ikasteko?

        Gure erri jakitunaren agotik arturiko esaera bizi pertxentaz, parlantzuan bezela, txukundu ta apailaturik daukagu liburu osoa. Ona batzuk: «Bera zan akulu ta ezten»; «Jakiteak ez du ogirik eskatzen»; «Maitasun erneera; naaste geiegia ontzi baterako»; «Orduraiñoko neke guziak utsean utzi bearra»; «Aizeak dabillena ez duk beti egi osoa izan oi, askotan ez egi erdi ere»; garitza aundia dagoanean, esan oi da: «Atzamar birekin ogia jan bearrean zerate noski»; izerdi bitsetan zoalako: «Ari legorrik etzeroan soiñean»; «Akullu bete lur baiño etzeukaten lantzeko»; adiskide miñak zirala esateko: «Badut... adiskide leial bat, begi-betazal gerana»; «Azkazala ukalondotzat artzea izan zen guzia»; «Txapela bete legor ez zitzaien gelditu»...

        Ona zatiño bat, ez-arian jasota, gauzak nola margozturik dauden ikusteko aiñakoa: «Arriz itxia zueneko eskorta barrendik burua altxa-ta, ordu artan nor zitekean susmoz jarri zenerako, ongi erroturiko gazte luzeka bat, zerbait galdu bailitzaikion gisa, bazter bietara begira, gaiñik-gain zeartatzen zen bidexka medarrean barrena, ber-bertara urbilduaz zetorkion».

        Eta beste au: «Aurreratuaz zijoazelarik, oremen ardi moltxokak zinzarrots nabarmenak atereaz bide inguruetatik igeska zijoazkien, eta auen jeikierako furi gaiztoarena ezik, osteroan txintik ez zetorkien belarrietara. Oazurtza-tik Sandrati-rako arribidean sartu zirenetik, ordundixek asi zen mendi ezpaiñetara kirikaz illarian zijoan illargi txostuak aurreratuaz zekarkian argi erraiñu gaixokia».

        Izkera bizi-bizia duzu geien bat. Noizik bein ba-liteke illun xamarra. Euskal joskeran, ordea, ez duzu egundo ere laprastik egiten; aldatz-beera datorren gurdiaren leguntasuna duzu ortan, berezkoa nunbait. Eguzkiaren argia ere beti dugu aratz eta garden, zoztorrik jartzen ez ba-zaio bederen. Edu ortakoa da zure lumatiko etorria ere; goxo ta apatz, euskal mamiñezko!

        Or ingurumari bakarrik erabiltzen diran itzak ere sartzen dituzu. Ederki! Datoztela oiek ere euskal liburuetako orrietara... «Zurrin», «pitar», «zinzartu», «talderatu», «pardeldu», «arrendu», ta abar.

        Zuk zeure arima jarri duzu. Idazlea izatez nolakoa dan, idaztitik ageri oi da geientsu. Nobela osatzen duten pertsonak gizonki oretuak daude, lautik irutan beintzat. Alkar-izketa bizkorra, euskaldunak bere-berea duen filosofi-goxo ta maltzurkeriz loretua. Aldiz aldiz, bear bada, ez diozu garrantzi geiegirik ematen orri, ots, alkar izketari. Eta badu. Gaur ori eskatzen dute irakurleak, alkar izketa ugaria, azkar eramana. Neskatil batzuk ezagun ditut nik nobeletan datorren alkar-izketa bizkorra besterik irakurtzen ez dutenak. Urrengorako ba-dakizu.

        Eta onekin naiko. Sar-ateko itzok luzetxo daude; baiña zuk, ba-dakit, olakoak ere barkatzen dakizu. Liburu au Legazpi, zeure erri inguruan jazotako gertakariz ornitua damakiguzun ezkero, legazpiarrak bitez batez ere bertako seme jator orrek, asti-orduetan, guztion onerako osatu duzun liburu yaukal onen irakurlerik beiñenak.

 

Larrea, 1972-8-28'an

AlTA ONAINDIA

 

  hurrengoa