www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kiton arrebarekin
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1950-1954

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Quiton arrebarekin, Nikolas Ormaetxea Orixe. Euzko-Gogoa, 1950/1954

 

aurrekoa hurrengoa

X
TABOR'EN

(Gaiñenean)

 

        N.— Eldu gera, esan nionan, zure Tabor mendira, antxen ikusi baitzenun lurra zeru biurturik. Nork adierazi dezake zuk bezain ongi kristau zintzoa Kristo biurtzen dala mundu ontan? Esan ere baituzu mendi ontan iritxi ziñala gaiñeneko lerroara. Pozik ixilduko naiz zu entzuteko.

        El.— Ba-dakizu —arek— San Paulek diona: «Nere bizia Kristo da». Ta beste nonbait: «bizi naiz ni; ni ez-baiña Kristo bizi da nigan». Donibane Ebangelariaren bidez Kristok Berak au esan zigun: berriz: «Maite naunak Nik aginduak beteko ditu, ta Aita ta biok arengana etorriko gera, ta argen egingo dugu bizileku». San Paul'ek: «esnai gaudela, lo gaudela, bizi gaitezen Arekin batean».

        Zuen Loiolak itzala bezalako bat sumatzen zun Iesusek egiten ziola, begiz naiz iduri-begiz ezer ikusi gabe, eta itzal antzeko onek errezago sarrerazten zula Iankoaren beste bi Nortzuengana eragozpen izan ordez. Orduko quietista'engatik dio au iñolaz ere. Teresak berriz»: «Zazpigarren egoitzetan ia atertu gabe dabila bat Kristo gure Iaunarekin, lagun baiteramagu beti Gizon eta Ianko batean urturik bezala». Eta, «ez da iñor sartuko, naski, azkeneko bi egoitza auetara, Iesusek ez ba'derama». Egi utsa dira Fr. Luis Leon argitsuaren itzok: «Kristo Iankoaren aurpegi deritza, ta norbait bere aurpegiz bezala, Iainkoa Kristoren bidez ezagutu bear da. Eta bide ontara gabe ezagutzen dunak, ez du ezagutzen ere. Orregatik dio Aitaren izena gizoneri agertu ziela. Beragatik Ate ta Sarrera ditu izen, Berak baikaramatzi Iainkoa ezagutzera ta maitatzera.»

        Iesukristo argi antzean artu dugun ezkero, San Paul'ek ederki: «Argi dan Iesukristoz iantzi zaitezte; ilunpetik argia dirdir atererazi zuna. Bera da zuen biotzetan erraiñutu dana, Iesukristoren aurpegiaren bidez». Argiz iantzi ta areago dio. Egia da zeruaz mintzo dala; baiña Ianko-bizi bikaiña, deramanari ere egotzi ditiozke itz oriek. Soiñeko iantziak gorputza kanpotik biltzen du; baiña Kristoren argiak barrenez barren erasaten gaitu; beraz, iantzi baiñon areago. Gure gorputz zirtzil au Iesukristok eraberrituko du bere gorputz argitsuaren ariora. Kristau bikainduek sumatu oi dute noizean bein beren izate osoan, bai gorputzean ere, argitasun mee bezalako bat.Gorputza illaun bezala biurtzen zaie, pisua galdurik bezala, geroko zerutarren antzera. Teresak egoki: «Guzi au ispillu garbi nintzala iduri zitzaidan, saietsik, sorbaldarik, goien-barrenik gabe, nere izate guzia argi biurtua bezala, ta erditsuan Kristo gure Iauna». Ori da ain zuzen. Argi antzeko biurtzen, argi dan Kristoren antzeko, Iankoaren antzeko.

        Argi, itzal, mintzo, oiartzun, ixietasun... gauzarik meienak eta izkutuenak dekartzigu Ianko-suma ori adierazteko. Guzi orien zirrara itzaltzen zaigu, ta bakartasun ixilean atzematen dugu obekienik bestela ezin atzi dugun Ianko ori.

        Kristo argi dugula gauza iakiña da, ta ortan ari izan gera aurrenetik, eta ustez garbi adierazi dugu; baiña belarriari gagozkiola, Aitaren itza dala ere ba-dakigu. Itz mintxoa ta itz ixila. Bernardo'ren itzok gogoan ar etzazu:

        «Askotan etorri zait barnera Iainkoaren Itza, esatea eder ez ba'da ere. Baiña nigana maiz sartu zan arren, ez nintzan oartu noiz sartzen zan. Nere barnean sumatu nun, nerekin eduki nun, oroitzen naiz. Nozbait idurituak artu nindun sartu ote zan; baiñan ez nun beiñere sumatu sartzen, ez ateratzen. Orain ere ez dezaket ulertu nondik eta noiz etorri zitzaidan, ez ta, utzi nindunean nora ioan zan, ez nondik sartu nondik atera zan; esana baita «ez dakizute nondik datorren, ez nora doan». Ez da arrigarri, Arengaz baitago esanik: «Aren oiñ-urratsik ez dute sumatuko». Ez zan sartu begietatik, naski, ez baitu margorik, ez belarritik, ez baitzun egin soiñurik; ezago sudurretik, ez baitzan nasi eguratsarekin; ez agotik ere, ez baita ianari ez edari; ukituz ere ez nun sumatu, ez baita ukigarri. Nondik sartu zitzaidan, beraz? Ausa, etzitzaidan sartu, ez baitzan kanpotik etorri; ez baita kanpoan dauden oietakorik ezer. Etzitzaidan etorri nere barnetik ere, Bera ona baita, nik, ordea, ez dut neregan gauza onik. Igo nintzan beraz nitaz gaiñetik, eta Itz au gorago zegoen; ietxi nintzan nitaz beetik, ikusmiñez, eta beerago zegoen; so egin nun aldeetara, eta alde guziak baiñon areago zegon. Neregana itzulirik, nigan arkitu nun. Ordun ezagutu nun garbi, irakurria neukan au: «Argan, gera bizi, Argan igi, izan ere Argan gera». Bai doatsu Artaz bizi dana ta Argan igitzen dana!

        Ba-dioke norbaitek: Ua Atzematen naiz sumatzen ain neke ba'da, nondik dakizu barnean gertatu zitzaizula? Itz au eraginkor baita eta bizi. Orregatik, sartu zitzaidaneko, nere anima loak artua esnatu zan; nere arrizko biotz eri oni eragin zion, samurtu zun, itzegin zion. Berela asi zan nigan, erauzi ta suntsitu, eraiki ta landatu, igartua ezotu, iluna argitu, makurra zuzendu, bide latzak legun legun biurtu. Orregatik nere animak eta nere erraiek oro Aren izen txit gurena onesten dute. Beraz, Itz laztan ori zenbait aldiz nigan sartu zanean, etzidan beiñere bere berririk eman, ez keiñuz, ez mintzoz, ez itxuraz, ez urratsez.

        Azkenik, ez nun ezagutu galtzarraren gordeenean sartu zitzaidala, ez Aren eragiñez, ez nere zentzuz. Baizik ere, biotzaren irakiñetik ezagutu nun barnean neukala: nere makur-ioera zuzentzean, aragiaren zirkiñak ibitzean ezagutu nun Aren indarraren ondorio zala. Nere ixilgordeak argitara ekartzean eta aietaz neri akar egitean, arriturik utzi nindun bere iakintasunez.Nere oitura txarrakpixkarik ere ontzean sumatu nun zein on eta otzan zitzaidan. Nere barneko gizon au eraberritu zuenan ezagutu nun nolabait Aren edertasuna. Auek oro nigan batean ikusirik, balditurik gelditu nintzan Aren doai aundi eta ugarietaz.

        Baiñan Itzak aldegitean doai auek aultzen baitira, ta erortzen eta ozten, eltzea sutatik baztertzean bezala, zantzu ontatik ezagutzen nun irten zitzaidala; beraz nai ta nai ez goibel gelditzen nintzan, eta ala egongo naiz, berriro itzuli dakidan arte. Orduan berotuko zait biotza nere baitan, eta ortan ezagutuko dut berriro etorri zaidala».

        N.— Bikain esana —nik—.

        D.— Bai mutikoa, —arrebak—.

        N.— Itzaren ukiturik ez dugula, ez dala uki-gauza —nik— dio Benardok; baiña zure seme Ioanes Itz orren ukituaz ari da bein baiño geiagotan. Ditun orrialderik ederrenak ortaz egin ditu. Nola askatzen duzu korapilo au.

        El.— Giza-izkuntza ez da geiagora irixten, eta Ioanes'ek alegiñak egin ditu gure anima ta Itz ori meetasunik meenekin alderatzen. Idurimenak galarazi egiten digu gorpuzki ez dana buruz asmatzen. Latiñez ere arnasa atera zuten edo eguratsa: spiritus; gauzarik meienetakoa dala ere, azkenean gorpuzki. Nolabait esateko gogaki esan genezaioke. Iones'en itzak alde aldera artu bear dituzu, zer dioten ez-baiña zer esan nai duten gogoemanez.

        Gure entzumenak Iankoa aditzen dula diago. Aditu zuen bizkaitarren antzera: buruz artu. Arnas edo egurats orrek bi gauza omen dakartzi belarrira: ukitzea, ta xixtu egitea. Aitaren Itz orrek ere bi ondorio omen ditu atsegitea ta adieraztea. Eguratsak, belarria igurtzitzean, ukimena iotzen du, ta xixtuak belarriaren beraren entzumena. «Bere-bat dio, Maitearen on-doaien iarioa, Ark naimena ukitzean sumatzen da; au baita animaren muiña. Iankoaren on-doaien iario ori, animaren belarrian, ots, ezagumenean ere sumatzen da.Ukitze orrekin batean entzumenak atsegin aundia artzen du eguratsaren xixtuan edo soiñuan eguratsak belarria ukitu utsez baiñon areago; entzumena animaren aideago baita, gogakiago ukimena baiño. Animaren belarritik sartzen dan Itzaren xixtu au, zerki bat danez gaiñera, egien eta ixilgordeen agertzea darama berekin. Iainkoaren Liburuetan Beraren berri eskuarki belarriz ematen baitzaigu, egi soil oietakoak agertzen zaizkio gure adimenari, edota Iainkoaren ixilgordeak. Ikuskari ta gorde-agerkari oriek ez dira gorpuzki, ez dute gorpuzkiekin aidegorik, ez aien laguntzarik, gogaki soil soil dira. Orregatik egi egia da Iainkoak belarrien bidez bere berri ematen digula».

        Eta eziñ-utzizko diran beste lerro auek:

                Esku biguna (Aita)

                ukitu leguna (Semea)

                goritasun guria (Gogo Gurena)

        UKITU LEGUNA: «Ai Zu, Ukitu legun, Ianko-Seme ITZA, zure Iainko-izan orren meetasunez nere animaren gureraiño sartzen baitzera, ta guzia mearo ukituz, Zugan urrupatzen bezala duzu, iñon entzun ez diran bezalako atsegin guri Iainkozkoetan! Ai zu, Itzaren ukitu legun eta mea, esan-al baiño meagoa! Mendiak irauli zenitun, arkaitzak erdibitu, Horeb mendian, Zure aurrean zoan indarraren itzalarekin; baina legun eta bizkor sumarazi zenio Iragarleari (neri) eguratsaren xixtu mei artan! Ai Zu, aize mea, nola zera aize mei ta medarra; nola ukitzen gaituzu ain mearo, Ianko-Seme Itza, ain izugarri ta altsu zelarik!; Bai doatsu mila bider ain mearo ukitzen duzun anima, Zuk, izugarri ta altsu izanik! Otsegiozu munduari ez, arren, munduari, ez baitu aize mei onen berririk, eta etzaitu sumatuko; ezin baitzatu beregan artu nai ta ikusi nai ere. Ai, ene bizi zakidan Ianko! munduari uko egin dioten aiek bestek ez dute sumatuko Zure ukitu legun ori, beraiek ere meitzen dirala, mea mearekin egokituz. Meituago diran eta garbituago, animaren izan-muiña areago ukitzen diezu, sorkari guzietatik aldegin baitute, eta aieri darien suma ta zantzu guzutik; Zu baitzaude aien barnean etxe egiñik, eta Zure aurpegiaren izkutuenean gordetzen dituzu, ots. Itz ortan, gizonen bildurretik. Ai zu, ukitu mea, berriz ta mila bider meago ta bizkorrago, zure meetasun orren indarrez suntsitzen eta aizatzen baituzu animatik sorkarien edozein ukitu! Zure egiten duzu, Zu bakarraren eta ukituz uzten diozun ondorio orrekin, beste edozer, aundi naiz txikiren ukitua lazkar dirudio, begi-mingarri zaio, ta min eta oiñaze beste edozein ar-eman eta ukitu!

        Zerbait berez meago ta zabalago da; orobat tokitsuago, besteengana barreiatsuago. Itz au iñolako sarkor eta mee da, anima bera ukitzen baitu. Anima ontzi tokitsu zebala da, garbitu ta meatu baita onara orduko. Ai, beraz, Zu, ukitu leguna! Zu sarkorrago, nere anima garbiago, eta nigan ugariago ixurtzen zera. Bestalde, meago ta sarkorrago danaren ukitua atsegin aundiagokoa da, ots, mukulu gutxiago dunarena. Ianko-ukitu onek ez du mukulurik, ukitu egiten dun Itz onek ez baitu eiterik, ez nola-alarik, oriek mugatzen baitute zerbaiten zer-izana. Beraz, ukitu au Iainkoaren zer-denaren baita, esan eziñezkoa da. Ai Zu, azkenik esan-ala baiño meago zeran Itzaren ukitu! Zure zer-izan mei mearekin eta muiñarekin gertatzen baita, eta azkengabe mei ta sarkor danez, barneki ta maiteki ta esan-ala baiño guriago ukitzen du».

        Benardoren eta Ioanes'en zati auek liburuetan arkitzen diran ederrenetakoak dira.

        N.— Izan ere!

        Ezagunak dira Kempis'en itz ederrak ere, Iesus ixilik entzuteaz ari dala: «Iesus barnean mintza ez ba'ledi, zirtzila da gure pozaldia; baiña Iesusek itz bat esan ba'leza poa aundia sumatzen dugu.Bai doatsu, kanpotik datorren mintzoa ez-baiña, barnean irakasten ari dan egia entzuten duna! Bai doatsu Egiak berez eskolatzen duna, itzez eta iduriz ez-baiña, Bera dan bezala.Gizon barnekoiak nonai derama berekin Iesus poz-emailea ta au esaten dio: zakida lagun, Iesus Iauna, alde guzietan eta aldi guzietan.

        N.— Ontan, nere gizona zuti iarri zinan eta ioan-keiñu egiten asi. Zaude apurtxo bat, esan nionan, azken galdera bat egin nai nizuke. Gauza asko ta onak erakutsi dizkidazuke; eskerrik asko, baiñan, esazu, nondik ezagutu dezake kristau zintzoak argialdian egotetik gaiñenera igo izatea dagon adea,

        El.— Gauza ortaz —arek— aski eleta egiñik dago, ta ez naiz aztertzen asiko. Bi astarren emango ditizut neri gertatu zaidana esateko. Au da lenbizikoa: noiznai, lotatik iekitzean ere, otoitzean gertatzen naiz. Esnatzean Iainkoa Bera gertatzen zait oroimenean eta biotzean, nik ezer egin gabe. Ez dut batere alegiñik egin bearrik otoitzean sartzeko, argialdian egin bear izaten nun bezala.Tabor'en gertatu zanarekin nere gogoan eta biotzen betiko ezarririk eta irarririk gelditu zitzaidan gure Iauna, Ikus-ondorio bezala, ezeren iduripenik gabe, iakiña. Onek ari nau beti. Oso bakan atertzen zait oroitze maitetsu ori.

        Au da bigarrena: ala-nola edo alderakizun baten bidez adieraziko dizut. Gogoemazu urmael bat. Mutiko bat ari da iostetan, buxtarri bezalako arri biribil batzuk ur erdira iaurtitzen. Arri koxkor bakoitzak pulunpatzean, pirril bat egiten du uretan. Ua, berrituz eta zabalduz, urmaelaren ertzeraiño doa, ur-axal guzia zimurtzen dula. Olatsu dira argialdiko biotzeragin aiek, xamurren eta legunenak ere. Ostera, zaude begira zu bakarrik, eta urari ez bezaio iñork eragin. Noizik bein an ikusiko dituzu barren barrendik ateratzen ondarretik, ponpolo aiek ixil ixil datoz, eta an lertzen dira gain-axala iotzearekin, eta ez dute ura zimurtzen. Ola dira gaiñeko mailean gertatzen diran gogo-eragiñak. Doi doi sumatzen dira, gorputzak bear aiñaxe. Esanik utzi dizut oriek baiñon ere ixilago ta legunago dala barnean ari zaigun grazia.

        Eta, ain zuzen, len biotz-eragiñak izan nitun abelera berberetan, eta batez era Biblia irakurtzean, lengo toki berberetan gertatzen zaizkit oraingo auek ere, esan dutan aldearekin Emen dator egoki Loiolarena: «Siñespen, itxaropen, maitasunak areagotze da pozaldirik oberena: ta beste edozein barne-poz mota oro ona da, zeru-guzetara ta animaren osasunera eragiten ba'du, Iainko Egileagan ibiaraziz eta pakearaziz. Animako osasunaren aztarretik seguruena, len esan dizudanez, pake ori da, ur-geldiaren antzeko iabaltasun ori. Kristori dario, Itzari dario, Benardok liokenez; Itz orren oiartzunari, ondoreko ixiltasunari; ez iduri, ez soiñu, ez margo dan ari, ta guziok batean dauzkazunari. Entzun dezagun Iñati Antiokiarrak ziona, Kristoren ixiltasuna, pakea, iabaltasuna.

        Itzaltzera noazu. Ezazu biotz!

        N.— Ontara giñala arrebak ukalondoak belaunen gainean tinkatu zitun eta burua eskuetan iaso. Olaxe egon giñan aldi bat ixilik.

        Gero nik ola bukatu nun: Egia esan, aurra, gizon arek olako gauza bikaiñak esanerazi dizkidan ezkero, etzeukanat batere gogorik beste zenbait gauzetan nere luma kaxkartzeko. Or ari zaizkidan adiskideak, seku-lan baiño sasoi obea daukala idazteko, ta iarrai dezadala. Sasoirik oberena ez dun txarra Iankoarentzat. Besteri erakutsia neronek ez egitea itsusi liteken. Aier aierrik niagon mundu bazter batean gorderik, Elias'en antzera, urrundik bederen, nere azken-urteok emateko, Tabor antzeko gain batean txabola bat egin bear ba'nu ere. Etxe aldera urbiltzen ba'naiz, lagunek ez neunate pakean utziko. Etxekoak, berriz... i aunat etxekoenik. Noizean bein elkar ikusi ba'geneza, olako gauzetaz mintzatzeko! «Iainkoa lenik» inguru auetan esan oi danez.

        D.— Etorri adi berriro.

 

aurrekoa hurrengoa