|
ITZAURREA
Ona emen Pernando amezketarraren esaera ta gertaeren liburutxoa. Bere ateraldi irritsu ta jakiñenak, berari ezartzen dizkioten gertaera atsegin eta politenak, ementxe daude ipiñita, irakurle.
Pernandori ezartzen dizkioten gertaerak... Pernandori ezer gertatu al zezakion bada? Bizi izan zan gizona izan al zan bada Pernando? —esango du norbaitek noski. Ta ez da arritzeko izango. Pernando gizon izan ez zala uste duan bat edo beste izan liteke: norenak diran ez dakigun ipui ta izkirimiriak berari ezarri al izateko asmatu zuten izena besterik ez dala Pernando ori, uste lezake norbaitek.
Ez ordea. Gu bezelaxe jaio ta bizi izan zan Pernando.
Bere aita, Martiñ Jose Bengoetxea, adunatarra zan, eta bere ama, Joxepa Antoni altuna, amezketarra. Amezketan, gaitz izenez jolasean euli-erri esaten dioten Gipuzkoako erri txiki menditsuan bizi ziran biok, eta Pernando ere antxen jaio zan:1764 garren urteko Urrillaren 10ean etorri zan mundura, ta Amezketan diotenez Ixpille-saletxe izan zuan bere lendabiziko kabi epela.
Txikitandik omen zan biurria, geldi egoteko tzarra, etxetik irtendakoan etxera etortzeko estutzen ez zana. Ala, diotenez, berandutu eta gero mutilla etxeratzen ez zala ikusita bere billa irten ziran batean, nundik nora zebillen jakitearren Pernandooo... deitzen omen zioten, eta berak, alde batetik bestera iges egiñaz, Ez noala oraindiooo... erantzun omen zien. Mendi-mutil, eskolarik ez, berez argia... biurri izan bear.
Artzai zan; geienak ala ziran orduan, eta ala dira gaur ere Amezketan. Ez zuan lanak itoko (langille errexa zan, esaten dute amezketarrak, ta izaten zituan estuasunetatik ateratzeko beso-lana baño biurrikeri-lana sarrigo egiten zuan. Gizon leiala omen zan, beren bearretan besteai gogoz laguntzen ziena. Bertsolari jator, azkar ta purrukatua, ori jakiña; baña eztarri txarrekoa.
Amezketar batekin ezkondu zan, Mari-Joxepa Sagastumerekin, 1790g. urteko Orrillaren 3an. Bederatzi seme ta alaba bat eman zizkien Jaungoikoak. Ixpille ta Azentzin txikia izan zituzten bizitokitzat, eta azkenengo baserri ontan il zan Pernando, 1823g. urteko Uztaillaren 9an, kristau on bezela, Jauna ta elizakoak artu ondoren. Ez zuan testamenturik egin. Il eta urrengo egunean lurperatu zuten Amezketan bertan.
Egia ala jolasa dan ez dakigu, baña, Amezketan diotenez, Apaetxe-bordan aran geiegi jan ondoren Igaran-bizkar edo Goen-errotako errekatxoan eran zuan urak gaitz eginda il zan. Iltzeko zorian zegoanean, ala omen zion: «Ni iltzen naizeneen esan geo argi asko alde guziitan, Pernando ez doola goseek il; beti erdi-goseek eta mixerin bizi izan banaiz ee, ondo asetuta il naizela».
Benetako gizona zan bada gure Pernando au. Buruz azkarra, esaeratsua, itzez etorri aundikoa, orduko bertsolarien artean gain gañekoa. Bere esaera ta ateraldiak, egikera ta gertaerak, izkirimiri ta ipuitxoak, or dabiltz oraindik aoz-ao, esan eta entzun, guzioen pozkarri. Ta oiek liburutxo batean bildu ta agererazteko asmoa artu det nik...
Aspalditik nerabillen buruan asmo auxe. Esaera bixiak, gertaera zorrotzak, ateraldi parreragilleak, ipui labur alaiak, guzioen gogoko izaten dira, ta Pernandorenak bildu ta argitaratzeko asmoa aspalditik nerabilkian zirika.
Ala, ala, ustekabean, Pernandoren omenez Amezketan egindako jaiak etorri ziran.
1823garren urteko Uztaillaren 9an il zan Pernando.1923garren urtean bete ziran bada eun urte, Pernando il zan ezkeroztik. Urte ontan egin nai izan zuten jaia amezketarrak, baña, au zala ta ura zala, jaia eratzerako urrengo urtea etorri zitzaieten.
Orduan bai, 1924garren urtean, egin zan jai ori.
Ta nolako jaia gero! Egun uraxe, Uztaillaren 13a, ez zaigu berealakoan aztuko. A zer eguzki argi ta alaigarria zegoan, eta a zer egun atsegiña izan zan an bildu giñan guziontzat!
Egun artan Amezketan egin genuen guzia len ere esanda daukat. Ementxe berriz ipintzea, bearrezkoa da ordea.
Amarretan, jakiña, Meza-nagusia. Nolakoa ordea? Eliza ederra, argiz ta loraz ederki apaindua zegoan. Toki berezi ta apañetan diputadu jaunak, lendakari ta guzi. Erri-buruak bere aulkijakiñean, eta eliza osoa zoko guzietan bete-betea. Abeslariak ederki abestu zuten Goikoetxearen meza, ta Bidañiko erretore Balentin Azpeitia jaunak berebiziko sermoi eder, bikaña, egin zigun. Ura izan zan Meza-nagusia, ura!
Gero, plazan, pelota partidua ta bertsolariak; eta ordubatean... jakiña!... bazkaldu.
Eun ta berrogei baño geigo bildu giñan bazkaltzera Amezketako plazan. Plazan, bai, baña ezin eta obeto antolatutako jan-toki zabalean, eta guzioen buru diputadu jaun, alkate, erretore, sermolari ta gañerako agirikoenak zirala.
Bazkal-ondoan, antxe bertan, ereslari trebeak entzun genituen. Paulo Sorozabal donostiarra, mundu guziko toki onenetan musika ikasten dabillenak, bioliña jo zuan, eta entzunleak lilluraturik entzun genion. Bero Beltran Pagola jaunak pianoa jo zuan eta makiñabat txalo irabazi zituan.
Arratsaldeko jaia gero, Pernandoren izena gogora-erazi ta goratzeko eratutako jaia.
Jai au ere plazan bertan. An ez zan izkutuan ezer egin. Guzia agirian, ikusi nai zuten guzientzat.
Amezketako alkate jauna agertu zan lendabizi ta Pernandoren izena ospatzera errira etorri ziran guzioi eskerrak eman zizkien.
Urrena, berriz, Juan Bautista Larreta jauna azaldu zan. Antxiñako denboretan Amezketa zer izan zan esaten asi zitzaigun, baña laister, bide ori utxita, beste batetik asi zan: kanpoko oiturakin zer egin bear degun, kanpotarrekin nolakoak izan bear degun, eta orrelakoak. Parrez-parre egi aundiak esan zituan. Bai jendea ondo atsegindu ere.
Gero Karmelo Etxegarai jauna zan itzegiteko. Ezin etorri al izan zan, ordea, ta berak bidaldutako itzaldia Antonio Pagoaga jaunak irakurri zuan. Itzaldi sakon ta ederra da.
Gipuzkoako Diputazioko lendakari Julian Elorza jaunak itzegin zigun gero, garbi ta sutsu, euskaldunen oitura ta izkerari sendo eutsitzeko esanaz. Bere itzaldi labur, xamur ta goratuari, txalo ugari jo genizkion.
Tolosako Manuel Urreta jaunak bere olerki polit batzuk irakurri zituan.
Olerki onen ondoren, Pernandoren oroigarritzat Erriko-etxearen arpegian jarritako arria agertu erazi zuan alkatearen alaba lirain batek.
Bere anai Josek pianoz lagunduta, Gabriel Olaizola abeslari ospatxuak ederki baño ederkigo abestu zituan, Ezkongaietan zerbait banintzan, eta Bein batean Loiolan. Ao-zabalik entzun genituen abesti oiek, eta txalo ugari jo genizkien Gabriel eta bere anaiari.
Joxe Egilegorren aldia izan zan urrena. Pernandoren ipui ta gertaerak bixi-bixi esan zituan, eta jendea algaraz lertzeko zorian eduki zuan. Ura zan gogoz par-egitea!
Bukatzeko, txotxongilloak agertu zituzten. Egilegor berak eta Gregorio Beorlegik erabilli ta itzegiñaz, gauza politak esan eta egin zituzten txotxongilloak. Aurrak eta aur etziranak ondo pozik egon ziran andara aien aurrean, algaraz ta txalo-jotzen.
Ala bukatu zan jai ura, jai eder ura. Egun artan Amezketan izan ziran guziak, ao batez esaten dute alako egunik ez dala oraindik Amezketan ikusi.
Ez Amezketan eta ez inguruko errietan ere. Euliak pozik zebiltzen orduntxe...
Jai onen antzeko beste bat ere egin zan Pernandoren izena piztu ta bizi-erazteko. Donostian izan zan bigarren jai au. Euskal-Esnaleak urtero egiten ditu Nobedades antzokian euskerazko itzaldi-jaiak, eta 1924garren urteko Lotazillaren 7an egin zuana, Pernandoren omenez izan zan. Joxe Eizagirre jaunak esan zuan asierako itzaldia. Gero, Pagoaga jaunak irakurri zuan Etxegaraik egin eta Amezketan Pagoagak berak irakurritako itzaldi uraxe bera. Egilegorrek, Amezketan bertan esandako Pernandoren ateraldiak berriz esanaz, makiñabat algara egin-erazi zuan. Amezketa-erri ta bertan egindako jaiaren irudi politak erakutsi ziran, eta Jose Olaizolak lagunduaz, eresi ederrak abestu zituan Bitor Garitaonandia jaunak. Entzule ta ikuslien gogo-gogoko jaia izan zan.
Jai oek zirala-ta, jakiña! berriz an ibilli ziran Pernandoren esaerak gora ta bera. Guziak bildu behar lirakela, guziakin liburutxo polit bat egin zitekela, egin bear litzakela... «Nik egingo det» ordea, ez zuan iñork esaten. Geienetan ala gera gu: egin litekela badakigu ta egin bear litzakela esaten degu, baña... egitea bestientzat utzi.
Aiek guziak entzutean, nere gogoa piztuagotu zan. «Egitekotan, oraintxe» —esan nuan, eta asi nitzan lanean.
Oni galdetu, ari idatzi, emen irakurri, andik artu, alakori entzun, onakori esan-erazi, apurka-apurka nere lana aurreratu nuan... Ekin eta jarrai, ona emen egin detan guzia; Pernandoren ateraldiak ona emen.
Guziak? Ez det uste. Guziak nork bildu? Ezagunak, jakiñenak,Pernandoren izena geien zabaldu dutenak bai ordea, emen daude. Geigo izango dira noski, baña nik ez det geigo arkitu.
Emen dijoazen guziak ere ez dira noski, Pernandok esanak izango. Zeintzuk esan zituan eta zeintzuk ez, nola jakin? Iñola ere ez, ta jakin gabe ezin batzuek bestiengandik aldendu. Emen ipiñi ditudan guziak, ordea, Pernandok esandako bezela entzun eta irakurri ditut. Neronek ez det ezer asmatu; nere burutik ateratako ezertxo ere ez diot Pernandori ezarri.
Sail au osatzeko galdera asko egin bear izan ditut, paper asko irakurri, itz asko entzun. Makiñabat aldetan ikusi, entzun eta irakurritako gaiz egiña da liburutxo au! Bakoitzari berea ez zaio ukatu bear-eta, lendabizikotik asi ta IIgarrenerañoko ateraldiak beste batek idatzi ta eratuak dirala esango det: Toribio Alzaga jaunak antolatu ta aurrena Amezketan eta urrena Donostian Jose Egilegorrek esan zituanak berak dira. Beste guziak neronek bildu ta idatizak dira, ta biltze-lan ontan lagundu diratenen artean, Zaldibiko Prantxisko Erauskin bertsolariaren izena ezin ixilik utzi dezaket, lankide iaioa izan det-eta.
Ara guzioen lana. Nik dakidala, Pernandotzaz ez da oraindik liburutxorik egin, eta bere izena, bere izaera, ta bere ateraldiak, lañotan bezela, erdiizkutuan zeuden. Ona emen, bada, nere liburutxo au aurrenengo. Geitu liteke, noski; edertu ta txukundu, bixitu ta alaigotu ere bai. Gai denak pixkortu, txoxpertu, gaztu ta osatu dezala. Txalo aurrez, berari.
Bitartean zauden bezela atoz giza-artera, Pernando. Astotxoa aurrean dezula, etorri buru-arin eta esaeratsu. Ala ikustean, erretore jauna irtengo zaitzu bidera, ta zorrotz zirikatuko zaitu. Ez estutu: Erantzun bixi, ia zuen esaera, ta atera-aldiekin irakurleak poztutzen dituzuten.
Ala izan dedilla, bide onezko poza bezelako ondasunik ez da-ta.
G. MUJIKA
|
|