ERRI BAT GURUZBIDEAN
Azken mendeko
Euskal Bizinaiaren
«sentimendu trajikoa»
draman aurkeztekoa
izlauz, kantuz
eta Pasio irudiz.
«Un Miserere cantado en común por una
muchedumbre azotada del destino vale tanto
como una filosofía».
Miguel de Unamuno (Del sentimiento
trágico de la vida en los hombres y en los
pueblos)
JAKINGARRI BATZUK:
Drama au irakurri soillik egitekoa da, antzezteko bezela idatzi bazan ere. Beste izen bat du antzeztekoak: «Confixus». «Confixus» geiena edo ia dana emendik aletua bait da, nai aiña laburtu naiz erreztu aal izateko eran.
Antzezteko eran idatzia dagoan ezkero, ordea, konbeni da irakurleak jakin ditzan zenbait zertzelada, bai antzezketari, bai doiñuei buruz.
Antzezlekuak iru «saillok» bear lituke:
1) Ezpaloi bat, prozezioa pasaran joan dedin eskubitik ezkerrera.
2) Estratua, nazarenutzan jardungo diranentzat.
3) Gaingune edo beiraleku bat, komisaria ta Joxemingorentzat.
Estratuaren erdiz erdi Aritz Arbola gazte lirain bat, bertako zutabe.
NORTZUK ZER:
AITA MIXIOLARIA: 35enbat urteko prantziskotar bat da. Xaloa, ez batere solemnea. Gure errietako mixiolariek oi duten gurutze aundi oietakoxea eraman dezake lepotik bularrean zintzilik.
JOANES: «Garoa»ko uraxe bezin beneragarri, zangar eta giz-eredu ederra. Zergatik ez «Garoa»koa berbera? 60 urte ditu. Illea zuri. Baju abots zolia.
PRUDEN eta IÑAKI: Biak Joanesen semeak. Pruden, reketea da, ta mendu bizikoa; 26 urte. Iñaki, «gudaria»; 20 urtetsu.
KOMISARIA: Eman 40-renbat urte. Falanjista purrukatua: jazkeraz, bibotez, izatez. Belarrimotxa, noski.
JOXEMINGO: Falanjista auxe ere, Komisariaren morroia, ta adin beretsukoa. Euskalduna, jatorriz eta...
MISTER HAMILTON: 50-enbat urteko zaldun «yanki» atsegiña. Yanki-tankera nabarmena digu zernaitan.
MANU AGUAZILLA: Erriko gizajoa da. Lodikote musugorria. Soiñez bezin motza buruz ere. Zazaaka itzegiten du. Errian maite dute baiña ez diote errespetu aztarrenik; utsaren zai egoten dira, aren bizkarretik parra egiteko.
BI GUARDIZIBIL: Beste danak oi diran alakoxeak, ezertan alderik gabe. Ez gaiztoak.
ETA PASARAN EGOKITUKO DIRANAK: Ama Doloretakoa, Beronika, ta izketagille askotxo.
DOIÑUEN ADIERAZGARRI:
1) Sarrera, Otañoren «Aita-semeak».
2) Egonaldi bakoitzeko leenbiziko aapaldia (Guruzbidariek pasaran), «Pilatosek esan du» ontara:
si-mi. fa-sol. fa-fa-mi.
si-mi. fa-sol. la-si.
si-do. si-la. sol-la fa.
la-si. la-sol. fa-mi.
3) Egonaldi bakoitzeko bigarren aapaldia (Publiku osoak), «Josirik ikustean», ots:
si/si. sol/do. si/si la.
si/sol. fa/sol. la/si.
re/sol. la/si. do/re re.
mi/mi. fa/sol. la/si si.
si/sol. la/fa. sol/mi.
4) Egonaldi bakoitzeko azken aapaldia (Guruzbidari ta Publiku, salmuz), Miserere salmu doiñua, lau bider auxe:
si si do si la sol
la la mi sol fa mi
5) Egonaldi bakoitzeko tarte aapaldi aundia (Koruak), polifoniz; on ezean, bertsolari doinuz; edota, baitare, «recitado coral» eran.
6) Laugarren egonaldiko tarte aapaldia (Koruak), Arantzazuko himnuaren «Agur, zeruen edertasuna» osorik, azken puntua berrituz.
7) Amabigarren egonaldiko leenbiziko aapaldia, «Gernikako Arbola»-ren doiñua bera.
8) Bukaera (Surrexit: pixtu zaigu...), Aita Donostiren «Salbatore gora da», azkenpuntua berrituz.
SARRERA
Haec est victoria quae vincit mundum: fides nostra.
Teloia irikitzean, (magnetofonuz) parrokiko kanpaiak ari dira. Aldi berez, orkestak edo organuak jota, leenbiziko doiñua (Otañoren «aita-semeak») aditzen da. Aldi berez, plazaren eskubi aldera, giza tertuli batzuk agiri dira, alaiki izketan. Agiri ez dan plazako jendetza aundiaren zurrumurrua entzuten da, eskubitsutik.
Tertuli oietako aundienean zegon AlTA MIXIOLARIAK uzten ditu izketa lagunak bi aldamenekoei anaikiro bizkarreko bana emanaz, eta arin-arin armaillatan gora igotzen doa. Jendea beira jartzen zaio sinpati bizienez. Prailleak eskuan daramazki brebiarioa ta kuadernu bat. Armaillatan topatzen dun mikrofonu zutikoa ere eskuan artzen du ta estratura eramanaz antxe kokatzen du.
Beiñola kanpai orkestak ixiltzen dira. Baita jende marmarra ere.
Mixiolaria, estratutik kuadernu irikiari aiña bider beetik gorako jendetzari bein ta berriz beiratuz, asteko dagon prozezioaren azken detalleak buruzbiltzen ari da. Mikrofonua ao pareratuz arraiki galdezka asten da.
MIXIOLARIAK: Entzuten al duzute ondo?
BATZUK: Bai, jauna.
MIXIOLARIAK: (bere ezkerreko urrutikoei beetik gora so) An goikoek ere bai?
BATZUK: (urrutian) Poliki. Emendik ere naiko poliki.
MIXIOLARIAK: (mikrofonua metro bat apartatuz) Orain? Ea orain?
BATZUK: (urrutian) Berdintsu.
MIXIOLARIAK: (tertulietako bati) Loidi, itzegiezu aortitxe, ea entzuten duten.
LOIDIK: Ea ba emendik. Jasotzen? Aditzen, zerbait badare?
BATZUK: (urrutian) Or nonbait. Tira. Ainbestean.
MIXIOLARIAK: Ori bear dugu ba. Ez dedilla iñortxo gelditu entzun gabe. Ikusi, berriz, ez daukat galdetu bearrik ondo ikusten duzuten edo ez onako estratua. Aurrez aurre baitakazute danok, (ezkerrera apuntatuz) bai goitik beera zatoztenok, eta orobat (bere eskubiruntz apuntatuz), prozezioa aurrera doan bezela beetik gora joango zeratenok. Ikusi ezin obeto noski.
BATEK: Lasai egon ortan. Ez dugu galduko izpirik ere, estratuan esaten edo gertatzen danetik.
MIXIOLARIAK: Ea ba. Dagoneko, jarri zaitezte bakoitza zeon lekutan. Irugarren kanpai aldia jo du ta, aguro asi bear dugu. Loidik zion, Mixio Santu ontako elizkizun ederrena barkazio sermoia baietz. Orain ikusiko du ezetz. Guruzpide onetxek atera bear du bikaiñena. Jokatuko nioke Loidiri... lepoa. Prailleok ezin ba dirurik joka.
(parreantxak)
Ta? Obispu jaunaren baimena? Zertan da? Ez al da etorri oraindik?
LOIDIK: Ezetz aditu dut. Ez omen da aztarrenik oraindik.
MIXIOLARIAK: (Muker keiñua egin ondoren) Ba, ez daukagu geiago itxoiterik. Gaua gaiñean dugun ezkero, abitu bearra daukagu nai ta ez. Baimenik eza dalata, ez al dugu okerrik izango. Ez didate beintzat kulpatuko, eskatu ez nuanik baimen ori. Ondo garaiz eskatu ere nuan.
(Egontxoa)
Kantapaperak? Danek bai al dituzute? Irakurtzeko naiko argi gutxi, ez da ala?
LOIDIK: Ez dugu argi bearrik. Ezta papere bearrik ere. Buruz badakizkigu itzik itz.
MIXIOLARIAK: Bertsu danak?
BATEK: Bat baiño bestea obeto.
BESTEAK: Danak ikasi ditugu ederki.
BESTEAK: Ez du esango enseiutan saiatu ez geranik.
BESTEAK: Gogotik ikasi ditugu bertsuak. Alako ederrak izan ere dirata.
MIXIOLARIAK: Bertsu oiek egin ditunak baiño meritu geiago du balinbaite sentipen santu oiek bizi ditun Erriak.
(MISTER HAMILTON agiri da ezker aldetik, gizaseme bat lagun. Fotomakiña dakar sorbaldan zintzil eta linterna eskuan. Gizaseme laguna aurreratzen da ta Mixiolariari urbilduz:)
BAT ONEK: Jauna. Jauna. Zaldun dotore bat eldu da errira rorren billa. Aor. Praintzikoa edo... Ez da beintzat Astigarragakoa.
MIXIOLARIAK: Nongoa ba?
(Mixiolaria jeisten da armaillatan eta Mr. Hamiltoni urbiltzen zaio kortesiz)
MR. HAMILTON-EK: Arratsaldeon Jaungoikoak, Aita.
MIXIOLARIAK: Arratsaldeon deigula danoi, Jauna.
MR. HAMILTON-EK: Badakit zein zaitudan. Ez duzu presentatu bearrik. Ni, Mister Hamilton nazu, United Press-eko korrespontsala.
(Bostekoa damaie alkarri)
MIXIOLARIAK: Nondik eta nongoa zaitugu ba, Mister Hamilton?
MR. HAMILTON-EK: Norteamerikanua, serbitzeko. Yanki utsa lau saietsetatik: jaiotzez, bizitzez, odolez, abizenez...
MIXIOLARIAK: Norteamerikanua, alajaiña? Yanki utsa zernaitan? Eta orren jator euskeraz itzegiten zatozkit?
MR. HAMILTON-EK: Orixe bera esaten didate danek: euskeraz poliki egiten omen dut. Baiño, ara, ez da arritzeko. Nere bizitza guzian saiatu izan naiz euskera ikasten eta Euskalerri gauzak ezagutzen.
MIXIOLARIAK: (zoratzen) Bejondeizula. Beste gabe, adiskide nazu.
(Bostekoa berriro)
Nai duzuna eskatu.
MR. HAMILTON-EK: Eskatu? Ain zuzen, eskatzera natorkizu gauzatxo bat. Interbiu bat, labur labur badare.
MIXIOLARIAK: (Erlojuari beiratuz) Laburra bearko oraingoz. Guruzpidea asteko bait gaude. Zer derizkiozu, elizkizuna bukatuta. bertan, itzaspertu bapo bapo bat?
MR. HAMILTON-EK: Zer besterik nai dut? Itzaspertu luze luze bat.
MIXIOLARIAK: (Prestu dagon prozezioko gizaseme bati, norteamerikanuagatik) Imanol, zalduna ez dala Astigarragakoa? Aizarna berta-bertakoa, motel. Euskeraz ari gaituk eta. Jator, alere.
(Jendeak parre)
Eeeh? Iru akolituak, non dira, oraindik prozezio buruan jarri gabe?
(Irurak txuriz eta erdikoa gurutzez ager bitez gerotxoago)
(Mr. Hamilton-i) Interbiu bat, zenion. Jakin askuretan jarri nazu oraintxe. Ta... askure onekin ez naiz asiko guruzpidean. Pixkat badare aurreratu bearko didazu zure asmoa.
MR. HAMILTON-EK: Ara ba. Bi illabete ontan Euskalerrian nabilkizu, batera ta bestera turista antzo, bazterrak eta azalmamiak ezagutzen: parajeak, usarioak, folklorea, ertigintza... Apunterik galanki atera dut. Baita fotografirik ere. Ikusten?
(Mordotik bat edo beste erakusten dizkio)
MIXIOLARIAK: Poliki. Poliki.
MR. HAMILTON-EK: United Press-ekoek artikulu errezka bat eskatu bait didate Euskalerriari buruz. Artikulu oiez gaiñera liburu bat ere atera nai nuke gai orretantxe.
MIXIOLARIAK: A ze mesede dagiguzuken.
MR. HAMILTON-EK: Ta ara: Euskal Animaren ezaugarri jator jator bat nai nuke. Euskal drama jator jator bat. Opera batzuk aitatu dizkidate. Tituluak ementxe ditut. Bildur naiz, ordea, beren funtsa zearoko autoktonu ote dan; geienetan ez musikaz eta ez testuz.
MIXIOLARIAK: Ea zeintzuk?
MR. HAMILTON-EK: (Blok bat irikiz eta bertan irakurriz) Guridi-ren «Amaya»... Usanditzagaren «Mendi-mendiyan»... «Txanton Piperri»... «Mirentxu»...
MIXIOLARIAK: Ez daude gaizki. Andik edo emendik, oietxek ere Eusko Gogoaren emaitz dira, ta ezaugarri. Ta Eskudero-ren «Illeta»?
MR. HAMILTON-EK: Baitare, izendatu didate. (Blokean irakurriz) Ara emen. Patxi Eskudero-ren «Illeta».
MIXIOLARIAK: Nai litzake baietz! Aitatu dizkidazunetan, orixe duzu nere ustez jatorrena, sakonena.
MR. HAMILTON-EK: Ainbeste? Tristeegia ez al derizkiozu? Euskalerria alaia da gero, sendoa, osasuntsua, optimista.
MIXIOLARIAK: Sendoa ta osasuntsua baietz nioke. Ez orratio alaia. Ez barrutik beintzat.
MR. HAMILTON-EK: Nola ez ba? «Un peuple qui chante et dance aux Pyrénées».
MIXIOLARIAK: Bai, mundu guziak ala uste du. Etnologu ta turistek ala jotzen gaituzte. (Imitatuz) «Un peuple qui chante et dance aux Pyrénées». Baiño ni kontrara nago, ta kontrara aldarrikatuko dut, danek erotzat jotzen banaute ere. Euskal Anima bestelako da! Da edo dago. Ondo bestelako, gaiñera! Ondo larri ta triste.
MR. HAMILTON-EK: Nola ordea alaia ezetz? Onatx fotografiok: (erakutsiz) Biarritzeko plaiak..., Donosti apaiñeko estropak..., San Martzieleko erromeria..., Zuberoko dantzariak...
MIXIOLARIAK: Zuberoko dantzariak, aitatzen dizkadazu. Dantzari oien kopla zarrari aditu al diozu zer dion?
MR. HAMILTON-EK: Zer ba?
MIXIOLARIAK: «Ortzetan dizut irria eta
bi begietan nigarra!!».
Axaletik beiratuz, egia da: parajeak irribarrez daude. Biarritz, Donosti, ondartzak, mendi-ibarrak, fabrika, uri, kaleak... Itxuraz, dana parrez, kezkarik gabe, alai. Baiña, Euskal Anima? Oien danen barrutik, Euskal Anima nigarrez dago. Bakar-bakarrik eta agoni izuan dago, Jesus Jetsemanin antzo: ilnai ta bizinai. Zuk badakizu latiñez: tristis est anima mea usque ad mortem.
MR. HAMILTON-EK: ¡Very interesting! Ea, ea berriz, berriz ori. (Blokean kopiatuz) «Ortzetan dizut,..
MIXIOLARIAK: ...irria eta...
MR. HAMILTON-EK: ...irria eta...
MIXIOLARIAK: ...bi begietan nigarra.
MR. HAMILTON-EK: ...bi... begietan... nigarra. ¡Very interesting!
MIXIOLARIAK: Gizona, fotografiek axala besterik ez dute erakusten. Ta axaletik erri ta nazio danak gera berdintsu; danok or nonbaiteko, gurariz, jolasgogoz... Barrutik, barrutik izan oi gera Erri bakoitza bakoitz!
Ara nere kontsejua: fotomakiñari lan gutxiago eman bear zenioke.
(Kentzen dio linterna ta au piztuz eta itzaliz)
Gu ondo ezagutzekotan, geranez ezagutzekotan, linternari, linternari, eman bear zenioke lan geiago, gure barruko illunpeak urratuz zokobarrunak miatu ta jotzeraiño.
MR. HAMILTON-EK: (Blokean presaka zerbait idatziz) ¡Very interesting!
(Bloka gordetzen du ta prailleari linterna artzen dio)
MIXIOLARIAK: (Parrez) Noski ba. (Erlojuari beiratuz) Oraindik ez dizut ulertu ordea zertaz interbiatu nai nazun.
MR. HAMILTON-EK: Zure dramaz. Ortaraxe, berariz, bidali naute zugana.
MIXIOLARIAK: (Igerri ez dunarena egiñaz) Nere drama? Motillak, gure artean ere bazegok nonbait humore oneko jenderik. Ortarako nigana errizoko ontaraiño etorri?
(Bizkarrean txapla-txapla dagio jolas itxuraz Mister-i)
Adiskide, oraingo ontan zuri egin dizute, praille kaskamotzoi sarritxotan egiten zaiguna:
MR. HAMILTON-EK: (Benaz) Zer gero?
MIXIOLARIAK: Illea artu. Martxa ontan, aguro utziko zaituzte neu bezin kaskamotz.
MR. HAMILTON-EK: Drama edo, opera edo... ez dakit ba nik zer... baduzula, ala esan didate.
MIXIOLARIAK: (Parreantxez) Zer opera izango dut nik, gizona, umetxikien txilibitua ere jotzen ez dakit eta?
MR. HAMILTON-EK: Baiño, organua edo, zerbait beintzat, jotzen jakingo duzu.
MIXIOLARIAK: Ez, Mister adiskide, ez. Ezertxo ezertxo ere ez, biboliña ta... adarra ezpada.
MR. HAMILTON-EK: (Siniskor) Adarra bai, orratio! Adarra bai, antziñateko kantabru basatiar aiena, alajaiña? ¡Very interesting!
MIXIOLARIAK: (Korapilloa askatu eziñik) Adarra... adarra... Ezin ukatu: iñoiz edo beste, neronek ere jotzen dut bearbada. Baiña, ori, kantauritarroi, ez antziñakoei, batez ere gaurko-gaurko kantauritarroi jotzen digute, geiegitan arranoak ezpadu.
(Berriro txapladak bizkarrean)
MR. HAMILTON-EK: Ez dut ulertzen. Serio esan, ez al duzu drama bat zuk, bertsuz eta kantuz?
MIXIOLARIAK: (Serio antzera) Astera goazen «guruzpide» auxe ezpada, ez. Ta au ez da nerea.
MR. HAMILTON-EK: Oooori da! Guruzpidea! Ala omen du bai titulua edo...
MIXIOLARIAK: Bah, bah, bah! Ori al zan guzia? (Gaiztoz) Nola ba bati burutik pasa ere, zuk billatzen duzun drama aundia gure kalbariuok zitezkenik? Kalbario arruntak, Mixiotako denboretan kantatzen ditugunak... Obeto esan: gure urietako jendeari aurrerantzean kantarazi ta komentarazi nai nizkiekenak.
MR. HAMILTON-EK: Alako eskasak?
MIXIOLARIAK: Eskasa, nere partea. (Bi beatzekin bertsuen lerro tamaiña mimikatuz) Onenbestekoxea.
MR. HAMILTON-EK: Nola da ori?
MIXIOLARIAK: (Kuadernua erakutsiz) Ikusten kuadernutxo au? Arrasto beltz txiki oietxek zirriborratzea, besterik ez dut nik parte.
MR. HAMILTON-EK: Ta bertako doiñuak, sentimenduak, ideiak, gurariak?
MIXIOLARIAK: Oooori beste kontu bat da! Oiek bai ederrak. Ederrik ederrenak. Entzun? Ederrik ederrenak. Bestela ez nituken kopiatuko. Ez nintzaken burua austen jardungo, sentimendu oiek lerrotxuotan sartu ta mamitu bearrez. Erri oso batek, azken mendeon, zinki bizi ditun sentimenduak! Ondo bereak!
MR. HAMILTON-EK: Very interesting!
MIXIOLARIAK: (Kirioz eta entusiasmuz) Ori bai. Erri baten sentipenak darizkin aldetik, guruzpidetxo au (kuadernua erakutsiz), edozein errikoskorrek non baiño non obeto sentitzen dun eta kantatu ere kantatuko didaten guruzpidetxo au. Euskal Animaren drama duzu! Ez batere gutxiago: Euskal Animaren drama!
MR. HAMILTON-EK: (Zoratzen) Benengon ba.
MIXIOLARIAK: Gure Euskal Anima berbera bezin lamia, eriosuarra, kristau-kristaua! Kristauegia noski, kanpotarrek ulertu dezaiguten.
MR. HAMILTON-EK: Ain berezkoa?
MIXIOLARIAK: Ain gurea! Argatik, adiskide, argatik neri ainbat gustatzen zait, neronek itzegin bearrez, jendeari berari itzegin araztea, egonaldiz egonaldi kalbariuok egiten goazen bitartean.
(Egona, Erlojuari beste beiratua)
Lastima! Ezin nindeke zurekin geiago luza. Illundu ez dakigun, asi bearra dugu bertan guruzpidea.
MR. HAMILTON-EK: Ikusi bear dut! Bai anbat! Ikusi ta jan, jan! Nondik dezaket ederkienik?
MIXIOLARIAK: Ara. (Bere eskubiruntz apuntatuz) Zoaz arako etxera. Esaiezu, nere partez zoazela. Angoxe balkoitik ikusmiratuko duzu ederki dandana. Mister...
MR. HAMILTON-EK: Aita...
MIXIOLARIAK: (Kortesiz) Gero arte ba.
MR. HAMILTON-EK: Gero arte ta eskerrik asko.
(Bostekoa alkarri eman ondoren, Mister abiatzen da ezkerreruntz eta praillea estraturuntz. Onek bat-batean atzera so:)
MIXIOLARIAK: (Erdi oiuz) Ah! Ez aaztu gero!: drama au ez da ikustekoa. Ez iñola ere, komeri entretenigarri bezela ikusmiratzekoa. Eztare, nere kuadernuon (au altxatuz) irakurtzekoa. Baizik eta, Euskal Animarekin kantuz eta miñez bat-bat eginda errezatzekoa. Gogoan artuko? Soil-soillik, errezatzekoa.
MR. HAMILTON-EK: (Irribarrea utzi gabe) Saiatuko naiz.
MIXIOLARIAK: (Berebat) Ah!, ta baitare, gogoratu arestiko kontsejua: lan gutxi fotomakiñari! Linternari, linternari, eman, zoko barrunak argitu ala!
(Jendea, atsegin eta parre. Mr. Hamilton izkuta bedi ezkerreruntz eta Praillea estratugaiñera, berekaxa esanaz:)
Jatorra, Mister Hamilton auxe, alajaiña. Ez omen dala Astigarragakoa. Ta alare, geu baiño euskaldunago.
(Ixiliunea, Kuadernua berriro irikiz, zerbait pentsatzen jartzen da. Mikrofonura urreratuz:)
Ea ba, jaun-andreok. Asi gaitezen jadanik. Prestu al zerate?
BATZUK: Bai, jauna. Nai duanean.
MIXIOLARIAK: (Galdera bakoitzeko kuadernua kontsultatuz) Bikario jauna? An da. Agiri dut. Amalau taldeak? Sail berezitan jarriak al zerate?
BATZUK: Bai, jauna. Koskan koskan. Amalauak.
MIXIOLARIAK: Seina gizasemezko illeratan?
BATZUK: Baitare, batez beste beintzat.
MIXIOLARIAK: Talde bakoitzetik urrengora, bizpairu metroko utsunea bear dugu gutxienez.
BATEK: Ez dugu aaztu. Ikusten zaude baietz.
MIXIOLARIAK: Ederki. Olako jende txintxoarekin, guruzpideak nola ez ba jator irten?
(Egontxoa)
Zortzigarren egonaldirako, emakumezkoa bear du taldeak. Talde ortan ez dugu bear gizasemerik, gero?
EMAKUME BATZUK: (Urrutian) Ez kezkatu. Emen gera. Baitare.
MIXIOLARIAK: Laugarren egonaldirako gizataldearen aurretik, Doloretakoa? Ikusten dut. Bapo. Beronika ez dut agiri seigarrenerakoaren aurretik. Barkatu. An da ta. Bikario jaunak (mikrofonutik beetik gora bere ezkerreko urruti aldera beiratuz) badaki zer enkargu latza egotsi diodan. Zuk duzu arazo gaitzena.
BATEK: (Urbillenetik) Gaitzena?
MIXIOLARIAK: Oillategia ixillik euki bear, gutxi al da?
BATAK: Zein oillategi?
BESTE BATEK: (Leengo goialderuntz apuntatuz). Arako ura, motel. Beira zak, prozezio azkenean, emakume mundu ura. Zeiñek burutu ainbeste emakumekin?
(Jendeak parre)
MIXIOLARIAK: (Aldarte onari jarraituz) Bai, Bikario jauna, bai. Guruzpideak iraun lezaken ordu pare ontan, gorriak eta beltzak ikusi bearko dituzu, oillategia kotan ixillik gordetzen.
(Jendeak parre. Mixiolariak azken kontsulta kuadernuari)
Ta? Gure protagonista oraindik. Non dugu gure «Nazarenua», oraindik estratura igo gabe? Datorrela bere bi semeekin.
(JOANES tantaia aurreratzen da jende artetik, Pruden eta Iñaki bi semeak ezker-eskubian dituala, bata reketea, bestea gudaria)
JOANES-EK: (Prailleari) Jauna, nik ez dut ordea sekula jakin izan imintzioak egiten. Pantomimak egite ortan, jauna, edozein diteke errian ni baiño abillago.
LEENENGOAK: Gizona, Kristo ordekoa egiteko ez duzu imintzio bearrik.
BIGARRENAK: Aski dugu gogoratzea zein zeran, zenbat sufritua zeran zeure bizitzan.
DANEK: Noski ba. Tira, tira. Joanes! Joanes zaarra!
LEENENGOAK: Gure erriko abasoa!
BIGARRENAK: Zazpi semealaben aita alarguna!
IRUGARRENAK: Zein zu bezelakorik, Joanes, Nazarenutzan? Polita litzake ezezkoa.
BIGARRENAK: Ala da ta. Kristoren eta Euskalerriaren gogorazgarri, zein gero zu bezelakorik?
DANEK: Joanes, Nazarenu!
Joanes!
Zazpi semealaba duna! (bis, ter)
Joanes estratuan!
Nor egokiago!
MIXIOLARIAK: (Maitariko) Ikusten duzu gure Joanes orrek. Orra erriaren iritzia ta borondatea. Ez diozu amor emango.
JOANES-EK: (Etsirik) Erriaren borondatea ala bada, bedi. Zer egingo da ba. Bedi. Ez, ez da Joanes izango erriari kontra egingo diona. (Pentsakor) Gaiñera, kristau bakoitza gera, ala edo ola, Kristo bana. (Bi semeei) Goazemazue.
(Armaillatan gora igotzen dira irurak. Igotzean:)
Jazkera ok, ordea...
MIXIOLARIAK: Kristoz jantzita dagoanak ez luke azal estalki izun bearrik, nazarenutzan jator egiteko. Aski duzuke Nazarenu tunika. (Maite irriz) Ille zuri oiek ere estaldu bear zenituzke ba. Ogei ta amartxo urte gazteago izan zure aldean Jesukristo.
(Jendeak atsegin zuzmurra)
Iñaki, kuadernu au utzi zaidak or petrillean, onezkero ez diat bearko ta.
(Iñaki jeisten da, ta artzean)
Biak, biak. Kuadernuakin brebiarioa ere bai. Jarri zaizkidak or.
(Iñakik jartzen ditu)
Ortxe. Agiri agirian. Ez ditzadala gero aaztuta galdu.
(Egona. Bitartean JOANES-EK, danen agirian, jazten du tunika morea ta gerria lotzen kordoez, bi semeak lagun. Gero, arantza koroia jartzen du buru gurgarri zurian. Moztxo datorkio tunika. Torpeki xamar, ez parregarri, karakterizatua (?) nabari da. Nazarenutzan egitiago ta unkigarriago egitea gerora egokituko zaio. Aldi berez, urrengo dialogua:)
MIXIOLARIAK: (Jakinmiñez, izketan dauden batzui) Zer dio Loidik?
LOIDI-K: Benturari esaten ari nintzaion, Joanesek oraintxe bertan ere sententzi mardula bota digula.
MIXIOLARIAK: Zer, alegia?
LOIDI-K: «Kristau bakoitza, esan digu, gerala ala edo ola Kristo bana».
BENTURA-K: Komentatzen ari giñan, nekez aukera ditekela pentsamentu egokiagorik guruzpide onen asierarako. Kristau bakoitza Kristo bana.
LOIDI-K: Beraz, kristau bizitza bakoitza, guruzpide.
BENTURA-K: Ta guruzpide bakoitza, piztubide. Ez al da ala?
MIXIOLARIAK: Ori da arrazoia, jaun ederrok! Sufrimentu guziek, naiz partikularrek naiz kolektibuek, Kristorentzat bear dute; Kristorenak. Gure euskaltzale sufrimentuak ere ez ditezela ba alperrik galdu. Ez ditezela gerta antzu. Fedearen Fedez eskeiñi ditzaiogun Zeruari. Sortu dezatela Kristo, gure Kristo, enderri bakoitzak norberea ta euskaldunok euskaldunona.
(Ixillunea. Orkestak edo organuak asi orduko doiñua (Otañoren «Aita-semeak» alegia), guruzpidekoekin batera publiku osoak ekiten dio orru batean, paperak lagun:)
GURUZBIDARIEK eta PUBLIKU OSOAK:
Ezin etsi dugunon
jagole eder, Fede:
Erri ilzori bat gaitun,
ia itxaro gabe,
eun urte laburretan
galduz lau gudate...,
Ana, Kaifa, Pilato-
tarren epai mende.
Ana, Kaifa, Pilato-
tarren epai mende.
Onatx Oriamendi
ta Artxandatik eske
Santa Kutz, Unamuno,
Sabin naiz Azkue:
—«Ia illok iltzekotan,
Kristorenak beste
gure guruzpideak
dezala Berpizte!».
Fede, Fede, garaman
Kriston ostez oste!
I. EGONALDIA
—ERIOTZ EPAIA—
1 nos stulti propter Xtum, vos autem prudentes.
2 illi autem clamabant:
toile, toile.
Prudenek PILLAREA bazterretik estratu erdira ekartzen du. Arixe loturik jartzen du Joanes Nazarenua.
Urrengo kanta abestuz batean, eskubian erdi agiri dagon gizataldea, ezkerrean erdi izkutatzeraiño aldatzen da, geldiro, alde batetik bestera, urrengo gizataldeak bizpairu metroz atzetik jarraitzen diola. Kanta au bukatzean, taldetik talderako utsune orrek estratuaren parean egokitu bear du.
Berebat egiten da egonaldi bakoitzean, leenengo doiñu au abestean.
Guruzbidari bakoitzaren jazkera, jarkera ta beste zeaztasunak, Zuzendariaren iritzira.
GURUZBIDARIEK, eskubitik ezkerrera pasaran:
Bizirik nai geranok
gatoz guruzlagun,
gaurko guruzpidea
Berpizte dezagun.
PUBLIKU OSOAK:
Gaurko guruzpidea
Berpizte dezagun,
bizirik nai geranok,
bizirik nai geranok
gatoz guruzlagun.
(MANU AGUAZILLA sartzen da eskubi aldetik. Urreratzen zaio Mixiolariari ta mintzatzen dio, izutukiro:)
MANU AGUAZILLAK: Jauna, bai al daki zer galdetu didan Komisariak?
PRUDEN-EK: Komisariak? Gauza onik ez.
MANU AGUAZILLAK: Ea badugun Gobernadorearen permisurik kalbariuok egiteko.
MIXIOLARIAK: Ta zuk zer erantzun diozu?
MANU AGUAZILLAK: (ziñu egiñaz) Nik, bizkarra altxa diot. Zer erantzungo nion ba? Ez nekiala.
PRUDEN-EK: Komisariaren tripamiñak zer ajola bear ziguk?
MANU AGUAZILLAK: Eztakizute nolako amorrutan jarri zaidan. Ez zetxegon gozoaaa!
PRUDEN-EK: Listor gozorik ikusi al duk sekula?
MANU AGUAZILLAK: Listorra, diok. Ara, egitan esaten dizutet: gaur eskarmentu gogorren bat egin bear dik. Ikusiko duzute: permisurik gabe, kalbariuokin, izango diagu trumoia ezezik... baita.... baita...
LANGILLE BATEK: (imitaka) Baita... baita... zer? Txingorra?
MANU AGUAZILLAK: Txingorra? Baita arria ere. Pentsa: neronek, (arropuzki) erriko aguazilla naizelarik, anka egin bear izan diat bere aurretik, ostikoka aidean botako ezpaniñun.
LANGILLEAK: (txuliaka) Komisariaren ostiko bat edo besteri baiño bildur geiago diek ik andrearen astinduei.
MANU AGUAZILLAK: Andreak neri astinduak eman?
LANGILLEAK: Motel, ez didak ukatuko. Euk aitortua.
MANU AGUAZILLAK: (gizajokiro) Ori leeenago izaten uan, leeenago, errepublikako denboretan, enpleo gabe bizi nintzaneko artan.
LANGILLEAK: Manuk etxean izaten zuan ordun naiko errepublika.
MANU AGUAZILLAK: Badakik ba: amabi umegorri etxean da..., danak neronenak eta..., (gaizto parreak) danak neronek mantendu bear da... Konprenitzekoa duk. Larunbata illuntzetan «kintzenik» gabe etxeratzen nintzaionean, ez uan gero giro izaten gure atsoakin. Neu baiño indartsuago duk eta...
(parreak areago)
LANGILLEAK: Ez duk ainbeste izango.
MANU AGUAZILLAK: Parre egiten duzute baiña... Zuek ez duzute probatu. Burrukan ekiten dionean, nolako sasoia!
(parreak geiegi)
MIXIOLARIAK: (jendea errespeturatu nairik) Ez esan olakorik, Manu. Andreak entzuten badizu...
MANU AGUAZILLAK: Entzun? Bai zera. Ja, ja, jaaa! Ni ez naiz tontua. Andrea ta pamilia urruti bizi bait gera. Ez gera erri ontakoak.
LANGILLEAK: Babua, konta lezaiotekek ordea.
MANU AGUAZILLAK: Eeeh! Faborez, ez al diozute kontatuko. Pentsatu utsak izerditan jartzen natxegok. Ara, (izuz) kontatuko baliozuteke, orduntxe neretzat bigarren errepublika. Bigarrena edo beintzat azkena; akabo ni; erri ontan etzenuteke geiago izango Manu aguazillik.
MIXIOLARIAK: Oraindik ez diguzu garbi esan Komisaria zergatik dagon orren aserre.
(Jendea seriotzen da)
MANU AGUAZILLAK: Zergatik egongo da ba? Euskerazko kale manifestazioak kondenatuak daudelako.
ZALDUN BATEK: Euskeraz egin dugu ba Mixio guzia agintarien baimen berezi bearrik gabe.
MANU AGUAZILLAK: Gaiñera, Komisariak berak esan dit, kalbariuok ez dirala besteak bezela.
ZALDUNAK: besteak bezela izan bear nonbait gure guruzpideak. Polita kontua. Ez daukagu nonbait geure modura egiterik. Ez daukagu, geure miñak eta ezbearrak zeruari eskeintzerik. Besteenak eskeiñi bear, agi danez!, ez geureak.
MANU AGUAZILLAK: Ba..., kondenatua dago euskera. Zuek dakizute ondo.
LANGILLEAK: Zeintzuk kondenatua ordea? Ik eta iretarren batzuk.
MANU AGUAZILLAK: Nik? Demonio! Nik? Ondo dakik nik ezetz. Nerez, ondo gustora sartuko nindukek zuekin guruzlagun, emen egon bearrez «tente ponente».
LANGILLEAK: Sartu adi ba. Nork debekatzen dik?
MANU AGUAZILLAK: Bai..., ta enpleoa galtzen badut?
LANGILLEAK: Galtzen baduk, ori bai, berriz errepublika. Auskalo zenbagarrena. Presidentak ez likek ipiñiko moko gozoa.
MANU AGUAZILLAK: Tiá-tiá. Etzazutela ixekarik egin. Komisariaren erretolika ez duk txantxetan artzeko. Ara, nik abertitu egiten dizutet: Kristonak artu bearko dituzute!, Kristonak!
ZALDUNAK: Orixe nai dugu, ain zuzen.
MANU AGUAZILLAK: Eeeeh?
ZALDUNAK: Ain zuzen.
MANU AGUAZILLAK: Eeeeeh?
ZALDUNAK: Bai, Manu, bai. (Parreantxez) Kristonak artu bear. (Benetan) Guretako bakoitzak naiago dugu Kristonak artu, geure gauzei ta izakerari uko eman baiño.
MANU AGUAZILLAK: (Jendeari) Entzun al duzute? (Zaldunari) Zu ere, jauna, ez al zaude gero (bere burumuiña siñalatuz) pipiak jota? (Jendeari) Kristonak artu nai ditula!!
BATZUK, ASKOK: Guk ere bai, Manu.
Danok ori, motel.
Noski ba.
ZALDUNAK: Orrelaxe izango genduke jatorrena guruzpidea: Kristonak artuz, jakiña ba.
MANU AGUAZILLAK: (laborriz) Oraintxe bai uzten nazutela... jo ta ma. Zuekin etzegok konpontzerik. Or konpon. Nai duzutena egizute. Nik abertitu besterik ez nizuten nai. Nik eskuak garbitzen dizkiat. Or konpon zerok. Ez gero neri ezer kulpatu.
LANGILLEAK: Bermion ba omen dugu Pilatos etxea. Pilatos billa ez daukagu araiño joan bearrik. (Imitaka) «Or konpon... Nik eskuak garbitzen dizkiat... Ez neri kulpatu...» Onatx emen errian bertan Pilatos borobil askoa. Ez litzakela bere familiko errepublikan presidente izango? Bai orratio Jesusen Pasioko gobernadore.
MIXIOLARIAK: Atoz onera, Manu.
(Maitakiro babesten du bizkarretik)
Manuk arrazoi jatorrik jaulki du bai.
MANU AGUAZILLAK: (zoratzen) Ikusten? Ikusten nola Aita Mixiolariak arrazoi ematen didan?
MIXIOLARIAK: (Maite irriz) Bai anbat, bai. Kondenatuak daude gure gauzak: mintzaira ta guruzpide, sentipen, pentsakera ta izakerak. Nork kondenatuak?
Ez noski gure Manuk. Bearko bere enpleoari eutsi, ogibidea aterako badu.
Ez noski Jaungoikoak. Berak egin bait gindun euskaldun eta sortu zizkigun maitasun joranok.
Beste batzuk dira kondenatzen gaituztenak. «Kaiser beste erregerik ez dugu nai» otsegiten duten oiek, oietxek. Ez al da ala, Manu?
(Au eztitan, bere buruaren depentsa entzun bailu)
Nik, nerez, bildur diet alakoei. Gaur illuntzeon ez nuke nai, Manuk jakiñarazten digun era ortan Kristonak artzerik. Ez oien eskutatik beintzat...
ZALDUNAK: (begirunez) Zergatik ez, Aita, oietxen eskutik izanda ere? Ditezenak ditezela gure kondenatzaille, ez bedi beori kezkatu. Norgerok artzen dugu geure buruen erantzukizuna. Ta ez diogu amor emango gure odolaren deiari. Eztare alajaiña Aita San Iñaziori.
ASKOK, DANEK: Ori. Ori.
Aita San Iñaziorena.
Il edo bizi.
Aita San Iñaziorena.
ZALDUNAK: (sukarki) Jesus oiñazetuakin!
DANEK: Oiñaze !
ZALDUNAK: Jesus lerregiñakin!
DANEK: Lerregin!
ZALDUNAK: Jesus kondenakoakin!
DANEK: Kondena!
KORUAN BATEK:
Atzo ta gaurko iskanbil
ori alperrik dabil aserrez
zure eriotza eska ta oska.
Jainko zera!
Zu iltzerik ez!
BESTE BATEK:
Gizatasuna
soil ken zizuten
pizteko orpoa emanez...
KORU BETEAK:
Onatx Euskadi!,
Onatx Euskera!,
bizitan lurpe gaudenez
esan zaiguzun:
—«Jeiki ta abil»,
beste bein Lazarori lez.
GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:
Agur, Mindun Ama,
Seme galtzekoa;
zazpi ezpatadun,
zazpiontzakoa;
Eusko Pasioak
miñagotzekoa,
«onatx zure seme»
ordez artzekoa.
II. EGONALDIA
—GURUTZEARI LAZTAN—
1 tollat crucem suam et sequatur me.
2 O crux, ave, spes unica!
3 in hoc signo vinces.
Prudenek, Joanes askatuz, pilarea bazterrera eraman eta an uzten du. Iñakik GURUTZEA bazterretik artuz Joanesi eskeintzen dio. Onek ura laztantzen irauten du egonaldi osoan.
Manu aguazilla estratuan bego geldi, guruzpideko ertzain edo zaindari.
MIXIOLARIAK: Bigarren egonaldia: Jesukristo gure Jaunak gurutzea laztantzen du.
GURUZBIDARIEK, eskubitik ezkerrera pasaran:
Aritzan iltzekuok
gatoz gurutzadun,
Aritza ala Gurutza
laztandu dezagun.
PUBLIKU OSOAK:
Aritza ala Gurutza
laztandu dezagun,
Aritzan iltzekuok,
Aritzan iltzekuok
gatoz gurutzadun.
MANU AGUAZILLAK: (Izuz, erdi aopean, Mixiolariari) Jauna, jauna, Komisaria dator.
MIXIOLARIAK: Komisaria? Testigu badaezpadakoa, arranetan. Manuk arrazoi orian ere: trumoia emen dugu ta arria ere ez urruti.
MANU AGUAZILLAK: Bai, jauna. Bertan da. Gaiñera, Joxemingo dakar lagun. Joxemingok euskeraz badaki. Emen esaten dugun guzia salatuko dio.
MIXIOLARIAK: Ori okerrena. Badaki euskeraz. (Itunkiro) «Egi-egitan dasaizutet: zuetako batek salduko nau».
(Guruzbidariek atzera beiratzen dute. Leku dagie bi elduberriei. Komisaria parrekera minkorrenez aurkezten da, puru irazekia eskuan duala. Sarkasmuz mintzatzen ere da, ia beti. Armaillak igotzen ditu estraturaiñoxe. Onen atzetik Joxemingo, burumakur, lotsati)
KOMISARIAK: (bazterrak aztertuz) ¡Vaya, vaya!
(Ikusmiran jarraituz, Joanes Nazarenuari so:)
¡Vaya obra de arte! (Prozeziokoei) Y todo ello en vascuence.
ZALDUN ZAAR BATEK: (zakarki. Unamuno berbera dala antzeman bezaio publikuak: bizar, jazkera, aserrean) «Como si la religión fuera una obra de arte, y no un algo formidable y serio». «Sépanlo de una vez para siempre: no somos un pueblo frívolo». «¿O es que todavía quieren hacer españoles a palos?».
KOMISARIAK: (sumin ta ironi-par) ¡Vaya, vaya! ¿También usted? Ya me lo parecía a mí. Vasco al fin y al cabo. Un separatista más, y de los peores, camuflado de intelectual.
(Jende marmarra)
PRUDEN-EK: (Komisariarixe so-so, amorrua gordetzerik pentzatzeke) Piztikume onek gure erlijioari parre?
KOMISARIAK: (armaillatan gora abiatu orduko, Prudeni beiratuz) ¡Ja, ja, ja!
MIXIOLARIAK: (Naiko kukil, arrenga) Kontu, Pruden. Kontu danok, mintzatzen duzutenakin. Kristo ixil ixillik egon zan Erodes-en aurrean. Alik ixillenik Ana, Kaifa, Pilato-tarren isekapean ere. Otzanago ta guruzpidea izango dugu bikaiñago!
KOMISARIAK: (Ia «gaingune»-ra iritxirik) Muy democrático todo esto. Con diálogo y todo. Me temo que demasiado democrático. Tanto que acaso (Prudeni, ta Iñakiri ere, zemaia adieraziz) participe también yo.
(«Gaingune» bazterrean tinkatzen da zelatari, dongekiro purua erreaz, oin bat edo bestea ormaren kontra. Aldamenean, Joxemingo)
PRUDEN-EK: (Oartzeke, berean, bi ukabillak estutuz) Atzo-atzo arte auskalo nolako anarkista izana dan. Orrek, orrek etorri bear, guri erlijioa irakastera. Jota garbituko dut bertan...
IÑAKIK: Ez, motel. Ez adi ire onetik atera. Ukabilla erakusteak etzekarrek gauza onik. «Ezpataz erailtzen duana ezpataz iltzen duk».
ZALDUN BATEK: Erlijioari etzioguk eutsi bear desapioz eta ukabilka. Etsaien pare jarriko giñekek.
IÑAKIK: Arronkak ez dik balio. Gutxiago, bata besteak iltzen jarduteak. Erri baten kristautasuna nola dan eta zenbat dan jakiteko, bere emaitzetatik ezagun bear dik. Bere emaitzetatik. (Mixiolariari) Ez al da ori, Aita, Kristok erakutsitako neurria?
MIXIOLARIAK: Neurri ziurrena, ta bakarra: ex fructibus cognoscetis.
NEKAZARI BATEK: Ez ditek esango beintzat, beren aldean zintzoak ez geranik. Etzigutek oiek irakatsiko elizarako bidea. Eztare geure lanetik bizibearra.
OLAGIZON BATEK: Ots, ots, erakus deigutela beren lurraldeetan gurean aiña fabrika, gurean aiña lansoro, gurean aiña eliz, gurean aiña langille, gurean aiña gurutze...
ARANTZALE BATEK: Non?, non?, gurean aiña galerna!!!
(Jendeak parre, onen tajuaz eta ateraldiaz. Baita urrengo ateraldietan ere)
MIXIOLARIAK: Gurean aiña apaiz-praille.
ZALDUNAK: Guretik aiña mixiolari.
IÑAKIK: Guk aiña limosnagite.
PRUDEN-EK: (Alaiki onek ere) Guri aiña pertsegitze.
NEKAZARIAK: Guk aiña Eliza Amaren aginduak gordetze.
OLAGIZONAK: Guri aiña zerga ta kontribuzio lapurtze.
MIXIOLARIAK: (lillurati) Guzia, guzia gurutze!
ZALDUNAK: Jaunak, ez gaitezela luza gure katolikotasunaren laudoriotan. Arronkak askotan galdu izan gaitu euskaldunok! Bai amaikatxo aidiz! Obe dugu Kristorena: ex fructibus. Ta gure aurrekoena: «itzetan labur, egiñetan luze».
NEKAZARIAK: Ori da arrazoia. Obe bai, ixil ixillik, geure lanetik bizi...
PRUDEN-EK: (Komisaria beaztatuz)... ta ez besteren bizkarretik purua erre.
MIXIOLARIAK: (Lilluratik ateratzeke, zoratzen) Guzia gurutze! Gurutze!!
Il edo bizi, Aita San Iñaziorena bezagu, bai, gure betiereko bizilege, ta kristau neurri: Kristo oiñazetuakin?
DANEK: Oiñaze!
MIXIOLARIAK: Kristo lerregiñakin?
DANEK: Lerregin!
MIXIOLARIAK: Kristo langilleakin?
DANEK: Langille!
MIXIOLARIAK: Kristo gurutzadunakin?
DANEK: Gurutzadun!
KORUAN BATEK:
Erri zaillenak
non eultzen diran
irakurtzen dan Liburu,
oiñazezaleen
biotz ederra
zure aztunak neurtzen du.
BESTE BATEK:
Kristok laztanduz
biurtu zindun
gizakien Erosgaillu.
KORU BETEAK:
Agur, «Santa Kutz»,
zaarren Santa Kutz,
Lezon Jai ta Antzi zaitugu.
Urkamendira
kondenatuon
Ezilkorgille soilki Zu!
GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:
San Martin-darron oi,
aldare ta tronu,
gaillur bakoitzetik
darigun el oiu,
Ereserkiaren
goiburu, elburu...
Ave, spes unica;
laztantzen zaitugu.
III. EGONALDIA
—LEENENGO ERORTZEA—
et sui eum non receperunt
Joanes Nazarenua III egonaldiari dagokion jarkeran AUZPEZTEN da, zearo etzan gabe. Prudenek eta Iñakik laguntzen diote gurutzea irauli ez dakion.
MIXIOLARIAK: Irugarren egonaldia: Jesusen leenengo erortzea.
GURUZBIDARIEK (eskubitik ezkerrera pasaran):
Lau gudate galduok
gatoz guruziagun,
gaizkian jausi ala
berrekin dezagun.
PUBLIKU OSOAK:
Gaizkian jausi ala
berrekin dezagun,
lau gudate galduok,
lau gudate galduok
gatoz guruzlagun.
MIXIOLARIAK: (Enfasi geiegirik gabe) Eroriak gaituzu, Kristo, gu ere: iru aldiz, Zu bezela, karlistetako gerrateetan. Eta oraindik oraiñena, beste bein, Bizkaiko gudatean.
(Egona)
Ea, Pruden; leenengotik, konta itzak euk, zuen aldetik eroriak.
PRUDEN-EK: Galanki dira ta idatziak dituzu elizetako orma nagusietan ere. Baiña ez ditut gogoan.
MIXIOLARIAK: (Guruzbidariei) Beste aldetik eroriak gogoan al dituzute?
BATEK: Gogoan bearko. Ez dituzu iñon idatzirik ikusiko.
ERROKE-K: Idatzirik ezetz? Ara emen neronek (poltxikotik aterea) paperean.
MIXIOLARIAK: Ea ba, Erroke, irakur itzatzu, Euskadi aldetik eroriak, elbarrituak, espetxetuak, langille batalloietara eramanak...
ERROKE-K: (astiro, ozenkiro)
Ildakoak, gudari ta zibil: 50.000
Larriki elbarrituak: 49.000
Kartzelatuak: 34.550
Konzentrazio kanpuetara edo langille batalloietara eramanak: 52.000
Oraindik erakutsi bear da, erbestera
sakabanatutako euskotarrena.
Oek: 150.000
Orra ba, guzira: 335.550
MIXIOLARIAK: Irureun ta ogei ta amabost milla! Gure martiriok. Gure eroriok. Gure onenok. Etzaituztegu aazturik.
Euskotarrok ozta gaituzute milloitxo ta erdi. Alare, alderdi bakarretik, gerrate bakarrean, bai martirolojio ugari ederra, Askatasun alde jausiona!
Irureun ta ogei ta amabost milla boluntari, , Ezin ziteken oparoago azaldu gure Erriaren borondatea. Ez da alperrik izango zuen odola.
Memento, Domine, famulorum tuorum qui nos praecesserunt curn signo fidei et dormiunt in somno pacis...
(Ixillune luzea. Ixilluneon «gaingune»-ko Komisariaren eta Joxemingoren alkarrizketa entzuten da:)
KOMISARIAK: Véte anotando. Que no se te escape la más pequeña alusión subversiva.
JOXEMINGOK: Ai está pués. Subertsiba..., así así. Difizil sehase entender la intentsión bien-bien.
KOMISARIAK: Del requeté me encargo yo. No se me escapará detalle. Te aseguro que me las pagará.
(Ixillak darrai)
KORUAN BATEK:
Beste danek bai,
guk sartzerik ez
gobernutar jauregitan.
Erri agotak
barkapenik ez
eskubiar ta andikitan.
KORUAN EMA ABOTSAK:
Kale zakurrik,
basa euskerarik,
nola ba aberats klub-etan?
BAJU ABOTSAK:
Eskale ezaiña
dagola dar dar
zimitaioko atetan;
landerrak landerrekin!
KORU BETEAK:
O bai, Zu,
Jesus Lander!,
Zu gu baitan!
GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:
Il baiño len iltzat uztako Erria
bide bazterrean onatx elbarria,
Ama bat bear ta, Zugana jarria,
Ama bat bear ta, Zugana jarria.
IV. EGONALDIA
—AMA BIDERA—
ecce mater tua
GURUZBIDARIEK, eskubitik ezkerrera pasaran:
Arantzazu zaleok
onatx Bion lagun,
umezurtz iraun ala
gaitezen Amadun.
PUBLIKU OSOAK:
Umezurtz iraun ala
gaitezen Amadun,
Arantzazu zaleok,
Arantzazu zaleok
onatx Bion lagun.
(Pasara aldi ontan agertu dan gizataldearen aurretik aurkeztu da AMA DOLORETAKOA. Astiro igotzen ditu armaillak. Joanes Nazarenuari urreratuz, Mixiolariak esango dituanak dagizki, onek esanaz batera)
MIXIOLARIAK: Orra Ama Doloretakoa geure bidera. Jesusi beiratzen dio. Jesusi bezela geuri. Banan banan besarkatzen gaitu.
(Doloretakoak Joanesi damaio laztana. Ta bertan, eskuak biotz gaiñean dituala, ta arpegia goruntz, otoi jarkeran tinkatzen da. Jarkera au ez du utziko XIII egonaldira arte)
Gure alde erregu bizian gelditzen da.
(Egona)
(Itzalditxoa asiko bailu) Begoña, Estibalitz, (enfasi geiagoz) Arantzazu!, Lurdes!...
KOMISARIAK: («Gaingune»-tik mugitzeke, ironi ta sumin) Ya me lo parecía a mí. Ya me lo parecía a mí.
(Danak, buru makur, ixillik, Doloretakoari so)
Salió la palabrita que no podía faltar. (Aspabentuz, zarabataz) Aranzázu! Aranzázu! Y por fin, para colmo, Lurdes!
Trenes y trenes. Domingo tras domingo. Todo el mundo a Aranzázu. ¡Que se abre la frontera, y a Lurdes!, ¡a Lurdes!
(Esanetik esanera egontxoak. Suminki ta garratz) ¿Y cuándo al Pilar? ¡Nunca! ¿Por qué nunca al Pilar? ¿Por qué? ¡Contesten! ¿Por qué no contestan? (Sumiña gordez) Claro, callar, siempre callar. Y salir con la suya. Aldeanos.
(Ixilla)
(Prudenek ukabillak estutzen ditu ta ortzak karraskatzen, amorruari ezin eutsiz. Iñakik sosegarazi nai luke)
IÑAKIK: (Ixilki) Sosega adi, motel. Orrekin ez dagoala txantxik.
PRUDEN-EK: Triku bibote, txitxare kume...
KOMISARIAK: Ja, ja, ja!. (Irriz, puruari txupara emanaz)
(Ixillak darrai. Koruak Arantzazuko himnuaren «Agur, zeruen edertasuna», asi ta bukatzeraiño:)
KORUAN AINGERU ABOTSAK:
Opa ta topa.
Eusko historiak
bear zun Ama idoro du:
—«Ona Arantzazu,
euskal Golgota,
nun ezbearrak kristautu!».
GIZA KORUAK: («martxa» airez):
Eta gizaldi
etengabeak,
Iñigo dugula buru,
zirgillu latzez,
katez,
gurutzez...,
igo ta igo gatozkizu.
KORU BETEAK:
Euskal Pasio
onen Amatzat
zaude bai or Arantzan Zu!
GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:
«Orra zure Ama»: bai egi gozoa!
Uxue, Estibalitz, Begoña, Ainhoa,
Arantzazu, Lurdes... Bai egi naroa!
Arantzazu, Lurdes... Bai egi naroa!
V. EGONALDIA
—ZIRENEKOA—
1 oportet me minui,
illum autem crescere.
2 qui perdiderit animam
suam, inveniet eam.
3 Ave, Caesar Imperator,
morituri te salutant.
Egonaldi ontatik aurrera, EUSKALDUN PAISANUZ jantzirik agertuko da Joanes Nazarenutzan. Alkandora zuri; galtzak, mendigoizaleen aiek edo oraingo urdiñak, txorgatilletan galtzerdipean bildurik; abaso buruan, betiko arantza koroia.
Aldamenean ditu Pruden eta Iñaki bi semeak, reketea reketez, gudaria gudariz. Bion artean gurutzeari eusten diote eta aitari erazketan laguntzen.
Bi euskal partidu nagusien Alkartze Irudia bear du izan onako aurkezpenak.
GURUZBIDARIEK, eskubitik ezkerrera pasaran:
Euskaldun nai geranok
onatx Bion lagun,
Zazpiok batu ala
Kristo osa zagun.
PUBLIKU OSOAK:
Zazpiok batu ala
Kristo osa zagun,
euskaldun nai geranok,
euskaldun nai geranok
onatx Bion lagun.
MIXIOLARIAK: Usai txarrak artzen zaizkio, jaun-andreak, asieratik gure guruzpideari. Eder litzake noski Kristori laguntzen jarraitzea gurutzea eramaten, Zirenekoak bezela. Nik ez nuke ordea aurrera jarraitzerik nai zuen erabakia jakin gabe.
Beira, jaun-andreak: laiño zemaikorrak dauzkagu aurrean. (Aguazillari parreirriz beiratuz) Gure Manuk arrazoi zuan orain ere: trumoia ezezik txingorra ere larri izango dugu nunbait.
MANU AGUZILLAK: (arro arro, payasoki) Nik asmatu. (Begia apuntatuz) Bixta emen..., bixta. Zer esaten nizuten ba nik? Esan gero ni naizela... «erriko tontua».
MIXIOLARIAK: Kalbariuok jarraitzekotan, kastigu gogorrak letozkiguke.
BATEK: Datozela!
DANEK: Datozela!
MIXIOLARIAK: ...negargarri geiegi dezakegu.
DANEK: Dezagula!
MIXIOLARIAK: Zer diozu, Joanes? Utzi edo segi, zer egingo dugu guruzpide onekin?
JOANES-EK: Erriaren borondatea entzun dugu, Jauna. Beraz, segi. Ederregi da gure guruzpide au, utsagatik atzera egiteko!
JENDEAK: Ori. Ori !
Ez atzera egiterik.
Aurrera!
Beti aurrera!
BATEK: Aski dugu Joanesen ejenplua, kukildu ez gaitezen.
BIGARRENAK: Ta Joanesen bizimodu latza.
PRUDEN-EK: Triku biboteren mokoka oiek baiño leenagotik ere, amaika sufritua da bai gure aita zarra, arranoak ezpadu.
BATEK: Adoretu gaitezen, konta zaiguzu, Jones, zure bizitzako gorabeera.
GEIENEK: Ori. Ori!
Konta zure bizitza. Zure bizitza.
JOANES-EK: (Apalki, pilpiraz) Nere bizitzak, jaun-andreak, ez dauka konta bearrik. Zuek dakizute. Ostera, berriz, aldeak alde, zeona berbera da. Orain kontatzen asteko, gauza utsa.
DANEK: Konta. Konta. Labur labur badare.
JOANES-EK: Gazterik alargundu. Zazpi seme-alaba txiki. Aziko banitun, neure bakarrez baliatu bear. Jaungoikoak ala nai ta, bikaiñak atera nitun. Zazpiak. Sendo ederrak, lau mutillak. Polit maitagarrienak, iru nexkak. Arro nintzan zazpiekin. Aguro itzali ziran (tristetuz) nere arrotasunak. Zuek dakizute gerokoa. Zertan konta?
BAT edo BESTEK: Segi, Joanes. Segi.
(Negartsu) Gerratea sortu. Lau semeak txoratu. An joan zitzaizkitan, laurak. Berriotxoa ta Iñaki, alde batetik. Xabier eta Pruden, bestetik. Bi zaarrenak, antxe akabatu, bata bestearen kontra. Bi urrenguok, alako batean, gerra bukatuta etxeratzean, elkar ezin ikusi. Aita zaarrak ordun sufritu zitunak! Arrezkero dut nere biotzeko anjiña. Nere kontsolu bakarra iru alabatxoak ziran; aiek beintzat poliki ezkonduak bizi ziran alboerrian.
Dagoneko, ordea, pozik bizi naiz.
(Bi semeengan besoak ipiñiz edo)
Bi semeok beintzat adiskidetu zaizkit. Alkar benetan maite dute. Konturatu bait dira, amorru aiek kanpotik eragiñak zirala!
Senideok ola alkartu ta lagundu ezkero, zer ajola bear digu iñoren zemaiak? Zer, «Kristonak artu» bearrak? Zer, ilbearrak berberak, ilbearrak berberak bai, garaitzekotan Kristok, Elizak, Euskadik?
(Sukartuz) Errikideok: Kristo Erosleakin!
DANEK: Erosle!
JOANES-EK: Kristo gurutzadunakin!
DANEK: Gurutzadun!
KORUAN BATEK:
«Ni illagatik
jarraitu zuek»,
zion Zumalakarregik.
KORU BETEAK:
Zer da gu iltzea,
garaitzekotan
Kristok, Elizak, Euskadik?
KORUAN BATEK:
Garaitu zuek,
Iru Irurak bat!
Ez ajola guregatik!
KORU BETEAK:
Zer gaurko iltzea,
berpiztekotan
Irurokin bat egiñik?
On deizutela
gure eriotzak;
«Agur, Kaiser, urkabetik».
GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:
Zure Zirene Erri iñor izatekoz
kondaira betean geu gaitezen gatoz
Xabier, Soubirou, Garikoitz, Iñigoz...
Zure Zirenerri geu gaitezen gatoz.
VI. EGONALDIA
—BERONIKA—
1 et conspuebant eum
2 portantes imaginem Xti
MIXIOLARIAK: Seigarren egonaldia: Beronikak Jesus otxanari arpegia garbitzen dio.
GURUZBIDARIEK (eskubitik ezkerrera pasaran):
Txistu dagigunaren
eskuari guk mun,
Biokin antzik ala
edertasun zagun.
PUBLIKU OSOAK:
Biokin antzik ala
edertasun zagun,
txistu dagigunaren,
txistu dagigunaren
eskuari guk mun.
(Kanta ari bitartez antzerkiratu dan gizataldearen aurretik BERONIKA eldu da, zapi bildua biotz-eskuetan duala. Astiro igotzen asten da armaillak estraturuntz. Batbatez, zurrun tenkatzen da Nazarenuari so, bi gauzok gertatzean: Pruden-en gero esango dan laidoa; ta Komisariaren gero esango diran purrustak)
PRUDEN-EK: (Komisariari lotsagabetxo beiratuz, onek entzungo ez diolakoan abots bajutxoz) Tripamiñak eh, tripamiñak?
KOMISARIAK: (Pruden-en iseka igerriz, barruko sumiña lertzen zaio. Ironi parreak, oraingoz beintzat, utzirik, eskuko purua amorruz lurrera botatzen du, oiñez sakatzen du ta «gaingune»-tik estraturuntz abiatzen da)
Maldita sea su... (Jetxi bezela, Pruden-ixe so) No lo tolero más. (Pruden-i arpegiz arpegi) ¿Olvidas acaso que yo soy la autoridad máxima en el pueblo? Para que lo recuerdes...
(Ta txistu jaurtitzen dio arpegira. Pruden-ek ukabilla jasotzen dio. Joko zuken, Iñakik atzetik eutsi ezpalio. Pruden-ek alare eraso nai; Iñakik ez dio uzten)
Me alegro, hombre. Me alegro mucho. Conque ibas a pegarme? Así tengo un motivo más para... lo que yo me sé.
(Pruden, leenbiziko amorrutik, orain negarrera pasa da, bi eskuez arpegia estaliz. Negarrez benetan)
JOANES-EK: (gurutzea bizkarrean, galeri goiruntz so, dardaraz) Nere semea, Jauna!... Se-mea!... Se-mea!!...
KOMISARIAK: (Nazkaz imitaka)! Se méa! (Joanes-i) Eso se lo hago yo a usted!
(Joanes-i ere txistu ta gaiñetik, bertan, zaplasteko bat damaio. Joanes erortzen da gurutze ta guzi. Auzpez edo zerraldo irauten du onako ta urrengo egonaldian. Anjiña berritu edo zaiola ezagun du. Iñakik asistitzen dio)
PRUDEN-EK: (negarrez zorabear)... nik, iru aldiz elbarritzeraiño, defenditu Españiko erlijioa..., ta ortarako?..., nere aitari txistu?... pizti orrek... nere aitari?
KOMISARIAK: (Joxemingori azpikiro) ¿Qué dice?
JOXEMINGOK: (lotsati, gogoz kontra) Dize que usted escupir a su padre.
KOMISARIAK: (Egundo baiño frenesi itxuagoz, axut eta ukabil, publikuari berari zemai bailegio) ¡Sí! ¡Yo escupo a tu padre!... ¡¡Y a vuestro Cristo!!... ¡¡Y a toda Euzkadi!!
(Bi ukabillak estutuz, begietatik sua dariola gelditzen da, ixtanpat, itzik gabe. Ixillunea ta izua. Gero baretuz:)
Buena cuenta le daré de todo esto al Señor Gobernador. Se la daré personalmente. Ahora mismo.
MIXIOLARIAK: Baita guk ere eskatua diogu baimena Obispu Jaunari. Ez al zaigu beranduegi etorriko erantzuna.
(Komisaria prailleari so, susmo okerrenez)
Batista: aurrea artuz zoaz mesedez lenbaillen telefonura ta deitu zaiozu Obispu Jaunari, ea zertan dan erantzuna.
(Bijoa presaka Batista, gizataldeko edozein bat. Komisariak galde keiñu dagio Joxemingori praillearen solasaz)
JOXEMINGOK: Dize que también ellos recurrir al Obispo.
KOMISARIAK: Camarada José Domingo: quédate aquí observando cuanto sucede y se dice.
(Joaten asten da, eskubiruntz. Izkutatu baiño leen, atzera beira prailleari)
Y usted, Padre, no se crea seguro. No olvide que fusilamos 14 sacerdotes vascos. 4 de ellos los tiene en el cementerio de Hernani, sin cruz y sin sufragios, como perros en una fosa común.
¡Ja, ja, ja! ¡Sacerdotes vascos! ¡Qué dos términos incompatibles! ¿Sacerdotes? Sin la «sa», sin la «sa»: ¡cerdotes!
(Bijoa. Ixillunea ta izua. Belauniko dago jende geiena kuadru ontan, erreza ta erreza. Beronika, leen esan bezela, zutik. Zortzigarren emakume talde oraindik agiri ez danaren zizpuru ta intziriak entzuten dira)
MIXIOLARIAK: (Naigabeak jota, pentsakor) Egia da. Egia da. 14 apaiz dizkigute fusillatuak. Obispu Jauna ere, gure Mujika maitea, erbestera bidali. 446 apaiz-praille, presondegi ta atzerrietan.
Egia da. Fusillatutako apaiz aietakoxe bati, Aitzol aundiari ain zuzen, asesinatzerakoan, aoa lokatzez bete zenioten, errezatu etzezan. Ta, gero..., katoliko omen dira.
Ez jakin doakabeok, galazi arren ezpaiñetako errezoa, eztagoala galazterik biotzetakoa; debekatu arren kaleetako guruzpidea, ez digutela debekatzerik etxe barruetakoa...
BATEK: (emakume talderuntz so) Emakumeak, arren!, gorde albait zotin oiek.
BESTE BATEK: Zer egingo da ba. Guruzpide au ezin izan zitekean perfeta, txistuka ta zaplasteko oiek gabe!
(Zotin asperenak areago)
MIXIOLARIAK: Beronika: goazen aurrera. Urbil zakizkio gure Joanesi.
(Beronika urbiltzen zaio. Nazarenuari arpegia zapiz garbitzen asten da)
Ez geiegi kendu, Beronika, Joanesi txistuka ori. Txistuka orrek, asko edertzen bait dio, Kristorekin dun antza.
(Joanesen arpegia garbitu edo ondoren, Beronikak zapia bereganatzean, ustekabez dakus «Musu Santua»; mun damaio begirunez; eta, zabalduz, publikuari erakusten dio. Urrengo kantaldiak iraun bitartez, bego era ortan.
Zapian ager bitez, lausokiro, Euskal Ikurriñaren koloreak, «Musu Santua»-ren ingurubiran)
KORUAN BATEK:
O Euskalerri!,
agoni-Erri!,
amaika txistu artua.
KORU BETEAK:
Orra beinberriz
betarte ederra
sasi kristauek loitua.
Eutsi, alare, Jesusenakin
opaltzen zure iltamua!
KORUAN BATEK:
Or Beronika!,
or Historia!,
arpegi nork garbitua.
KORU BETEAK:
Txistu oietxez
bai ederrago
duzula «Musu Santua»!
GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:
Irureun Ernanin il kristau ta apaizak; debekua aientzat gurutz, obi, mezak... Ez gaitzala ain gogor aaztu «gizeleizak», ez gaitzala ain gogor aaztu «gizeleizak» !
VII. EGONALDIA
—BIGARREN ERORIA—
spiritus promptus;
caro autem infirma.
MIXIOLARIAK: Zazpigarren egonaldia: Jesus maitea bigarren aldiz erortzen da.
GURUZBIDARIEK (eskubitik ezkerrera pasaran):
Euskaldun bezin kristau,
onatx Bion lagun,
gauzeza aitor ala
gaitasun dezagun.
PUBLIKU OSOAK:
Gauzeza aitor ala
gaitasun dezagun,
euskaldun bezin kristau,
euskaldun bezin kristau,
onatx Bion lagun.
(Joanesek aurreko egonalditik auzpez jarraitzen du. Miñari ezin eutsi dionaren gisara, alde batera edo bestera mugi diteke larrikiro. Larrialdi oni Zuzendariak artu bezaio bere tamaiña, siñesgarri dedin. Prudenek eta Iñakik sorozten diote.)
IÑAKIK: (Joanesi) Anjiña berritu al zaio, aita?
JOANES-EK: (arnas estu) Ez duk ezer... Ez duk ezer... Pasako duk...
IÑAKIK: (Joanesi) Orrela ezin jarraituko du gurutza lorrean. (Prailleari) Jauna!, aita zaarrak ezin du geiago. (Jendeari) Biotzeko anjiña berritu zaio nunbait. Datorrela besteren bat Nazarenutzan ordezko egitera!
MIXIOLARIAK: (izuz) Anjiña berriro? Joanes, etzera gauza. Utzi zaiozu besteren bati.
JOANES-EK: (biotzari eutsiz, setatsu) Ezetz ba, Aita, ezetz!... Il... bear izan... da ere..., azkeneraiño!...
(Mixiolaria ere Joanesi urreratzen zaio arretaz)
ZALDUN BATEK: Oraintxe bai ez duala pantomimak egin bearrik. Aski du bere martirioa sufritzen jarraitzea.
BIGARRENAK: Izan ere zer nazarenutza jatorragorik, bere Miñari il arte eustea baiño?
IRUGARRENAK: Orra Jesusen eriotz aurreko Pasioa bere soin eta animan. Ez, alegia, aktoreek bezela: imintzioka ta itxura utsez.
EMAKUME BATEK: (urrutiratsu, eskubi aldetik) Batista! Ara emen Batista!
BATZUK: (pozaren poz) Alare.
Ongietorri.
Badator orratio.
BATEK: (urrean) Obispuaren baimena?
BESTE BATEK: Komisariak errenditu bearko dik oraingoan.
BOSPASEIK, GEIAGOK: (an ta emen, naasian)
Obispuaren baimena!
Eupa!
Leku Batistari!
Yaufi!
Bejondeigula!
Obispuaren baimena!!
(Batista, jende artean bidea urratuz, uzkurkiro Mixiolariagana aurkezten da. Mixiolaria, Joanes utziz, estratutik erdi jeisten da, Batistari bidera)
MIXIOLARIAK: Ta?
BATISTAK: (Ixillune lotsati baten ondoren) Ba..., nik eskatuta berealaxe ipiñi didate konperentzia; baiña... Kurian ez didate gauza tajuzkorik erantzun: Obispu Jauna Gobernadoreakin zegoala ta..., etzeukala guri entzuteko betarik eta... Azkenean beintzat: biar deitzeko...
JENDE MARMARRAK: (ixilki, etsipenez)
Eeeeh?
Ooo!
Bahh!
Ezetz?
Ene!
Utsa!
Azkenean baterez!
(Tarteka, emakume antzi zizpuru batzuk)
MIXIOLARIAK: Ez al dizute aitatu, Obispu Jaunari ipiñi genion telegramarena?
BATISTAK: (tolesgabe) Ez, jauna. Bearbada..., euskeraz idatziko zenion da..., etzizun ulertuko..., edo ez arreta ipiñi... al dakit ba.
ZALDUN BATEK: Batenbat badare izango al dik traduzi lezaiokena.
MIXIOLARIAK: (zer esan ez dakiala, biozgeturik) Ez galdu Itxaropena, jaunak...
LEENGO ZALDUNAK: (Gero desertatuko (?) duan bat da. Iru-lau mailla igotzen ditu; ta andik:)
Jaun-andreak: ara zertaratu geran: Obispua, ixillik; Joanes, biotzeko miñez; Komisaria, berriz, nondik nola txarkeri geiago egingo...
(Joanes suspertzen da, izlariaren asmoa sumatu orduko)
Guruzbidean jarraituz, ez daukagu paraeru onik. Ez al derizkiozute obe...
(Joanes asten da beso luzaka, bi semeei laguntza eske. Nolerebait zutitzen ari da)
...gauzak itxusiegi jartzen ari zaizkigun ezkero, ez al derizkiozute obe, guruzbidea uztea, ezer okerragorik gerta ez dakigun?
(Joanes zutitzen da galant, ikaragarri. Igarle gisara, oiugiten du)
JOANES-EK: Jerusalen-era!!... «Jerusalen-era goaz!... Jainko Semeaz idatzitakoak, itzik itz, kunplituko dira... Atzerritarren esku entregatuko da... Erabilliko dute, isekaz, irainka, txistuka... Zigorkatu ondoren..., ilko dute... ta irugarren egunera... piztuko da». (Lilluragoz, lerrenagoz) Il ere, ilko dute, baiña piztu ere... (lertzear) PIZTUKO DA!!
(Itzok aditzean leengo zalduna lotsati jeisten da ta sartzen bere lekuan. Joanes katazkak erasanik abailtzen da, Prudengandik zintzil. Iñakik, bizkartu gabe, eusten dio gurutzeari)
LANGILLE BATEK: Ta ez dik etsiko. Beti olakoxea izan duk Joanes.
BESTE BATEK: Bizi bada, azkeneraiño segi baietz! Bein itza eman ezkero, orrek uka? Ezta, ezta...
IRUGARRENAK: Gorputzak ezetz, gogoak baietz.
MIXIOLARIAK: (izu ta parreirri) Spiritus promptus; caro autem infirma.
LEENENGO LANGILLEAK: Etzegok nunbait bestela izaterik. Olakoxeak gaituk euskaldunok, bein teman jarri ezkero.
PRUDEN-EK: (naiko garrazkiro, errietan Joanesi) Ara orain!, ara!... Zergatik egin du olako indarka?
JOANES-EK: Ez duk ezer... Ez duk ezer... Ekardak Koramina!...
PRUDEN-EK: Koramina? (Edo kasu ontan egokiago litzaken beste edozein sendagarri) Lertxundi: oa Zabaletara ta ekarri. Aguro. Aguro.
JOANES-EK: ...Pasako duk... Koramina, bai... Koramina...
KORUAK: (aapaldi osoa palta da)
GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:
Samariar On oi, atoz laguntzera!,
—Lebitak, gotzaiak, bost ajola, aurrera...
iguzu besoa jeikiko bagera!,
iguzu besoa jeikiko bagera!
VIII. EGONALDIA
—EMAKUMEEI ITZEGITEN—
super vos ipsas flete
et super filios
Gogora zagun, estratuaren zutabe egiten dagon Aritzondo gazte liraiña. Ebaki lardats bat dauka gerrian, ganibetez edo egiña.
Joanes orain aalki batean atseden artzen dago atakea pasa zai. Prudenek laguntzen dio. Iñakik zamatzen du gurutzea.
Onako egonaldian emakume abotsa entzun bear da geienik, orain arte gizasemeena bezela. Emakumeek, aiots eta musu zapi, ornitzen bait dute orain agiri dan taldea.
MIXIOLARIAK: Zortzigarren egonaldia: Jesus laztanak Jerusalengo emakumeei itzegiten die.
GURUZBIDARIEK (eskubitik ezkerrera pasaran):
Aritzan nai geranok
onatx Bion lagun,
negar dagigun ala
kontsolu dezagun.
PUBLIKU OSOAK:
Negar dagigun ala
kontsolu dezagun,
Aritzan nai geranok,
Aritzan nai geranok
onatx Bion lagun.
LERTXUNDI-K: (albait lasterren koramina kopakin etorrita)
Ona emen koramina, xee-xeetua. Edan beza.
PRUDEN-EK: (edontzia artuz eta Joanes erasanari eskeiñiz)
Edango al du, aita? Ar beza.
(Joanesek, parre egin nai ta ia eziñik, edaten du)
MIXIOLARIAK: (lilluraz) Parre egin nai du gizajoak. Asmatzen da zergatik parre. Kristoren bezun ozpiña gogoratu bide zaio. «Edango ez dut ba Aitak bidaltzen didan edontzia?».
LANGILLE BATEK: Gizajoa. Poz ematen ba, ortantxe ere, Kristokin duan antzak.
NEKAZARI BATEK: Bizirik dan artean ez du ez, Zabaletako Joanesek, berealakoan utziko, bein artutako Nazarenutza.
LANGILLEAK: Orren adorea ta etsikaitza, motillak.
NEKAZARIAK: Segi bear diogu ejenpluan. Kostea kosta, ez dugu etsi bear azkeneraiño, ez arranea.
EMAKUME BATEK: Baiña ori bere burua akabatzea da.
NEKAZARIAK: Ta zer da guruzpidea, geure buruak akabatzea baizik?
LANGILLEAK: Zer besterik egin zuan Jesusek? Agindu ere, zer besterik agintzen digu bere kristauoi?
NEKAZARIAK: Ori bere burua akabatzea izango da, baiño baitare nazarenutza ezin obeto burutzea.
BATZUK: (naasian)
Ala duk eta.
Ezin jatorrago, motel.
Batere imintzio izunik gabe.
Gauzak beren etorrian.
JOANES-EK: (parre ta min, zoratzen) Betor, betor edontzi ori. Pasa duk eta. Egitan. Pasa duk, zorionez.
(Prudenen eskutik edaten du edontzia, onakoan ondoraiño).
PRUDEN-EK: Alare, gaitzerdi. Pasa omen zaio. Pasa? Urrengo arte., seguru egon.
MIXIOLARIAK: Egoki dugu oroitzea Kristoren galdera:
«Gauza al zerate nere kaliza edateko?»
NEKAZARIAK: Bai, jauna. Bizi artean bai.
DANEK: Bai, jauna!
Bizi artean bai!
Kostea kosta.
Il edo bizi!
Azkeneraiño!
PRUDEN-EK: (aserrez) Kontuz, ordea, aita! Ez bait dio beiratzen buruari. Ez beza ba indarkarik egin.
EMAKUME BATEK: Sikiraik, pasa omen zaio ta.
EMAKUME BIGARRENAK: Zintzoa gizona.
IRUGARRENAK: Ez din etsiko ez, bertan itoko badare.
JOANES-EK: Pasa duk, oraingoz beintzat. Askoz obeto natxegok.
PRUDEN-EK: Ez dit jaramonik egiten da. Berriz ere aguro etorriko zaio, lerren oiek neurtzen ezpaditu. Kontu izan.
JOANES-EK: Kontu euk ere, Pruden. Nik neure biotzakin; ik eure jenio orrekin. Komisaria ez duk gero gozo-gozoa joan. Ez piyo.
PRUDEN-EK: Komisaria dela ta, ez bedi orain nigatik aztoratu. Purrusta batzuk egin ezkero, orren zemaiak eta utsa...
JOANES-EK: Ai, Pruden, Pruden! Ea gero euri tokatzen zaikan, neroni baiño Pasio gogorragoa.
(Naigabez zerbait gogoratuz)
Nola da ura? Ah bai. «Urbil da, urbil da, Jainko Semea etsaien eskutan entregatuko duten ordua». Bildur nauk, entregatzeko ori ez ote aizen eu...
MIXIOLARIAK: Ez al zaigu, guk asmotan artu baiño Jetsemani gogorragoa gertatuko!
JOANES-EK: Zuk nai duzuna, Jauna... Zuk nai duzun bezela... Zuk nai duzulako...
PRUDEN-EK: (aserretxo) Tira, tira, aita. Gaitzena pasa du ta, orain ez bedi orrela larritu nere gorabeeragatik. Geienez, kartzela egun batzuk. An ikasiko dut nere jenio petrala menderatzen eta otzanago izaten.
EMAKUME BATEK: Etzaite geiegi kezkatu, Joanes. Berritu egingo zaizu ondoeza.
(JOXEMINGO orainarte bazter batean zegon. Orain estratu erdira dator. Kupiraz, zinki, itzegiten du)
JOXEMINGOK: (falanjista da, ta euskalduna) Kontseju bat nai?
EMAKUMEAK: Gure onerako?
JOXEMINGOK: Zuen onerako noski.
EMAKUMEAK: Ez al duk izango Judasen musua?
JOXEMINGOK: (Mindurik) Judas ni! Judas ni! Bazekiñat, zuen iritzira, Judas bat besterik ez naizena. Judas saltzaillea.
Ni ez naun orrela. Ni ere euskalduna naun. Euskaldun zentzuduna. Zen-tzu-du-na. Ez eroa, zuek bezela. Ez suizida, zuek bezela.
EMAKUMEAK: Naiko salkeri, leendik ere egin diguk. Utzi gaitzak pakean. Oa, oa beingoz, ogei ta amar txanpon zikin oiek jasotzera.
BESTE EMAKUMEAK: Bost eun falanjista besterik etzerate Gipuzkoa osoan, eta ez aiz lotsatzen orrela jantzita emen agertzen?
JOXEMINGOK: Neri kasu egiñaz, bestelako ederki biziko ta..., batere okerrik ez gertatuko ta... Zer irabazten duzute zintzotasunakin?
BATEK: Zintzotasunai
DANEK: Zintzotasuna!
JOXEMINGOK: Zer irabazten euskaltasunakin?
DANEK: Euskaltasuna!
JOXEMINGOK: Zentzatu zaiteztela!, zer irabazten, agintariei pitin bat ez makurtzeakin?
DANEK: Ez makurtzea!
JOXEMINGOK: Orretxek, ez makurtze orretxek, ondatzen zaituzte. Zentzatu zaiteztela! Gorde zazutela zuen euskaltasuna! Mintza zaiteztela erderaz! Joan zirala Kijote denborak! Zintzotasun utsak ez duala balio. Ez dakarrela probetxurik!
EMAKUMEAK: Jetsemaniko musuaren ondoren, orain basamortuko tentaketa.
ZALDUN BATEK: Vade retro, Satana. «Gizona ez duk ogi utsetik bizi».
JOXEMINGOK: Makurtu zaiteztela, pitin bat badare, gaurko agintarietara. Ta etzaizute ezer gertatuko. Zuen atarramentu tristea dakidalako kontsejatzen dizutet.
Nerez, etzitzaidan batere konbeni noski, nere uniformia ukatuz zuei onen garbi ta zinki aolkatzerik. Zuen kupirak beartu nau. Zuen guruzbideak lilluratu. Biotzak gaiñeztu burua.
(Egona. Ema zotin batzuk)
JOXEMINGOK: Arrazoi duzute bai, emakume euskaldunok!, negarrez aritzeko. Bai al da gauza negargarriagorik, seme euskaldunak mundura ekartzea baiño? Euskal seme berriak? Euskera irakatsi aurrei? Zertarako? Eskolan atzeratuenak izateko? Ta gero ere, aunditutakoan, ezjakin gizajo batzuk izaten jarraitzeko? Gorroto la zemaipean madarikatzen bizitzeko?
(Ixilla. Antziñak erruz-enik. Bitartean Joanesek gurutzea, Iñakiri kendurik, BERE GAIN lepatzen du. Bi semeek laguntzen diote, aztunegi ez dakion zama)
Azken gerratea arte, arraza bedeinkatua giñan. Gerrate ondoz, arraza madarikatua. Azken gerratea arte, munduko katolikoek ao batez jotzen ginduen: «Erri Santu!». Gu omen giñan «Israel». Gu, Erri paregabe ederra. Ederregia noski, alboerrien argaiztoa ta inbiria sor etzezan!
Dagoneko ordea, zer besterik digute?: narda ta ikuseziña!. Berek diote: «Komunistekin leenago, separatistekin baiño!».
Separatista, gorri, hereje ta abar deitze au, ondo dakite asmakizun bat dala, treta bat, aitzaki bat. Ondo dakite, karlisten federalismua edo fuero berritzea separatistago litzakela. Geiegi dakite, zuen zintzotasuna, zuen guruzbidea, zuen Erritasuna... miragarrienak dirala.
Jakin bai, baiña ezin eraman!
Jakin bai, baiña ez nai aitortu! Orretxegatik dizuete ainbesteraiñoko gorrotoa.
Gutxi dakizute norainoko gorrotoa. Aor gure Erriko Aritza!
(Joaten da Aritzondo ondoraxe; ta ebakia apuntatuz:)
Amen, kolpeka kolpeka, batenbatek ganibetez lardastutako ebakia, lardatsa bezin petrala. Zuek bearbada ez dakizute zeiñek egin zuan, eta nik bai. Neronek ikusi nuan. Komisariak berberak egiña da! Azkenean, geiago ebaki ezinda, etsi bear izan zuanean, neronek entzun nion, biraoz eta lerdez Arbolari esaten: «Ai gorroto aiña indar banu, ez intzake ez zutik geldituko!».
Berdin berdin egingo dizute zuei ere: sustraitik atera ezin dutena, lepotik ebaki.
Orra nik jakiñaren gaiñean jarri, biar edo gaur bertan damutuko banaiz ere. Ez gero esan saldu zaituztedanik.
Ni Judas! Ni Judas? Tokitan! Onako Joxe Domingok ez dik ez berealakoan zuek bezela bere lepoa sokaz urkatuko!
(Egona. Bazterrera erretiratzen doala:)
Nere kontsejuari kasu egiteakin, bestelako bapo biziko ta... (Bazterretik) Or konpon, anaiok, zuen zintzotasunakin! Or konpon, ama aurdunok, zuen semekin!
(Negar intziriak)
JOANES-EK, BERBERAK: (Gurutzea bizkarrean duala, arnas estua sarritan eten eta artuz, baju abotsez:)
—Ez neri negar,
zeoiri baizik,
emakume urrikaldunak.
Kupitu zeon buru ta seme;
errukizun, ama aurdunak!
Irutan eman zidan negarrak;
bein, zuen etorkizunak;
bai, Jerusalen orren, ta urrenen...,
erraustu bear itunak...
ta, laugarrenez, orain..., Gernikak!,
azken «judu» euskaldunak!
GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:
Katoliko izena lokaztu ta uka,
hereje ta gorri ordezkoen truka...
Kondenak nunaitik... Negarra noiz buka?
Kondenak nunaitik... Negarra noiz buka?
IX. EGONALDIA
—IRUGARREN ERORTZEA—
magnus in magnis et
maximus in minimis
(Aita-semeak ari dira beren arteko abots apalez:)
IÑAKIK: Irugarren lurra jotzea dugu, aita. Beatzigarren egonaldia, alegia. Lurrean erdi etzanik deskantsu onek ez dio kalterik egingo.
JOANES-EK: Nazarenutza ez duk deskantsu.
PRUDEN-EK: (bere aserre aiurrian) Eztare bidean pot egitea.
JOANES-EK: Ori ere ala duk. Ala duk.
IÑAKIK: Berori poli-poliki belaunikatu bedi.
(Joanesek ala begi)
Etzan pixka bat. Poliki. Kontuz ibiltzeko ba. Orrela. Mantxo mantxo. Ori da. Orain nik jarriko diot gurutzea, pixua berorren gain ez erortzeko eran.
(Gurutzea bere aga baten gain jartzen du, Joanesen bizkar bailego)
GURUZBIDARIEK (eskubitik ezkerrera pasaran):
Herri bai ta Erri ez,
onatx Bion lagun,
saltzen gaituzten ala
erosi gaitzazun.
PUBLIKU OSOAK:
Saltzen gaituzten ala
erosi gaitzazun,
Erri bai ta Erri ez,
Erri bai ta Erri ez,
onatx Bion lagun.
MIXIOLARIAK: (naigabez) Arrazoi du Joxemingok. Arrazoi zuan Manuk.
(Manuk belarrondotaraiñoko atsegin parrea)
Ez dugu atarramentu onik izango. (Urrutian agiri duan Komisariari so) Agiri da, bear zuana. Agiri dut, arako kale kantoian, txoko izkututik zelatan.
(Batzuk izupean ara so)
BATEK: Komisaria berriz?
MIXIOLARIAK: Berbera oso-osorik, bibote izpirik galdu gabe. Agi danez, leen baiño ez batere gozoago. Bera aiñako pistola tzarra dakarki oraingoan, gainera, gerrian zintzil.
BATZUK: (izmizka) Pizti alena!
Gizatxar ez bestelakoa!
MIXIOLARIAK: Nunbait eldu da ordua. «Eldu da, Jainkoari serbitzua dagiotelakoan ilko zaituzteen ordua».
LEENGOAK: Ez al da izango, iñor garbitzeko...
MIXIOLARIAK: Iñortxo edo iñortzu garbitzen ez bagaitu ere, ez da izango beintzat gogorik ezagatik.
PRUDEN-EK: Iñori ezer egitekotan, neri izango da.
MIXIOLARIAK: Zergatik ez neroni, edo beste edozeiñi?
PRUDEN-EK: Ez kezkatu, Aita. Ez naiz leen bezela suminduko. Aurreruntzean jakingo dut otxanki sufritzen, batere erneatu gabe. Otxan ezezik, alaiki ere bai.
(Mamu beltza uxatuz:)
Baiño..., bai zera. Ez naute ilko. Ez dut, Joanesek adirazi didan bezela nere burua Kristori opaltzerik izango. Geienez ere, zortzi-amar eguneko giltzapea egotsiko didate.
MIXIOLARIAK: Ez atzera beiratu. Ez atzera beiratu. Utzi Komisariari (?) pakean. Ark egin dezala berea. Guk jarrai dezaiogun geure tema santuari.
(Itunki) Arrazoi bai Joxemingok. Tema bat da, erokeri bat dugu, guruzbidea. Suizidio bat gure zintzotasuna, gure euskaltasuna, gure eozkorra. Errezago litzake etsitea. Noski baietz errezago. Noski baietz probetxugarriago.
Lanak ditu kristau izateak! Lanak, «vae victis»-pean euskaldun irauteak!
ZALDUN BATEK: Euskotarrok ogei milloi bagiña, ez liguteke esango gure seta erokeri danik. Milloi ta erdi besterik ez gerata.
ZALDUN BIGARRENAK: Bergarako salkeriak bein ta berriz, etengabe, gutxi geranokin.
LEENENGOAK: «Arrai aundiak jaten txikia». Ori duk guzia.
BIGARRENAK: Mella-rena: « iQué campo tan pequeño para una traición tan grande!».
NEKAZARI BATEK: Gutxi gerala? Etzeukaguk ortan zer lotsatu. Benetako kristau Erri geralako gaituk onen gutxi. Aor, millaka ta millaka, gure praille, apaiz, mojak, eta mixiolari atzerrietara joanak. Joan bearrez etxeetarako gelditu izan balira ta sorterrian ezkondu..., ez giñekek gaurregun euskaldunok ain gutxi izango.
LEENENGO ZALDUNAK: Hungari ta Poloniarrentzat baduk txalorik, bai kupirarik, bai gorazarre ta omenik, demokratiko diralakoen aldetik beintzat. Guretzat ezta jaramonik ere. Iguina ta susmo txarra.
BIGARRENAK: Aiek «ixilpeko Eliza» dituk noski. Gu... ez ote gera «ixillenekoa»? Bageranik ere ez bait duk konturatzen mundu katolikoa.
LEENENGOAK: Zuzen diok: geu, bearbada, «ixileneko Eliza»!!
(Izua ta pilpira)
MIXIOLARIAK: Txiki gaituzu, Jauna, Baionatik Bilbaora, itxas baztertxo ontan. Bai txiki lurraldez, demografiz. Are txikiago noski euskaltasunez, izkuntzez, etorkizunez. Aberri gabeko abertzaleok, ontantxe batezere somatzen gera txiki: euskaltasunez, izkuntzez, etorkizunez.
Euskeradunok, eliz teatruon bezela nunaiko eusko urietan, sekta bat dirudigu. Ortaraiño urritu gera. Sasi erlijoizko sekta bat. Sekta bakan, sorgiñetsi, zapuztua, beira dagozkigun ia danen destaiña ta inkisiziopean.
Zu, ordea, Jauna, magnus in magnis zerana, maximus in minimis zaitugu.
Gu, berriz, «ixilleko eliza» baiño ere, ez ote geran gaude «ixillenekoa»; guzaz, gure ezbearrezaz, ez bait da oartzen, gutxiago kupitzen, mundu katolikoa bera.
Menderri zapaldua, txiki txiki egindakoa, duzu izan ere Euskaltasunarena, ez lur, ez mintzaira, ez eskubide. Zure mirariz, oraindik ondakiñetan txut bai, baiño Menderri agota, ao ta esku lotua.
Orretxegatik, Jauna, dizugu aundiago gure guruzpidea. Izango al zaitugu baitare aundiago, Zu... gure Kristo!
KORUAN BATAK:
Entzuten zaude,
entzuten gaude
«Delenda est...» deadarra
eska ta oska, goitik ta azpitik,
euskeraren iñularra.
Erruz diranei hosanak nunai!;
gutxioi Inri ta adarra!
KORU BETEAK:
Gu txikiago ta aundiago Zu!,
au da dugun poz bakarra.
Gu txikiago ta aundiago Zu,
gure Kristo euskotarra!
GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:
Jesusenak iru erori-jeikiak.
Karlistetan iru guk ere jausiak.
Bergara, Gernika..., zenbat salkeriak?
Zenbat-ago erdal kerira pasiak!
X. EGONALDIA
—BILLOTZIK—
1 ecce homo
2 ...
(Pruden eta Iñakik erantzi diote poliki poliki alkandora. Gure Nazarenu laikua orra ba GERRIZ GORA BILLOTZIK. Ecce Homo. Gerriz beera, leen bezela: galtzak txorgatilletan artillezko galtzerdi azpian bildurik)
GURUZBIDARIEK (eskubitik ezkerrera pasaran):
Erritasunez billotz,
onatx Bion lagun,
besteek erantzi ala
Zuk jantzi gaitzazun.
PUBLIKU OSOAK:
Besteek erantzi ala
Zuk jantzi gaitzazun,
Erritasunez billotz,
Erritasunez billotz,
onatx Bion lagun.
(KOMISARIA agiri da. Prozeziokoen artetik zakarki bidea urratuz, antzezlekuan erdiratzen da, igotzen ditu armaillak, Pruden eta Iñakiri zorrotz beiratzen die eta arropuzkiro jendetza osoarentzat mintzatzen da. Aidurua ta izua)
KOMISARIAK: Un momento, señores.
Mientras espero las sanciones que el Sr. Gobernador imponga a los culpables de los incidentes subversivos del presente Via Crucis, yo, el Sr. Comisario de esta localidad, haciendo uso de mi autoridad legítima, dispongo y ordeno la detención inmediata de los jóvenes Prudencio Zabaleta e Ignacio Zabaleta.
(Egona. Alako batean:)
IÑAKIK: (sor ta lor) Ni? Ni?
KOMISARIAK: Sí, también usted, Ignacio Zabaleta.
BATEK: (Komisariagana urreratuz) Meritu geiagoko mutillik...
KOMISARIAK: No quiero saber nada de sus méritos.
BATAK: (arenga, apalki) Zer delito egin du, ordea?
KOMISARIAK: (su ta ke) ¡Me basta saber que fue gudari para ordenar su detención!
(Jende marmarra asten da, leenbizi naasian, gero ta geiago, gero ta geiago...)
JENDE MARMARRAK:
Iñaki ere bai?
Zer egin du ordea Iñakik?
Iñaki komisaritzara?
Zer da au?
Ezin burutu diteke.
Iñaki preso?
Nor eramango ta Iñaki?
KOMISARIAK: (aserre karraixi itxuan) ¡No admito protestas! (Gerriko pistolatzarra eskuan artuz) ¿Ven esto? (Pruden eta Iñakiri) ¡Andando! ¡A la Comisaría!
(Biek Joanesi beiratu luze maitetsu errukitsua. Bijoaz eskubitik. Beren atzetik baita Komisaria ere)
(Giza ardaillak, batak bestea leenbiziko izutik kemenduz, protesta jasa areagotuz, zeru-lurren lertuera dirudi:)
JENDE MARMARRAK:
Zer da au?
Ezin burutu diteke!
Zer gizalege da au?
Iñaki preso!
Iñaki komisaritzara?
Nor eramango ta Iñaki?
ABOTS INDARTSUEN BATEK: (giza ardaillaren gaiñetik nagusikiro)
Ortara ezkero, danok!
Eraman gaitzala danok!
GIZA ARDAILLAK: (zazpi aldiz, ritmuz, batbatera, bukatzerik ezpalu bezela) Danok! Danok! Danok!... tbr.
MIXIOLARIAK: (ardailla bukatzean, uzkur) Joanes! Ona zertaratu geran. Zer derizkiozu? Zer egingo dugu: segi edo utzi?
JOANES-EK: (zurrun, zurbil) Nere iritzia ta itza eman nuan.
Aor Erriarena!
ABOTS INDARTSUENAK: Ortara ezkero, danok!
GIZA ARDAILLAK: (zazpi aldiz orain ere, ritmuz, batbatera) Danok! Danok! Danok!... tbr..
(Erri otsa bukatzean)
MIXIOLARIAK: «Ni pertsegitu banaute, zuek ere pertsegituko zaituztee». Leen bi seme zaarrenak. Orain beste biak. Kendu semeak. Kendu fueroak. Kendu soiñekoak. Kendu Jabesatuna. Kendu Erritasuna. Kendu izen ona. Dana berentzat.
ZALDUN LEENENGOAK: Kendu fueroak eta berentzat fuero zale izena.
BIGARRENAK: Ala Esparterok Bergaran: «Esta espada que ha luchado contra vosotros no será desenvainada si no es para defender vuestros fueros».
LEENENGOAK: Kendu euskera eskoletatik, elizetatik, banduetatik, bataio izenetatik, umeen dotriñetik, baita kanposantuetako illarrietatik ere...
BIGARRENAK: Ta gero: «Vaskongaduok vaskongadu bear duzute izan».
LEENENGOAK: Maite omen gaituzte!
BIGARRENAK: Otsoak arkumea bezela. Guri ardilarrua kenduta berek jazteraiño.
LEENENGOAK: Kendu Unibertsidade bat badare gurean izateko eskubidea...
BIGARRENAK: Ta gero: «Kultura, zibilizazioa, dakarkizutegu basatiarroi».
LEENENGOAK: Gernika zalea genduan gure soiñeko nabarmenena. Kendu orixe ere ta berentzat artu.
BIGARRENAK: «Los que destruyeron Guernica no tienen derecho a hablar de Patria».
LEENENGOAK: Kendu, galerazi Guruzbidea ere. Ez dugu zillegi geure Miña zeruari aidatzerik. Aidatzekotan, ez geurea, besterena, etsaiarena.
BIGARRENAK: Ta gero: «Izan zaitezte katoliko».
LEENENGOAK: Santa Kutz gizajoak Colombiatik ziona: «Oraindik ere nere zaarrean malkoak darizkit ainbeste edertasun galdurik ikustean».
BIGARRENAK: Ta Arana Goirirena: «Il naiago dot ikusi baiño Aberriaren amaia».
ABOTS INDARTSUENAK: Ortara ezkero, danok!
ERRI-OTSAK: (zazpi aldiz orain ere, ritmuz, batbatera) Danok! Danok! Danok!... tbr.
(Erri otsa bukatu danerako, Mixiolaria belauniko dago otoizka. Auxe entzuten zaio:)
MIXIOLARIAK:
Gu ain gabe ta
zotz eginda arro
geure soinekoz etsaia!
Onen billotzik
nai al ginduzun?
Egin bedi zure Naia!
...Oroz erantzi gaituzten ondoren ordea, Jauna, orain zenbait arlotekeri jantzi arazi nai dizkigute: «romería vasca» diralakoak, burruxa ta abarka, tabernetako aiurruntzi ta janedan apostuak, radioetako fandango ta «bilbainadak»...
Kristoren payaso tunika egotsi nai digute, Jauna, ta sasi errege kaiñabera, Herodetarren jolaserako!
(zutituz)
Obe duzu bai, gure Joanes Nazarenu orrek, billotzik iraun, arlotekeriz jantzirik baiño!
(Publikuari so, protestaka:)
«Zer dala ta «nai» gaituzte
ema likitsa oi dan lez,
gorputzarentzat losingak eta
animarentzat baterez?
Euskal Gorputza danen eskutan
ta Euskal Anima katez!».
KORUAN BATEK:
«Orra gizona»,
lerde ta likaz
jainko begien dirdaia,
zauri mamiak
aragi litsez,
giza itxurik ez ia ia...
KORU BETEAK:
«Ona Erria»,
lurbira aurrean
ain gabe, lander, deslaia.
Gu ain gabe ta
zotz eginda arro
geure soiñekoz etsaia!
KORUAN BATEK:
Onen billotzik
nai al ginduzun?
KORU BETEAK:
Egin bedi zure Naia!
GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:
Zure ederrez jantzi gure uri ta mendi!
Zure graziz jantzi kristau eta sendi!
Zure izenez jantzi agota au: Euskadi!
Zure izenez jantzi agota au: Euskadi!
XI. EGONALDIA
—ARIZGURUTZEAN edo CONFIXUS—
1 Xto confixus sum cruci
2 Arbor una nobilis
3 Mors et vita duello
Aritzondoa, orra ba billakatu ARIZGURUTZ. Manuk eta beste batek (Iban deituko diogu) gerriko ebakian agaki bat ipiñi bait diote zearka. Bertan GURUZTUA agertzen da Joanes Nazarenua, gerriz gora erantziña, arpegi jorantsua goruntz, oiñak lurrean tinko ta bi besoak agakiaren etatik atzera zintzilik, libreki, ez soka ta ez iltze.
Manuk eta Ibanek arretarik aundiena diote Joanesen osasunari)
GURUZBIDARI ta PUBLIKU, ao batez, ez pasaran:
Onatx ba Arizgurutzon,
ilnai ta bizinai,
geuretasunari lot,
frakasu ta garai,
gu ere Sitio-ka
ar gaitzazun anai,
onatx ba Arizgurutzon,
onatx ba Arizgurutzon,
ilnai ta bizinai.
(Ixillune luzea, besterik ez aiñakoa. Alakoan:)
GURUZBIDARIEK: (elizkiro)
«Agurtzen zaitugu, Jesus,/ eta bedeinkatzen zaitugu,/ zure gurutze santuz/mundua berrerosi duzulako.
(Ixillak darrai luze. Alakoan:)
MIXIOLARIAK: (Joanes Nazarenu Arizguruztuari beira) Gurutze ta Aritz: biok, bat-bat zaituztegu. Ez dakigu bat maitatzen bestea ere gabe. Eztare bat ukatzen bestea ere gabe. Gure kristautasunaren Gurutza! Gure euskaltasunaren Aritza! Aritz eta Gurutz! Arizgurutz!, Arbor una nobilis, «zar sendo zindo», adoragarria, nola ez duzu ba erruz izango, naiz pertsegitzaillerik, naiz... tentatzaillerik ere?
KORUAN BATEK:
Ainbat alditan laztanduriko
Zuntoiari orra josi;
txit samurrago zenduken noski
iltzezko oi ori utzi.
KORU BETEAK:
Onatx gu ere
(bai kantabroki:
poz ta amorru, kantu ta antzi!)
Lot, lot, Confixus,
jun ez gaitezen
erdalkerira igesi,
Lot, lot, Confixus,
Zuri deituaz:
«iEz gu, Zu guregan bizi!».
GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:
Arizgurutz Santu, batean bi abe,
ezin maita dugu bat bestea gabe,
ezin ere Zu uka geu ukatu gabe,
Arizgurutz Santu, batean bi abe.
GURUZBIDARI ta PUBLIKU:
(zutik, izua menderatuz garaikiro:)
Gernikako Arbola
da bedeinkatua,
euskaldun nai geranon
Ostiral Santua
ta il ala pizten gaitun
Aberri Pazkua.
Adoratzen zaitugu,
Arbola Santua,
batzuk iraindu ala
guk laztanagua,
adoratzen zaitugu,
Arbola Santua.
(Onezkeroko au, ordea, urrengo egonaldia da. Garraizkion)
XII. EGONALDIA
—GORPUTZ—
1 signum cui contradicetur
2 et blasphemabant dicentes: salva temetipsum si filius Dei es.
Leen bezela gurutzatua agiri da Joanes: arpegi jorantsua goruntz, oiñak lurrean tinko ta bi besoak agakiarenetatik zintzilik, libreki, ez soka ta ez iltze.
GURUZBIDARI ta PUBLIKU, garaikiro:
Gernikako Arbola
da bedeinkatua,
euskaldun nai geranon
Ostiral Santua
ta il ala pizten gaitun
Aberri Pazkua.
Adoratzen zaitugu,
Arbola Santua,
batzuk iraindu ala
guk laztanagua,
adoratzen zaitugu,
Arbola Santua.
(Himnua bukatu orduko, lau tiro entzuten dira Komisaritzaruntz: bi... ta bi)
JENDETZA OSOAK: (izu ta kukil) Eeeeeh?
(Ixillune laburra. Bertan marmarra ta zurrumurrua)
BATEK: Berak!
BATZUK: Bi anaiak! Il? Fusillatu?
GEIAGOTZUK: Pruden eta Iñaki? Ezin. Eeeeh? Ene!
GEIENEK: Eneee! Enebadaaa, Jesus! Ori ere bai?
ABOTS INDARTSUENAK:
Ortara ezkero, danok!
Il gaitzatela danok!
ERRI OTSAK: (Izu oro menderatuz, alkar kemenduz, zazpi aldiz, ritmuz, batbatera:) Danok! Danok! Danok! Danok!, tbr.
(Erri otsa bukatzean:)
BATZUK: Joanes! Joanes gizajoa! Ara berriz!
(Joanesi miña berritu zaio, oraingoan are gogorrago. Batbatez burua abaildu du, IL BAILITZ. Oiñek ere utsegin diote.
Ibanek eta aguazillak, alarmaz, asaldaz, eusten dizkiote besoak, agakiarenetatik askatu ez ditezen. Mixiolariak zer erabaki zai daude adi-adi.
Prailleak bekaiñez galdera keiñua dagio Ibani Joanesen osasunaz. Onek, keiñuz, ezjakiñarena dagi)
MIXIOLARIAK: (ixilmixil) Bizirik?
IBAN-EK: (bizkarrak altxatuz, ixilki)... Ez ba jakin! Jarkera ontan, naiko lan.
MIXIOLARIAK: Uzteko erregutzea, berriz, alperrik.
IBAN-EK: Bai al daki arestian zer erantzun didan? Ilko ez ilko arkitzen danari dagokiola gurutzean egotea.
(Egona. Joanesek ez du murtik egin. Alakoan, burua altxa. gabe, itz etenka, negarrez:)
JOANES-EK:
«Barka... zaiezu...
ez bait dakite...
zer egiten... duten».
(Ixilluneak darrai. Ontan, batpatez, sumin ugoldea lertuz, lau-bost gizaseme BIRAOKA asten dira, garratz eta espantagarri:)
LEENENGO ZALDUNAK: (onako bat) Nun da ba, nun? Nun da gure Obispu ori, oraindik ez erantzuteko? Gurea, gurea Obispua? Utzi gaitzala pakean eta dijoala bere errira.
BIGARRENAK: (arako bat) Ez omen dik betarik guri erantzuteko. Izaten dik ba naikoa, Gobernadoreakin egoteko. Baitare onen asmo doillorrenei amen ta amen erantzuteko. Baitare gure apaiz jatorrenak sakabanatzeko, emendik ara ta andik auskalo nora.
IRUGARRENAK: (aragotik) «Quiero ser un General más en la conquista de Vizcaya». Orrela mintza banketeetan militarrei zuri-zuri. Ta gero pulpituetan, Aita Santua baiño geiago bailira: «Ni naiz zuen Jesukristo».
LEENENGOAK: Oiek Jesukristo? Kokota bikaiñegi oi ditek, eta seda urrepitz geiegi.
FERMIN-EK: (Ezkerreruntz izkutatu zan gizataldetik bidea urratuz, eta oraindio urruntxotik:) Eta Erromak berak... noiz itzegin du Erromak berak itzerdi bat gure alde? Noiz protestarik aipatu, euskaldunoi egiten zaizkigun piztikerien kontra?
IRUGARRENAK: Konbeni izan balitzaio, itzegingo zian bai, ema zizpuru ta atsekabe planta galankiz, hoi! ta hai!...
BIGARRENAK: Or zegok ba! Gu seguruko kristandadea gatxaztek. Kontua aterea zeukatek nunbait: « Euskalerria, presa segurua. Etzaiguk zismara joango. Ta gaiñera, vae victis!, menderatua dago. Beste gaiñeko oiei, nagusiei, eman gogotik bendizio ta irribarre ta intzentzuak!».
IRUGARRENAK: Tedeschini Kardinalarena: «Sí hubiera doce naciones como España, el mundo estaría salvo. Así es como se gobierna en católico».
LAUGARRENAK: Gure Joxe Antonio Agirreren anaiari bestela mintza omen zitzaion ba Aita Santua. Ixilpean, aotik aora, jakiña, arria bota eta eskua gordez, adirazi omen zion: «Zuek euskotarrok zerate biarko Españiako katolikotasunaren zuntoi ta pillare».
IRUGARRENAK: Balinbaite, abagune artan ausartu ukan alare guri geure izenez «euskotarrok» deitzen. Urgull-eko itzaldi artan, gogoratzen al aiz?, ez ukan ausartu beste ainbeste. (Aita Santuari imitaka:) «Lurralde oietakuok», «komarka ortakuok»... Ez aitatu ere nai euskaldunak giñanik, alajaiña!
FERMIN-EK: Ezpaiñak zikinduko ba, gure arraza aitatzeakin. Alako madarikatua gure abenda!
BIGARRENAK: Zisma baten arriskua usnatu izan balute, ondo bestela portatuko ituken bai gurekin. Ortzeok ba. Gizajoegi izan gu.
IRUGARRENAK: A zer arrazoia zuan Unamunok, arrazoi itzala alare, odolekuoi otsegitean: Jetxi zaitezte mando gaiñetik! Utzi zazute klerikalismua. Kierikalismuak, obispukeriak, galdu zinduzten karlistetako gerrateetan. Orretxek galduko zaituztee berriz eta berriz ere.
FERMIN-EK: Ni beintzat banoak...
(Bijoa. Ixilla)
AITONA ZAAR BATEK: (ixilla urratuz) Etzazutela galdu gure zaarren sinismena. «Etzazutela egin, zuen itxaropenik ezaz, leengo pekatu guziak baiño aundiagoa».
(Ixillak darrai)
LEENENGOAK: Baita ni ere. Zertan segi emen, obispuen gizengarri? (bijoa)
URLIAK: (urrundik) Baita ni ere. (Bijoa)
BIGARRENAK: Baita ni ere. Or konpon, Erromatarrok, Batikanuko morroitxuok. (Bijoa)
SANDIAK: (urrunagotik) Baita ni ere. Ez geiago iñoren mende. (Bijoa)
IRUGARRENAK eta LAUGARRENAK: (ia batera) Goazen, motel. Goazen gu ere. Katoliku Elizaren justizia ta atariko aizea berdin duk eta.
(Bijoaz. Ixillak darrai)
JOANES-EK: (aal baiño katazka aundiagoz, «abots aundiz» , negarra utzi gabe)
«Ene Jainko Jauna!...
Ene Jainko Jauna!...
Zergatik... aban... donatu nazu?».
(Katazka geiegiak berriro erasanda, Joanesi berriro oiñek fallo egin diote. Onakoan areago, IL BAILITZ, besoetatik zintzilika jausten da kolpean. Ibanek eta Manuk indar egin bear dute zintzilik eutsiko badiote. Populuak ez beza jakin egitan il danentz. Ezta praille ta urbillenekoek ere.
Praillea, ordea, ez da oartu ere Joanesen onako erasanaldiaz. Berean dago, suntsitua, txunditua, desertatzailleek (?) eman dioten atsekabeagatik. Begiak itxirik dirau, izuaren izuz)
MIXIOLARIAK: Zenbat dira?
BATEK: (desertatzailleak emen eta an kontatuz) Bat, bi, iru... lau... bost... bost... Besterik?... Sei... Zazpi! Besterik ez al da an? Zazpi, Jauna. Ez dut uste zortzira iristen diranik.
MIXIOLARIAK: (leengo jarkeran baiño itxarotsu) Besterik ez?
LEENGOAK: Ez, Jauna.
MIXIOLARIAK: (Pozaren poz) Besterik ezetz? Zazpi bakarrik? (siñistu eziñik bezela) Zazpi bakarrik? Bai gutxi!!... Bai gutxi!!...
(Belauniko jartzen da batbatez)
Eskerrak, Jauna! Eskerrak Zuri! Zuk amaika galdu zenitun Pasioan. Guk... zazpi bakarrik?! (Zorakor) oinbeste aundiko probaldian!
(Zutituz, guruzbideari ezker-eskubira galdezka) Besterik ezetz? Ezin sinistu dut. Zuek, danok, egi egitan, zintzo iraun nai duzute Kristo frakasukoakin?
BATEK: Frakasuko!
DANEK: Frakasuko!
MIXIOLARIAK: (ezin sinistuz bezela)... Kristo gurutzekoakin?
DANEK: Gurutzeko!
MIXIOLARIAK: ... Kristo agonikoakin?
DANEK: Agoniko!
MIXIOLARIAK: ... Kristo ildakoakin?
DANEK: Ildako!
(Praillea auzpezten da berriz esker ematen, izmizka)
KORUAN BATEK:
Euzkia itzali.
Goibelak nausi.
Or abailduta Bildotsa.
BESTE BATEK:
Ori Jaungoiko?
KORUAN BATZUK:
Arkaitzek baietz.
Renantarrek uka otsa.
KORUAN BATEK:
Tamala! Zenbait
geuretar ere
birauka ez dira lotsa:
KORUAN BAJU ABOTSEK:
—«Jainko izatera,
ez luke utziko
euskaldunon eriotza».
KORU BETEAK:
Arren, Jauna, arren!
Etzagula gal
Fede, Itxaro, Otoitza!
GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:
Agur, Mindun Ama
Semea galdua;
Eusko Pasioak
mindunagotua;
bat galdu orduko
zazpiok artua:
barka luzetsia
atarramentua.
(Salmodia bukatzean, Mixiolaria oartzen da Joanesen gaizkiaz. Urreratzen zaio presaka ta Ibani galdegiten dio:)
MIXIOLARIAK: Bizi al da?
IBAN-EK: Ez nuke esango...
MIXIOLARIAK:: Ea poliki poliki...
(Ta poliki poliki Ama Doloretakoaren magalean jartzen dute. Urrengo egonaldia)
XIII. EGONALDIA
—AMAREN MAGALEAN—
fructum ventris tui
nobis post hoc exilium
ostende
«Piedade bikotea» antolatu dute: Nazarenu laikua Doloretakoaren magalean. Mixiolaria ta Iban arduraz Joanesi so, il dan ez dan...
GURUZBIDARIEK, eskubitik ezkerrera pasaran:
Bizirik edo illik,
onatx Bion lagun,
Gurutza ala Magala
gozartu dezagun.
PUBLIKU OSOAK:
Gurutza ala Magala
gozartu dezagun,
bizirik edo illik,
bizirik edo illik,
onatx Bion lagun.
MIXIOLARIAK (Mikrofonua bereganatuz eta ezker-eskubietara, jendea legoken urrutietara, beiratuz:) Jaun-andreak: ikusten zaudete. Kristo gurutzetik eratxi ta Ama Doloretakoaren magalean ipiñi zutenekoa oroitzea tokatzen zaiguneko ontan, orra Joanes... Neronek ez dakit, egia esan, gorputz dagoan ala ez Dolorosaren altzoan. Geu ere geu ez dakigu bizirik utziko gaituzten ala ez, erriko agintarien sumin argaiztoa ontaraiñotu dan ezkero. Ez jakin gure atarramentua!
Ezin luza gindezke, beraz, dialoguketan. Olako trantzean errezatzea dugu onena. Dasagun Salbea.
GURUZBIDARIEK (itunkiro, elizkiro):
Agur, Erregiña / Ama Errukiorra: / gure bizi, / gozo / ta itxaropena, / agur.
Zure deiez gaude / Ebaren ume erbestetuok: / zuri aiezka, / antziz eta negarrez / negar erri onetan.
Ea, bada, / itzuli itzatzu / gure bitarteko orrek, / itzuli gugana / zure begi / errukitsu oiek.
eta erbeste onen ondoren / erakus zaiguzu / Jesus / zure sabeleko / frutu bedeinkatu ori.
O biozpera! / O errukior! / O Maria Birjin gozoa! /
MIXIOLARIAK: Ez dakigu, Ama, ez dakigu, ildako Erri bat geran, ala oraindik bizirik dagoana. Dakiguna: besteek madarikatzen gaituzten ala bider, Zuk magalean artzen gaituzula. Eta magal ori, magal ori!, bizirik naiz illik, gure Bizitza dugu, ta gure Gozoa, ta Itxaropen bakarra...
KORU BETEAK:
Arizgurutzon
agoniz, zure
altzo txandaren zai gaude.
DOLORETAKOAK BERBERAK:
Illobirako
Gorputz laztana
aurki kenduko didate;
seme berriok
bear zaituztet
orain magaleon gorde...
KORU BETEAK:
Altzo Aberri!
Altzo Pizkunde!
Altzo mozkor Pentekoste!
Oparo oron
oparo zoro,
zoro, zoro, ezinbeste!
GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:
Lau gudate garratz, laurak gal ondoren,
azken ondakiñok onatx otoi ta arren:
zure magalean Kristokin atseden!,
zure magalean Kristokin atseden!
XIV. EGONALDIA
—ILLOBIAN—
(vita mea abscondita
est cum Xto)
—TA BUKAERA—
(et ipsi spectant resurrectionem
futuram..., scientes
quoniam et nos cum Jesu erimus)
GURUZBIDARIEK (eskubitik ezkerrera pasaran):
Obipean gauzkate
Erroman ta Onun,
gizonek aaztu ala
onartu gaitzazun.
PUBLIKU OSOAK:
Gizonek aaztu ala
onartu gaitzazun,
obipean gauzkate,
obipean gauzkate
Erroman ta Onun.
(Joanesek eta Doloretakoak leengo jarkeran diraute: Amak magalean Nazarenu laikua.
Manu aguazillak, batbatez, aoa ta bi begiak ezin geiago zabalduz ta Komisaritzaruntz apuntatuz:)
MANU AGUAZILLAK: Aibalaaa! Guardizibillak! (Orain jendeari) Guardizibillak!
(Jendeak Komisaritzaruntz beiratzen du)
Emen anka egitea onena. (Igesi) Bestela akabo nere enpleoa.
(Bijoa, ezkerreruntz)
BATEK: Leen Komisaria, gero Joxemingo, gero berriro Komisaria, orain guardizibillak...
BESTE BATEK: Nunbait ez dik bukatu bear sekula oien prozezioak.
LEENAK: Oienik gabe ez ukek gurerik.
(Egona. BI GUARDIZIBILLAK agiri dira. Ta igotzen estratura. Iruzpalau zirgillu dakarzkite eskuan)
I GUARDIAK: Atención, señores. Orden del Señor Gobernador. (Ezkerrera beira) ¡Se disuelve el Vía Crucis! (Orain eskubira) ¡Se disuelve el Vía Crucis!
MIXIOLARIAK: (ironiz, jolasti guardizibillari) ¡El Vía Crucis no se disuelve! ¡Lo llevamos nosotros a nuestras casas, bien adentro de nuestra sangre y de nuestra historia! (Orain jendeari) Ez al da ala?
BATEK: Galazi guruzpidea? Galaziago ta ederrago!
BATZUK: Bai noski. Alperrik ari dira.
I GUARDIAK: Retírense todos. Despejen la plaza. Todos a sus casas. Y nadie salga a la calle hasta nueva orden.
(Jendea barreatzen)
(Bere eskubi aldekoei) Ustedes por ahí. Por ahí. Nadie por la plaza.
(Batzuk, zorabioz itxumustuan, plazara irradatu dira. Oei:)
¡No! ¡No! Los de este lado por la calle del Generalísimo.
BATEK: Urkabe kaletik esan naiko dik.
BESTEAK: (Guardiari) ¡Por la calle Urkabe!
I GUARDIAK: Tanto da. Es lo mismo.
(Egona, jendea aienatu bitartean)
I GUARDIAK: Y usted, Padre, dese preso. Lo lamentamos, pero son órdenes superiores.
(Zirgilluak prestatzen asten da).
MIXIOLARIAK: (zirgilluei alaiki beira, ironiz) «Ezpataz eta makillez zatozkigute lapur baigiña».
I GUARDIAK: (Oraindik Doloretakoaren magalean dagon Nazarenuari) Y usted también..., usted... el Cristo.
II GUARDIAK: (korrejituz, mindurik) ¡Joanes de Zabaleta!
I GUARDIAK: (lotsati) Perdón, Joanes de Zabaleta.
MIXIOLARIAK: (ekibokua aditzean, betiko ironiz, parreantxez) Tanto da. Es lo mismo. ¿Verdad?
(Mixiolariak, dintasuna ta irribarrea galdu gabe, lepatzen du bere sorbalda gain Joanesen ezker besoa eta bere eskubikoz eusten dio zaarrari gerritik. Armaillatan jeisten abiatzen dira. Doloretakoa berekaxa bijoa).
MIXIOLARIAK: Ederregia genduan guruzpidea, Joanes, bestela bukatzeko.
JOANES-EK: Ederregia!... Ederregia!... Ezin zitekean obeto buka!... (Negarrez) Ez dugu merezi, Jauna, oinbeste edertasun!...
(Joanes prailleagandik erdi zintzil eta erdi arrastaka dator, gelditu ta berrekin. Estratuan diraute bi guardizibillek)
MIXIOLARIAK: (espaloira jeixtean) Por favor, señor Guardia, alcánceme el breviario y mi cuaderno del Vía Crucis.
I GUARDIAK: (beiratzen du aiek dauden tokian eta zakarkeri gabe) Déjelos donde están.
(II Guardiari beiratua)
No tenemos tiempo que perder. Nos esperan en la Comisaría.
MIXIOLARIAK: (guardien alkar beiratua igerriz) Dirudianez, ez didate palta luzerik egingo. Beude besteren batentzat. (Joanesi) Gauza izango al zera, onela Komisaritzaraiño iristeko?
(Joanes ta praillea, palta zaien bidea begiz neurtzen bezela jartzen dira)
JOANES-EK: (negar eta parre, jorantsu) Gutxi palta da.
MIXIOLARIAK: Berrogeitxorenbat metro...
JOANES-EK: Berrogei... Orraiñokoa egingo al dugu, Jainkoa lagun... Aurrerakoa... aguro egiñaziko digu...
MIXIOLARIAK: ... Komisariak?
JOANES-EK: Noski ba. Komisariak, noski.
MIXIOLARIAK: Ezin zitekean onela baizik.
JOANES-EK: (azken indarrak bilduz bezela, gogatsu ta atsanka, bere buruari) Azkeneko txanpa oraintxe... Eman, Joanes!... Gutxi palta duk eta... gutxi oraintxe...
(Abiatzen dira. Bi guardien aurretik izkutatzera doazen bezela, pausu aldi bakoitzeko edo ritmuz arnaskatuz:)
... oso gutxi! ...oso gutxi! ...oso gutxi!...
(Izkuta bitez)
(Estratuari argigiten zeuden fokuak itzaltzen dira: Antzezlekua zearo illun gelditzen da, miñutu bateko ixillez.
Urrutira etxebarruetan argi liper batzuk, ipurtargi antzo. Miñutua igarotzeantsu, etxe barrutatik kanta zurruna aditzen da. Ez da aditzen, ez esaten, testua)
ETXEBARRUTAN: (ao itxizko doiñua, urrun erosta)
Ez dio beldur
illobiari
goldezuloko aleak.
Ezta guk ere.
Ereintza bait da,
Uztaroren ekarlea.
«Areitza zaarrak
Areitza barri»,
Gernikan dugu legea.
Illobi izan zan,
gudurik gudu
Zurekin bat erortzea;
oroi zenigun:
—«Ni naiz Berpizte...».
Amets dizugu zertzea!
(Kanta au asi ta bereala sartzen da antzezlekuan MISTER HAMILTON, bere linterna piztu ta itzaliz)
MISTER HAMILTON-EK: What's this? (Ezkerretik eskubi aldera doala) What's this? (eskubirago) Zer da au!?
(Aurreko kantak iraun bitartez sorgor tinkatzen da etxeetara so. Kanta bukatzean, bazter miaka asten da, kuadernua ta dauden tokiruntz, esanaz:)
Dana utsik. Ezta iñortxo ere plazan. (Kuadernua ta topatzean) Brebiari ta kuadernu biotxok bakarrik. Auxe dana kanposantu. Benetan illerri. Il-Erri!
Ikusten danez, orratio, etxebarruetako Euskal Animari ez dago ixillarazterik...
(Komisariaren urrun karraxi lau oetxek entzungo dira, urrengo salmuen bertsikulu tarte bakoitzean bat:)
KOMISARIAK: ¡Cállense!
¡Les ordeno que se callen!
¡Verán lo que les espera!
¡Lo que les espera!
ETXEBARRUETAN: salmuz, itzezteke:
Illobion negu: irurok etxape...
Gabon, Jesus. Gabon, Ama. Biar arte...
Ta amets... betikoa: (Aingeru Albiste...,
Goizargi boreal..., Aberri Berpizte...)
MISTER HAMILTON-EK: (kuadernua linternaz miaka dagoala) Zer pentsatu bear nuan nik!: Erri txiki onek onenbesteko drama ederra! (Kuadernuari so) Lastima! Euskeraz dago.
United Press-ekoek ez didate ulertuko. Kristauegia da, gaurko munduak sinistu dezan. Erri txiki batena da gaiñera, gizadiak kasu egin dezaion.
(Ixillunea)
Ea, ea bukaera nola? (Berebaitarako ixillik irakurtzen ari da) Aha! (Abotsez irakurriz) «ILLOBIAN BERPIZTE». Aha! (Zutitzen da ta abots anpatuz jarraitzen du irakurtzen:)
«Illobion gaudenok, Jauna, oraintxe bertatik berpizten ari gaituzu, sinisten dugun ala berpizten». Aha!
«Itxaropena dugu Fedearen Ama; ta Fedea..., Aberri Egunarena».
«Dagonetitxe, Jauna, dagonetitxe, Solferinoko itxuok entzuten gaude Pazku kanpaiak... ; eta ikusten ere bai, ikusten jadanik... Goizargi boreala!..., Aingeru Albistaria!..., Aberri Eguna!...»
(Urrengo Visioa edo Mirakizuna (?) astean linterna itzaltzen du. Adi-adi geratzen da bazter batetik).
(Pazku kanpaiak (magnetofonuan) asten dira; leenbizi, illaunki; gero, durundi garaiagoz, zalaparta gabe. Kanpaiak asita berealaxe, KRISTO BERPIZTUA agiri da, mirari bat lez, aidean bezela, ta bere gain itzok:)
«Onatx berpiztu ere».
(Visioa agertuz batera,
orkestak ekiten dio bizkorrenik «Salbatore gora da» doiñuari. Orkestaren joaldi au ez beza estali kanpai durundiak. Kanpaiak ixiltzean:)
PUBLIKU OSOAK, garaikiro, indartsu:
Surrexit: piztu zaigu
Jesus batbatean.
Praecedet vos: orra non
doakun aurrean,
Aritzerrin gidari,
ezilkor bidean...
—Pax vobis! Jeiki ta abil
Nerekin batean,
jeiki ta abil, Euskadi,
Eutasun Betean.
(Egunsentia asi da. Aurki egingo da eguerdi zoli. Orain agiri dira gauzak diran bezela. Berpiztua JOANES da estratuan zutik, tunika zuriz, eskubiz publikua bedeinkatzen eta ezkerrez Ikurriñeko letrak erakusten.
Orra ba leengo Aritzondoa, trabeskako agakia, leengo estratua, plaza, etxeak; eta, urrutira, teloi berrian, bi Mendi, Aritzondo zuti banakin. Oro garaipen. Oro apoteosi.
Irrintzi basatiar bat ere entzuten da Gurendaren albistari)
PUBLIKU OSOAK:
Ta ara Oriamendi
ta Artxanda gaiñean
bi Aritzondo tantaik
zer itz barrenean,
turisten jakinmiñak
ulerteziñean:
«Kristokin bizi ta illok
arizgurutzean,
onatx Berpiztu ere
Geutasun Betean».
MISTER HAMILTON-EK: (Orain arte Visioari sor ta lor egon ondoren, eufori gorenez, antzezleku ertzetik:)
Onu..., Erroma..., B.B.C France Présse..., United Press..., zertan goaz, Urlia baten liburura, «kristianismuaren agoni» billa? Atozte ta ikusi. Agoni ori onatx emen, emen!, bere iturburu jatorrenean, beste iñun baiño bikaiñago, Urlia orretxen Erri osoak bizia: etsipen eta itxaro, frakasu ta garaipen, ilnai ta bizinai...
(Tristeki) Baiño ez. Ez etorri. Alperrik zenduteke etortzea. Gaurkoz, ez daukazute ulertzerik Euskal Animaren guruzpidea. Ezta entzuterik ere. Jakiterik ere ez badanik. Bizi arazten diotenek ez diote uzten kantatzen!
(Ixillago, pentsakor) Bizi arazten diotenek ez diote uzten kantatzen!
Teloia.
(Teloia jetxi ta igo lebilkean bitartez, baita jendea eliz teatrutik ateratzen doan bitartez ere, Joanes Berpiztuak ez beza utzi Ikurriña zabalik erakustea bere letrekin. Aldiz, orkestak, txistu ta guzi, jarrai beza jotzen bizpairu aldiz Garaipen Himnua. Publikuak (jakiña: baita iltzat jotakoek ere. Baita Joxemingo ta Komisariak ere) kanta bitza azkeneko lau bertsuok bakarrik:
«Kristokin bizi ta illok
arizgurutzean,
onatx Berpiztu ere
Geutasun Betean».
Azkena
1940-1955-1958
|