www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Narrazioak
Jon Mirande
1951-1963, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

  hurrengoa

BEHIAK

 

«Horregatik gauzkakete jainkosatzat
herri zen baitetan eta jainkosak gara benetan.

(G. PENNAOD)

 

        Etxea eta etxekoak utzi ditut goizean eta soroetar joan naiz, nire herriko soro musker batera. Euria ari zen; hegalez zebiltzen beleak ortzean, min zahar ahaz-gaitzen aranak ene gogoan kuatuz.

        Baina musker zegoen belarra, eta mardul, eta behi gorrail batzu hor ziren alan.

        Ni heltzean, gelditu ziren alatzetik, niri so jarriz. Baita neuk ere so egin nian eta honela hitz egin:

        — Oi! behiak, jainkosa geldiok, ez asarre izan: ez natorkizue soroetako bake handia nahastera... Mindun eta apal bait nator, ez asarre izan...

        Eta behiak etzan ziren ene baranoan, geldi geldiak neri begira.

        — Behiok —nik esan nien—, ederrak zarete! eta laket zait zuen begien gentza hori. Ni, ordea, gizakume bat baizik ez naiz: nekatu naiz lanetan, min dut ene buruan, ene haragian...

        Eta behiek erantzun zidaten:

        — Zertarako, gizakumea? Lurra borobil duk; inguratzen duk; egun batek emana besteak zeramak. Baina belar muskerra gozo duk beti... Etzan hadi belar-gainean, atseden har zak!

        — Behiok —esan nien—, ederrak zarete eta laket zait zuen zaien margoa. Ni, ordea, gizakume bat baizik ez naiz: maitatu dut, min euki dut bihotzean...

        Eta behiek eni erantzun:

        — Zer duk bihotza, gizakumea? Lurra borobil duk, lurreko soro guzi orotan gozatzen gara naski, gu eta geure ahizpak, jauzten gaituelarik jainko-zezenak. Baina belar gozo jatea, are gozoago duk... Etzan hadi belar gainean, atsegin har zak!

        — Behiok —esan nien berriz—, ederrak zarete eta laket zait zuen ederra. Ni, ordea, gizakume bat baizik ez naiz: herriminez bizi nintzen hemendik urrun, eta ikusi herri hau dela ta dut orain min...

        Behiek, aldiz, erantzuki:

        — Zergatik min gizakumea? Lurra borobil duk: hemen eta han baduk soro muskerrik, hemen ala han belar gozoa duk berdin gozo... Etzan hadi gurekin belar gainean, eta ase ahaztuz.

        — Behiok! —behiei esan nien nik— eder eta zintzo zarete eta on da zuekin izatea. Ni haatik, gizakumea naiz, gizadimen minez, mindun... Entzun; nire anaia bat lehen zuetaratu zen, jainko gose, zuen jaikotsaratu. Galdu dut anaia hori, galdu dut nere jainko gosea. Esaidazute! Berriz edireiterik eta anai-jai berririk izanen da geroan?

        Behiek, ordea, ez zuten aldi honetan erantzun, baizik luze luzaro eni begiratu. Eta heien begietan nabaitzen nuen... farre algara handi, isil bat... Orduan nik ere farre egin nuen behiekin batera. Belar gainean etzan nintzen haien artean, goizeko ekiak, bere euri-odei ohetik jautsirik, argitzen gintuela, belardiak, behiak eta ni.

(Zuberoan, 1951)

 

  hurrengoa