ENE EUSKARIA!
O, Euskaria, Euskaria!
Atzo zoriontsua ziñan Euskaria!
Gaur leizean zakusdan Euskaria!
Noruntz ank'auek darabilzkiket,
ta nun orain ikus ditzaket,
nun, illundu ziran garaiak,
nun, joan zaizkigun oiturak?
Nun Aitor-aztarnak billatuz
ene begiak doazteke gozatuz?
Gau beltzean begia ernaituz,
noruntz noake arkituz
ezer etzeran baratzean
toki baxterren batean
lore igartu artean
izan zeran guztia?
Noruntz doazte, noruntz abesti aiek,
noruntz biguintzen gogoaren gogorra
zabalduz ospea oitura garbi aiek?
Noruntz urratzen doazte
ustelkeriaren laño beltza?
Gure izaerak lo datza
eta arrotasunean bildurik kanpotik datorkizu
loikeriaren gar eta sua.
Zenbat Euskaria supritu bear dezun!
Zenbat oitura zitalek loitzen zaitun!
Zenbat atzerritasun salkindar lagaz
Zenbat euskerari epelkeri ta isekagaz
Zure gogoa dagon itun!!
O! Betiko Jainkoa!
Euskaria irazan ziñun Jainkoa!!
Noiz arte tximist ikaragarria deusezteko
loitzen gaitun izaera dezu gordeko?
Noiz auts biurtuetatik piztuko
maitasun-biguin ta baretasunen illargia?
Noiz azkatasunaren eguzkia?
O, zuek, ere maitagarri ederrok
aditu zuek ere itz auen ok!
Gure mendiak itun dagoz
entzun egiñik zuen abots.
Ega biguinez joan ziñaten atzerriruntz
zoriontasuna utzirik emen uts,
eta orain atsegiñean noski zabiltzate
bañan euskoak emen negar dagite.
Atozte, bai, atozte, maitagarri ederrok,
lenengo laño txuri-gorriskari elduz
atozte, bai, atozte, maitagarri ederrok,
Ortzea ega zorunez astinduz,
Abesti ainitzez ase dezagun egarri.
Lañozko soinekoz ekarri
gure mendian zan lorerik ederrena,
AZKATASUNA izenez zuna,
Euskariaren aberastasun aberatsena.
O azkatasuna! azkatazuna!
Noiz ZUAITZ DONEAREN kerizpean
agintzen zaitugu arkituko?
Zabalduz ospea ludian
Noiz Euskaria degu ikusiko?
Noiz, Noiz?...
Dagigun negar bitartean
negar, negar bai ixilpean,
etsayak ez poztutzean.
Abestu dezagun mendi erpiñetan,
indartuz itxaropena biotzetan.
Gure malkoak urtatzera joan bitez
ZUAITZ DONEA ez dedin il legorrez.
Piztu gure begiak dagigun.
Mendiruntz anka-besoak erabilli ditzagun,
etsayak aurkitu ez gaitzan aul iñun.
Aberriari odola opa dezayogun
Illobi aintzagarri bat eman dizagun.
El Día, 1935-VII-12
«O, zuek, ere maitagarri ederrok» ez ote «O, zuek, ene maitagarri ederrok»?
|