www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bi ahizpak
Xabier Lizardi
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

aurrekoa hurrengoa

LEHENENGO EKITALDIA.

(Etxe-barru txiro, baina txukuna: mahaia, aulkiak eta abar Ezkerretara, ate bat. Atzean, beste bat, eta leihoa ere, biak baratzera urratuak).

(Pantxike ta Manttoni, ahizpa Nezkazaharrak urterik haiei antzematen ez da erraz —elkarren aldamenean eserita daude, dirua mahai-gainean zenbatuz. Zenbatzailea, Pantxike, Manttoni, ahizparen beso-gainetik begira).

 

 

I.

PANTXIKE TA MANTTONI.

 

PANTXIKE: ... eta bederatzi, berrogeita bi ... ; eta bost, berrogeita zazpi ... ; ta zortzi...

MANTTONI: Bart arratsean adina, Pantxike?

PANTXIKE: ... berrogeita hamabots ... ; eta zortzi... Bai, Manttoni bart arratseko kontua ateratzen zaidan. Honenbeste ez geninan jaso San Juan aurreko azokaz geroztik.

 

(Zenbatzen jarrai beza, isilik, Manttoni oro begi. Halako batean, herriko erlojuak kanpai bat: Manttoni'k burua jaso).

 

MANTTONI: Pantxike!...

PANTXIKE: Manttoni ... ? (Bere zereginari utzi gabe).

MANTTONI: Zer ordu dinagu?

PANTXIKE: Al zekinat!... (Isilune laburra) Bederatzi eta erdiak, ustez.

 

(Diruak poliki antola bitza mahai-kutxan —kaxoian—)

 

MANTTONI: (Jeiki, zapi bat hartu, eta erridiei hautsa kenduz). Ez zekinat irudipena dudan, baina, Amabirjinetako prozesioaz geroztik, burua etzaukanat bere onean. Izan ere, halako eguzkiak hituen egun hartan!... Hamar eta erdiak direla esan bahidan, berdin-berdin sinistuko nian... Halaz guztiz ere, hamar eta erdirik ez dela banekinan!

PANTXIKE: Bederatzi eta erdikoa izan dun.

MANTTONI: (Etsi-etsian) Bederatzi eta erdikoa, alegia

PANTXIKE: (Isilune baten ondoan). Hi ez hago onik, Manttoni

MANTTONI: Onik ez ote nagon, ba?... Ez ezan uste: buruak ematen zidan hori batzuetan...

PANTXIKE: Leandro jauna deitu behar huen... Urteak,

MANTTONI: adina dabilkin hik atzetik!

MANTTONI: Adina atzetik! Zertarako behar ote natzaion?...

PANTXIKE: «Okel-erre»neko atsoa ere horrelaxe ibilia dun. Azkenean, sendagileak «rizinoa» eman zionan, eta bertan bota zizkinan haize txar guziak.

MANTTONI: Haizeak? Hizea besterik ez, Pantxile? (Sorbaldak uzkurtuz) Izan ere, «Okel-erre»neko atsoa ... !; behiaren gorotza ere, sendagileak emanez gero, pozik jango zikenan hark...

PANTXIKE: Badakin, Manttoni, ama zenak ere, urteek menderatu zutenean

MANTTONI: Enetxoa! Amarena ez dun berdin: hura bi alaba eginik huen!

PANTXIKE: Eta zer zion?

MANTTONI: Ai!, asko, PanIxike!... Leandro jaunak ondotxo zekin... (Aldapena) Baina, horiek ere, enetxoa, hartzeko kanpaia denean ditun azkarrak! Gainontzean?: inoren osasuna zaintzeko, bazekinat nik horiek hainbat... Zer egiten dinate, ba?... Zereko jakintsuak!... Jendea asperrarazten besterik etzekinate eta ... !

PANTXIKE: Adi ezan, adi ezan... Gazte, berri, Madrilgoa edo delako hori... —zera, «Boxt»eneko goian bizitzen jarri dena... —hori azkar porrokatua omen dun, ba...

MANTTONI: Azkarra, beraz? Azala, esan bahuen!... Bazterretan neskatxa gazteei goxokeriak esaten... ; horretan azkarra omen dun. Katalinek dioenez!

PANTXIKE: Uuu!... Katalinek! Ikusi ere egin al din, ba hura?

MANTTONI: Ez; ikusi ez!... Hitz egin ere!... Eta, guzia jakin nai ba-dun, besotik heltzera egin eta ozta-ozta ihesi ahal izan omen zionan!

PANTXIKE: Ut, txatxua hi berriz! Dena sinisten dun! Hark gizonezkoari urreratzen ez utzi!

MANTTONI: Ba, ez dun bakarra... Hor zeuden «Atarramentu»neko neska, eta «Txepetx»enekoa, eta Ixabel bera ere, emakumea!...

PANTXIKE: Ixabel!

Mant-. Ea: Alkateak «señorito» hori herritik bidaliko ote duan ere zabaldu dun eta... Izan ere, nik beti esaten dudana: arrotz xankarne horiek dinate hemengo neskatxei esan beharra? ... Botako nitizken denak ibai zabalera?

PANTXIKE: Um!... Hiri ere zertxobait goxo esanez gero

MANTTONI: Ui! Hara bestearen ateraldia! Ez al zidatenan esan, izan, horiek baino galai ederragoak! Bai makinatxo batek!

PANTXIKE: Eta, nezkazar gelditu hintzen?

MANTTONI: Eta hi?... Honek eman zizkigun ederrak!

 

(Isilunea. Etxe-lanetan hasi bitez Pantxike, altzoan otarra hartu eta babarrun-zuritzen. Manttoni'k, etxe-garbiketa buka, erratza baztertu, eta tresna oro antolatzen dihardu).

 

PANTXIKE: Bihar igande... —Oilaskoa hilko ote dinagu?

MANTTONI: Bai Pantxike, il dezagun... Hain xuxen ere, oilasko-gose nagon aspaldi honetan.. Eta zer da, guzia ere? Haragia baino garestiago ez zetorren, eta!

PANTXIKE: Ez garestiago, dion? Merkeago esan nahiko dun! Bai hainbat! «Kazkazuri» harakinari galde bestela... Lapur galdu bat besterik ez dinagu hori. Horrena gehiegikoa dun. Utziko al dinagu guzion artean etxea bete okel!

MANTTONI: Asmatuko liguken orduan ere hark lapurreta-bidea!... Baina, horiek horrela direla, noan oiloetara.

 

(Aterantz bihoa, «eskalaproietan» oinak sartuz. Irten-haginean, geldi bedi. Aizpak burua jaso du, eta biak beude adi. Baratzako ate-hotsa, gero oinhots astuna, gero hutsa. Berehala, norbaitek ataritik, ahots lodiaz):

 

ALKATEA: (Ataritik)... Eup! Ez al da inor bizi?

 

(Horren ondotik, isilune luzea berriro. Neskazar biak, beren hartan geldi. Atarikoak, ozenago:)

 

ALKATEA: (Ataritik)... Eup! Ez al da bizi inor?

 

(Manttoni'k nozbait ere burua atera beza:)

 

MANTTONI: Ene!... (Burua iraduz berriro sarturik) Pantxike, Alkate jauna dinagu!

 

(Betor Pantxike'rengana. Honek babarrun-otarra mahai-azpian gorde beza. Biak, eskuak mantalaz igurtzi ondoren, bihoaz baratza-aterantz, agurka. Alkatea ager bedi atean).

 

 

II.

PANTXIKE, MANTTONI ETA ALKATEA.

 

ALKATEA: Pantxike, Manttoni; barkatuko didazue zuek nahaspilatzera etorria...

MANTTONI: Gu nahaspilatzera, Alkate jauna? Bego isilik! Berorren etxean sartu dela egin beza. Hementxe; eseri hementxe...

PANTXIKE: Hemen, hemen: besaulki honetan hobeto egongo da. Eta, andre Ageda onik dago? Eta txikiak? Hain xuxen ere atzo ikusi nuen txikiena...

 

(Alkateak hitz egin nahi luke, baina tarterik ez diote ematen).

 

MANTTONI: Esaion Alkate jaunari, Pantxike, esnez behartuz gero, bere etxerako lain izango genukeela...

PANTXIKE: Horixe bai, alegia! Ez gehiegirik dugulako, baina...

MANTTONI: Haurrak zer diren badakigu; haiek, eman ahala garbitzen baitute!

 

(Alkateak berriro ere hitz egin nahi, baina alferrik)

 

PANTXIKE: Oraintxe joateko nindunan, hain xuxen ere, Alkate jaunarenera. Baditugu ilar batzuk berebizikoak, eta beharbada andre Agedak pozik hartuko lizkiguke. Badakigu berori oso zalea dena, Alkate jauna...

MANTTONI: Aurtendaino, bederik, zerbait eman izan digu lurrak. Hemendik aurrera lanak... Hor gaineko etxe zahar hori egingo balute, agur gure eguzki goxoak!

PANTXIKE: Nolanai ere, guzien onerako ez al da ondo ematen duten baratzak ez ondatzea?

 

(Alkateak hitza atera nahi: besteak tarterik ez ematen):

 

MANTTONI: Bai nik uste! Eta..., Madrildarra omen da, hain xuxen ere, gaineko sail hori erosi duena...

PANTXIKE: Madrildar nahiz donostiar, erosteko eskubidea badin. Baina... nolabait, Alkate jauna, gain horretan etxerik egitea galerazi ahal ba-liezaioke...

MANTTONI: Hori, hori, bada! Ez da guregatik bakarrik,noski: berorrek badaki, Alkate jauna

ALKATEA: Bai, bai ikusiko dugu, ikusiko dugu, inondik ahal baliteke... Baina, orain-oraingoz, badut beste arazo bat zuekin lehenago erabaki beharra... Jakin nahi nukeena.... tira.... nola esango nuke?..., alegia, mesedetxo bat egin nahi ote didazuen...

PANTXIKE: Mesedetxo bat...

 

(Elkarri kezkaz begiraturik)

 

ALKATEA: (Isilune baten ondoan) Hara: hauxe da guzia. Udako oporraldia (barkazioak) bitarteko, mutiko umezurtz bat etxean artuko al-zenukete...

 

(Isilunea. Ahizpak, elkarri ondo begiratu ondoren, atsekabez hitz egin biezaiote)

 

MANTTONI: Ai, ai, ai! Ai ene!... Eta non sartzeko guk haur gaixo hori?... Biok ere oxta-oxta hartzen gaitu txabola xar honek-eta...

PANTXIKE: Izan ere, nolatan hartu etxean inoren haurrik, non etzan ona-eta ez eskaintzekotan?... Gure ezerez gorrian!... Hori dago bada!

ALKATEA: (Zer-erantzun bila, baina aurkitu ezinik) Tamala da...

MANTTONI: Eta nondik norakoa genuke haur hori?

ALKATEA: Donostiakoa... Hogei bidali dizkidate, eta han-hemen banatuak nituen guziak. Zuei ez dizuet adierazi ezer, tokiz oso urri zaretela bai banekien. Baina, azken orduan, zer gertatuko-eta, Etxezuriko atsoa gaixotu... Gaur goizean; mutil kozkor horiek iritsi direnarekin batera! «Etxezuri»koa hiru hartzekoa nuen, eta horra, orain hirurok beste norabait zuzendu behar... Ni bi hartuta nago, eta gehiagorentzat tokirik ez... Donostiako Udalaren eskoletakoak dituzue, eta nik ere, jakina, hango Alkatearekikoa ondo egin nahi, eta...

PANTXIKE: Hauxe da, ha, lana; eta guk inola ere ezin!

MANTTONI: Besterik inork herrian ez ote litzazke hartu?

ALKATEA: Haur bakoitzeko eguneko duroa eta saria

 

(Isilunea. Ahizpak geldirik)

 

PANTXIKE: (Erruki-hasperen larri bat boteaz) Aingeru gaxoak!

MANTTONI: Kale gorrian uztea ere Jainkoak ez din agintzen, ba!

PANTXIKE: Bihotzik duen kristauak ezin lezaken hori egin, Manttoni

MANTTONI: Atari soilean, alajaina, errukarri horiek! Gurera ez-eta, nora joan behar dinate, bada, esaidan? «Txanbolin»enera?... «Prakax»enera?...

PANTXIKE: «Txanbolin»enera, enetxoa!

ALKATEA: Gizarajoak, zortzi baditu bereak-eta...

MANTTONI: Ez dago zer esanik gehiago, tira!... Mutiko gajo horiek bidal biezaizkigu, Alkate jauna!

ALKATEA: Baina... hirurak behar dituzue?

MANTTONI: Hirurak, hirurak!... Zer egingo dinagu, ba, Pantxike?

ALKATEA: Non sartu behar dituzue, ordea?

MANTTONI: (Eskua bularrean duela) Bihotzik badinagu, ala ez dinagu, Pantxike?

ALKATEA: Bai, hori hai; baina oztopo haunditxoa izango da zuentzat... Tokirik-eza...

PANTXIKE: Tokia? Antolatuko dugu, nola hala! Manttonik dioena, Alkate jauna: bularpean zerbait dugunok... Beheko gela, haundi-askia da... Gu mandioan etzan gintezke.

ALKATEA: Mandioan, emakumea? Eta ez al litzateke egokiago mutiko horiek han sartzea?...

PANTXIKE: Gaixoak! Ikusiko balu, Alkate jauna, gure mandio hori!... Eguzkiak eta haizeak bere mende dute zeharo hartua: ez al da hala, Manttoni?

MANTTONI: Ametsetan ere, berorrek ez luke han bere burua ikusi nahi... Baina, moldatuko ahal gaitun, enetxoa! (Ahizpari) Ez bedi estutu, Alkate jauna.

ALKATEA: (Zutik) Atsegin haundia eman didazue: oso zarete onak eta bizkorrak. Etxean ditugu mutilok: berehala ekarriko dizkizuet.

 

(Isilunea. Alkatea aterantz)

 

PANTXIKE: (Ez-arian bezala). Egunero duroa esan du, ez da hala, Alkate jauna?

ALKATEA: (Geldituz) Bai, haur bakoitzarengatik egunero duroa. 0, eta txintxo ordaintzen duen jendea da! Ea, begira: Donosti bateko Udalak!... Jakina, nahikoa nahaspilatuko zaituztela mutil horiek; baina hilabete azkar joaten da...

MANTTONI: (Isilune baten ondotik) Hilak zenbat ditu gaur, Pantxike?

ALKATEA: Dagonilak (Abuztuak) hogeita seigarrena, egutegiak gezurrik ez ba-dio.

 

(Ahizpa biak isilik. Badirudi era bereko zenbaketak egiten ari direla. Alkateak aterantz egiten du).

 

ALKATEA: Esandakoa, bada: berehala hemen gara.

PANTXIKE: Bai, bihoa Alkate jauna, haur gaixo horien eske, guzia antolatuko dugu eta.

ALKATEA: Bost minutu barru hemen gatoz.(Bihoa).

 

 

III.

PANTXlKE TA MANOLI.

 

MANTTONI: Bai, egina zagon, Pantxike: haur errukarri horiek, nola utzi behar genizkinan, bada, atarian?

PANTXIKE: Hago isilik! Alkate jauna hori esaten ari zela, xamurtu zaidan barren guzia. Pozik ikusi izango nizkinan orduantxe bertan hirurok atetik sartzen!

MANTTONI: Nik dakizkidan zenbaitek ez zinan, ez baiezkoa hain erraz emango...

PANTXIKE: Bai; irrikitzen nagon, zein etxeetan hartu dituzten jakiteko. Zeken asko baitzagon bazterretan: zeken asko!

MANTTONI: Entzun dun: Etxezurikoak, alajainena!, hiru hartzekoak omen hituen... Baldinbaitere! Haiek duten etxea izanda: hau adinako lau badun-eta. Hamabi hartu balizkinate ere!...

        Banoan, banoan oiloetara, mutiko horiek iritsi bitartean. (Atetik) Hara, berriz: andre Madalen dinagu.

 

(Bihoa. Pantxikek babarrun-otarrari ekiten dio berriro).

 

ANDRE MADALEN: (Ataritik) Bazoaz, Manttoni?

MANTTONI: (Berdin) Oiloetara, andre Madalen, oiloetara: berehala nator. Sartu, sartu, Pantxike hor duzu-eta.

 

(Andre Madalen ager bedi).

 

 

IV.

LEHENGOAK ETA ANDRE MADALEN.

 

ANDRE MADALEN: Egun on: zer dugu, Pantxike?

PANTXIKE: Hementxe ari gara, andre Madalen...

ANDRE MADALEN: Babarrun-zuritzen?... Adi ezazu, adi ezazu eta zuek hartzen omen dituzue Etxezurira behar zuten mutikoak, eee?...

PANTXIKE: Ene, mila bider! Badakizu dagoeneko? Nork esanda?

ANDRE MADALEN: Matxin Bizardok esan dit: oraintxe topo egin dugu biok.

PANTXIKE: Eta Matxin Bizardok nondik zakin?

ANDRE MADALEN: Erretore jaunaren bidez, noski, erretoreari alkateak esanda.

PANTXIKE: Tira ba, bai: egia da. Pentsa ezazu, Alkate jaunak bere larritasuna adierazi digunean! Eta bakarra hartuko genuelakoan zetorren gizarajoa. Baina, errukia tartetik denean, andre Madalen ... !

ANDRE MADALEN: (Batere sinisten ez diotelarik) Horra ba!... (Eser bedi) Eta, non sartu behar dituzue!

PANTXIKE: Antolatuko dugu zerbait, ez dago estutu-beharrik... Eta, esan, esan, zuk jakingo duzu-eta: zeinetan-beste hartu dituzten...

ANDRE MADALEN: Haurrak, alegia?... Bada..., bata Alkatea, bestea Erretore jauna, biok bina. «Ttonttor»enekoak, bat. Herrenaren alargunak, hiru. Eta zuek ... ; baina zeuon berri bai al dakizue... A eta, zera..., «Xukutx-eztul»enekoak, «Argiña»neko atsoak...

PANTXIKE: «Argiña»nekoak zenbat?

ANDRE MADALEN: Bakarra.

PANTXIKE: Bakarra? Xuhurra, ez bestelakoa!... Eta «Xukutx-eztul»enekoa ere esan duzu ... ?

ANDRE MADALEN: Bai: lau hartzen ditu.

PANTXIKE: Baldinbaitere! Hark ez hartzezkerotan! Inoizko zimelkerien ordainetan, nonbait! Eta nork gehiago?

ANDRE MADALEN: Nik dakidanik... (Atarian hotsa Andre Madalen jaiki bedi) Hara, hor dituzue mutikoak! Banoa ni.

MANTTONI: (Ataritik) Sartu, sartu, eder horiek! —Ederki eman ere!, ez jauna, ez: berori aurretik.

 

(Alkatea sar bedi, atzetik Manttoni duela, eta hurrena hiru mutil kozkor, seinatik bederatzina urtekoak. Bi zaharrenek begiak noranai dabizlkie, ikusminez. Txikiena, negarra dariola).

 

 

V.

LEHENGOAK, MANTTONI, ALKATEA ETA HIRU MUTIKOAK.

 

(A. Madalenek, berehala alde).

 

ALKATEA: Hauxe duzue etxea, mutikoak. Andereño txintxo hauek hartu nahi izan zaituzte. Egun on, Madalen.

ANDRE MADALEN: Jainkoak digula guzioi.

 

(Bihoa, irteterakoan ate-atean pitin baten gelditzen delarik. Mutikoak elkarri egotzita beude).

 

PANTXIKE: Ez beldurtu, eder horiek, ez beldurtu. Ikusiko duzue zein ederki egongo zareten hemen. (Zaharrenari): Izena zer duk hik, maite?...

IÑAKI: Mendiburutar Iñaki, andrea; donostiarra, eta berorren mirabe, zernahitarako.

PANTXIKE: Alajaina!, ez dun hau oso tuntuna. (Bigarrenari): Eta zuk?

XABIER: Ni naiz... Xabiertxo.

ALKATEA: Alkortatar Xabiertxo. Aita itxasoan galdua du. Ama, sare-konpontzallea. Bestearena, oilo-saltzailea.

MANTTONI: (Txikienari): Eta zu ttipitto, nor zaitugu? (Haurra isilik) Hara!, katuak jan dio mingaina... (Besteei): Mingainik badu, ala ez du?

IÑAKI: Bai, bai: izketan ondo daki orrek, gogoak ematen dionean.

MANTTONI: Triste al hago, ba, gaixo hori? Amarengana aurki joango haiz berriro, gizona.

ALKATEA: Ez: ama hila du honek. Yontxu du izena. Abizena..., ahaztu zait. (Paper batzuk sakeletik atera eta Pantxikeri daramazkio) Hara: guzien nondik-norakoak hortxe jartzen ditu garbiro. Ea, bada, Pantxike, Manttoni: nitaz behartzen bazarete, deitu, noiz-nahi. Eta zuek, mutikook... Baratzera pixkatean bidaliko bazenitukete, horixe onena.

MANTTONI: Ederki esana. Hartaraxe etxe berriaz etsiko dute errazena.

ALKATEA: (Maitero) Loreei pakean utzi behar zaie, gero!

 

(Bihoaz Iñaki eta Xabier, zalaparta bizian, baratzera. Yon, geldirik ate-aurrean. Oso da txikia. Besteengana ez ausartzen, baina pozik joango ote litzatakeela ere badirudi. Tarte luzean, besterik ez bedi entzun, bi zaharrenen oihu alaiak baizik. Pantxike'k berriro babarrun-otarrari bekio. Manttonik mantala erantzi, jantzi berriro, aulki hori honantzatu, lehengo tokiratu berehala Biek dirudite pittin bat beren onetik ateraraziak. Halako batean, mutikoen garrasi biziagoek ikaratzen dituzte).

 

PANTXIKE: Ikus ezan non dabiltzan txerren horiek.

MANTTONI: (Aterantz doala) E, e! Bihurriak, alaenak! Hortik ez dela ibili behar! Harrapatzen badizutet atzealdea! (Urduri sartuz) Letxu tartean, makilka, Jaungoiko maitea!

 

(Bat-batean, txikiak laisterrari ekiten dio, besteekin jostatzera joan-beharrez. Baina, Pantxikeren deihadarrak zakarki geldiarazten du):

 

PANTXIKE: Aizak, aizak, txepetx! Hator hi honantza, babarruna zuritzen laguntzera.

 

(Txikia betor Pantxikerengana, begiak lurrera dituela, eta exer bedi haren oinetan)

 

MANTTONI: (Berriro aterantz) Ea mutikoak. Zatozte pixkatean.(Berriro betor barnerantz) Non lo egin behar duten erakutsiko zienat.

PANTXIKE: Erakutsi iezaien, bai.

 

(Iñaki betor aurrena, atzetik beste biak laisterka bizian).

 

XABIER: (Arnas-estuka) ikusi al duk nolako urazak?

IÑAKI: Haien buruak! Ez zaudekek txarrak, olio-ozpinetan.

MANTTONI: (Zain dagokie eta, behar bada berak nahi baino zakarkixeago, ala dietsa:) Begira gero, ez zaitzatedan nik harrapatu berriz nire letxueri ostikoka.

 

(Mutikoek burua makur. Manttoni eskuneko aterantz bihoa)

 

        Zatozte, ea: zuen ohetokia erakutsi nahi dizutet: mandioan duzue.

 

(Bihoa. Bi mutiko zaharrenak atzetik. Zurubi estuan gorako hotsa Pantxike eta txikia bakarrik geldi bitez, biok babarrun-zuriketan).

 

PANTXIKE: Yontxu dut izena, beraz? (Muttikoak buruaz baiezkoa ozt-ozta, neskazaharrari begiratu gabe) Yontxu... eta, zer gehiago? (Muttila isilik. Orduan, Pantxike, Alkateak emandako agiriei begira has bedi) Intxaustinekoa, ez da hala? (Buruaz, baiezkoa. Isilunea. Babarrun-zuriketa, eten-gabean. Pantxikek, astiro, goitik behera mutikoa azter beza) Eta norekin bizi haiz, ba, txiki? Amonatxoarekin? (Besteak ez erantzun) Izekorekin? (Buruaz, baiezkoa) Eta nolakoa da, ba, zuen etxea? Behiak ba al dituzue?...

Yontxu'k- (Burua jaso, eta, bat-batean atsoa harriarazten duelarik, haren mutur-muturrean parre-purrustaka).

        Ja, ja, ja! ... Hauxen da barregurea!... Behiak, alajaina, Donostiko kalean!!

 

(OIALA)

 

aurrekoa hurrengoa