www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Epaya
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Antzerkia, Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

   

EPAYA

(atal bakarreko antzerkija)

 

 

ANTZEZLARIAK

 

        Epaillemia (Jueza)

        Epailleme lagun bi

        Latarime bi (Abogada bi)

        Luke

        Txiñelemia

        Iru zinaldari (Testigu)

        Erritar emakumiak

 

 

LENENGO ZATIJA

 

Epailliak batuten diran areto ederra, jazokunaren tokija. Juez, abogadu eta gareitikuak emakumiak ixango dira. Alde baten arki pillua erritar emakumientzat, bestian mai zabala, epailleme edo juez emakumia ta bere alboko emakume bijentzat. Ertzean jarleku bat zinaldarijentzat. Banan-banan sartuko dira zinaldari oneik. Arkitxu bitan jezarrita demandan datorzan senar-emazteak. Oyala jasoten danian erritarren eta mai-buruko jarlekubak beterik. Ate onduan dabil txiñelemia.

 

EPAILLEMIA: (Tirrin bati eragiten dautsola) Goikuaren ixenean, epaillemiok zin egiten dogu (juramentu) toki onetan egizko zuzentasuna (justicia) erabagiko dogula.

ERRITAR BATEK: Esku onetan dago panderuba!

EMAKUME-GUSTIJAK: Ja-jaja-ja!

BESTE ERRITARRAK: Panderuba esku onatan dago, baña gixonik eztogu ikusten dantzan egiteko!

EPAILLEMIA: (Zutunik jarriko da) Txiñeleme orrek, lotsa galduko andra oneik kanpora atera egixuz. Epaillekuba eztalako barre ta burla egiteko.

TXIÑELEMIA: (Emakumiak kanpora ataraten asi da, baña alperrik, ezin da ezer egin onein zaratakaz) Itz-egiten dauna, rasta, kanpora jaurtiko dot gero. Toki onetan berbarik ezta egiten, ixilik entzun baño.

ERRITAR BATEK: Zetarako etorri gara ba? Monjategija dogu au ala?

TXIÑELEMIA: Esan dot, berbarik geyago ez egiteko! Errespeto geyago euki biar da zuzentasunaren tokijan.

IRUGARREN ERRITARRAK: Barriketa lar dakarzu, latarimia (abogadea) bazintz be...

TXIÑELEMIA: Zer...? Latarimia enaz, baña emakumia naz itzegiteko!

EPAILLEMIA: (Tirrina joten daula) Ixilik, ixilik emakumeok! Zeyant be etzagoze ta. Demandara datorzenak, sartu daitezala.

 

(Txiñelemia badua demandakuak billa).

 

 

BIGARREN ZATIJA

 

(Bakotxak bere albuan latarimia dakarrela, sartuten dira senar-emazte bi. Ogeta zortzi urte inguru daukoz emakumiak, ogetamar urtedun senarra. Gustijak ixilik dagoz.).

 

EPAILLEMIA: Latarime (abogada) aldeztzaliak (defensora) berba egin begi, gixon onen aurka dagozan zergaitijak azalduteko.

LATARIMIA: Epai-mayaren baimenagaz...

ERRITARRAK: Geu ezkara iñor ala?

LATARIMIA: Zubek lotsabako batzuk. Zer esango neban ete dakixube? Baimena zubei eskatu biarrik eztaukot ialagalakuok!

ERRITARRAK: Gura be eztogu zeulako emakume mixar baten agurrik!

LENENGO LATARIMIA: Ori esan dauna zutunik jarri daitela ia.

ERRITARRAK: Zer ba? Geure kontra be egin gura dozu ala? Naiko eztozu or dagon gixon koiteduba?

EPAILLEMIA: Emakumiok: ixilik ezpazagoze kanpora juan biar zarie. Eta zuk (latarimiari), orrein itzai yaramonik egin barik, ekijozu zeure lanari.

LATARIMIA: Eurek asi dira lenengo.

ERRITARRAK: Ez, zeuk agurrik eztauskuzu egin eta...

EPAILLEMIA: Alde batera itzi barriketak eta asi zaitez.

LATARIMIA: Emakumiok: emen nator orain arte sekulan ikusi eztan arazo bategaz. Gixon onek bere emazte ona jo dau...

LAUGARREN ERRITARRAK: (Aurrian dago) Sekulan eztala ikusi orrelako gauzarik? Neure bestaldeko gixonak amaikatxu bidar joten dau bere emaztia ba!

BOSTKARRENAK: (Atzian dago) Zer, zer? Neu joten naula? Noiz ikusi dozu neure senarra ni joten, ba? Olakorik esateko, be, lotsabako, zantar, mamala, petral orrek!

LAUGARRENAK: Bai orixe! egija da ta barriz be esango dot. Atzo be jo zinduban eta.

BOSTKARRENA: Zeu, bai zeu! Lapikuan uliak baño eztauz aurkituten senarrak eta joten zaitu.

LAUGARRENA: Zeure etxeko lapikuan ostera bixerrak, bigote-erria ori. (Ikeragarrizko txilijuak dira. Tirrina joten dau epaillemiak. Bakia egin ostian).

EPAILLEMIA: Egongo zarie ixilik?

LATARIMIA: Len esan dodan legetxe, emen gagoz senar anker onek egin dabena ikusi ta zigortau daigun. Meresi dabena artuko dau. Latarimiak garalako, iñork uste badau negarrai begiratuko dautsoegula, ezta bide onean...

LENENGO ERRITARRAK: Noren negarrai? Emaztiarenai? Palukadak artu dauzanaren negarrai?

BIGARRENAK: Bai zera! Eztira ixango senarraren negarrai, barre majo egiten dau-ta.

LATARIMIA: Baña aurrera jarraituko ba dogu, zinaldarijak (testiguak) zer diñoen jakin biar dogu.

EPAILLEMIA: (Txiñelari) Zuaz eta ekarri egixuz zinaldarijak, banan-banan.

 

 

IRUGARREN ZATIJA

 

LAUGARRENAK: Oraintxe entzun biar doguz entzutekuak! Ene bada ta auzokuak datorz arazo onen azalpenak agertuten! Barriketia ixango da.

IRUGARRENAK: Etxeko gora-berak jakingo doguz beintzat. Au poza!

BOSTKARRENAK: Bayetz jakin etxian zer jazoten dan, asi beti eta goirano?

ERRITARRAK: (Gustijak batera) Emen datorz. Gagozan ixilik.

 

 

LAUGARREN ZATIJA

 

(Zinaldari izango dan emakumia sartzen da. Onek zin-egin ostian, bestiak be banan sartuko dira).

 

LATARIMIA: Emen dator egi utsa esaten emakume zintzo au. Garbi entzun gero esango dauskuna.

EPAILLEMIA: Areto erdira etorri bedi (Txiñelak dakar erdiragiño) Ona etorri zara egija esateko asmoz. Epaileku onetan gaur erabagiko dan demandea lakorik ezta iñoiz entzun ixan.

LENENGO ZINALDARIJA: Ez geure etxera etorriko ba zintz eguneko demandea dala, jakingo zeuke. Ezkondu barik zagozala ikusten dogu.

EPAILLEMIA: Ezkondubakuok naiko zereginik daukogu zuben lepuan jausten diran zigorkadak entzutiagaz.

IRUGARRENAK: Len sekulan ikusi eztan gauzea zala, eztozu esan ba?

EPAILLEMIA: Esan badot be zer zeuri? Gura dodana esateko ta egiteko enaz epaillemia ala?

GIXONAK: Esku onatan jausi naz! Gura dabena egiteko badago!

 

 

BOSTGARREN ZATIJA

 

BIGARREN LATARIMIA: Zinaldarijok euren esamesak egiten asi bano lenago itz-bi: Emakume pillo baten artian emen daukozube, gixon gaxo au, beste batzuk be sarri egin daben egite bat egin daulako. Protestetan dot ba ona ekarri dozubelako.

EPAILLEMIA: Aritik kanpora zabiltz. Eztaukozu zetan esan olakorik, zer egiten dogun ondo dakigulako.

BIGARREN LATARIMIA: Ixilik nagon ba.

LENENGO LATARIMIA: Garciatar Emerentzianek agertu begi gixon onen aurka edo kontra daukozanak. (Zinaldarijentzat daguan jarlekura daroe. Epaillemiaren albuan dagonak, itaunduten dautso)...

EPAILLEME-LAGUNA: Jaun-Goikuaren ixenean zin-egiten dozu egija esango dozula?

GARCIA: Bai, zin-dagit.

LENENGO LATARIMIA: (Garciari itaunduten dautso) Zenbat urte daukozuz?

GARCIA: Ogetasaspi.

IRUGARRENAK: Goikuaren ixenean zin-egin dozu, egija esateko to on diñozu? Zeure zinai zinistuko dautsoena, toki onean dago.

GARCIA: Zenbat daukodaz ba?

IRUGARRENAK: Eztakit. Baña ogetasaspi baño geyago bai. Neuk daukodaz ogetasei, ta neure aldian zarra zara.

GARCIA: Ogetasei bi biar daukozuz, zeuk, bi bidar, pisterre orrek. (Ikeragarrizko zaratak dira. Tirrina joten dau epaillemiak bakia egiteko).

EPAILLEMIA: (Garciari) Barriketak alde batera itzi egixuz eta erantzun egiz zenbat urte daukozuzan.

GARCIA: Ogetasaspi, esan dot.

EPAILLEMIA: Orain ogetamar urte neurekin ez ete zintzan ibilli irakastolera?

GARCIA: Enintzan ibilli.

EPAILLEMIA: Bai ta beti atzerengo ixaten zintzan!

GARCIA: Ni atzerengo? Ez orixe! Karmen Carterina zan beti azkena.

ERRITARRAK: Len etzala ibilli, ta orain gomutetan da azkena nor zan ba. Ja-ja-ja!

EPAILLEMIA: Egija esateko barik, guzurra esateko zin-egin ba zenduban ederto beteko zenduban zeure eginbiarra.

ERRITARRAK: Orren esateai ezin zinisbiderik emon geunskijoe! Utikan ortik!

EPAILLEMIA: (Txiñelemiari) Atara egixu au kanpora. Guzurra esan daulako!

GARCIA: Eztot guzurrik esan. Eta ganera, zertarako gura dozubez jakin neure urtiak? Emakumiak eztaukoe urterik!

BOSTKARRENAK: Urterik ez, baña ule zurijak bai ta bigote ederrak. (Zarataka asten diran bitartian, txiñelemiak kanpora darua Garcia).

LENENGO LATARIMIA: Garcia kanpora jaurti dozubelako, protestetan dot.

BIGARREN LATARIMIA: Protesta on ontzat ezin artu neike. Guzurtija da ekarri dozun zinaldari ori. Beste bat betor gura badozu.

EPAILLEMIA: Fernandeztar Maripa zinaldarijari toketan yako bere azalpen gustijak egitia.

EPAILLEME-LAGUNA: Jaun-Goikuaren ixenean zin-egiten dozu egija esango dozula?

FERNANDEZ: Bai zin-dagit.

LENENGO LATARIMIA: Zenbat urte daukozuz?

FERNANDEZ: Zeuri ardurarik eztautzube neure urtiak.

BIGARRENAK: Olan, olan! Itaun obiak egin dagijezela. Bestelako sorginak dira latariemiok, bakotxaren urtiak jakin nairik.

EPAILLEMIA: Fernandez, itaun ori bidezkua ixan dala, jakin egixu eta erantzun biar dala.

FERNANDEZ: Ogetamar daukodaz.

LENENGO LATARIMIA: Eta ezkonduba edo ezkondu bakua?

BIGARRENAK: Ezkondubak etorriko yatzuz ona! Senarrak lepua berotuteko be.

ERRITARRAK: Itaun inuzente bakotxik egiten dabe oneik.

LENENGO LATARIMIA: Senar-emazte oneik zer ixan daben euren artian ete dakixu?

FERNANDEZ: Neure etxetik entzun nebazan emazte orren sokorrubak eta euren etxonera jatsi nintzan.

EPAILLEMIA: Eta an zer ikusi zenduban ba?

FERNANDEZ: Emaztiak sartenagaz jo ebala bere gixona.

ERRITARRAK: Ja-ja-ja! Olakorik! Gauzak aldrebes dira orduban.

EPAILLEMIA: Ixilik, danok ixilik lotsa galduko orreik!

LUKE: (Auxe da demandara datorrena bere senarra dan Keparen aurka) Guzurra da ori, guzurra!

FERNANDEZ: Egija da. Bekokijan dauko senarrak egin zeutson baltzunia be ta.

 

 

SEIGARREN ZATIJA

 

LUKE: Ez orixe! Pabrikan, olan, egin eban ori ta. Senartxuboi, nor egin dautzu ori?

KEPA: Olean egina da, baña sartenagaz. Bijok egija esan dozube.

FERNANDEZ: Pabrikan bai, zereko zeran. Etxian egin eutzun ori, etxian. Andratxu baten antzekua zaralako.

LUKE: Beste bein, eztaustazu esango ba!

FERNANDEZ: Nik bai; zeure bildurra daukodala senar orrek legez uste dozu ala?

EPAILLEMIA: Laidorik, burlerik esin jasan edo sufridu geinke emen. Besterik ezpadaukozu, zuaz kanpora.

BIGARREN LATARIMIA: Agiri edo actan idatzi biar da orrek esan dauna. Emaztiak jo eban senarra ta ez bestera. Garrantzi andija dauko orrek epairako.

EPAILLEMIA: Agirijan kostau daitela ba.

 

 

SASPIGARREN ZATIJA

 

LENENGO LATARIMIA: Irugarren zinaldarija agertu daitela. (Bestela aldenduten da).

EPAILLEME-LAGUNA: Jaun-Goikuaren ixenean zin-egiten dozu egija esango dozula?

MARIPE: (Irugarren zinaldarijari onela deritxo) Bai zin-dagit.

LENENGO LATARIMIA: Zenbat urbe daukozuz?

MARIPE: Eztakit!

ERRITARRAK: Eztakixula? Atzo elexan ez zeuntzon esan abade jaunari ala?

MARIPE: Atzo nik? Eta non, elexan? Noiz ikusi nozube ni elexan ba?

ERRITARRAK: Atzo, alabatxu, atzo!

MARIPE: Guzur galanta diñozube.

ERRITARRAK: Egija!

MARIPE: Baña zertan juan nintzan elexara ba?

ERRITARRAK: Parroko jaunari esan zeuntson berrogei urte ta bost seme daukozuzala ta parkatuteko elexeari zeuntson zortzi bat.

MARIPE: Nik zorrak? Nori baña...?

ERRITARRAK: Benola ostu zenduban kandelea dala ta.

MARIPE: Zagoze ixilik, lotsa galduok!

ERRITARRAK: Egija!

BIGARREN LATARIMIA: Aldija galduten ezkara etorri ona ta mesedez eskatuten dautsot mai orreri, laburtu dagixala barriketa oneik.

EPAILLEMIA: Latarime aldaztzaliari eskatuten yako arin amaitu dagijela.

LENENGO LATARIMIA: Egija ete da gixon onek, bere emaztia jo dauna?

MARIPE: Bai egija da, neuk ikusi nebalako.

LUKE: Guzurra da orixe! Zeuk eztozu ikusi olakorik eta. Geurera sartzen etzatzu zuri itziten.

LUKE: Zuben etxera enazala sartuten? Bai orixe, egunero.

MARIPE: Ori be esan biar. Lotsabako ori!

LUKE: Ez ete dakixu orain sei illebete galerazo neutzula neure etxian sartzia?

MARIPE: Zegaitik?

LUKE: Ixara batzuk paltau yatazalako, zeu etorten zintzanian.

MARIPE: Ni lapurra? Olakorik esateko be. Bestaldeko Bernartari gaur orijo gustija, bijar azukerea, etzi kinpulak kenduten dautsozuz eta...

LUKE: Bernartari nik ezer kendu? Olakorik esateko be. Bernarta, mesedez egia esan egixu.

BERNARTA: (Erritarren artian dago au) Bai egija da ta goiko Sabineri zor dautsozuz zortzi peseta.

LUKE: Zortzi peseta? Nori?

SABINE: (Erritarren artian) Neuri alabatxu, neuri!

LUKE: Nora etorri gara andrak, nora etorri gara?

KEPA: Gura ixan dozun tokira!

 

 

ZORTZIGARREN ZATIJA

 

EPAILLEMIA: Ikusi dogu zer diñoen zinaldarijak.

BOSTKARRENA: Zeuk jakingo dozu zer esan daben, neuk beintzat eztakit ezer eta.

EPAILLEMIA: Lotan ba zagoz, nork erruba?

LAUGARRENA: Bai arranotan! Lo egiteko emakume artia, ona dozu ixan be.

BIGARRENA: Lorik ez, baña denporea galdu bai alperrik.

EPAILLEMIA: Ona etorteko etzatzube erregetu.

BOSTKARRENA: Zeuri nork esan dautzu ta?

EPAILLEMIA: Neure borondateak. Eta zer pasaten da?

ERRITARRAK: Bestalako sargentonea zara zeu beintzat.

EPAILLEMIA: Sargentona edo ez, jarraitu begije latarimiak gai onetzaz.

LENENGO LATARIMIA: Naiko itz-egin dot nik, orain senar onen alde datorrenak berba egin dagila.

BIGARREN LATARIMIA: Egingo dot ba! Emakumiok: Emen batu gara senar-emazte artian jazoten diran gauzak erabagiteko. Zinaldarijak esan dabe eurak dakien gustija. Eta badakixube zer atara dodan garbijan? Onein etxian, prakak emaztiak daukozala.

ERRITARRAK: Ja-ja-ja.

KEPA: Ez orixe! Neuk daukodaz! Bagiratu egixube ia?

LUKE: Esango dautzut etxian, gura dozuna.

BIGARREN LATARIMIA: Zinaldari batek ementxe esan dauskun moduban senarrak ez emaztia, onek bere senarra jo eban. Eta sartenagaz jo be! Demanda au ba barriz ekarri biar dogu epaillekura. Emaztiaren aurka edo kontra. Lagijatan egirako be eztogu ezer aurkituten onetzaz. Nork uste ixango leuke ba emazte batek senarra jo biar dau?

LAUGARRENA: Barriketa lar dakarzu gauza onerako.

BIGARREN LATARIMIA: Zeuk barriz kopla ta kopa askotxu dakarzu ona.

LAUGARRENA: Kopak zeuk eukiko dozuz, badakigu edarija atsegin yatzula.

BIGARREN LATARIMIA: Guzurra ori.

LAUGARRENA: Egija.

BIGARREN LATARIMIA: Guzurra guzurra eta guzurra!

LAUGARRENA: Egija, egija eta egija! Oraintxe be zer da ba edaten dozuna?

EPAILLEMIA: Orain edaten dabena edari gozua da, baña neure baimenagaz. Urak gatz egiten dautsolako.

ERRITARRAK: Ja-ja-ja!

EPAILLEMIA: Ixilik eztagona kanpora dua gero!

BIGARREN LATARIMIA: Gauza jakina dan ezkero, emaztiak jo daula bere senarra, iru illebeteko kartzelea eskatuten dot Luke andera onentzat eta Kepa au azkatuba ixan dedila. Zuzentasunez uste dogu erabagiko dozubela, maiko emakumiok.

ERRITARRAK: Geure kontra dabil auxe!

BIGARREN LATARIMIA: Bai zuben kontra, emakumiak baño pisti txarragorik eztagolako munduban! Emakume gustijak dira, alperrak, lotsabakuak, petralak, koipestona batzuk, mamalak, barritsubak.

ERRITARRAK: Ora pronobis! Letania esaten asi zara-edo?

EPAILLEMIA: Itzaldi on amaitu dozu?

BIGARREN LATARIMIA: Bai amaitu dot.

ERRITARRAK: Itzaldi dotoria!

 

 

BEDERATZIGARREN ZATIJA

 

LENENGO LATARIMIA: Zinaldarijak argi esan daben moduban...

BIGARRENA: Argi zer esan dabe ba? Etxeko eztabaidak bai, besterik ez baño...

LENENGO LATARIMIA: Ganora bakoen itzai yaramonik ez dau dautsoet egingo. Zinaldarijak esan daben legez, argi ta garbi ikusten dogu, senar gaizto onek, bere emazte samurra daula. Prakadun batek emazte lirana jo biar dabela, pentsau be ezin egin daikeguna da. Loraz egiña dozu emakumia ta bere azal mia ezta joteko.

IRUGARRENA: Azala ezta ixango jotekua, baña bere azurrak amaikatxu eruaten dabez. Eztakixu gauza andirik.

LENENGO LATARIMIA: Epai-mayari azaldu gura dautsot ba, garrantzi andija daukola eztabaida onek. Gixon au zigortau barik geratuten bada, gixon gustijak asiko dira euren emaztiak joten. Au kondenetan badogu ostera, bein eta betiko bildurtuko doguz gixonak.

ERRITARRAK: (Txaluak joten dabez) Ori da ori, itz-egiteko patzadea!

LENENGO LATARIMIA: Epailleme agurgarrijok, or entzuten dozube, erritarrak zelako abegijagaz artuten dabezan neure berbok. Eskari bakarra ba amaituteko. Urte baterako espetxe edo kartzelea emon egijozube gixon oneri egin daun txarkerijagaitik...

LUKE: Urte beteko kartzelea? Ezta egun baterako kartzelarik be neure senar oneri. Bakarrik etxian egongo naz ala? Jaten nork emongo daust ba?

KEPA: Urte baterako kartzelea, ez! Sartu nagixube urte birako edo amarrerako!

LUKE: Zer diñozu? Lotsarik eztaukozu? Bakarrik itziko ete nozu? Etzara bixi ondo neurekin ala?

KEPA: Zeu barik obeto egongo nintzake!

LUKE: Etxian esango daustazu norekin bixi zaran obeto.

BIGARREN LATARIMIA: Epailleme gustijoi mesedez deituten dautzubet, oldoztu edo pentsau dagixubezan emakume ones berbak. Oraintxe be amenazakaz dator eta. Orain dakigu bekokiko baltzune on nork egin dautson gixonari. Azke itzi egin ba gaxo au ta emaztiari agirekada batzuk egin, aurreratzean obia ixan dedin.

KEPA: Ez, espetxian sartu nagixube, espetxian!

EPAILLEME-MAYA: Mayak erabagiko dau arazo au ta bitartian aretua garbi itzi egixube. (Gustijak kanpora duaz).

 

 

AMARGARREN ZATIJA

 

EPAILLEMIA: Emakume lagun bijok: zuzentasunari edo justizijari bakarrik begiratu dagijogun une onetan. Geure bijotzaren deyak entzun barik.

EPAILLEME-LAGUNA: Senarrak meresi dau kastigu on bat...

EPAILLEMIA: Baña senarraren erruba eztogu ikusi argi.

EPAILLEME-LAGUNA: (Lagun au bigarrena da) Bai senarrak meresi dau kastigu on bat, prakak eztaukozalako berak, emazteak baño. Tribunaletara bere senarra dakarrenak ostera zigorkada on bat artu biar leuke.

EPAILLEMIA: Urrenguan obiak ixan daitezala, eskatuko dautsoegu, agireka bana egin eta. Etxera doyazala ba gaurko au-arren.

EPAILLEME-LAGUNA: Kastigu bat meresi dau gixonak ba, koldarra dalako...

EPAILLEMIA: Parkatu dagijogun ba orainguan. (Tirrina joten dau).

 

 

AMAIKAGARREN ZATIJA

 

TXIÑELEMIA: Ezer aginduten daust epailleme agurgarrijak?

EPAILLEMIA: Bai, epaya entzun gura dabienak sartu daitezala aretora. Atiak zabalik egixuz ba.

 

(Txiñelemiak zabalduten dauz atiak eta eurrez, sartzen dira len ixan diran emakume gustijak. Demandakuak be euren latarimiak albuan dabezela, asikeran legez, datorz. Dana da zaratea eta txillijua).

 

 

AMABIGARREN ZATIJA

 

LAUGARRENA: Zer erabagi ete dabe edo?

BOSTKARRENA: Eztakit ba. Emakumiak bijotz onekuak dozuz eta... (Izketan dabilz jezarri artian).

EPAILLEMIA: (Zutunik) Ezer agertu gura ete dozube? (Demandalari bijai).

LUKE: Neuk erregutuko neuskijo mai orreri, parkatu dagijola neure senar oni. Buru gitxikua da ba-ta...

ERRITARRAK: Ikusten dozu ori! Len berak ekarri dau demandea epaillekura ta orain parkeske! Sargentona txarra ezta ori!

KEPA: Mesedez eskatuten dautsot mai orreri, urte batzubetarako espetxera sartu nagijela.

ERRITARRAK: Ajaja, ajaja!

EPAILLEMIA: Emazte onek senarra jo egin daula, ta senarrak ostera bayetz dinuen ezkero; zinaldarijak esan dabezenak aintzakotzat artu ta gero, latarimiaren berbaldijak ondo pentsau ostian, geure kontsentzijari ondo dagokijon moduban, etxian be palta andija egiten daula senarrak emaztiari jaten emoteko, ta Goikuaren ixenean auxe erabagiten dogu: Bere aldezko uar gustijakaz, zintzua dala agertuta gero, azke lagaten dogu Kepa jauna.

KEPA: Il nozube! Kastigu andijagorik ezin topauko zenduben! (Erritarrak txaluak joten dabez eta Lukek oratuten dautso bere senarrari eskutik, etxera eruateko. Bitartian jausten da oyala, geldiro geldiro).

 

(Euzkadi, 32-2-25/32-2-26)