ORREAGA
(Pastorala gisarako ikusgarria-1964)
Joka-lekua:
Taula gain zabal bat... Gibelean dauka mendi pintura bat, bi sartzeko ateekin... Sahetsean, musikalarien lekua berex eta alturan.
Jokalariak:
GURI: Otsoaren alaba.
OTSOA: Euskaldunen erregea.
GANELON: Charlemagne-en aintzindaria.
AINGERU: Aingeru bat.
AZTIA: Azti bat, makil mako handi batekin.
ZINGIL: Debru luze mehe bat.
TRIPERO: Debru lodi tipi bat.
MEZULARI: Mezulari bat, euskalduna.
BURREGO: Burrego bat.
ROLAND: Adarmotzen aintzindaria.
OTON: Adarmotzen mezularia.
GOTOR: Euskaldun soldado bat.
EUSKALDUN GUDARIAK: Sei edo zortzi.
ADARMOTZ GUDARIAK: Sei edo zortzi.
KANTARIAK
DANTZARIAK
MUSIKARIAK
NESKATX ZERBITZARIAK
Beste edozoin batzu
Ikusgarria eman aintzin
Egin bedi ohorezki, jaun buruzagien (deputatu, auzapez, erretor eta beste) sarrera.
Jaun horiek sartuko dira, ikurrina eta dantzarien ondotik... Jendea xutituko da. Kantariek emanen dute «Agur jaunak». Ikurrina ezarriko da zintzilik haga baten gainean, denen aintzinean.
I
Jendea berriz jarri ordu, taula gainean agertzen dira euskaldun gudariak, aingerua buru... Gudarien moldean airoski kurrituz, kantatzen dute: «Eusko, euskotarrak gera», etab... Musikak laguntzen ditu... Lerro batean emaiten dira... Jendea agurtzen dute. Aingeruak kantatzen du, bere ikurrin ttipi xuria eskuan, pastoraletako prologaren airea baliatuz.
AINGERU
Hemen zaizten jenderi, emazte ala gizon
Jainkoak guzieri, dautzuela arratsalde on.
Ni naiz aingerua, huna ene armada
Gizon hauk dira Euskaldunak, soldado onak bixtan da.
OTSOA
Hemen giren lekua, deitzen da Orreaga
Gure lurra da eta, gaiten hunentzat guduka.
AINGERU
Mintzatu gizonak, izena du Otsoa
Euskaldun errege da, ta azkar du besoa.
(Oro jalitzen dira, airoski kantatuz eta musikarekin, etorri bezala... Hauk jali ordu, sartzen dira Adarmotzak... Satan dute buru, bere eskuetan duela ikurrin tipi bat gorria... Kantatuz eta musikarekin, kurritzen dute aleman soldadoen moldean, emeki eta pisuki... Hauk ere, jendea agurtzen dute)
ADARMOTZAK
(Kantuz)
Adar motz-motzak
Adar adar motz-motzak
Nausi gira orotan
Orotan tan tan.
SATAN
Aingeru tzar ustela, ez duka aski zerua
Jakin zak toki huntan, nausi dela debrua.
ROLAND
Ni deitzen naiz Roland, Charlemagne-en gizona
Harek balio baititu, Otsoa bezalako dotzena.
Aurrerat Adarmotzak, altxa zuen ezpata
Sumetitzen ez dena, urrikaltzeko baita.
SATAN
Arratsalde on jendeak, balia biziaz
Ez izan axolarik, apez ta fediaz.
(Irri tzar bat botatzen du eta, sartu bezala, Adarmotzak ateratzen dira)
II
(Neskatxek, onbor gisako jar-alki bat ekartzen dute... Guri, haren gainean jartzen da, ilun eta gogoetatua... Aztia hurbiltzen zaio. Kantatzen dute pastoraletako bertseten airean)
AZTIA
Oi zu, Otsoaren alaba, zer ote da zure pena?
Zertako bada nauzu, ekarrazi ni huna?
GURI
Jaun azti nausia, nauzu lagundu beti
Ene bihotzeko pena, otoi zazu ezti.
AZTIA
Erregeren alaba, beraz ez zira lorios
Erradazu otoi ba, zertako ziren maluros.
GURI
Jaun azti nausia, ez dakit zer bilaka
Printze arrotz batek, bereturik nauka.
Charlemagne-enganik, hunara etorria.
Haren izena da, Ganelon printzia.
AZTIA
Ikusi dut Ganelon, da gizon ederra
Eder kanpoz daiteke, ta barnez makurra.
GURI
Printze horren urratsak, zaizkit maltsoak
Bainan besterik dio, ene aita Otsoak.
Aitak du beldurra, ez ote den Ganelon
Zer ikus hunat jina, salatari gizon.
AZTIA
Charlemagne-ek igorria, Ganelon printzia
Nekez daitekezu, gure adiskidia.
Charlemagne-en xedea, duzu aspaldian
Gure lurren biltzea, bere zangopian.
GURI
Azti jauna zoazi, zure otoizteirat
Zer egin behar dudan, kontsulta eiterat.
Ez naiteke ni hola, nihundikan bizi
Aita maite dut eta, Ganelon ezin utzi.
AZTIA
Banoa otoitzerat, zuk erran bezala
Gain hartan den harek, bai argi zaitzala.
Izpiritu gordeak, zer baitu salaturen
Agian gero duzu, ongi onarturen.
(Ganelon heldu da... Musika...)
III
GURI
Horra heldu Ganelon, bihotza dut pilpil
Beldur naiz tanpez hemen, erori eta hil.
GANELON
Izarra zerbait bada, bai ta iduzkia
Zure itzala ez dira, ez bat eta ez bestia.
GURI
O Ganelon printzia, ez dakit nola erran
Gure amodioa, da arras lanjeran.
GANELON
Zer derasazu orai, ala nuzu ukatzen
Mintza zaite otoi, zer da gertatzen?
GURI
Etorria urrundik, hemen zaude gurekin
Xede onez zabiltzan, nahi nuke jakin.
GANELON
Hauxe da galdea, ontsa badakizu
Ene xede bakarra, maitea, zirela zu.
GURI
Aita ez da fido, hau eta hura dio
Zure urratsetan, badela zerbait mixterio.
GANELON
Ene urratsak izan dira, argi eta garbi
Zure amodio bakarrak, nabil hemen gaindi.
GURI
Aitak dio berriz, Charlemagne duzula nausia
Eta harek zaituela zu, hunarat igorria.
GANELON
Zin dautzut egiten, ez dela holakorik
Eta erre nadiela, erraiten badut gezurrik.
GURI
Heldu bada Charlemagne, gure lurren hartzera
Erradazu garbiki, norekin izanen zira?
GANELON
Onartuko dautazu, nik ez ukatzia
Ene erresuma ta, Charlemagne nausia.
GURI
Onar-azu zuk ere, nik ez ukatzia
Ene aita errege, ta ene lur maitia.
GANELON
Ez duzu arrazoinik, hola beldurtzeko
Ez da gure artean, gerlarik piztuko.
GURI
Hola denaz geroz, dugun ihes egin
Goazen bizitzerat, urrun elgarrekin.
GANELON
O ene maitia, bihotzez diot «bai»
Bainan adimenduz, ez naiz hortarat ai.
GURI
Orai dut ikusten, ez nauzula maite
Zerk zaitu ibilki: Bihotzak ez ote?
GANELON
Nigarra heldu zaut, baitzaitut penatu
Urruntzen naiz bainan, nai nuke hurbildu.
GURI
O ene maitia, otoi zaude hurbil
Zurekin nahi baitut, bai bizi ta bai hil.
KANTARIAK
Huna iduzki xuria
Lano artetik uria
Kantuz hasi da neure maitia
Entzun dut haren irria (bis)... eta
Barna daut egin zauria.
Lurra estali elurrez
Hozturik nago kaskarez
Maitiaganik urrun izanez
Haren galtzeko beldurrez (bis)... eta
Urtzen ari naiz nigarrez.
Gauaz egonik sasian
Xoria goizik airian
Penetan dena laster agian
Goxatuko da bakian (bis)... eta
Sartuko zorionian.
IV
OTSOA
Oi ene alaba, berri hits batekin
Mezulari hau zait, urrundik orai jin.
Ganelon ez dela, zuregatik etorri
Bainan ixpiun gisa, dutela igorri.
GURI
Aita eta zu jauna, nik ez dut sinesten
OTSOA
Oxala o bai oxala, gezurra balitz dena
«Izena» balitz bakarrik, izan gabe «izana».
Errazu mezulari, mintza zaite garbiki
Ikusi nai ez duenari, begiak diotzu ideki.
MEZULARI
Bai andere printzesa, etsaia atean da
Bordaletik hunat dator, Charlemagne-en armada.
Tirahala etorria naiz, gau eta egun zaldiz
Aski goiz zer heldu den, abisatu nahiz.
GURI
Oi hau etsidura, sinesteak du lana
Ez, ez ditake egia, ez da Ganelon ixpiuna.
OTSOA
Aski nigar ta intzirin, oro dira debalde
Nigarrak ixurtzekotan, ixur gure alde.
MEZULARI
Etsaia hor heldu da, uholde basa bezala
Bazter guziak garbitzen, ta suntsitzen dituela
OTSOA
Ni naiz errege Otsoa, zu zira ene odola
Pentsatzen dut zure izena, ohoratuko duzula.
MEZULARI
Laster leku hau ere, beteko da nigarrez
Etsaiak ez du axola, ez emaztez ta ez haurrez.
OTSOA
Entzun ene alaba, gerlan sartzen gira
Oraidanik ene peko, gudari bat zira.
Utz sintsakeriak, susta sentimenak
Zure beharretan dira, haurrak eta amak.
Eta zu, mezulari, korda bat lepotik
Ezar-azu lenbailen, Ganelon zintzilik.
Ta hi-aita balin banaun, ahantz ez zanala
Ber denboran Otsoa, errege ere dela.
(Bi gizonak jalitzen dira... Guri bakarrik dago nigarrez... Musika)
V
GURI
Zerua eta lurra, hor zaizte lekuko
Jasaiten dudana da, izaririk gabeko.
Bat ezartzen badute, dilindan kordatik
Bigarren bat ere laster, dukete beretik.
Bainan zer, zu hemen. Ai naiza erotzen
Ganelon Ganelon, nundik zira agertzen.
GANELON
Norbaitek ixilka, nau abisatu
Leku hauk behar ditut, lehenbailen hustu.
GURI
Ganelon zoazi ihesi, zoazi Ganelon
Laster urrun zaite, ez zaitela hemen egon.
GANELON
Zu mintzatu gabe, ez naiteke urrun
Izanikan ere, gaua eta ilun.
Bi zaldi hor dauzkat, bat duzu enea
Zuretzat prest dago, nahi baduzu bestea.
GURI
Ganelon ha Ganelon, ahal balitz ba
Kasu, zoazi fite, aita hor heldu da.
(Ganelon tirahala jalitzen da)
Aita hor heldu da, burregoarekin
Hau memento latza, ez dakit zer egin.
VI
OTSOA
Ganelon hemen dela, jendek baitiote
Alaba zuk zer diozu, laster mintza zaite.
BURREGO
Hemen balin bada, korda huni esker
Zintzurra diot nik, tinkaturen laster.
GURI
Eni ez galda deus, dakitana da nik
Ganelon hemen bada, ez dut nik hobenik.
OTSOA
Ohartzen banaiz ni, gezurra diozula
Korda hori zuretzat, izan dadiela.
Izanik ere zu, baninduzu salduren
Ene esku hautaz, zintuzket garbituren
BURREGO
Mihia ateraia, tripak iduzkitan
Ganelon dut emanen, lukainka hagetan.
(Bi gizonak jalitzen dira... Guri, erdi flakatua, bakarrik gelditzen da... Musika)
VII
Zingil agertzen da, soka bati tiraka.
ZINGIL
Tripero, Tripero, ene mutila!... Jeiki hadi, zerri handia!... Hau duka tenorea!
TRIPERO
(Korda lepotik, agertuz) Ai, ai, ai... Heldu naiz, Monsieur Zingil, ene nausia.
ZINGIL
Hator hunarat lanerat... Ifernuko sua hiltzen ari duk... Su horren azkartzeko, hator su gaia egiterat.
TRIPERO
(Guri erakutsiz) Hunako neskatxa hau, nik gogotik garreia nezake ifernurat.
ZINGIL
Utzak urtxo hori ene gain... Perdira bat jadanik badik hegalean... Haugi hunarat... Hemen badiagu sekulako xantiera.
TRIPERO
Ni gose nago, Monsieur Zingil nausia, eta, ez dezaket lanik egin, ez badut tripa betea.
ZINGIL
Bakalau buztan bat baduk hor... Aski duk hura jatea, eta haugi hunarat lanerat... Bestenaz aingeru tzarrak, jende guziak eremanen ditik berekin zerurat.
TRIPERO
Bakalau buztana nik ez dut aski lan egiteko... Nik jan behar dut zerrikia eta zahagitik edan nafar arnoa.
ZINGIL
Zerrikia utzak biharko. Bihar baita ostiralea... Aker larrua hor duk, arnoz betea!
TRIPERO
Eni manatzen dauzkidazu beti lanik larrienak... Nik behar ditut ase zitziz gormantak eta edariz mozkorrak... Zuk aldiz dituzu tentatzen neskatx pollitak. Egin-azu zuk ene lana eta ekazu egiteko zurea... Bestenaz greban emaiten dut ene burua.
ZINGIL
Tripero basa, petrentzionez betea!... Neskatxen tentatzeko, nun egin dituk hik aprendizgoak?
TRIPERO
Ofizio hortan ikasia izateko, ez da beharrik pasatu «breveta»... Ofizio hortan arras trebatuak badira hameka, ni baino astoagoak.
ZINGIL
Neskatxen tentatzeko, behar dik araberako gorputza... Ez hi bezala dena zitzi, iduri ote matzota. Bainan ni bezala gerria fin eta bultua leizafin.
TRIPERO
Ongi arropatua zirala-ta, ari zira espantuka... Gorputza nolakoa den ageri da biluz-eta... Parioa egiten dautzut... Pasa dezagun hemen berean erreforma... Eta, ikusiko dugu nork, zuk edo nik, izanen dugun gehienik arrakasta.
ZINGIL
Topa hire parioa... Neskatxa hau izan dadiela gure jujea... Ez diat dudarik plazer gehiago izanen duela ikustea ni naizen arkanjelua, ezenetz hi haizen urdea. (Biluzten hasten dira)
AINGERU
(Agertuz, eskuan zigorrarekin... Kantuz)
Urrun fite hemendik, debru lotsagabiak
Zoazte ilunbetarat, han ibil zuen basakeriak.
(Neskatxari mintzo)
Zato haur penatua, ba zato enekin
Ez da zorionik, debru tzar hoiekin.
Itsusi edo pollit, urde edo arkanjelu
Satan mila gisaz, da engana-mundu.
Urtzoa zirare, lanjeretan jarri
Eztitzerat zaite, enekin etorri.
(Jalitzen dira... Musika eta zahagi dantza)
VIII
(Guri agertzen da bizpahiru haur eta emazte lagunekin... Gero agertzen da Aztia... Begia urrunean galdua, suharki du kantatzen)
AZTIA
Ibañetako lepoa, elur xuriz beztitua
Zertako ikusten haut, odolez gorritua.
Napar zabaleko, lur zelai ederra
Ikusten dut dena, su eta keldarra.
GURI
Azti jauna otoi, ikusten duzia
Nun ote dabilan, Ganelon printzia.
AZTIA
Bai ikusten ditut, han urrun bi zaldi
Nehork engoitikan, ez detzake geldi.
GURI
Milesker Jaun gainekoa, o ene zoriona
Ganelon salbu dela, badut segurtamena.
AZTIA
Ganelon salbaturik, ez jar plazerretan
Bazter guziak ditut, ikusten dolutan.
GURI
Zer ote da gertatzen, mintza azti jauna
Ganelonek ez al du, horien hobena.
AZTIA
Etsaiak heldu dira, multzo ta multzoka
Hetarik batek Ganelon, aintzindari dauka.
GURI
Ez, ez zaitut sinesten, ez da holakorik
Ganelonek ez dauka, saldukeriarik.
AZTIA
Oro dira odol, odol su ta nigar
Etsaia milaka da, ez gaitezke oldar.
GURI
Oi biziaren latza, oi etsimendua
Zertako sortu ninduzun, o Jauna goikua.
IX
OTSOA
Xutik haur t'emazte, gerla dugu gerla
Ahal duen lekora, bakotxa doala.
Gizonak zaindu armaz, haur ta emaztia
Emaztiak lagun gerlan, senar ta semia.
Ta zuri azti jauna, galdatzen dautzugu
Herriaren alde, jauna otoitz zazu.
AZTIA
Zuek aintzina zainduz, guk aldiz gibela
Gainekoak lagunduz, gure dugu gerla.
OTSOA
Esperantza hoi dugu, Jaunak zaitzala entzun
Orai oro zoazte, gordetzerat urrun.
(Denak jalitzen dira, salbu Otsoa. Musika)
X
(Mezulari agertzen da)
OTSOA
Mezularia hemen, zer duzu berri, zer?
Jakin nahian nago, mintza zaite laster.
MEZULARI
Jaun lendakaria, heldu naiz lasterka
Etsaiak etsai beltzak, erre du Gernika.
OTSOA
Gernika, Gernika sutan, o hiri saindua
Arbasoen Gernika, gure bihotzekua.
MEZULARI
Hegaztin basak nola, bildots gaixotarat
Halaber dira jautsi, Gernika gainerat.
OTSOA
Banuen beldurra, sinesteak lan du
Sakratu gauzentzat ere, ez dute errespetu.
MEZULARI
Ez dute pietaterik, nehorretaz ere
Emazte ta haurrak, milaka hil dire.
OTSOA
Orai artinokoan, bildotser jazarri da
Bainan orai izanen du, Otsoarekin partida.
Gudariak abisa zatzu berehala
Otsoak hunat segidan, deitzen dituela.
(Otsoa bakarrik)
O Gernikako haitza, haitz bihotz gogorra
Emok bai bihotzari, hik dukan indarra.
Haitza, zin daiat eiten, fermu eta bipil
Ez bahaut askatutzen, nadiela hil!
XI
Euskaldun gudariak sartzen dira kantuz: «Eusko, Euskotarrak», etab... Lerroan emaiten dira, Otsoaren aintzinean.
OTSOA
O gudari lagunak, orena da latza
Bildu zauztet hemen, zinez gaiten mintza.
Etsaia sartu zauku, indar handiekin
Galde dautzuet egiten, nola joka heiekin.
Behar dugun apaldu, eta sumetitu
Edo ihardoki, ta gerlari lotu.
GOTOR
Jaun aintzindaria, denen izenean
Nuzu mintzaturen, segida berean.
Ez baduzu nahi, hemen galdu bizia
Ez otoi guri aipa, nehori sumetitzia.
Euskaldunak gira, ta gureak gure
Besten meneko baino, hiltzea zauku hobe.
(Gudari denek kantatzen dute: «Eta tiro belarri motzari!»)
OTSOA
Gudari lagunak, lorietan nago
Ikusten dut zaiztela, gizon bezenbat soldado.
Ez uste izan, sumetitzerat nindoala
Ez da hola ahuldu, Otsoaren odola.
Aintzin iten badut, segitzea zor duzue
Gibel iten badut, hiltzea aski nuzue.
GOTOR
Zutan otso errege, badugu konfientzia
Prest gira zernahitako, zuri da manatzia.
(Berriz kantu bera)
OTSOA
Etsaiak baitira hainitz, huna nola guduka
Ukaldi tzarra eman, ta jo laster iheska.
Hola dugu emeki, Adarmotza higatuko
Itsurat jarraik eni, ez zaituztet galduko.
(Kantu bera)
XII
MEZULARI
Otso jaun errege, norbait bada hemen
Nahi zaitu mintzatu, baitezpada omen.
OTSOA
Mintza bedi mintza, prest naiz entzuteko
Den berri kiretsenak, ez nau lotsatuko.
OTON
Jauna ni naiz hemen, Charlemagne-en gizon
Ba ahal dakizue, hurbil bera nun dagon.
Orai artio kontrarioak, ditu errautsi
Deneri nausi dela, behar duzue onetsi.
OTSOA
Aski solas berdura, mintza zaite garbiki
Beraz Charlemagne-ek Otsoa, nai luke aurtiki.
OTON
Ene nausiak dautzu: Uzten dautzut bizia
Bainan sumetitzekotz Euskadi guzia.
OTSOA
Ene partez Charlemagne-i, ein-ozu errepusta
Badugula oraino haren doia ezpata.
OTON
«Bat» zaizte ta gu mila, ez ahantz Otsoa
Ez duzu solasen ahalik, ez izan itsua.
OTSOA
Charlemagne-i errozu, libro nahi dugula
Libro nahi duen gizonak, balio tu mila.
OTON
O zer solas debaldeak, lot beraz gerlari
Laster da eroriko zure espantu hori.
(Oton jalitzen da... Gudari euskaldunek kantatzen dute)
XIII
Hastapenean bezala Adarmotzak sartzen dira kantuz... Bi armadak apailatzen dira gerlari.
ROLAND
Azken dei bat zueri, Euskaldun xoroak
Zuen armak aurtik eta altxa besoak.
OTSOA
Altxa armak lagun, ta zanpa mandilak
Askatasunaren alde, aurrera mutilak.
(Guduka egiten da bere gorabeherekin... Aingeru eta Zingilek, beren gisan, parte hartzen dute... Euskaldun bat eta lau Adarmotz erortzen dira... Euskaldunak nausitzerat doatzi...)
ROLAND
Adarmotzak etorri, etor laguntzera!
Etsaia nausi dugu, mugi, xahu gira.
(Apur baten buruan)
OTSOA
Oroit erranaz mutillak, ta geldi guduka
Barreia gaiten laster, heldu tuk ehunka.
(Euskaldun gudariak tirahala jalitzen dira)
ROLAND
Nun da orai Otsoa, bere espantuekin
Erbia bezala du, laster ihes egin.
Gure Charlemagne da, munduko nausia
Jainkoak dio egin, holako grazia.
Euskaldun zitalak, baitzaizte oldartu
Beharko duzue orai, ontsasko pekatu.
(Jalitzen dira kantuz)
XIV
Neskatxek altxatzen dituzte hilen gorputzak... Aingeruak eremaiten du euskaldun gudaria... Debruek biltzen dituzte besteak... Lan hori eginez, mintzo dira Zingil eta Tripero.
ZINGIL
Haugi lanerat Tripero... Haugi... Badiagu zernahi egiteko...
TRIPERO
(Agertuz) Zer duzu zer, holako presa, Monsieur Zingil nausia!... Ez dira ez hilak espakatuko.
ZINGIL
Hik miazkik horiek... Nik hauk miatzen ditiat... Badiagu hemen nasaiki ifernuko haragia.
TRIPERO
Hunako gizon hauxe, ha zer gizon pizkorra!... Hunekin eginen dugu ifernuan suko enbor ederra.
(Aingeruak beretzen du delako «gizon pizkorra»)
ZINGIL
Utzok hori Zurikori... Euskalduna denaz geroz, ez duk hori gure xingarra.
TRIPERO
Pena da ez baitugu ifernuan euskaldun gehiago... Hauk dute bestek baino usaina hobeago.
ZINGIL
Ez nakian, Tripero, hik huela holako usma. Nagok hik nola hilak ezagutzen ditukan usainetik.
TRIPERO
Arras errex da, Monsieur Zingil. Nahi baduzu entseiatu, usain egin behar zaiote gibeletik.
ZINGIL
Hila hil duk... Nik ez zioteiat senditzen hil usaina baizik.
TRIPERO
Ez, Monsieur Zingil... Charlemagne-en soldadoak baitira ipar aldekoak, sendi dute Camembert-aren eta bieraren usaina. Euskaldunek aldiz napar arnoaren eta Aldudeko gasnarena.
ZINGIL
Luziferren zilkoa lekuko, ez nakian bazitakela holakorik.
TRIPERO
Ba, Monsieur Zingil, eta ere, ifernuko sua da euskaldunekin hobea... Kea izaiten du biziago eta gostua ez hain motela.
ZINGIL
Hire falta duk, Tripero, ez bada ifernuan euskaldun gehiago. Aski duk hire tripa zakua pixka bat arintzea eta goizetan, «errebeilak» jotzen duelarik, lanerat pixka bat lastertxago mugitzea.
TRIPERO
Monsieur Zingil nausia, ez duzu arrazoinik nitaz arranguratzeko... Ifernuan nik sartzen baitut zuk baino euskaldun gehiago.
ZINGIL
Tripero, ez zakela erran gezurrik. Azken hilabeteko kontuak ditiat denak, ene karnetean markaturik.
TRIPERO
Monsieur Zingil nausia, nik ere begiratzen ditut ene kontuak... Nik nituen ifernurat sartu bi Oletako guarda, Donibaneko mirikua eta Senpereko Etcheverry.
ZINGIL
Ba, bainan horietan ez zuan euskaldunik. Bi guardak zituan kaskoinak, mirikua Charantesa eta Etcheverry-tarrak zoin arrazatik diren, nehork ez zakik.
TRIPERO
Bai ta ifernurat nik igorri ditut hemengo deputatu ohi bat, hiru gobernadore, bi fraile eta apezpiku bat ere...
ZINGIL
Ba bainan, deputatu ohia zuan euskalduna baino biarnesago. Gobernadoreak zituan bat gallegoa, beste biak andaluztarrak. Bi frailek euskarari tiro emana zioteian, latina ikasiz geroz eta apezpikua zuan mintzairaz mutua... Hobe zitekan hau hemen uztea ahalaz luzenik... Ez baitzuen aise konbertituko euskaldun bihirik.
TRIPERO
Banituen ere ifernuko ateraino eremanak bi Hazpandar tripa handi. Donibaneko mutzurdin saindu bat eta Urruñako mozkor bat.
ZINGIL
Nik ez ditiat karnetean horien guzien izenak.
TRIPERO
Bi tripa handiak bildu dauzkitet Hazparneko misionestek; Urruñako mozkorra, Sokorriko amak; mutzurdina aldiz, mixione denboran, fraile bizardun zorritsu batek.
ZINGIL
Berriz ere, hi bezalako langile batekin, motel egonen duk ifernuko sua.
TRIPERO
Ez da ene falta hoinbeste kaskoin, maketo eta buhame, euskaldunek hazten badituzte beren artean.
ZINGIL
Aski diotek usain egitea bizi direlarik eta hil araztea lehenbailehen ifernuko paderako on direnak.
TRIPERO
Zu ere, besten manatzeko hobea zira, zuhaur lanari lotzeko baino... Aski duzu, ofizioa ikastea eta nola egin behar dudan eni erakustea.
ZINGIL
Errak to, Tripero, zer dituk solas horiek? Ala zer haiz, orai, hire nausiari oldartzen?
TRIPERO
Ba, eta ez bazira kontent ene zerbitzuez, beste nausiak ere badira gero... Banoa Jainkoari ene zerbitzuen eskaintzerat.
ZINGIL
Jainkoak zaukak to hire beharra!... Urde alfer zikina hi!... Kenduko daiat nik Jainkoa ganatzeko gutizia! To, karatosa aldi bat!...
TRIPERO
(Orroaka, ihesi doa) Ai, ai, ai!... Fuera Satan!... Biba Jainkoa!... Biba Zuriko aingerua!
AINGERUA
(Agertuz) Kanporat hemendik debru nahasiak. (Jalitzen dira... Kantuz)
Elgarren herra eta suzko jelosia
Horra nola den jendeak, ifernuko bizia.
Debruari nai duenak, bere arima saldu
Horrelako bizia, betikotz bilduren du.
(Jalitzen da. Musika)
XV
(Aztia agertuz)
AZTIA
Jaun gainekoa, hemen nago bakarrik
Oihan hunen pean, nigarrez urturik.
Ez zazula ahantz, euskaldun populua
Egun hautan baitago gerlaz zauritua.
Hainitz dira hilak, frango kolpatuak
Zonbat ere preso, denak lehertuak.
Oroit zaite Gernikaz, hiri hori da saindu
Etsaiak beretuz geroz, dago hotz eta mutu.
Ez duzu nahiko, gure auhen oihuak
Luzaz mespresa ditzan Adarmotz harruak.
XVI
(Ganelon agertzen da... Aurpegia tapatua)
GANELON
Azti jauna ez izi, Ganelon naiz eta nabil
Nola ixilka naiteken, maiteari hurbil.
AZTIA
Ganelon, entzun nezazu, zoazi laster ihesi
Gerlan baigira eta, kasu nehork ez ikusi.
GANELON
Azti jauna badakit, egun hauk dira ilunak
Bainan bestela daitezke, haukien biharamunak.
AZTIA
Bihotzez maite duzuna, ez pentsa nehola
Oren latz haukietan, ikusten duzula.
GANELON
Zuri galdatzea, ausartzia da ote
Erranen diozuia beti dudala maite?
AZTIA
Zerbitzu hoi ez dautzut errefusatuko
Hitz dautzut dudala zutaz mintzatuko.
GANELON
Milesker azti jauna, banoa arindurik
Jastatu baitut hemen, gerla ta herraz besterik.
AZTIA
Urrun zaite laster, hor baitira heldu
Gerlak jorik dauzkan horrenbeste mundu.
(Jalitzen dira)
XVII
Emeki, taula gainean iragaiten dira lau-bost jende multzo... Multzo bakotxa da, gerlaz hunkitu dohakabe batzuz moldatua: Haur, zahar, kolpatu eta beste... Multzo horiek iragaitean entzuten da kantua. Airea: «Alos torrea bai».
Etsaia sartu da, gure lurretan
Etsaia hedatu da zelaietan
Etsaia nausi errekaldetan, mendietan
Oi Euskal-Herria doluz nigarretan.
XVIII
Azken multzoa da: Ama gazte bat, haur ttipi bat seaskan pusatzen duela... Jartzen da. Kantuz emaiten da: «Haurtxo-haurtxoa».
«Izu egin lo, aita urrun da
Euskadiren zerbitzuko
Zure ondoan ama daukazu
Ez zaitu inoiz utziko.»
«Haurtxo-haurtxoa, izu egin lo
Hemen nauzu zu zaintzeko.»
«Izu egin lo, aita preso da
Zu bihar libro izaiteko.
Egun batian etorriko da
Gu biokin egoiteko.»
«Haurtxo...»
«Izu egin lo, ilunagatik
Zeruan izar bat dago
Mila ta mila izango dira
Aita libratu-ta gero.»
«Haurtxo...»
(Musika)
XIX
(Zingilek Tripero bere aintzinean dakar azote batekin joka)
ZINGIL
Haugi hunat, urde ijito, perreka zikin, alfer ongarri ustela!
TRIPERO
Ai, ai, ai, Monsieur Zingil, barka otoi barka... Mozkorrekin nintzen...
ZINGIL
Beste aldian, ene lehen oihuan, zurruta utziko duk gero eta lasterka etorriko haiz, edo gostako zauk!
TRIPERO
Ez nintzen alfer egoki, Monsieur Zingil. Lau gizon mozkor arazi ditut eta musean lotarazi. Bat ari zen tanto ebasten, bestea arneguka, hirugarrena kalapita muntatzen... Sua pitz eta pitz ari nintzen, zuk, zorigaitzez deitu nauzularik.
ZINGIL
Entzun zak, Tripero, behar duk beste ofizio bati lotu... Hire mozkor lanak ez dik ifernurat aski jende tiratzen.
TRIPERO
Ez da ene falta, ostatu eta kafetan, arno eta edari finen orde, saltzen badute hoinbeste fruitu edari, kafesne, Vichy eta botikakeri... Fu zikin!
ZINGIL
Hortakotz, hire nausiek deliberatu diagu behar dukala fraile sartu eta jenderi predikatzen lotu.
TRIPERO
Ni fraile!... Nik ez dut fraile sartzeko bokazionerik... Ez naiteke ni bizi zurrutarik gabe.
ZINGIL
Ez hau egarriak hilen komentuan... Ez izan hortaz beldur... Badiztek sekulako mahastiak eta izendatuko haute hango xaiero.
TRIPERO
Eskualde huntako jendeak nik ezagutzen ditut... Fraileak ez dituzte maite... Ez diote fraile baten predikuari kasurik eginen.
ZINGIL
Gaizki mintzo haiz: Saratarrak, Senperetarrak, Azkaindarrak, Donibandarrak, Urruñarrak, Zokotarrak dituk jende fededunak eta maite ditiztek sotanak.
TRIPERO
Ez, Monsieur Zingil, ez... Saratarrak dira larriak, Senperetarrak bulunbak, Azkaindarrak kixkilak, Donibandarrak jaun nahiak, Ziburutarrak kazkarotak, Urruñarrak tipulak, Zokotarrak ijitoak... Jende horiek guziak, sotanak baino aiseago biltzen ditu arnoak.
ZINGIL
Adi-zak, Tripero, hi bezalako gizon bat ez duk nonnahi kausitzen gero. Fraile jauntzi batekin hinteke gizon bat xoragarria eta bezti hezake prediku alkia.
TRIPERO
Prediku alkia beztitzea ez da aski... Behar da jakin predikatzen. Nik, predikuan hasi-ta, «beltzak» ditut bakarrik ateratzen.
ZINGIL
Predikatzen duk gauzarik errexena. Saindu batentzat hartuko haute erraiten baduk hala ez dena... Jende guzia hire alde izanen duk predikatzen baduk bekatu handiak direla tipiak eta bekatu tipiak direla handiak.
TRIPERO
Nik ez dut ikasi katiximarik... Ez dakit nik zoin bekatu den handi, eta zoin tipi.
ZINGIL
Badakik Otsoaren alabak maite duela Ganelon... Predika-zak hori dela bekatu bat izigarria... Mutil eta neskatxa bat elgarrekin ibiltzea.
TRIPERO
Barne huntan bada holako mutil eta neskatxa frango... Ez baitakit ene predikua duten onartuko.
ZINGIL
Bekatu handia zer den erakutsi ondoan, gero erakutsiko duk zer den bekatu tipia... Badakik Charlemagne-ek nola duen gerla piztu... Nola duen jauzi egin auzoen gainerat... Nola, bazter guziak dituen su eta odoletan ezarri... Aski duk erraitea hori dela bekatu tipia.
TRIPERO
Jendea ez da eroa, Monsieur Zingil... Ez dute holako ilarrik iretsiko...
ZINGIL
Aski duk esplikatzea... Charlemagne-ek, horiek guziak egin dituela «para Dios y la Patria»... Nahi zuelakotz bere erresuma izan zadien «una, grande y libre»... Eta ikusiko duk jende hainitz izanen dukala hire alde.
TRIPERO
O Monsieur Zingil, eneganat jinen diren jendeak, ez dira Jesuitak edo Dominikanoak... Holakorik ez dute konprenitzen... Nik mozkor lana bakarrik dakit ongi egiten.
ZINGIL
Preseski mozkor lana daiat manatzen. Mozkorreri dituk aisenik holako ziriak sartzen.
TRIPERO
Arras ongi, Monsieur Zingil, bainan nik ez dut batere ofizioz saindatzeko gutiziarik... Ni fraile, oi ez, ez, ez!...
ZINGIL
A, ez duka obeditu nahi, urde alfer tzarra... Erakutsiko daiat nik azote hunekin burutik behera emanez, zer den buruzagien errespetoa... Tripustel usaindua! Habil hemendik ifernuko komunetarat... Han duk hi bezalakoen lekua.
TRIPERO
Ai, ai, ai... Zingil faltsua! Zorriek janen ahal dute zure burua!
ZURIKO
(Agertuz) Huts leku hauk! (Debruak jalitzen dira... Kantuz)
Airea, aire sanoa eta goxotasuna
Ordain-azue laster hemengo peste usaina.
Ez fida jendeak Satanen predikueri
Har bere izaria bekatu bakotxari.
Argi den egiatik, ez sekulan baztertu
Den gezur abilenak, zangoak labur ditu.
(Musika)
XX
GURI
Azti jauna otoi deskantsa nezazu
Ganelon bizi denetz, egia erradazu.
AZTIA
Ba andere printzesa, Ganelon da bizi
Beti zutaz oroit da, ez zazula etsi.
GURI
Milesker azti jauna, o ene plazerra
Harekin bizitzea da ene amets bakarra.
AZTIA
Andere printzesa, ikus zertan giren
Euskalduna zirela ez duzu ahantziren.
GURI
Azti jauna eginbidez nuzu euskalduna
Bainan bihotz barnetik naiz arras harena.
AZTIA
Euskalduna bazira, otoi eizu kasu
Ez aipa etsaiari emaitea musu.
GURI
Bakearen alde naiz, bedi laster etor!
Gerlak ez du deus onik, zuk ere zazu aitor.
AZTIA
Guretzat bakea da, libro izaitea
Gerla dugu egiten biltzeko bakea.
GURI
Hau ezin jasana, ez ote dezakegu
Maite duguna har-eta, bakea gozatu.
AZTIA
Agian beteko da zuk duzun desira
Bainan anartean dugu gerlako tenorea.
(Guri jalitzen da)
Egiazko bakea da, euskaldunentzat
Besteak besten bainan gureak guretzat.
Gurikerietarat ez ez gaiten eror
Kenka gaxtoan gira, izan gaiten idor.
(Musika... Gudari batzu sartzen dira... Bat dago berex, jarririk eta ilun)
XXI
(Kantua emaiten da, gudarien artean)
«Zer duk nigarrez, zer duk hain ilun
Euskaldun gudari
Hator gurekin, pesta duk egun
Gaitezen liberti
— Ez, ez, ez naike alai izan ni
Ez baita libro Euskadi (bis)»
«Lagunak hilak, gorputz lur pean
Edo desterruan
Gu berriz hemen, besten menean
Preso gur'etxean
— Ez, ez...»
«Gauak goiz alba duela ondoko
Lagun oroit hadi
Luza gabe diuk bai libratuko
Gur'ama Euskadi
— Bai, bai, bai alai izango naiz ni
Libratu-eta Euskadi (bis)»
AZTIA
O gazteak zuetan da, gu denen esperantza
Zuen indarrari josia dago gure bihotza.
Zuek einez gizon lan, eta guk apez lan
Dugun salba herria, bakotxak gure sailan.
(Emeki jalitzen ari dela... gaztek kantatzen dute)
«Gu gira Euskadiko gazteri berria
Euskadi bakarra da gure aberria.
Jaungoikoak emana, hor dugu herria
Bere semek hiltzerat zergatik utzia
Bat egin behar dugu Euskadi guzia
Bildu gaiten anaiak gure da bizia.
Gu gira Euskadiko...»
XXII
(Sartzen dira Otsoa eta Mezulari)
OTSOA
Mezularia mintza zaite, denek kasu huni
Altxa mutilak eta gaiten lotu armeri.
MEZULARI
Adixkide lagunak, heldu nauzue erraitera
Adarmotzen armada, berriz dela heldu hunara.
Zaragozeko Moroek, handik dute haizatu
Orai Iruñan dago, hiria sutan eman du.
OTSOA
Adarmotzak dira laster iganen hemendik
Har armak gudari-ta, gauden prest oraindanik.
Duena duenarekin, dugun etsaia ataka
Eta gora Euskadi (denek) Euskadi askatuta!
(Kantatuz: «Gu gira...» ... Denak ateratzen dira... Musika)
XXIII
ZINGIL
Tripero, o Tripero!... Nun haiz, alfer tzarra!...
TRIPERO
(Agertuz, galtzen estekatzen ari) Hemen naiz nausia... Orai ez dugu beraz galtzen laxatzeko astirik ere ukaiten ahal...
ZINGIL
Adi-zak, Tripero... Gure aferak gaizki zohatzik hemen gaindi... Euskalduna dena gure menetik baztertzen ari duk.
TRIPERO
Ez da ene falta, Monsieur Zingil... Miriku tzar horien falta da dena... Orai pentsatu dute mozkortzalen edaritik higuintzeko erremedioa... Ene kliantik hoberena Baionako ospitalerat ereman dute tratatzeko... Eta orai, ez du gehiago arnorik jastatzen ere...
ZINGIL
Entzun-zak, Tripero, behar duk beste ofizio bat hartu...
TRIPERO
Zer nahi nauzu, berriz ere, fraile sar arazi!... Ez, ez, ez!... Ni, eman nezazu ostalero edo menttero, bainan ez dut beste ofiziorik onartzen.
ZINGIL
Ohart hadi, Tripero, mundua ari dela bestelakatzen... Lehenago, nork ere pagatzen baitzuen barrika arno gehienik-eta, hura zukan pasatzen bozetan...
TRIPERO
Ba, arrazoin duzu... Kontent naiz behin bederen aitortzen baitituzu ene merezimenduak. Nik eta arnoak eman ditugu kargutan, hainitz urtez, Euskal-Herriko deputatu eta jaun mera gehienak.
ZINGIL
Ba, bainan, orai emaztek ere boza emaiten ditek, eta emazteak ere behar ditiagu bildu...
TRIPERO
Ba, ari naiz frango polliki lanean heiekin ere... Lehenago guti ziren mozkortzen: Buhamesa batzu eta arrain saltzale batzu... Orai baditut klianta onak, jende handitan ere... Debruen «piztaxak» biltzen baitituzte zonbaitek kazinotan eta salun pollitetan.
ZINGIL
Bon, Tripero, bainan hori ez duk aski... Leku hautako emazteak errexkienik bilduko ditiagu gureganat, euskara horieri galaraziz.
TRIPERO
Ba, badakit hori aspaldi... Ni, neskatxa guzieri, erdaraz mintzatzen naiz beti, radioan bezala: Je t'aime chérie... Eta, badakit espainolez ere erraiten: Te quiero, mi amor... Bainan, ez dautate kasu handirik egiten... Aise hobeki ditut edari finekin enganatzen.
ZINGIL
Behar dik, hortan ere, jakin ofizioa... Neskatxa ergelenak dituk aisienik erdararat lerratzen... Hortako, behar dik ikasi behako batez ikusten, zoin diren neskatxetan ergelenak.
TRIPERO
Nik ikusten ditut hemendik neskatxa frango... Denak kasik erdaraz ari baitira solasean... Nago, zoin ote den horietan ergela ez denik!
ZINGIL
Hik, Tripero, konprenimendu ttipia duk neskatxetan... Hortakotz, hobe duk entseatzea emazte adinekoetan.
TRIPERO
Aspaldi ohartua naiz nitaz jelos zirela... Zuhaur antxutan ibiltzeko, ni ardi zaharretarat igorri nahia zirela. Ez, ez dut holakorik onartzen.
ZINGIL
Tripero tzarra, ez baduk obeditu nahi, igorriko haugu ifernurat, Tantaloren ondorat... Badakik Tantalo han nola dagon milaka urte hautan... Edateko dik bakarrik ur gazia eta jatekoa dik begi aintzinean, bainan sekulan ezin sar aho barnean.
TRIPERO
Tantalo bai Tantalo... Ez da zuk diozun bezain malurus... Atzo azkenik, kontrabandan, iretsiak ditu hamar Pernod.
ZINGIL
Urde alfer usaindua... Oraikoan ez duk eskapurik... Haugi hunarat. Makilarekin bizkar hezurra hautsi-ta ezarriko haugu su laratzetik zintzilik... Zintzilik lepo zokotik.
TRIPERO
Ai, ai, ai... Barka, Monsieur Zingil nausia, barka... Ez dut erranen gehiago holakorik... (Jalitzen dira tirahala)
AINGERUA
(Agertuz)
Neskatx euskaldunak, ta euskaldun guziak
Agian Satanen erranak, ez dira guretzat egiak.
Mintzairak dirare Jainkoaren dohainak
Euskara dezala mintza euskaldunak.
(Musika)
XXIV
GOTOR
(Sartzen da, gibeletik dituela gudariak... Etsaiaren zelatan dagotzi)
Gudari lagunak zaudete gorderik
Adarmotzak dituk, pasatuko hemendik.
Hurbiltzen ari tuk, utz ditzagun sartzerat
Eta apaila zaizte, jauzi egiterat.
(Gordetzen dira. Adarmotzak sartzen dira, kantuz... Gudariek irrintzinaka jauzi egiten diote gainerat... Guduka egiten da... Adarmotzak oro hiltzen dira edo ihesi joaiten... Bat, bisaia gordea, gelditzen da bizirik)
OTSOA
Bat duk bakarrik bizi, ez hunki jaun hori
«A la Nobia» bego, ohoretzat niri.
(Guduka izigarri bat egiten dute buruz buru, bere gorabeherekin, Otsoa eta Ganelonek... Noizbait, Otsoak, Ganelon ezartzen du zangopean eta puñala altxatzen dio, azken kolpearen emaiteko... Betbetan, Aztia agertzen da)
AZTIA
Ez Otsoa, ez zazula hil
Horren odolean, eskurik ez ibil.
Eskatzen derautzut, grazi berezia
Galdatzen dut enetzat, gizon horren bizia.
OTSOA
Nik hau ez hil behar, o bortxa dorpea
Bainan nola bazter, zuk egin galdea.
Fagore hau ez diot ein sekulan nehori
Zu zirelakotz jauna, dut eginen zuri.
AZTIA
Eskerrak Jaun errege, urrikaltzen baitzare
Gertakari hau beti, izain duzu ohore.
Lehoin bat bezala, badakizu gudukan
Bainan berdin on zira, bakezko lanetan.
OTSOA
Gudari lagunak, goazen apailatzerat
Altxa mutilak-eta, denak etor pestarat.
(Musika. Jalitzen dira, salbu Aztia)
XXV
GANELON
Nigarrez jaun handia, eta belauniko
Apalki emaiten naiz, eskerren bihurtzeko.
Nik nola zorra paga, Jainko gizon zira-ta
Gaineko jaunak berak, zitzala sarista.
AZTIA
Ganelon xuti zaite, zaitzadan besarka
Ongi eginak saria, berekin derauka.
Bainan xo Ganelon, gorde-azu bisaia
Ikusten dut hor norbait, dabilala nahasia.
GURI
O etsidura, o pena, o biziaren zama
Hil hurranean naiz, lagun nezazu, jauna.
Batzuek diote Ganelon, hemen hil berri dela
Hori egia bada, ni ere hil nadiela.
Jaun Aztia errazu, errazu zer dakizun
Hemen zer gertatu da, zer gertatu egun?
AZTIA
Andere printzesa, nik ez dakit hainitz
Jaun hunek dauzkizu aipaturen bi hitz.
(Ganelonek bisaia agertzen du)
GURI
Ganelon... (Nigarrez, elgarri lotzen dira)
(Musika)
XXVI
Aingerua sartzen da eta kantatzen du: «Bakearen urtxoa...». Kantu denboran, Ganelon eta Guriri ekartzen diote lehenik lore buketa bat, gero, mantalin xuri bat, gero alegia esposatzen, Aztiak benedikatzen ditu. Azkenean, jendea agurtuz emeki jalitzen dira.
«Bakearen urtxoa, oi urtxo eztia,
Hegalez kurri zazu lur zabal guzia
Kontsola gerla pean dagoken jendea
Hilen haur ait'et'amak eta emaztia
Kolpatua errestan dabilan trixtia
Presoner doakabe, hilik den bizia
Errozute deneri:
«Jende gaixoak
Ez beha gau beltzari
Bainan bai izarren
Bakea dela zueri»
«Bakearen urtxoa, jarraik bideari
Zure lili eztia eskainiz orori
Mintza zaite etzanik dagon eriari
Bihotza bero zozu xahar hoztuari
Esperantza emozu kezkan den amari
Bere latza ken-ozu hilen ezkilari
Errozute deneri:
«Jende gaixoak...»
«Bakearen urtxoa, hemen zaite geldi
Lur hau da sakratua, deitzen da Euskadi
Zorte txar batek joak girare aspaldi
Denak anaiak-eta bizi bi alderdi
Gerla da berrikitan pasa hemen gaindi
Euskalduner urtxoa, otoi mintza bedi
Errozute deneri:
«Oi Euskaldunak
Ez beha gau beltzari
Bainan bai izarreri
Bakea dela zueri.»
(Musika)
XXVII
AZTIA
Jende maiteak huna bururatzen dela
Zuentzat muntatu dugun pastorala.
Pastorala hunek baitu erakaspen asko
Hemen eman dugu hetaz oroitzeko.
AINGERUA
Gogoan har dezagun bake saindua
Ez dela armen bainan bihotzen fruitua.
Jainkoak erran dauku elgar maitatzeko
Hortarik baztertzeak ditu hiltzen asko.
AZTIA
Gizona bezala da edozoin populu
Hari ere zor zaio berdin errespetu.
Euskaldunek denentzat galdatzen duguna
Bai bakea da eta bai askatasuna.
Gaiten beti denekin ibil eskuz-esku
Bainan gureak gure eta «gauden gu».
AINGERUA
Agian zauztegu denak ongi utzi
Gaizki erranik balitz, zatzue ahantzi.
AZTIA
Orai agurtuko dugu gure ikurrina
Eta bururatuko gure gaurko lana.
XXVII
Musikarekin sartzen dira dantzari eta gudariak... Emaiten dute Ikurrin dantza... Ikurrina itzulikatzean, Otsoak botatzen du azken pertsua.
OTSOA
O ikurrin sakratua, ibil hadi hegaldaka
Denetan kanta zak, kanta Orreaga.
(Denek jendea agurtzen dute)
OIHALA
|