ESKUARAZKO TEATROA: BORDALEKO IXTUDIANTEI EMAN MINTZALDIA
Eskual-Herriak, hobeki Xuberoak, badauka bere pastoralekin, teatro bat osoki gurea, nehun ez bezalakoa, eta baitezpada beiratu behar duguna, berdin pixka bat oraikotzen badugu ere.
Bainan, pastoralez bertzalde, badugu Eskual-Herrian, eskuarazko teatro bat, barnetan emaiten dena, eta jada lehen urratsetarik jalia, gotortua.
Badira diotenak: Eskualduna ez daitakela teatrolari, jitez ez delakotz zalapart eta berduratua, nola baitira Italiano eta beste, bainan delakotz izil eta sentimenduen agertzeko herabe.
Bainan, ez dugu ahantzi behar Eskualduna gizon dela, eta beraz, gizon batek izan dezazken sentimenduen konprenikor, ez izanagatik bera heien ibilari... Eskualdunak ere baditu bere barneko gora-beherak, eta dazkienen nornahiri agertzeko uzkur bada, bizkitartean, bere gogoen kanporatzeko, hala beharrez badu talendua.
ZAHAR MOLDE
Teatro izkiriozkorik eta joka-lekurik ez zen denboran, gure zaharrek beti izan dute beren gisako teatroa... Alabainan ez ote dira teatro-aire: Galarrots eta Xaribariak, Tobera eta Maskaradak, Ihauterietako Bakus eta Zanpantzarrak, Olentzero eta Amona mantagorri, pestetan muntatzen diren Hartza-joko eta Ziminokeriak?
Xuberoan, izan baitute betitik goixtiar aire bat, hor gaindi gertatu izan diren xaribari batzu, izkirioz ezarriak eta beiratuak, dira gure teatroki lehen lanak.
Ez dakigu beti, noren trufatzeko moldatu zituzten delako xaribariak, bainan, egin arazi bide dute irri karkaila frango, eta ere metatu errabia eta pena asko.
Huna, xaribari horietarik ezagutuenen deitzioneak:
1º ARDEATINA et LUDOVIA
2º BELCADER, roi d'Afrique
3º BALA et VILOTA
4º ÇABALÇAR et sa famille
5º BONBANA et CHILLO-BERDE
6º CANICO et BELTCHITINE
7º CHIVEROUA et MARCELINE
8º Le débitant d'eau de vie
9º JOANIK hobe et ARLAITA
10º LERAT et RUCILER
11º MALOUS et MALKULINA
12º MEHALZU et VENUS
13º Petit Jean et PETIK HUNI
14º PETITUN et PETIK HUNI
15º PEYROT et CHARROT
16º PEANTA et ELEONORE
17º POLOCHINELLE
18º RECOQUILLARD et ARIEDER
19º SATURNE et VENUS
20º THERESE
21º TUDUK
HASTAPEN
Hemezortzigarren mendean, «SOCIEDAD DE 405 AMIGOS DEL PAIS» deitu batasunak, hartu zuen xedea, zerbeit eskuarazko teatroki edo antzerki muntatzeko.
Xavier Munibe Peñaflorida-k, 1764 garren urtean, bi ikusgarri atera zituen, Bat: «El borraeho burlado», erdi español eta erdi eskuaraz, kantu eta irrizko obra. Bertzea: «Gabon saria», baserria kantuz dariona.
Horietarik landa, ehun urte iraun behar zuen loeria batek jo zuen gure teatroa.
Teatro hori, hunarat ihesi etorri Karlixtek zuten berritz piztu, Karlixtek bazuten Ziburu Agorretenean, bil-toki bat, «EL TRUENO» deitua. Hor eman zuten, 1876an, «Iriyarena» titredun, erdi espainolez eta erdi eskuarazko obra. Hori bera, bi urteren buruan emana izan zen Donostiako teatrotoki handian.
Eskuarazko teatroaren aita, erran ditake Marcelino SOROA gipuzkoarra izan dela... Hau, karlixt iheslari Zokoan egon ondoan, berritz etxerat sartu zen. Eta han izkiriatu zituen: Gabon, Urrutiko lntxaurrak, Anton Kaiku, Au Ostatua, Alkate berria, eta bertze asko lan.
Soroak, «Anton Kaiku» Victor Hugo eta Mistral bi frantses idazleeri, agurrezko present gisa igorri zioten. Ez dakigu zer errepusta izan zuen bi frantsesenganik, izan bazuen ere.
Soroaz geroz, eta bereziki zoin nausi partideri esker, teatroak egin du bide mendiz bertzaldean. Bainan hango teatro xehetasunetan ez naiz sartuko, baitute hangoek hortaz asko argiraturik.
Hunaindiko teatroa dut bakarrik aipatuko, eta hau ere pastoralak, kantuzko eta dantzazko ikusgailuak, bazterrerat utzirik.
LAN DORPEA
Aitor dut, uste ez nintuen traba batzuk ene lana zaildu dautatela... Beha ba: obra berak kausitu ditut bi titrekin, edo bi obra titre batekin. Obrak kausitu ditut laburtuak, luzatuak edo nahastekatuak. Obra berarentzat agertu zauzkit bi izkiriatzale, bat bertzea bezin zintzo eta zorrotz...
Orotarat bildu ditut, 150 bat teatro obra luze eta labur. Hogoi eta hamar bat izkiriatzaleen lanak dira.
Hogoi eta hamar urtez, teatro lan horiek emanak izan dira 68 hiri eta herrixketan. Eskual-Herrian, bainan ere hemendik kanpo, hola nola Bordale eta Parisen.
Ene miatzeen arabera, lehen ikusgarriak Senperen eta Hazparnen eman ziren 1922an. Zertako ez lehenago? Ez zelakotz deus emaitekorik, ez eta ere teatro egiteko barnerik, gure herrietan.
Zerk ba lotarazi zituen lehen teatrolariak sail berriari? Eskuararen amodioak ote? Doi bat beharbada, bainan gehiago, Eskualdunen amodioak.
Ikusiz zinemaren zabaltzeak eta munduaren kurritzeak iretsi behar zutela eskualdungoa, Eskualduneri nahi izan zioten konfientzia beren baitan eman, bertzeak bertze, teatroz ere eta eskuaraz, mende berria jujatuz.
Ez da dudarik, orduko eskuarazko teatroak, moda berriak kitzikatuz, heien on gaitzak agertuz, ibilpide laxoak trufatuz, hanitz Eskualdunen gogoak zuzendu dituela eta bide nahasietarik beiratu.
Geroztik gure teatroak hanitz gogo motetarat hegalak zabaldu ditu, asko pentsamendu onen garreiari agertu da, eta zaut iduritzen, ongi handia egin duela ba eskuararen eta ba gogoeta sanoen alde.
TEATRO IZKIRIALARIAK
Nor izan diren! Baditake ez ditudan ororen izenak bildu, ez eta ere ororen lanak. Hasteko, hamar bat obra badauzkat, nehundik ez baitezaket zila norenak ditazken. Bainan, uzta aski nasaia eskuratu dut, gehientsuenen aipatzeko, oraiko eta gerokoek jakin dezaten.
HARISPE, Donibane-Lohitzundar apezak, 1886an agertu zuen «Karmela» titredun lana. Pertsuka egin eta neskatxa zerutiar baten bizia du kondatzen... Ez du funts handirik.
Jean BARBIER, Senpereko erretor zena nork ez du ezagutu? Apez lumalari gogorra, «Piarres» liburu eta «Eskualdun Kondairen» egilea, bertzeak bertze...
Ikusi ditut potretean, 1922an ateraiak, haren lehen teatrolariak. Haren obrak deitzen dira:
Zubietako debrua, Kauserak edo kruxpetak, Sorginak, Xilintxa sorgina, Gauden eskualdun, Xerafina kukusuekin, Haurrik ez. (Hau bertze bi lagunekin izkiriatua).
Jean Barbier apeza bere teatroan, bihurtu izan da bereziki sineskeri xoxo eta eskualdungoarentzat galgarri ziren moderi.
Justin MIRANDE, jaun apez eliz-aintzindaria, Hazparneko apez-nausi ohia, bazinakitena gure teatrolari handienetarik bat dugula?
Bere lan guzien artetik, laket zitzaion, buruilaz Zalgizen pausan zelarik, ttirritta eta xorien kantuen erdian pasaiatzea, eskuetan zituen Labiche eta Courteline frantses komedilari famatuen obrak...
Erdaldun horien mamia baliatuz, eskuarazko obra pollitenak eman dauzku:
Behorlegiko etxeko jaunak (La Cagnotte), Tentazionea, Bartolo auezko (Voyage de M. Perrichon), Larrondoko sorginak, Mikeldeiko ihiztariak, Traidorea, Aitatxi (edo: Amaño) (Courteline-etik), Martxelinaren errumatismak, Gitanoak, Xoxoak (edo: Bi ahizpak), Espos-geia (edo: Roxali), Geroa jakinki, Duxa.
Hamahiru obra hautaz, Mirande jaunak zafratu ditu asko ahulezia mota: Urgulua espantua, pisueria, sineste xoroak, amodio ergela eta bertze.
Predikutik zintzoki, eta teatro taulatik irriz, bainan beti ber apez-lanari, ari izan da Mirande jauna.
Pierre LAFFITTE (edo ITHURRALDE). Jaun hau nor dugun aipatzea ez ahal du balio. Bainan nork daki, hamalau teatro-obren egilea dela, edo gehiagoren. Eta bitxikeria! Bertze aldiz aise ziztadun agertzen bada, teatro lanetan aldiz gogoa zabaltzen eta gorapenetan alhatzen zaio... Baditu ba bere teatroan ere, denbora saminetako baazuza pikorrak, bainan maizago iduzki sano lañoak. Donibane-Lohizunen handiz emanak izan dira jaun hunen lanetarik multxo bat... Bertzeak bertze, izkiriatu izan ditu:
Sarea, Orratza, Merkatuan, Maritxu, San Frantses, Amerikanoa, Egiazko argia, Mirikuan, Eskualdun jauntziak, Oiharzunak, Eguberri, Kalixtro zapetain, Ilargia, Madalena Larralde.
Paul GUILÇOU, jaun apezak nehork ez bezalako talendua du erdara ez bakarrik eskuaratzeko, bainan eskualduntzeko. Horren lanetarik multxo bat frantses eskuaratuak direla, nehork ez liro erran, hain baitira gure, hitzez eta funtsez.
Ene aldetik halako maiteagotasun bat banuke «Gizona» titratu, eman daukun lanarentzat. Hori da Job sainduaren alegiazko ixtorioa. Obra horrek lan handia luke tauletan jartzeko, bainan badu hats bat, azkar eta gorako sentimentuetarat, gogoa altxatzen duena. Guilçou jaunak dauzku eman: Bi semeak, Bazko goizean, Idek atea, idek, Sendagin kaskoina, Gazte Seme galdua, Petan Miriku, Koropillo, azeri zaharra. Gizona, Nesken aldi, Bihotz apala (De La Sotatik).
Jean DIHARCE (Iratzeder edo Aita Xabier). Gizona alimale bat omen da aingeruz nahasia. Iratzeder jaunari gure Jainkoak aingerukitik nasaiki eman bide zion. Arrado da haren gogoa lurtiar. Lurra zikin zaiola iduri luke. Xoria aldaxkan bezala, doidoia da noizean behinka lurreratzen. Lanoetan barna, zeru zola arrasean, izarren artean hegaldaka ibiltzea zaio laket.
Abatik, bainan lanxka gisa, gogoz apalago zonbait obra ere atera ditu.
Huna Iratzederren lanak:
Eguerri, Mortutik oihu, Itsasorat, Pasionea, Piztu zaiku, Apez, Maria eta kurutzea, Zakalar, Arapaillu, Miss Mach, Iturrian, Tontoteiko hiru semeak.
Raymond IDIEDER. Ba. Ba. Hazparneko jaun apez-nausiak, herri berean bikari zelarik, irri onik jali-arazi du bere komediez, zafratzen zituela: Emazte kalakari, gizon diru gose, gazte «nor-naiz-ni» eta gainerateko.
Bortz obra baditugu jaun hunek emanak:
Urek sendatu, Panpale abila, Batistaren xantza, Xuritzetik xuritzerat, Felixiren testamenta.
LEON LEON jaun apezaz sinatua, ba nik, gogotik irakurtzen dudala! Ez du teatro obra luze luzerik izkiriatu Léon jaunak, bainan argitaratu dituenak dira oro «Jaun-findei-kotik». Arrallantak arinki, irri zaina kilikatzen dutela ez karkailaz, bainan lehunki.
Huna zer kausitu ditugun Léon jaunaren eskutik: Gure xokoan, Haurraren azken hitza, Maturinaren gapoinak, Tomas ezkongei, Mehetegiko nausia, Herriko besta biharamunian.
TELESFORO MONZON. Nahi duzue zerbait pollit, ezti, arin, zerbait bihotzaren goxakor, gogoaren altxakor, penen ahanzkor?
Maite ditutzue haur eta gazte garbiak, dantza eta kantu airosak, ibiltze lehunak?... Zoazte Monzonen teatrorat... Hunenak dira:
Harpeko bozkarioa, Ur garbi, Zurgin zaharra, Behorraren ostikoa.
Jean ELISSALDE, Zerbitzari jaun apezak, behingoan hunaindiko eskuararat itzuli zuen Ramuntxo deitu obra aipatua... Pena hartu zuen ikusiz Ramuntxoren emaztegaia komentuan kokatzen. Hortakotz, bere baitarik, Ramuntxori eman dio segida, Gaxuxa tiratuz... Ikusgarri hortan Gaxuxa du komentutik jalitzen eta ezkont-arazten Ramuntxorekin.
Bertzalde izkiriatu izan ditu: Mikolas, Bi gogorrak, eta Oltzaberrian...
Azken obra hau, eguberrien ohoretan, Uztaritzen emana izan zen, eta han zirenek, diote, guti obra izan dela Eskual-Herrian, hain handizki emanik.
Mayi ELISSAGARAY, han dago bizi, Hazparne gaineko karrikan, mintza errexa, gogo zorrotz maleziadun batez oro zilatzen ingurikatzen eta pisatzen dituela... Ezagun du bere obretarik, badakiela barneen berri. Bi obra ditugu hunenganik:
Maitexaren ezkontza, Ameriketako osaba.
M. de JAUREGUIBERRY anderea, eskualtzale suhar eta mintzakorra nork ez du ezagutzen?
Atharratzek Hastoy jaunaren laguntzarekin, han et hemen, Xuberun, eman dituzte zonbait teatro lan:
Mirakuilu bat, Zikoitza (Avare de Molière), Eskualdun jauntziak, eta ere panpinezko teatrotik eskuaraz (Marionnettes).
Andere HILLAUK, Baigorritik, eman dauzku: Egiazko Eskualdunak, Bixi ala Ahuxki.
Eskuaraz direlako merrezimendua kausitzen diotegu, bainan horien funtsaz ez gira satifos, ondotik erranen baitugu zertako.
Dominique DUFAU, Senpereko jaun notaria, bazinakitena teatrolari zela? Baditu, gure ezagutian, bi lan moldatuak, askito finak:
Etxeko Andere eta Gan etorri bat Senpererat.
Ernest BIDEGAIN, Pagolako jaun erretorak, Mugarren bikari zelarik, frantsesetik eskuararat apailatu du: Manez azeri (Fourberies de Seapin) obra...
Eman du ere: Uste gabeko jandarma, ikusgarri irrikin laburra.
Agian, ez zauku hortan geldituko, baitu talendu.
Aita JEAN-BAPTISTE, beneditanoak emanik, baditugu bi obra.
Harroki eta Organbide (bost gertalditakoa).
LOUSTAU. Donapaleutar jaunak egin zuen:
Aitor, Agaramontes eta Beamontesen hasarrea argitaratzen duen lana.
Anna CHARRITTON Hazpandarrak, eman dauku: Izariko zapeta, obra jostakina.
René OSPITAL, kontseilari jeneral gazteak izkiriatua: Arte-bide eta amodio, diru eta amodioaren arteko borroka darion buru-lana.
Domingo SOUBELET, jaun kalonjeak irri onik eginarazi du bere:
Xuriket-egile kalakariekin.
Dominique MOCOÇAIN, jaun kalonjeak ere: Elkorra eta Mutuarekin.
TTANPIK eina da: Katixaren pesta.
Jean OTEGUI-k: Hautsaren azpian.
J.-Bte ETCHEBERRY, Urruñeko jaun erretorak ere badu berea: Tzarrak, xoxoak eta abilak.
Jean-Pierre SOUDRE, Senpertar mutil gazteak izkiriatu zuen: Manexen tratua.
Etienne SALABERRY, jaun apezak, arrunt oraiko modan apailaturik, eman zuen: San Frantses Xabierekoa.
Martin SALDUMBIDE, Hiriburuko jaun erretorak, asko lan ibili du. Hazparnen bikari zelarik... Haren lumatik da:
Senhartegiko bi mutxurdinak.
DON BERNARDOK, Itsasun, eman zuen bere: Paxionea.
Pierre LARZABAL apezak agertu dituen obra larrienak dira:
Irri eta Nigar, Bazkari hauta, Kontrabandixtak, Merkatutik, Lau donadoak, Amerikanoaren ilobak, Jaun kaputxin, Eiherazainaren astoa, Onjoketariak, Manez ohoretan, Okilornendi jaun mera, Gerl'urte, Ferrando, Xirrixti-Mirrixti, Dendarietan, Itaitzurak familian, Nork hil du Oyhanalde, Etxahun, Bordaxuri, Basabeltz, Hiru ziren, Portu-xoko, Hila espos.
Kanpoan emaiteko, izkiriatu ditu: Lehen eta orai (Hazparnen emanikako kabalkada handi bat), Kontrabandixtaren alaba, Maritxu.
BAKOTXARI BEREA
Teatro obra izikiriatzaletarik erditsuak apezak ditugu. Gainerakotan, hiruentzat bi gizon eta bi emazte.
Ez da ahantzi behar, teatro izkiriatzetik emaiterat badela bide eta nahiz, hanitz izkiriatzale, ber denboran teatrolari gidari diren, bizkitartean badire ere, ez direnak izkiriatzale eta laguntza handiena ekarri eta ekartzen diotenak teatroari.
Ez nauzke, hemen aipatu gabe, Arostéguy jaun apez zena, Donibane-Lohitzuneko Aramendy anderea, Mugarreko Malharin anderea, eta bertze hainbeste...
Bereziki, herri ttipietan teatro muntatzaleek badute merezimendu, tokiaren apailatzeko, muntaduren moldatzeko, jokalarien arrapatzeko eta haxean emaiteko.
Horietako lana oraino nekeago da, katoliko obretan, ez baitira haizu mutil neskatxak teatroan nahasteka artzera, eta gidariek, jokalarien trebatzeaz bertzalde, baitute heien arteko errespetuaren beiratzeko kargua.
HASTAPEN MOLDE
Abiadura guziek bezala, gure teatroaren abiadurak ere baditu bere on gaitzak. Pollit edo eder badira obra batzu, bertze batzu dira espalakoin eta deus guti.
Kasik dena obra irrikinak edo komediak dira, eta oraino ere, zonbait herritan uste dute jendek, teatroa irriz asetzeko dela bakarrik.
Hanitzen sujetak dira edo erlijionezko, edo ibiltze onen alde, edo gizon itzalen kontra.
Batzuek, ikusiak teatroz dituzte kondatzen ondotikako erakaspenik gabe.
Obra multzo bat dira erdaratik itzuliak edo apailatuak.
Arras guti da amodioa, lañoki eta zinez aipatua; beti kasik trufaz edo arras goratik... Gisa hortako sentimenduetan, Eskualdunak badu uzkur aire bat.
Buruzagien, edozoin izan ditenen, errespetua, beiratua da, gehienetan handizki.
Ikusliarrak maite du Eskual-Herrian, erakaspen bat dakarken obra, ez goregitik ez eta ere sobera larritik, guti «faxoin»-ekin emana, ahal bada zonbait kantuz eta dantzez pikatua.
Bada oraino zer egin, ikusliarren moldatzeko, ixilik egonarazteko, esku zarten gidatzeko, infrentzuz ez daiten irriz edo nigarrez lot erakusteko.
On laiteke, herrietan teatroa delarik argituxago direnak multza daiten, bereziki esku zarteri, merezituak direlarik, abiadura emaiteko.
Ikusliar hanitz aprendiz baitira, hola molda lezakete gostua.
LILITEIAN ASUNAK
Ez nauke aipatu gabe, gure hastapeneko teatro obra zonbait, eskuaraz izanagatik, eskuara eta eskualdungoarentzat kaltekor direla... Batzuen sujeta, hauxe da: «Gora Frantzia! Gu frantses gira! Gure bertzaldeko anaiak, español zikin batzu dira, Eskualdunik ez da, bainan frantses eta españolak gira oro...»
Ez zaut ontsa, amaizuna ama baino gorago ezarizea, haurrideri auzoa preferatzea, denborak bertzelaka dezakena betikotz. balitz bezala tinkatzea, garen gutia ihultzea.
Badira ere obrak eskualdun gisako batzu gaizotzat dauzkatenak, ez direlakotz oraiko «moden» jakintsun. Ez dakitelakotz ontsa frantsesa, edo telefonatzen edo treinetan ibiltzen eta holako. Gaizotzat dauzkate beren bizia otoitzari, xuxen ibiltzeari, errespetuari jarraikiz deramatenak. Ez dezagun heda xuxen ibiliaren ahalgea, bainan ohorea. Gizontasuna ez da arropez edo kanpo-ibilpidez, bainan barnez... Ene aitatxi amatxiek ez zuten frantsesa ikasi, ez ziren modako, bainan ezagutzen ditut modako hanitz ez baitituzte hek sekulan balioko. Trufa ditzagun mamiaren itzalak, eta ez axalaren zimelak.
Hirugarren huts bat atzemaiten diotet obra zonbaiteri, Eskuararen eta eskualdungoaren begirale nahi dute, bainan ahanzten dute bizia erreberrituz dela beiratzen. Eskualdun teatrorik ez dezakete molda, baizik eta gizon batzu xamarretan, emazte batzu zaia luzetan, pegar eta lehengo muble batzu, agertuz... Eskualdungoari xahar, zimur eta hil itxura bat ematen diote... Horieri beha dagon gazteak ez du zaharkeria horietan, eskualdungoa oraikotz eta gerokotz egina dela senditzen, bainan Moisen denborako gogoeria bat dela zaio iduritzen... Otoi, eskualduneri gehixago erakuts dezaguten nola diren, eta direnekin zer egin dezaketen. Bizia lagun dezala teatroak, biziarekin kurrituz. Teatro ikusliarrak bete ditzagun ez bakarrik iragan ederraren penez, bainan egiteko denarentzat xede suharrez.
Egiazko begiraleak ez ditu bakarrik arropa usaia eta muble zaharrak begiratu behar, bainan ere zaharrek zuten biziaren indarrra. Hek moldatu, orduko berriak, guk orai goratzen ditugun bezala, gure ondokoek izan dezatela, guk utziko diotegun zerbeit berri gozatzeko. Ez gaiten izan iraganaren baliatzaile bakarrik, bainan emendatzaile.
TEATROAREN GEROA
Teatroa ez dago hilik, hura baita tresnez urrunerat ikus eta entzun ditaiken obren zimendua.
Eskuarazko teatroa zabaldu behar ginuke, iragan denboraz gertatuak aipatuz munduko harat-hunatetan sartuz, bertzeen obrak gurekatuz, gureak bertzetarat hedatuz.
Bertzeenez argi gaiten eta gurez bertzeak argi ditzagun. Hortan da ongia eta zuzena.
Teatro mota guziak, kantatu, dantzatu eta gainerateko entsea ditzagun, gure ahalen arabera.
Hainbertze gizon hainbertze gogo nola baigira, bakotxak eman beza beretik, eta ikusliarrak ikus beza gostu duenetik.
On laiteke, taulez bertzalde teatroa hedatzen baginu dizkez eta radioaz.
Teatrolariak laguntzea merezi luteke, bereziki primakak heientzat muntatuz.
Primatze horien abiadura bat izan zen, 1949an Hazparneko kantoinamenduan, 1950an, toki berean, sahets herriak barne sartuz, 1951an Eskual-Herri guzian.
Azken aldi huntan, 18 multzo zoin gehiagoka jokatu ziren. Taria eta asaldatze puska bat ibilirik, bereziki Donibane-Lohizunen, Hazpandarrek zuten ereman xapelgoa.
Hazparnen ere, Mayi Xoribit andereak polikopiatzen zituen teatro lanak eta teatrolarieri prestatzen zerbeixka pagaraziz.
On laiteke holatsuko zerbeit zintzoki muntatzen baginu. Bertzenaz, inprimatu eskasian, gure lanak galduko baitira, jada batzu eginak diren bezala.
Batzuen ustekeria da, eskuarazko teatroak ez duela bererik emaiten. Ustekeria makurra da hori.
Frantsesezko teatroak, ez eskualde hautan ez du bererik emaiten, hemengo teatrolariak, hiritarik jin multzo famatuek, itotzen baitituzte. Bainan, eskuaraz ez dugu nehortaz lehertuak izaiteko lanjerik. Eskuaraz errege gare. Bertzalde eskuarazko obrek ez dute «droits d'auteur» deitu zerga pagatzerik.
Hortako, diot jokalariak lekuko, eskuarazko teatroa diruz abantailosago dela, hemengo multzoentzat, frantsesezkoa baino.
AZKEN HITZA
Gogoak egiten du gizona. Gogoaren aberatsak gizonaren balioa. Aberats dezagun teatroz ere, gure eta bertzeen gogoa.
Gure teatroa izan dadiela guretzat altxagarri. Bilakaraz gaitiala eskualdunago, gizonago, Jainkoaren haurrago. Aufa mutilak.
(Gure Herria, 1955, 367-378)
|