BORDAXURI
(1952)
Egilearen aintzin solasa
Bordaxuri antzerki hau, agertua izan da lehen aldikotz Hazparnen, 1952-garren urtean.
Larzabal jaun apeza egon baita hamabi urtez bikari herri hortan, artoski argiturik Bordaxuriren gertakariez, lotu zen lan huni.
Hazparnen, nor-nahik kantatzen ditu Bordaxuriren kantuak... Delako Bordaxuri bizi izan da hemeretzigarren mendean.
Etxeen izenak, gertakarien mamia, asko xehetasun gertatu ziren, antzerkiak erakusterat ematen duen bezala...
Haatik osaba amerikanoa, ez zen «amerikanoa», bainan apez beneditano bat, Bordaxuri zaharraren anaia, bere ilobaren kontra agertu zena. Ez ahal zen agertu «amerikanoa» bezain idor.
Larzabal jaunak maiz bere saila derama jende xehe, herresta, hobendunak dituela xuritzen eta goratzen.
Hemen ere, hortarik ari da.
P. Larzabal
Jokalariak:
BORDAXURI: 50 urte, laboraria, bortitza.
AMERIKANOA: 45 urte, mutil zahar, Ameriketarik sosdun jina, Bordaxuriren anaia.
GANIX: 75 urte, laborari zaharra, lehengo bien aita.
TEREXA: 23 urte, neska gaztea, Bordaxuriren alaba.
KATXO: 50 urte, erdi buhamia, Bordaxuriren etsaia.
KLOTILDA: 25 urte, Katxoren alaba.
ERRETORA: 70 urte, herriko apeza, ttipia ta bere gisakoa.
PAXKAL: 45 urte, zeinu joilea, parregarria.
MAYI: 50 urte, auzoko emazte bat.
BERONIKA eta LUIXA: 20 ta 25 urte arteko neska gazteak, Mayiren alabak.
JOANA: Gelaria.
|