MUTHIL ZAHARRA
Bakharrik bizitzeaz unhatua franko,
Xede zerbait banuen lagun bat hartzeko,
Bainan orai andreak zenbat ez du behar!
Ez, ez, nahiago dut egon muthil-zahar.
Herrunka guzietan estatua gaindi,
Egun oroz baitugu mila moda berri.
Hoinbertze gasturekin, nola menaian sar?
Ez, ez, nahiago dut egon muthil-zahar.
Grizetek utzi dute mokanes pullita,
Ustez hobeki dohan lore-dun boneta;
Zer! boneta buruan neskatxa bat nik har!
Ez, ez, nahiago dut egon muthil-zahar.
Sederian sarthuak, printzesak iduri,
Fu! egiten diote soin telapintari:
Horrela uste dute zenbait xoro lokhar;
Ni ez banaiz logale, nago muthil-zahar.
Handiek badakite musikan kantatzen,
Bainan badakitea botoin baten lotzen?
Dendari jornaletan zenbat urre, zilhar!
Ez, ez, nahiago dut egon muthil-zahar.
Mirail baten aldean, goizetik, josiak,
Han dituzte miratzen aurkhintza guziak;
Egun gauza bat eskas, bertze zerbait bihar,
Nor ez da lotsatuko? Gauden muthil-zahar.
Zenbat senhar munduan, gaizki gerthatuak,
Lephoraino sasian direnak sarthuak!
Orai egiten dute berantegi nigar:
Hanbat gaixo berentzat; egon muthil-zahar.
Ezkontzako bideak, legun eta garbi;
Urrundik begiratuz, du belus'iduri:
Bainan da hurbiletik, dena harri, bizkar,
Nola bainaiz laususko, nago muthil-zahar.
Segur da, deithuko nau, batek galai hotza,
Behar bada bertzeak harpagon zikhoitza;
Laidoen jasaiteko senti baitut indar,
Askoz nahiago dut egon muthil-zahar.
Oi! hauxe da mendea gizon gaztendako!
Orain andreak dire, jaunen larrutzeko;
Ez othe da, diozu, xuhur zenbait bakhar?
Ez nezake zin egin, gauden muthil-zahar.
Hobeago zuretzat othe da zoria!
Zuri nago, neskatxa goregi jarria?
Utzatzu sobraniak, izanen da senhar,
Non-ez, egonen zare bortxaz neska-zahar.
|