ALFERRETAN HAIZ SORTZEN
(1862)
Alferretan haiz sortzen, oi lore maitea,,
Baratze bazterretan humilki gordea;
Bafada goxoenak hau bethi salhatzen,
Hire egoitza bakhotxak aiseki khausitzen.
Orai errak zertako haizen hoin herabe;
Eder duk modestia, bainan gaindi gabe.
Berthutean orobat, bertzetan bezala,
Jakizak, ez badakik, negurri badela.
Bertze lore guziak, sorthu bezain sarri,
Arrai dantzan bizi tuk, zefir soinulari;
Hi aldiz belharpean, burua behera,
Alhargun bat iduri lurrari begira.
Bainan diok Jainkoak hauela landatu
Ez dukala lekhua heronek hautatu.
Hori baizik ez bada, hoi bada guzia,
Adi nezak zer gerthuz hagon ehortzia:
Jaunak hire hazia hola estaltzean
Ber'ustez bertze zenbait zaukaian eskuan;
Ezer dukan soin hori eztuk ilhunbeko,
Hain guti hire hatsa lurrak iresteko.
Ez dik naturalezak bere mila obretan
Nihon deusik agertzen egina alferretan;
Bada bahintz munduan gordea egoteko,
Hire dohain guziak, errak, zertarako?
Horra beraz argitan zeruko xedea,
Egun etzaik zilhegi duda egitea.
Orai behar duk jakin, entzun nezak ongi,
Hire gana zertara ni nauten igorri:
Hire lagunek haute beren gana deitzen.
Jelosia bera ere heier duk juntatzen.
Altxa beraz lurretik, ez ukha ethorkia:
Arrosaren aldean duk hire tokia.
|