|
ITZ-AURREA
Nere euskaldun maiteak: Gizonaren gaiztakeriari ateak isteko, bide onenetatik bat, deritzat, Jaungoikoak gizonagatik egin duena, jakitea dala. Egiaz nor gizonaganako Jaungoikoaren amorioa ezagutzen duena, Jaunagoikoak gizonaren alde egin izan dituen mirari andiak dakizkiena, jarriko da berari min ematen, eta kontra egiten, aren agindu santuak autsiaz? Guziz esker-gabea, eta dollora izan bear da, alako erantzupidea ain Ongille oparoarekin gordetzeko. Argatik Elizako guraso santuak beti leiatu izan dira, Jaun-Egilleaganako esker-ona Kristauen biotzetan sarerazotzen, begien aurrean ipintzen diezteela artu izan dituzten mesedeak, eta eskeñtzen diezten zori-onak: eta, ara emen, nere lanari ekiteko izan nuen eresia, agerturik. Itzkuntza guzietan dituzte beren liburuak, erakusten diezteenak, Jaungoikoak egin dituela, Eskritura Santak dion, gauza miragarriak: eta zuek ere, nere erritar maiteak, mesede au merezi zenduten, zeron begiakin guzia argiro zekusaten. Egia da, aita Fray Juan Antonio Ubillosek Apaiz Fleuriren esku-liburutxo bat, zenbat gertakari dakarzkiena, eman zizuela, euskarara ederki itzulia; baña nai litzakean baño laburragoa da. Franziako Apaiz-Larregik ere, orain irurogeita amar urte diralarik, argitaratu zuen Testamentu zarreko eta berriko Historiaren izenarekin liburu luzeago bat, munduaren asieratik, Jesu-Kristo gure Jauna zerura igo zan arterañoko berriak zerbait zearoago eta zabalkiago ematen dituena; baña liburu onek ere, batetik Labort-euskaran ipiñia, bestetik zuen artean txit urria eta bakana dalako, dezuten utsunea ez du, nai bezala, betetzen. Nik, bada, nere ez-jakiñari gogor egiñik, artu nuen, Gipuzkoako nere euskaran berri bat ipintzeko, eta argitaratzeko asmoa. Badakit, nere lanak uts andiak izango dituela; ala-ere, beste obeto egindako eta ezarritako bat eskuetaratzen dezuten bitartean, Jaungoikoaren obra miragarrien berriak ugari emango dizkizuten, zeñak ikusita, zuen biotzak, arrizkoak ezbadira, artuko dute, ain Ongille onarekin leialak izateko gogo, nere nekearen saririk naiena izango dana. Jaungoikoari ala nai dakiola, beraren onrarako, eta animaen onerako. Agur.
|
|