LEHEN ZATIA
LEHEN MINTZALDIA
Kanpoan, Petanen etxe-aitzinean.
Petan, Mai-Koxepa
PETAN: (Egur-xehatzeko trunko baten gainean jarririk, zigarreta baten egiten). Tra-la-ta-la, la-la-la...
MAI-KOXEPA: (Erkatza eskuan etxetik ateratzen da). Ernatu gogo duk hortik, Petan?!
PETAN: (Kantuz)
May-Koxepa maitea, ez bada hasarra;
Zuk eta nik badugu elkarren beharra
Zu ene bihotzean zintuzket bakarra..
Zu baino eztitxago ez balitz nafarra
MAI-KOXEPA: Egur buit ez diagu gehiago etxean eta... hi, hor, kantuz deskantsuan!
PETAN: Norat dut presa?
MAI-KOXEPA: Habil egur egiterat.
PETAN: Ez dut egun zotzik eginen. Ala.. nor da hemen nagusi?
MAI-KOXEPA: Ezetz? Uste duk nerekin auzia irabaziko dukala?... Atzo igandea, hordi, egun astelehena, burua haundi! Ez nauk ez ni hire hola jasaiteko ezkondua!
PETAN: A, etxean emaztea, zer gurutzea!... No, zaharrek sekulan erran badine egia bat, eta hau hala erran dine: «Emazte-buru, debru-buru».
MAI-KOXEPA: Gaizo Petan; orai erran zaharretan!
PETAN: Gaizo Petan ba... No, hatxeman, Eskual-Herrietan egur-egile bat, arrazoinka niri nagusituko denik. Ni bezala, mihiku famatu batekin sei urtez mutil egonik, bertze batek, nik bezala, haren jakitate guziak ikasiko zitinan?
MAI-KOXEPA: Tresna, alaina!
PETAN: Hi haizen bezalakoa.
MAI-KOXEPA: Egun ederra,, baietz erran nuena.
PETAN: Ba, segurki. Urkatu banintz, hobeko ninan.
MAI-KOXEPA: Hik behar duk erranguratu! Gure Jainkoari egunero eskerrak emaiteko izanki eta!... Merexi huen ni bezalakoa?
PETAN: Kontexko hintzen, no, ni haitxemaiteaz.
MAI-KOXEPA: Zer derasak? Kontent?... Etxea errekarat eremanki dautan gizonarekin, edale batekin, kontent! Denen jateko baizik ez den gizonarekin!
PETAN: Gezurra: parte edaten dinat.
MAI-KOXEPA: Bederazka, etxe-barneko guziak saltzen dauztak, eta!
PETAN: Hori dun etxekoz-etxeko bizitzea.
MAI-KOXEPA: Ohea bera kendu dautak!
PETAN: Goizago ernatuko haiz.
MAI-KOXEPA: Hots, muble bat ez zauiat gehiago etxean gelditzen.
PETAN: Nagusi dun hola, Jondone-Martine egiteko.
MAI-KOXEPA: Goizetik arrats jokoan eta edaten.
PETAN: Denbora pasa.
MAI-KOXEPA: Bainan, Petan! Anartean, zer nahi duk egin dezatan?
PETAN: Nahi dunana.
MAI-KOXEPA: Lau haur ttiki besotan...
PETAN: Pausa'zkin lurrean.
MAI-KOXEPA: Ixtant guzian ogia galdez.
PETAN: Zaharoarekin emoten. Nik, ontsa jan eta edan dutalarik, denak airean ikusi nahi ditinat!
MAI-KOXEPA: Haizen bezalakoa! Galeretako sortua haiz hi.
PETAN: Bazuken: galerarik aski ikusten dinat segurik hirekin.
MAI-KOXEPA: Uste duk, beti hola bizi beharrak garela?
PETAN: Emazu polliki, burregoa.
MAI-KOXEPA: ...hire manerak jasanen ditudala?
PETAN: Ez gaiten hasarra, muñuñu!
MAI-KOXEPA: ...eta ez dutala hire oneratzeko molderik hatxemanen?
PETAN: Gaixo muñuñu, badakizu, soberak ere sobera direla?
MAI-KOXEPA: Futitzen nauk hire mehatxuez.
PETAN: Nere andre ttiki muñuñu hutsa, zer duzu, bizkarra hotza? Bero aldi bat hartu nahia?
MAI-KOXEPA: Uste duk izitzen naukala?
PETAN: Nere izarra, nere bihotza, niri zerbait hartu nahia duzu? Ez duzu ebatsia izanen...
MAI-KOXEPA: Arraileroa!
PETAN: Harrapatzen bazaitut...
MAI-KOXEPA: Herresta.
PETAN: Harrapatzen bazaitut...
MAI-KOXEPA: Ustela, ez bertzea!
PETAN: Joko zaitut?
MAI-KOXEPA: Ez diat gaizki irri egiten, to, hitaz!
PETAN: Xehatuko zaitut?
MAI-KOXEPA: Herbaila! Hunki nezak, ikusteko?
PETAN: Hilen zaitut eta tripak eginen?
MAI-KOXEPA: Faltso, zirtzil, ausart, traidore, ohoin, lapur, tripa haundia!
PETAN: Hireak eta bat gehiago hartuko ditun. (Erkatza harturik, jotzen, du).
MAI-KOXEPA: Atx! Atx! Atx!
PETAN: (Beti joka). Horra goxa-gailua.
BIGARREN MINTZALDIA
Petan, Mai-Koxepa, Gizona
GIZONA: Oi! oi! oi! oi! Zer dugu hemen! Apailu hau bere andreari joka!
PETAN: Jo nezan on bazaut!
MAI-KOXEPA: Zer behar duzu hemendik?
GIZONA: Huts egin dut.
PETAN: A! Ontsa.
MAI-KOXEPA: Ez da zure ikustekoa?
GIZONA: Hala da..
MAI-KOXEPA: Zer duzu sudurra hemen sartzeko?
GIZONA: Deusik.
MAI-KOXEPA: Okupa zaite zure egitekoez.
GIZONA: Ez dut gehiago pitsik erranen.
MAI-KOXEPA: Hola nahi dut.
GIZONA: Bon, bon.
MAI-KOXEPA: Ez duzu zuk senditzen?
GIZONA: Egia da.
MAI-KOXEPA: Nahasi zoro bat zare, deus ikustekorik ez duzunetan sudurra sartzeko. (Eta mazelako bat emaiten dio.)
GIZONA: Barkatu Pettan. Emazu, emozu zeha-aldi bat ona zure andreari... Nahi duzu esku-ukaldi bat emaitea?
PETAN: Ez jauna.
GIZONA: A! Hori bertzerik da!
PETAN: Joko dut nahi badut eta, nahi badut, ez!
GIZONA: Ederki.
PETAN: Nere andrea da, eta ez zurea.
GIZONA: Segurki eta beharrik.
PETAN: Ez da zuri, manatzea.
GIZONA: Hala da.
PETAN: Hala bada, eta ez bada, ez dut zure laguntza beharrik! Utz gaitzatzu, gu, bakean.
GIZONA: Bakean? Ontsa da!
PETAN: Ozar bat zare, bertzeen egitekoetan hola sudurra sartzeko. Ez duzu behin ere aditu, zuhaitzaren eta erriaren artean ez dela azala sartu behar... edo zerbait holako?... Ta, ori! (Erkatz ukaldika igortzen du).
HIRUGARREN MINTZALDIA
Petan, Mai-Koxepa
PETAN: (Gibeletik gizonari beha, kantuz)
«Joaiten naiz jaun-andre (bis)
heien baketzera;
Umaturik hor naute
igorri etxera».
(May-Koxepa ri) Errazu baketu behar dugu, ekazu esku.
MAI-KOXEPA: Bai, jo ondoan!
PETAN: Ez da hori deusik.. Emazu hunat bortzekoa.
MAI-KOXEPA: Ez.
PETAN: Are.
MAI-KOXEPA: Ez.
PETAN: Gaixoa!
MAI-KOXEPA: Eetz.
PETAN: Are, bada!
MAI-KOXEPA: Ez, deusetan ere.
PETAN: Xauri, xauri.
MAI-KOXEPA: Ez, hasarre nauk!
PETAN: Bo, ezdeuskeria horren gatik! Are, are bada.
MAI-KOXEPA: Utz nezak.
PETAN: Ekazu ba'esku.
MAI-KOXEPA: Sobera gaizki erabili nauk.
PETAN: Barkamendu galdatzen dautzut orduan. Emadazu esku.
MAI-KOXEPA: Barkatzen dauiat... Bainan, hago ixtant bat, hago.
PETAN: Zoroa behar zintezke, hortaz malezia atxikitzeko. Holako huskeria batzu on dire noizean behin adiskide egoiteko; bospasei erkatz ukaldik, elgar maite dutenen artean amodioa azkartzen baizik ez dute... Ori, egurrerat noazu, eta egiten dauzkitzut, egun, bortz pilota-egur.
MAI-KOXEPA: (Gibeletik) Hoa, hoa, begitarte ona egiten badaiat ere, ez diat, ez, ahantziko. Nolazpeit mendekatuko nauk, bai. Emaztekiak hatxemaiten dik beti mendeka-bidea.
LAUGARREN MINTZALDIA
Mai-Koxepa, Piarres, Leon
PIARRES: Debruenaxoa! ez diagu, to, lan txarra hartu bigek eta ez zakiat zer hatxemanen dugun.
LEON: Ze na'uk, gaizoa, nagusia nagusi.
PIARRES: Ba, ez diagu, ez, pitsik galduko Bordaberrirekin, norbait hatxemaiten bazioiagu, emaztegeia sendatuko diona: esku-zabala dik; sari ederrari beha gauzik. Alta Maider-rek ez dik hura gostukoa; Andre nahiago likek; aitak aldiz. deus ez aditu nahi.
LEON: Andre, laborari seme.
PIARRES: Eta nagusia, zer duk bera, eihara zain bat! Nahi diat, azkar: ohointzatik aberastua... Etxeko seme ona likek bada...
MAI-KOXEPA: (Barnetik) Mendekatzeko, bazakia zer egin.
PIARRES: Bainan zer eman ziok buruari, ez dutenaz geroz deusik egiten abat izan?
LEON: Gertatzen dut hatxemaitea, bilatzearen medioz; eta, batzutan, uste ez den lekuan zagok erbia lo.
MAI-KOXEPA: Ez duk deus egitekorik; zernahi gostarik ere, mendekatu behar diat. Erkatz ukaldi horiek min egiten zautaie. Ez diat hartan utziko gure Petan,... eta..., (Etxe aitzinerat agertzen da). Barkatu, jaunak; ez zintuztedan ikusten, eta zer nahi buru-hauste baitut, nere buruarekin eleketan ari nintzen.
PIARRES: Bakotxak bere kezkak eta errangurak; gu ere, ontsa nahi ginuken zerbaiten ondotik gabiltza.
MAI-KOXEPA: Laguntzen ahal zaituztet?
PIARRES: Beharbada. Gizon abil bat behar ginuke; mihiku bat bertzeak ez bezalakoa. Nagusiaren alaba, pikoz mututurik baitago, hura senda lezaken norbait. Mihiku batek baino gehiagok beren jakitatea han utzia dute; bainan izaiten dire batzutan gizon abilak, sendabide harrigarriak berekin dauzkatenak, beren burutikako erremedio berezi batzuri esker, bertzeek egin ez dezaketena ardiesten baitute. Horra, guk zer gizon bilatzen dugun.
MAI-KOXEPA: (Bere buruari). Ederki jina duk, (Piarres-i eta Leon-i). Ori, ez zintezketen hobeki eror. (Bere buruari)
PIARRES: Ba zera! Ta, nori da?
MAI-KOXEPA: Zer parada! (Berriz bi gizoneri). Badugu gizon bat, —halako guti baitabila bazterretan—, eri etstituentzat hauta dena. Hortxetan ikusiko duzue, orai, egurrean ahusatzen.
LEON: Mihiku bat egurrean?
PIARRES: Oihanean dela erran nahi duzu, aire hartzerat ateraia?
MAI-KOXEPA: Ez. Ilargi-jo, halako bere gisako tresna bat da. Ez zinukete sekulan, erranen hanbateko izpirituko gizona dela. Eta haren bezti-moldea! Iduri du zaku gaizki josi bat... Gehiago dena, badaki ederki astoarena egiten bere jakitatearen gordetzeko.
PIARRES: Bitxi da: kaskoz norbait diren guziek, nola izaiten duten erro-aire bat jakitatearekin nahasteka.
MAI-KOXEPA: Ezin sinetsia da, zein erroa den gure delako gizona: pentsa! sendatzeko duen ahala aitortu baino lehen, joka ibili behar izaiten da, alaintso. Eta hitz dautzuet, buruari emaiten badio, ez duela bere jakitatea agertu behar, makil bana harturik, beharko diozkatzue bereak eman, deusik ateratzekotan haren ganik. Holaxe egiten dugu, haren beharretan garelarik.
LEON: Ez duk guti erroa, haatik!
MAI-KOXEPA: Ez dakizue ontsa!... Bainan, gero ikusiko duzue, gauza harrigarriak eginen baitauzkitzue.
PIARRES: Zer du gero, izena?
MAI-KOXEPA: Petan! Ezagut erretxa da bere mustatx beltzekin eta galtza-ipurdi pedazatuekin.
LEON: Jesus! mihi ku bat, galtza-ipurdi pedazatuekin!
PIARRES: Ba, banian, egiazki, diozun bezain abila da, gero?
MAI-KOXEPA: Ba, ta nola! apezari ikusiko ez ditutzuen mirakuiluak egiten ditu, gizona. Ori, erraiteko baizik ez da: duela oraino sei hilabete, bazen emazteki bat mihiku guziek alderat utzia... sei oren hartan hiltzat zaukaten; jada beztitua, biharmunean ehortzi beharra, ta... joaren bortxaz, ekarrarazten dute delako sorgina. Harek... emaiten... ez dakit zertarik, ttintta bat ahoan, eta emaztekia heldu zaiote sukalderat, iduri ta deusik ez.
LEON: Jesus, Maria!
PIARRES: Zer debru da, bada, zuen gizona?
MAI-KOXEPA: Debrua? Batere ez da fidatzeko. Dena den, duela hiru aste, hamabi urteko mutiko bat ez zen ezkilategitik erori eta zango-beso-lepo hezurrak hautsi! Gure gizona ekarrarazi, ta... harek, berehala.... berak eginikako gantzugailu mixteriozko batekin... torratu bezain laster, xutitu zen eta pilotan aritzerat joan.
LEON: Jesus, Maria ta Josepe!
PIARRES: Orduan, mihikuntza guzia errotik badaki gizon horrek.
MAI-KOXEPA: Dudarik ezin.
LEON: Bo, maitea, hara gure gizona heldu! Joan gaizkon biderat.
PIARRES: Esker hainitz, etxek'anderea, egin daukuzun zerbitzuaz.
MAI-KOXEPA: Nik erranez orroit!
LEON: Zaude trankil! Jotzea aski bada, laster gurea dugu gizona.
PIARRES: (Leon-i). Hau egiteko errekontrua.
BORTZGARREN MINTZALDIA
Piarres, Leon, Petan
PETAN: (Kanpotik, «Sotoko oporraren» airean) Tra-la-la-la...
LEON: Hura duk. hura, kantuz ari.
PIARRES: Gauden hemen berean.
PETAN: (Aitzina kantuz)
«Gero zait hasten
Bihotza hozten,
Agorttzen zintzurra,
Laster dut eskuratzen sotoko oporra. »
Pufa! To, badiagu, ba, aski egur eginik. (Eta berriz kantuz)
«Gorputza baitut sano, arpegia gorri,
Hortako dute nitaz zerbait erran nahi,
Bainan ez naiz ni
Nehoiz ibili
Oraino moxkorra...
(kantatu gabe) Atzo azkenik! (Irri-karkailaz) Ha, ha, ha. ha. (Eta bere kantuari jarraikiz).
...Izana gatik maite sotoko oporra. ».
Hats har dezagun, eta, edan (Gero, bidean, eskalapoinen harrabotsa, ezagun).
PIARRES: Hara, heldu, bere eskalapoin haundiekin.
LEON: Hura duk, ba; ez duk dudarik.
PIARRES: Xo, xo. Utz'ak parreraino jiterat.
PETAN: Kanta dezagun, barneak hala galdatzen zautak. («Pipa hartu ta»ren airean).
«Urrundu zaizkit aiskideak
Eta hurbildu ostalerak»...
Nor dituk gizon hauk gure etxe-aitzinean? Ez ahal diltiat ostatuko aita-semeak (Kantuz).
«...Etxean aldiz emazteak
Prest-presta ditu erasiak.»
Bainan, zer ditek, hauk, niri hola beha?
PIARRES: Agur jauna; zu zare Petan deitua?
PETAN: Zer nahi zinuten?
PIARRES: Zu zaitugunez Petan?
PETAN: Ba... eta... ez, ea zer nahi diozuen.
PIARRES: Hari gure agurrak egin nahi.
PETAN: A! Orduan ni naiz Petan.
PIARRES: Bazinaki, jauna, zer atsegina egiten daukuzun. Zuie ganat igorri gaituzte, eta... zure, laguntzaren galdez heldu gare.
PETAN: Guk egiten ahal dena balinbada, eginen dugu.
PIARRES: Ederki, ederki.
LEON: Atxik'azu, atxik gapelua buruan; iguzki kolpe bat bil zinezake.
PETAN: Hauxek dituk gizon plaixentak! (Eta gapelua, barnaxago sartzen du).
PIARRES: Ez zaitela harri, jauna, zure ganat jinik ere: kaskoz norbait direnen ondotik ibiltzen da jendea; eta, jakin dugu, zer ahal haundiko gizona zaren.
PETAN: Egia da. Ez da segur munduan gizonik, egur-egiten nagusituko zautanik.
PIARRES: A!
PETAN: Ez naiz laneko lotsa; ez baitut nahi, nere egurraz nehork izan dezan deus erraitekorik.
PIARRES: Ez gare hortaz mintzo.
PETAN: Ba, bainan... bi mila libera saltzen dut, gero, pilota-egurra.
PIARRES: Orai, bertze solas, nahi baduzu!
PETAN: Hitz dautzuet, ez dezaketela gutiagotan eman.
PIARRES: Badakigu hori.
PETAN: Hori balinbadakizue, badakizue zenbak egiten dutan pilota-egurrean. .
PIARRES: Trufatzea da, hola...
PETAN: Ez naiz batere trufagura, bainan ez nitake merkeago ari.
PIARRES: Aski hortarik: bertzerik badugu elgarrekin aipatzeko.
PETAN: Bertzetan merkeago aurki dezakezue, nere pilota-egurra bezalakorik, ez.
LEON: Pilota-egurra, zernahi izan eta ere! Bainan, bego. Jainkoaz, hori hortan.
PETAN: Utz, nahi baduzue, bainan, ni hemen naizen bezain egia da, holako pilota-egurrik ez zinuketela prezio hortan ukanen.
PIARRES: Bainan, ez gare hortarat jinak.
PETAN: Ez eta ez; bi milako hori beharko duzue, ala fede, pagatu. Zinez ari naiz gero, ni! Ez naiz, beren mozkinak biperretan sakatu nahi dituztenetarik.
PIARRES: Errazu, jauna; ez da batere eder, alegia ez konprenituarena, hola, egitea. Denek badakite berdin, zein mihiku famatua zaren.
PETAN: Burutik badik, hunek.
PIARRES: Ez gutaz liberti.
PETAN: Nola?
LEON: Zure ingura-mingura guziak eta gaineratekoak alferretan dire gurekin, dakiguna baitakigu.
PETAN: Zer bada?. Zertaz ari zarezte? Norentzat naukazue
PIARRES: Zaren mihiku famatuarentzat.
PETAN: Ni mihiku?... Ez naiz hala ez eta izan egundaino.
PIARRES: (Leon-i) Horra! Erro-bultan diagu. (Petan-i). Hala dena, ez gehiago uka eta ez gaitzatzula, xuhur baduzu, onetik ateraraz; bertzela azken bideak hartuko ditugu.
PETAN: Zer egin gogo dautazue?
PIARRES: Batere atsegin ez ginukena.
PETAN: Nahi duzuena eginen dautazue, bainan ez naiz mihiku, eta ez dakit, zer derasazuen.
PIARRES: Gure lanari lotu beharko diagu... (Petan-i). Azken aldikotz galdatzen dautzut: aitor'azu zer zaren.
LEON: Ez gehiago maltzurkerian ari hola, eta aitor'azu lañoki mihiku zarela.
PETAN: Errabiarazten nauzue, ori.
PIARRES: Zertako, guri, dakiguna uka?
LEON: Zer irabazten duzu hola, zure mihikugoa gordez?
PETAN: Batetarat heldu da, erran dezazuetian hitz batez ala bi milez: ez naizela mihiku!
PETAN: Ez!
PIARRES: Ez zarela mihiku?
PETAN: Ezetz!
PIARRES: Hola denaz geroz, behar dena eginen dugu. (Makilakin joka hasten zaizko).
PETAN: Atx, Atx, Atx! Zer nahi baituzue izan, nadin eta hala naiz.
PIARRES: Zertako huntaraz gu bezalako gizon prestuak?
LEON: Ez daukuzu batere atsegin egiten.
PETAN: Ta, uste duzue niri atsegin egiten dautazuela? Zer demuntre da istorio hau?... Espres ari zarezte ala... zuen buru-kolpea da mihiku izan nadin?
PIARRES: Zer? Ez duzu oraino amor eman gogo?
LEON: Ez zarela mihiku, diozu?
PETAN: Ez dizaket hala ez dena erran.
LEON: Ez da egia, mihiku zarela
PETAN: Ez eta ez! (Berriz jotzen dute). Atx, atx, atx... Bon, beraz, mihiku naiz, jaunak, eta barber ere, hala nahi baduzue. Nahiago dut, zernahi onhartu, holako ukaldiak hartu baino.
PIARRES: Hola, jauna, hola. Ez da goizegi.
LEON: Hori da, hori, gizonki mintzatzea.
PIARRES: Barkatu, eman ukaldiez.
LEON: Barkatu, egin minaz.
PETAN: (Bere buruari). Hi ari ote haiz, bada, makur, Petan? Zer haiz, mihiku bilakatu oharkabean?
PIARRES: Ez duzu urrikirik izanen, nor zaren agertzeaz.
PETAN: Bainan.... errazue, jaunak... ez nauzue enganatzen bederen?... Zinez ari zarezte, mihiku naizela?
LEON: Segurki, hala baitzare.
PETAN: Segur.
LEON: Segur baino segurago.
PETAN: Debruentxoa! Ederra diagu.
PIARRES: Zer? Munduko mihikurik abilena zare, ta!
PETAN: A! A!
LEON: Ez dakit zenbat eri haundi sendatu dituen mihikua!
PETAN: Egundaino! Hau badiagu zerbait haatik!
PIARRES: Sei oren hartan hila zen emaztekia, jada ehorztekotan zutena, zuk ahoan ttintta zerbait emanik, berebaitaratu duzu, eta kurri abiatu da.
PETAN: Holakorik baditakela! Debruentxoa, debruentxoa!
LEON: Hamabi urteko mutiko bat ezkilategitik erori da behin; zango-beso-lepo hezurrak hausten zituela... eta zuk, ez dakit zer gantzugailuri esker, xutik abiarazi eta pilotan aritzerat joan zen.
PETAN: Oisus!... Eup, Mai-Koxepa! Aditzen dun?
PIARRES: Hots, jaun mihikua,...
PETAN: Jaun mihikua! Ha, ha, ha, ha!
PIARRES: Ontsa helduko zare gurekin. Eta, nahi duzuna irabaziko duzu...
PETAN: Nahi dutana irabaziko dutala?
PIARRES: Ba!... Guk eremaiten ditugun etxerat jitea onhartzen baduzu.
PETAN: A! Segurki mihiku bainaiz. Ahantzia nuen orai gogoratzen zaut... Zertaz da istorioa? Norat joan behar dut?
PIARRES: Gurekin eremanen zaitugu. Neskatxa bat behar duzu ikusi, mintzoa galdua duena.
PETAN: Ez dut, nik, hatxeman, ez, haren mintzoa.
PIARRES: (Leon-i) Arralleria maite dik (Petan-i) Goazin.
PETAN: Zer? Hola? Mihiku beztitu gabe?
PIARRES: Soinekoak emanen dauzkitzugu, bai, guk.
PETAN: Bon. (Piarres-i). Zuk, eremazu hau (botoila emaiten dio); hortan erabiltzen ditut tixanak. (Leon-i buruz itzulirik, lurrerat tu egiten du). Zu, zoazi horren gainetik; hola da mihikuaren manua.
LEON: Jesus, Jesus! Hau mihiku errementa! Ba, bihi batek sendatzekotan, hunek eginen dik.
|