|
LAU-URDIRI GOMENDIOZKO KARTA,
EDO GUTHUNA
J. D'ETXEBERRI, Sarako Dotor Mirikuak.
AD MAJOREM DEI GLORIAM.
BAIONAN,
MATEO ROQUEMAUREL
Inprimatzaillea eta Liburu-saltzaillea baithan
Apumaiurko Karrikan.
M. D. CC. XVIII
Jainkoak Gizonari eman diotzan gauza hoberenetarik eta abantaillatuenetarik bat delarikan mintzoa, zein pena eta neke handia den Munduan hanbat hitzkuntza mueta diferentetakoen izaiteaz.
Jainkoak gizonari eman zioen gauzarik abantaillatuena eta premiazkoena izan zen mintzoa: zeren solasaren eta hitzen bidez adiarazten baititu bere gogoan estalirik eta gorderik daduzkan gauzak; baihalaber aditzen-ere bertzeren izpirituko eta gogoko pentsamenduak, Jainkoak berak baizik, nihork ezin ezagut ez jakin ahal detzakenak. Halatan gure arima hauk gorphutz ilhun hautan daudeino, nihoren gogoko berri jakitekotzat, behar tugu gogoko mandatariak, eta Aristoteles Philosofoen Prinzeak dioen eredura, mandatari hek dira hitzak. Voces sunt signa conceptuum. Arist. cap. 1. Per. 16. Gauza bera dio Agustin Elizako Dotor handiak-ere. Verba proptereà instituta sunt, ut eis quisque in alterius notitiam cogitationes suas proferat. D. Aug. in ch. & q. 2. Hitza, eta mintzoa dira bat-bederak zer duen gogoan bertzeri erakusteko eta agertzeko. Platonek-ere hala dio. Propter hoc nobis datus est sermo, ut præsto forent mutuæ voluntatis judicia. Eman zitzaikun mintzoa elkharren gogoetako berriak elkharri ezagutzera eta aditzera emaiteko.
Hau da dohain berezi bat, gure Jainko Jaunak Gizonari xoilki eman dioena: Ezen abre mutuek-ere, izan arren guk bezala mihia, hortzak eta ezpainak, guztiarekin-ere, falta zaie mintzoa, Aristotelesek dioen bezala. Nullum aliorum animalium sermonem habet, nisi homo. Abretarik edo animalietarik batek-ere eztu mintzorik baizik gizonak. Halakotz arrozoin handirekin erran zuen Luzio Apuleiok-ere, Omnium terrenorum nihil homine præstabilius prudentia dedit, cui quidem lingua & dentium vallum, & ipsius oculi venustas accessit: quod quidem aliis animantibus ad explendum victûs necessitatem, inferendasque ventri copias comparatum est; sed homini promptuarium potiùs rectæ rationis, & suavissimæ orationis datum est, ut quæ prudentia corde concepit, ea sensu premat oratio. Munduko gauza guzien artean, ezta ddeus-ere Gizona baiño abantaillatuagorik, zeren bertze animaliek hortzak eta mihia izan arren, ezbaitituzte gosearen eta egarriaren asesiatzeko, janhariaren eta edariaren sabelera sartzeko, garraiatzeko, jateko eta edateko baizik. Baiña Gizonak eginbide horiez kanpoan ditu, bere bihotzean dituen gauzen hitzez aditzera emaiteko. Zeren hitza eta mintzoa egiten baitira barrenetik atheratzen dugun aireaz, mihiaz eta ezpainez.
Ordea hitzak batzuetan dira egiatiak eta bertze batzuetan gezurtiak; hala-nola gauza eztirenen berriak ekhartzen tuena, baita mandatari gezurtia, eta diren gauzen berriak leialki eta fidelki emaiten tuena, baita egiatia; gisa berean bada ahoko hitzak dira bihotzeko eta gogoko mandatari egiazkoak, edo gezurtiak; Baldin gogoan eta bihotzean duguna agertzen badugu mihian eta hitzetan; orduan diogu egia, eta hitzak dira egiazko mandatariak: Bainan gogoan eta bihotzean duguna ez badugu erakusten hitzetan, baizik gogoan bat eta mihian bertze bat (askotan gerthatzen den bezala) orduantxe date gezurra, eta hitzak dirateke mandatari gezurtiak, Teologoek diotenaren eredura. Mentiri est ire contra mentem. Zeren baitira gogoan dugunaren kontrakoa aditzera emaiten darokutenak, eta handik hitz gezurtiez enganatuak gelditzen gara, zeren ezbaitarokute dena den bezala aditzera emaiten; eta alabaina bertze maneraz ezin jakin baitezakegu bertzeren gogoko berririk, non ezten hitzen eta erranen bidez.
Egia izan-arren mintzoaz, eta hitzez bertze gauzez-ere, geure gogoak eta bihotzak, eta hetan ditugun gauzak aditzera bertzeri emaiten diotzagula; hala-nola kheinuz, begiez, eskuez edo buruaz, ezkilla eta tronpeta soinuz, edo zein-nahi bertze seinalez. Ordea penaz eta nekhez, eta halere eztugu hetaz gogoan dugun guztia hitzez bezala aditzera emaiten; hargatik erran zuen Agustin Elizako Dotor Sainduak ere. Verba obtinuerunt principatum significandi. Hitzak dira gauzen adiarazteko lehenbiziko herronka dadukatenak: Eta bertze gainerako kheinu eta seinaleak eztira hain segurak, ez eta-ere hei hurbiltzen zaiztenak: zeren kheinuz, hainitz gauza ezin eman baititezke aditzera, mintzoaz bezala: Edo bertzela konsidera beza bat-bederak, baldin mutu baliz, eta ezin mintza balite, bere gogoko gauzak bertzeri nola adiaraziko liotzakeen? halatan beraz, nihork ezin erran diro zein ontasun eta dohain handia eman zarokun Gure Jainko Jaunak mintzoaren eta hitzkuntzaren emaiteaz.
Ezen mintzorik eta hitzkuntzarik izan ez baliz gure artean, nola biziko ginen mundu hunetan? Munduak nola iraunen zuen? bat bederak nola emanen zuen aditzera bere arrozoina eta zuzena? Bere ondikoa nola bertzeri erranen eta kontatuko zioen? Mintzorik eta hitzkuntzarik izan ezbaliz, nork zer irakhatsiko zuen? Legeak nork eta nola eginen zituen? Mundua nork gobernatuko zuen? Zeini bere zuzena nola emanen eta begiratuko zitzaioen? Bat-bedera bere ondikoan eta atsekabean nork konsolatuko zuen, mintzorik izan ez baliz? Eta guztien gainetik nola salbatuko ginen, eta ikhasiko genduen Zerurako bidea? Federik gabe nihor ezin salba ditekenaz geroz? Apostoluak dioen bezala. Sine fide impossibile est placere Deo. Hebr. 11. Federik gabe nihor ezin dateke Jainkoaren gogarako: eta fedea nola ardiesten da? Fides ex auditu. Rom. 10. Entzunez: eta fedearen entzutea ezin dateke, baizik Jainkoaren hitzez: Auditus autem per verbum Christi. Hitzaren bidez emaiten zaiku beraz fedea, eta hitzez irakhatsi zitzaioen Mundu guziari Jainkoaren ganako, eta salbatzeko bidea; zeren JESU-KRISTO gure Salbatzaillearen Apostolu Sainduek hitzez predikatu baitzuten Mundu-herri guztian Jainkoaren fede saindua: In omnem terram exivit sonus eorum, & in fines orbis terræ verba eorum. Psalm. 18. Mundu-herri guzia jo zuen hekien soinuak eta mintzoak, eta Munduaren bazterretaraino joan ziren hekien hitzak.
Mundu hau bada bere oinean badago, mantenatzen bada, legeak egiten badira, nori bere zuzena begiratzen bazaio, jakintasuna eta eskolak irakhasten eta ikhasten badira, Hirietan eta Herrietan jendeak elkharrekin bizi badira, eta guzien gainetik baldin salbatzen bagara; ontasun eta fagore hauk guztiak heldu zaizkigu mintzotik eta hitz egitetik.
Hemendik ikhusten duzu beraz, zein dohakabetasun handia lizateken Munduarentzat, baldin gure artean hitzkuntzarik ezbaliz; bai-halaber zenbat fagore, eta laguntza on dakhartzken mintzoak berekin? Hargatik erraiten ohi zuen Demetrio Phalereo jakintsunak eta zuhurrak: Gerlan harmek egiten dutena bakean mintzoak eta solas onak egiten duela. Zeren gerlan gauza guztiak irabazten baitira indarka, bortxaz eta garaitiaz: Bainan bakean hitz onez eta arrozoin gozoez ongi egiten dira egitekoak. Hala erran zuen Pirro Epiro Albaniako Erregeak-ere (Borsoniok dioen bezala, lib. 4. c. 32). Bere harma guziez baino Hiri gehiago garaitu, irabazi eta ardietsi zituela hitz onez eta arrozoin gozoez. Halakotz Espiritu Sainduak-ere erraiten daroku Eklesiastikoaren ahotik; Soinu gozoa, eta eztia egiten dute manyurak, eta psalterioak: ordea hek biak baino abantaillatuagoa da mihi eztia eta gozoa. Eccles. 40. Eskerrak emaiteko diotzagu beraz gure Jainko guztiz onari, zeren mintzoarekin eman baitarozkigu hanbat ontasun eta abantail berezi.
Jainkoak Mundua ez deusetarik egin zuenetik ondoko denboretan, Mundu-herri guzian milla zazpi ehun eta laur-hogoi urthez Babiloniako dorrerainoko denboretan, Iskiribu Sainduak dioen eredura: Erat autem terra labii unius, & sermo eorumdem. Genes. 11. Ez ohi zen hitzkuntza bat baizik Mundu-herri guzian.
Gauza bera erraiten daroku Agustin Dotor Sainduak-ere. Unam sanè linguam primitùs fuisse didiscimus, antequàm superbia turris illius post diluvium fabricatæ in diversos signorum sonos humanam dividerat societatem. Aug. lib. 9. Gen. ad litteram, cap. 12. Orduan guziek elkhar aditzen zuten, guziak hitzkuntza batez, eta hitz batzuez-berez mintzatzen ziren; Munduaren bazter batekoak baldin bertze bazterrekoarekin egitekorik bazuen, edo bata bertzearekin batzen bazen, elkhar aditzen zuten, zeinek bere etxekoa bezain errazki, eta-hala aisia handian bizi ziren; zeren hitzkuntza bat bera baizik ezbaitzuten.
Orai badakit galdeginen darotazula, zein othe zen bada lehenbiziko hitzkuntza bakhar hura? Eta berehalaxe banohatzu Agustin Elizako Dotor handi, eta Sainduarekin errepustaren emaitera. Quæcumque autem illa lingua fuerit, quid attinet quærere? Aug. ubi suprà. Dio, zein nahi izatu den hitzkuntza hura, zer balio du, haren ondoan ibiltzeak? Halarikan-ere hainitz presunaia handi eta jakintsun izatu izan dira, egiteko huni borthizki jarraiki izatu izan zaizkonak; eta hetarik bat izan zen, Psammetiko deitzen zen Errege hura, zeinak eman baitziotzaten bi haur sorthu-berri artzain batzuei, bere abren artean hazteko, behin-ere hekien aitzinean hitzik mintzagabe, nihor entzunez, hitzketan ikhas etzezaten gatik; zeren iduritzen baitzitzaioen haurrak berak elkharren artean zenbait hitzkuntzaz, edo bederen zenbait hitzez mintzatuko zirela; eta halako hitzkuntza ahal zatekela Munduan izan zen lehenbizikoa.
Hazi zituzten haur hek, bi urthez ahuntzen artean; behin-ere hekien aitzinean hitzik mintzatu gabe, eta bi urtheak iragan zirenean; behin abelzainak etxolara agertu zirenean, haurtto hek, bere eskuttoak hedatzen zituztelarik hekien gana; erran zuten hitz bat doidoia, eta hitz hura zen BEK: eta handik berehala eraman zituzten haur hek hitz harekin Erregerengana, eta halaber Erregeren aitzinean-ere erraiten zuten hitz hura bera BEK, bertzerik batere erran gabe: Eta zeren Phrigiako hitzkuntzan BEK erran nahi baitzuen ogia, uste izan zuen Erregek, Phrigiako hitzkuntza zela Mundu guzian izan zen lehenbiziko hitzkuntza.
Ordea hau da froga bat, Erregek bere gogoan zerabilan gauzaren jakiteko ddeusik frogatzen eztuena. Zeren haur hek nola bethi hazi izan baitziren ahuntzen artean, behin-ere bertzeren mintzorik entzun gabe, etzen miresteko ahuntzen janbatik har zezaten, hitz haren erraitea; zeren ahuntzak-ere halatsu egiten baitu bere janba BEK.
Eta oraino bertze-alde; zeren nihork bere baitharik ezbaitu hitzkuntza jakinik; baizik bertzetarik entzunez eta adituz, ikhasten da mintzatzen, eta bat-bedera zein-ere herritan eta jenderen artean haurdanik hazten baita, hango hitzkuntza hartzen du, eta hau nork dio? Baizik Agustin Sainduak. Eadem loquelæ natura in hominibus permanet, nisi consuetudo diversa deviare ab alterutro docet. Latinus namque, vel Græcus inter Barbaros genitus, vel nutritus Barbaricè loquitur. Versâque vice, Barbari filius à Græcis, aut Latinis edoctus, venusto sermone fatur. D. Aug. lib. 1. de mirabil. sacræ Scriptur. cap. 9. Nahiz Latin-herriko umea, nahiz Greziakoa barbaroen artean izan dadin jaioa, edo hazia: barbaroki eta moldegaizki mintzatuko da. Eta kontrara, Barbaro Salbaiaren semea Grekoez edo Latintarrez irakhatsia eta eskolatua izan den ondoan, bokhantza handirekin eta ederki mintzatuko da.
Halakotz haur gaztetto bat bere izanez eta ethorkiz lizelarik Greziarra: eta sorthu, eta berehaladanik haz baledi Eskual-herrian; segur da elitekela mintza Grekez, baina bai Eskuaraz: Eta halaber Eskualdun umea haz baledi Grezian, sorthu eta berehala danik; egiaz eliteke eskuaraz mintza, baina bai Grekez: Eta hunen arrozoina da zeren gure mintzoa baita xirolaren edo flautaren soinua bezala; xirolari haize eman eta soinu eragiten zaion manera berean, guk ere eztarriari, xirolari bezala haize emaiten diogunean, haize hura mintzo egiten dugu. Xirola soinuak bere izanez mudantza jakinik eztu, baizik erhiez eta haize emaiteko manera diferentaz soinu eta mudantza diferentak eragiten zaizko: Halaber gure mintzoak-ere bere baitharik eztu hitz jakinik, baizik hitzen diferentziak lehenbizirik ikhasirik, mintzo bat bera delarikan gure baithan, mintzo hari berari hitzen soinu diferentak eragiten diotzagu. Ezen, Gizonak eztuelarikan mintzo bakhar bat baizik, mintzo hartaz beraz mintzatzen da Eskuaraz, Grekez, Latinez edo zein-nahi hitzkuntzaz. Halatan beraz ethorkiz, eta geure baitharik eztugu hitzkuntza jakinik; eta Errege hark-ere, halakotz etzuen ongi frogatu, zein izan zen Munduko lehenbiziko hitzkuntza.
Bertze batzuek, gauza hunen argitara emaiteko, entseiatzen ziren jakitera: zein jendaki izan zen Munduan izan zen lehenbizikoa, eta hekien arrozoina zen: zeren mintzorik gabe ezin-baitziratezkeen, eta handik jujatzen zuten, bai-eta-ezbada hainen hitzkuntza behar zela izan, Munduan izan zen lehenbizikoa.
Gehienik gauza hunen gainean iharduki zutenak izan ziren, Justinok eta Diodorok iskiribatzen duten eredura, Szitiarrak eta Egiptoarrak elkharren artean. Justin lib. 2. Diodor. lib. 1. cap. 1. Halaber Ethiopiarrek uste zuten hek zirela Mundu-herri guziko lehenbizikoak. Diodor. lib. 4.
Bat-bederaren arrozoin guztien hemen ekhartzea lizateke obra hunen luzatzea eta zure unhaiarastea. Halarikan-ere, egiteko haukien berri jakiteko gura duenak mira betza. Diodoro, ubi supra: Justino, ibidem, Homero Iliad. 1 & Odys. 1. Pomponio Mela, lib. 1. cap. 9. Gerard. in Chronologia. Eta fite eta laburtzki jakin nahi tuenak irakur beza Polidoro Virgilio, lib. 1. de inventione rer. de Monarchia Ecclesiastica. Eta hetan, guziak edo gehienak xehero kausituko tu.
Bainan M. Katonek dioen bezala, egia da, eta gauza hunen gainean iharduki duten guziek aithortzen dute, Szithiarrak direla lehenbizikoak; zeren Justinok dioen eredura, lib. 1. Noe bere etxatiarrarekin uholdeko urak jausten hasi zirenean, han ilkhi baitzen barkhatik, eta han bizi-ere izan zen ehun eta hogoi eta hameka urthez, Munduan bertze jenderik etzen denboran, Beros, lib. 4.
Eta nola lehen ezbaitzen hitzkuntza bat baizik, eta oraino orduan ezbaitzen nahasia hitzkuntza bakhoitz hura: Arrozoinez heldu da; Mundu-herri guzian izan zen lehenbiziko hitzkuntza izan zela Szithiarrena, zeina orai deitzen baita Hebreoa, Jainkoak berak Adan lehenbiziko Munduan izan zen Gizonari, eta haren ondokoei eman ziotena, Munduan lehenbizirik mintzatu izan zen mintzoa eta hitzkuntza, Agustin sainduak dioen bezala: Hæc ergo lingua est, quam dicimus primitùs datam Adæ & cæteris. Aug. qq. ex utroque q. 109.
Klemente Erromarrak ere erraiten daroku; Mundu-herri guziko hitzkuntza izan zela Hebreoa, ez Gizonak egina, baizik Jainkoak Gizonari emana; Clemens lib. recogn. Eta oraino gauza beraren erraitera itzultzen da Agustin saindu eta Dotor handia, lib. 16. cap. II. Dio bada, hitzkuntza hau gelditu zela, Heber-en leinuan eta egokian, bertze guztiak, zein bere mintzoaren eredura, horrat hunat barraiatu zirenean. Non defuit Domus Heber ubi ea quæ anteà fuit omnium lingua remaneret. Eta oraino dio: Quia ergo in ejus familia remansit hæc lingua, divisis per alias linguas cæteris gentibus, quæ lingua priùs humano generi, non immeritò creditur fuisse communis, ideò deinceps Hæbrea est nuncupata. Zeren haren etxatiarrean eta familian gelditu baitzen hitzkuntza lehenago Mundu guziak zuen hau, bertze jendeak bere hitzkuntzaren arabera barraiatu zirenean, hargatik deithu izan da Hebreoa, eta arrozoinekin Sinhesteko da hau izan zela Mundu guziko lehenbiziko hitzkuntza.
Eta hitzkuntza hura bera nahasi izan zen hainitz bertze hitzkuntzetara, Babiloniako dorre egilleen urguillia zela kausa; hitzkuntza hura gelditzen zelarikan bere izaitean. Quam propter præsumptionem turris ædificatæ credimus in multas dispersam & confusam, ut non jam hæc, sed multa ex hæc immutatione habita quorumdam dictorum existerunt, ut unam haberent speciem, nec tamen deperiret, sed tota confusa esset cæteris linguis; ita enim tunc actum est, nè se homines intelligerent, & majora auderent. Aug. ubi supra.
Hemendik beraz ikhusten duzu hitzkuntza Hebreoa dela guzietarik lehenbizikoa eta zaharrena: Bai-halaber da guzien artean hoberena eta abantaillatuena. Zeren Gure Jainko egiazkoa lehenagoko Patriarka eta Profeta Sainduei mintzatzen zitzaienean, Hebreozko hitzkuntzaz mintzo baitzitzaien. Eta oraino bertze-alde, Gure Salbatzaillea Gizon egin zenean, bertze hanitz hitzkuntza zelarikan Munduan, Hebreoa berezi zuen beretzat, eta hartaz mintzatu izan zen; zeren hazi eta jaio zen herriko hitzkuntzaz baliatu baitzen: eta hala erran dezaket, bere aho sakratuaz altxatu eta abantaillatu zuela. Hitzkuntza huntaz-beraz mintzatu izan zen Andredena Maria JESU KRISTOREN Ama saindua, baita lehenagoko Patriarka Jainkoaren adiskideak, eta Profeta sainduak: baita oraino hartaz dauntza iskiribatuak Jainkoaren lege sainduko eta fedezko iskiribu zahar guztiak.
Baina hau hunela delarik, Agustin sainduak dioen eredura, badira bertze hitzkuntza batzuek-ere abantaillatuak Omnium linguarum novi Testamenti tempore tribus linguis Hebraicæ, utique Grecæ & Latinæ Principatus committitur. D. August. lib. 1. de mirabil. sacr. Script. cap. 9. Ebangelio sainduko legearen denboran, hitzkuntza guztien buruzagiak, dio, zirela Hebreoa, Grekoa eta Latina; eta arrozoina emaiten du: Zeren Joandoni Joannis Ebangelistak dioen bezala bere Ebangelio sainduan: Quia in eis Crucis CHRISTI Titulus litteris Hebraicis, Græcis & Latinis scriptus Evangelicâ authoritate perhibetur. Joan. 1. Zeren JESU KRISTO Gure Jaunaren titulua, eta haren heriotze sainduko, Pilatusek eman zuen Sententzia, hitzkuntza hetan baitzauden letra Hebreozkoez, Grekezkoez eta Latinezkoez iskiribatuak: Arrozoinekin dira beraz hirur hitzkuntza hauk, bertze guztien gainetik ohoratuak eta abantaillatuak. Zeren bekhatu guzien barkhamendua eta gure salbamendua JESU KRISTO Gure Jaunak ardietsi baitzarokun, Gurutzean iragan zuen heriotze sainduaz, orai aiphaturikako hirur hitzkuntza hetan iskiribatzen zelarik haren heriotzeko titulua eta kausa; eta bertze-alde, zeren bertze hitzkuntza guzietan baino, misteriozkiago baitaude iskiribu eta lege saindu guztiak hetan fintkatuak eta iskiribatuak, eta arkan aberastasunak bezala altxatuak, gordeak eta goardatuak, zeinak baitira gure arimetako egiazko aberastasunak. Halakotz bada nahiz edo-zeinek nahi balu-ere egin guzietarik hoberentzat bere herriko hitzkuntza, hainak jakiteko du hirur hauk izan direla guzietarik abantaillatuenak.
Ikhusi ondoan bada, mintzoa zein gauza premiazkoa eta ona den, eta mintzo bakhar bat baizik Mundu-herri guztian etzenean Gizonak zein aise bizi ziren elkharren artean: orai ikhusi behar dugu bada, zein pena eta neke handia den Munduan hanbat hitzkuntza mueta diferent izateaz.
Eta gauzak ondoan hobekiago jakitekotzat, lehenbizirik jakiteko den gauza da: Nola Munduko bekhatuak eta gaixtakeriak zirela kausa, Jainkoak Mundu guztia bere jende guztiekin urez itho eta galdu zuen. Eta zeren Noe baitzen Gizon prestua eta Jainkoaren zerbitzaria, bere etxatiarrarekin salbatu zuen barka batean barrena.
Noeren etxatiarrean bizirik salbatu zirenak, ziren zorzi presuna, Noe bere Emaztearekin, eta Sem, Kham, eta Japhet hekien hirur semeak, halaber bere emaztekin.
Noeren emaztea deitzen zen Phuarphara, Sem-ena Pharphia: Kham-ena Kataplua, eta Japhetena Phliba. (Egia da, batzuek bertzela deitzen tuzte, Epiphan. lib. contra hæreses. Tom. 2. hæresi. 26). Ordea nola-nahi dariztela, ezta hau egiteko bat.
Mundu guzia hala urez hondatu ondoan bada: eta urak aphaltzen, eta jautsten hasi zirenean, eta lurra leihortzen eta xukhatzen; Noeren barka hura gelditu zen Armeniako mendi baten gainean, zeina deitzen omen baita BARIS, eta diotenez baitzateken Munduko gorenetarik bat, eta han ilkhi ziren barkatik Noe eta haren semeak bere emaztekin: Eta gauza hau gerthatu zen Jainkoak Mundua egin zuenetik zaspi ehun eta berrogoi eta bortzgarren urthean, eta Jainkoaren Semea Gizon eginen zen baino lehen; hirur milla eta berrehun eta laur urthez.
Zorzi presuna hetarik bethe izan zen Mundu guztia jendez, eta Munduan diren jendaki guztiek hetarik dute bere ethorkia. Noe bere jende guztiarekin Armenian gelditu zen, eta han ehun eta hogoi, eta hameka urthez bizi izatu ziren ondoan: ethorri ziren hain jendatze eta ozte handia egitera, non ezbaitzuten lekhurik aski Armeniako herrian bizitzeko. Eta oraiño bertze-alde: zeren Jaungoikoak manatu baitzituen Mundu guztia jendez bethe zezatela. Gen. 9. Hargatik bada Noe mintzatu zitzaien bere Semei, orhoitarazten zituelarik, Jainkoak eman zerauen mezu sainduaz; eta batbederari bere zathia edo partea huzirik edo errepartiturik: obligatu zituen lekhu hura utzirik, joan zitezin Munduaren jendaztatzera.
Europa daritzan gure alderdi hunetako zathi hau huzi eta eman zioen Japhet bere semeari, egiten zuelarik alderdi hunetako Buruzagi, Jabe eta Nausi. Halaber Sem egin zuen Asiako, eta Kham Afrikako. Eta Noek gelditu zuen beretzat, hei irakhasteko kargua eta eginbidea. Halatan Ovidiok dioen bezala (Faust.1) Noe zen Mundu-herri guziko Buruzagia; eta bizi zeino, ohi zebilan, Mundu-herri guzian aldeba<te>tik bertzera, guztiei irakhasten ziotelarik Jainkoarentzateko amodioa, eta beldurtasuna, bai-halaber nola behar zuten adoratu eta zerbitzatu.
Armeniatik abiatu zirenean bada: eta noiz-eta-ere sarthu baitziren Mesopotaniako zelhai eta ordoki ederretan; hasi zitzaizkon elkharri erraiten. Faciamus altam turrim. Gen. II. supra Psal. 54. Elkharganik barraiatu eta berezi baino lehen, daigun dorre gora bat, zeruraino hedatzen dena.
Dorre haren eragille Buruzagia eta Aintzidaria zen Nenbroth (Berosok dioen eredura, lib. 4), zeina baitzen Khus-en semea, eta Khus zen halaber Kham madarikatuaren umea. Gen. 10.
Nenbroth zen gizon hagitz urguillua, gaitza eta gaixtoa, obretarik ageri den bezala: ezen Jainkoaren kontra jaiki zen; jendeak bortxaz bereganatzen zituelarikan: batzuek mehaxuz (halakoek egiten ohi duten bezala), eta bertze batzuek lausenguz eta eskaintza ederrez enganatuz. Halakotz hitz eta promes eman zerauen: baldin bertze uholderik ethortzen bazen-ere, hark begiratuko eta goardatuko zituela, ur eta uholde guzien menetik eta arriskutik; zeren egin uste baitzuen dorre bat, uholdeko ura igan ahal zitekeen baino goragokoa: eta handik Zeruak iraganik, Jaungoikoari gerla egin uste zioen; eta oraino, bertze alde, uholde hartan galdu zirenen heriotzeez, mendekatu gogo zuen. Eta hala jende dohakabe hauk Gizon madarikatu hunen hitzei behaturik, hasi ziren berotasun handi batekin, hagitz gogotik eta zinzinez bere dorrearen egiten, Senarko zelhaiean, uholdea iragan zenetik ehun, eta hogoi, eta hameka urthe iragan ziren ondoan.
Lehen erran dugun bezala, orduraino ez ohi zen Mundu-herri guzian hitzkuntza bakhar bat baizik Erat autem terra labii unius, & sermo eorumdem. Genes. II.
Iskiribu sainduak dio, Gure Jainkoak ikhusirik bada, Nenbroth urguiluaren eta haren partzunereen itsutasuna: eta nola dorrea baitzaramaten aitzina, eta oraino aitzinago eraman gogo-ere bai Ecce unus est populus, & unum est labium omnibus, cæperuntque hoc facere, nec desistent à cogitationibus suis, donec eas opere compleant. Venite igitur descendamus, & confundamus ibi linguam eorum, ut non audiat unusquisque vocem proximi sui. Gen. cap. II. Nahasi zerauela guziei bere hitzkuntza, eta lehen bat baizik etzelarikan, bat hura egin zela hanbat, non familia batek bertzea ezin adi baitzezakeen. Atque ita divisit eos Dominus ex illo loco in universas terras, & cessaverunt ædificare Civitatem. Gen. II. Eta hala orduan, elkharganik barraiatu ziren, Mundu-herri guzirat, zein bere hitzkuntza bereziakin: Et inde dispersit eos Dominus super faciem cunctarum Regionum. Gen. Cap. II. Lekhu hura deithu zen Babilonia: Et idcircò vocatum est nomen illius loci Babel, quia ibi confusum est labium universæ terræ. Genes. ibidem. Erran nahi baitu nahasturako lekhua; zeren han nahasi baitzen Mundu-herri guztian zen hitzkuntza bakharra eta lehenbizikoa.
Denbora hartaraino Munduko hitzkuntzak etzuen izenik: zeren bat baizik ezbaitzen, etzuen izen beharrik; eta-hala bakharra zenean, dio Agustin sainduak. Quando autem erat una, nihil aliud quàm humana lingua, vel humana locutio rocabatur. D. August. lib. 16. Civit, cap. II. Gizonaren hitzkuntzaz bertze izenik etzuen.
Bainan, geroztik, bertze hitzkuntzek zeinek bere izenak hartu zituzten bezala, lehenbizikoari-ere eman zitzaioen izena, bertzetarik izanez berezia zen bezala, izenez-ere berezia izan zedin gatik; hartarakotz ikhus zazu zer dioten Agustin sainduak, lib. 16. Civit. cap. 6. 9. 11. Eta Anbrosio bertze Elizako Dotor handiak, lib. 2 de vocatione. Gen. lib. 2. cap. 46. Epiphan. lib. 1. contra Hæres. tom. 3. hæres. 39. Genebrard. in Chronicis. Jornandes de Regum succes. Phreculp. lib. 1. c. 32.
Eta zeren Babiloniako dorre hura egin nahi zutenekin Heber Jainkoaren zerbitzari eta Gizon prestu hark ezbaitzuen nahi izatu partzuner izan, ez-eta-ere Jainkoaren kontra altxatu: Hargatik bada Jainkoak-ere hari eta haren etxatiarrari etzioten eman bertzei eman zerauen pena eta gaztigua. Aitzitik ohoratu zituen, utzten zerauelarik bere lehenbiziko hitzkuntza; eta lehen izenik etzuelarik, eman zitzaioen Heber beraren izenetikakoa; eta-hala deithu izan zen eta egungo egunean-ere deitzen da Hebreoa; Mundu-herri guztian izan zen lehenbiziko hitzkuntza; eta Dotor Sainduek dioten eredura, hirur hogoi eta hameka hitzkuntza hetan nahasia gelditu zen: Zeren Agustin sainduak dioenaren eredura, lib. 1. de mirabil. sacræ Script. cap. 10. Dorre madarikatu haren egitera biribilatu ziren aitzindariak, eta leinu-buruzagiak izan baitziren hain bertze. Hargatik dio bada Agustin sainduak-ere, nola Mundu guztia hirur hogoi, eta hamabi leinu hek bethe eta jendeztatu baitzuten; hei guztiei Ebangelio saindua predika zekien gatik, JESU-KRISTO Gure Jaunak berezi zituela Apostolu sainduen gainera (Lukas Ebangelistak dioen bezala, Luk, 10.) bertze hirur hogoi eta hamabi diszipulu Ebangelio sainduaren predikatzera bidaltzeko Mundu-herri guzira. Bertze hainitz arrozoin-ere emaiten tu Agustin sainduak lekhu hartan berean; bainan orai aski tugu hauk, jakiteko nola bekhatua dela kausa, lehenago bat baizen etzen hitzkuntza nahasi zen eta egin ziren hainbertze mueta diferentetakoak: Egia da, geroztik gehiago-ere nahasi dira eta berretu; zeren egungo egunean bortz ehun baino gehiago baitira Munduan; hargatik bada lehen aiphatu dugun bezala orai ikhusiko dugu zein pena eta neke handia den Munduan hanbat hitzkuntza diferenten izaiteaz.
Lehen erran nuen aisia handia zela Munduan hitzkuntza bat baizik etzenean; baina hitzkuntza hura nahasi eta bat zelarik hainitz egin zenaz geroztik; halaber erran behar da neke handia gelditu zela Munduan Gizonen artean; zeren ezbaita Munduan nihor, behar ahal diteken bezanbat hitzkuntza dakienik edo ikhas ahal dezakenik: Zeren nahiz biz Gizona, nahiz emaztekia, nahiz Noblea, Enperadorea, edo Erregeren umea, edo haren leinukoa; nahiz ethorkirik aphallenetik edo ttipienetik heldu dena; nahiz aberatsa, nahiz probea, nahiz gaztea, nahiz zaharra; baldin ugatzean dithiarekin edan zuen hitzkuntzaz bertzerik ezbadaki; gauza segura da hogoi egunen bidean bertze herrietako hitzkuntzen behartu gabe ezin dohakela.
Non da bada herri guzietako hitzkuntza guztiak ikhas ahal detzakena? Non-ere nahi baita-ere, eta zenbait hitzkuntza bere herrikoaz bertzerik ikhasten badu-ere; nola Munduan diren guztiak adi eta ikhas ahal detzake, milla urthez bizi baliz-ere? Egun guztiaz ikhusten dugun gauza da zenbat aldiz bertzeren hitzkuntzen behartzen garen, eta Mundu hunetako egitekoak zein nekez egiten diren, hitzkuntzen diferentzia dela kausa. Zer progotxu da, Munduan hitzkuntzak jendeen artean izanagatik, baldin ezin adi badezake batak bertzeak zer dioen? Hargatik dio Anbrosio saindu eta Dotor handi hark: Qui loquitur incognitâ linguâ, Deo loquitur, quia ipse omnia novit, homines verò nesciunt; ideoque nullus est ex hac re perfectus D. Ambros. sup. 1. Cor. 14. Bertzek aditzen eztuten hitzez eta hitzkuntzaz mintzatzen dena, Jainkoarekin mintzo da; zeren Jainkoak baitakizki guztiak; baina Gizonek eztakizkite; eta halakotz aditzen ezten hitzkuntzaz mintzatzeaz ezta batere progotxurik. Ezen Eskuararik baizen ezbadakizu eta zure Eskuara aditzen eztuen batekin egiteko gerthatzen bazaitzu, elkhar nola adituko duzue?
Makrobiok erraiten du: bidean, lagun Solasturia bidea neke gutiz iragaiteko gauza ona da: Comes facundus in via pro vehiculo est. Lib. 2. Saturnal. Lagun Solasturiarekin bidean joaitea da, dio, bertzeren oinez joaitea bezala; baina elkhar aditzen ezbadute biek; Agustin Sainduak dioen eredura, bat-bederak hobe luke bere xakhurra lagun, ezen ez aditzen eztuen laguna edo presuna. Diversitas linguarum hominem alienat ab homine, nam si duo sibi invicem fiant obviam, neque præterire, sed simul esse aliquâ necessitate cogantur, quorum neuter norit linguam alterius, faciliùs sibi animalia muta etiam diversi generis, quàm illi cùm sint homines, ambo sociantur: quando enim sentiunt, inter se communicare non possunt propter solam linguarum diversitatem, nihil prodest ad consociandos homines tanta similitudo naturæ! ita ut libentiùs sit homo cum cane suo, quám cum homine alieno. D. Aug. lib. 19. Civit, cap. 7. Hainitz hitzkuntza mueta izaiteak Gizona Gizonaganik hastantzen, eta ezeztatzen du: Ezen gertha balite bia elkharrekin bidean joaitera, eta aitzinat ezin iraganez; ethor balitez elkharrekin gelditzera, baldin batak bertzeren hitzkuntza aditzen ezbadu, errazkiago eta hobekiago elkharri lagun eginen diote bi abre mutuk ez izan arren mueta berekoak, ezen ez hek elkharri Gizonak direlarikan: zeren batak bertzeari ezin adiaraz baitezoke zer duen bere gogoan; eta hitzkuntzen diferentzia dela kausa, etzaie ddeusere baliatzen elkharren iduritako eta naturaleza bereko izaitea, elkharri lagun egiteko; halako-moldez, non gogotikhago bailegoke Gizona bere orarekin edo xakhurrarekin, ezen ez Gizon hitzkuntza aditzen eztuenarekin; hauk dira Agustin sainduaren hitzak.
Mundu-herri guztian da pena eta neke hau: zeren hainitz hitzkuntza baitira batak bertzea eztiruditenak. Halakotz bada JESU-KRISTO Gure Jaunak-ere, zeren Mundu guzian behar baitzen barraiatu, hedatu eta irakhatsi haren fede saindua, berezi zituen hirur hogoi eta hamabi predikari, hitzkuntza hetan guzietan haren fede saindua predika zezaketenak; hala-nola Babiloniako dorretik ilkhi ziren hitzkuntzak hirur hogoi eta hamabi izan baitziren: Designavit septuaginta duos Discipulos. Eta Mundu hunetakoaz eginik zeruetara igaiteko zegoelarikan, manatu zituen bere Apostoluak. Euntes in mundum universum, prædicate Evangelium meum omni creaturæ. Marc. 16. Mundu-herri guzitik predika zezatela haren fede saindua; eta oraino agindu zerauen haren fedean sinhesten zutenak. Linguis loquentur novis. Marc. 16. Mintzatuko zirela hitzkuntza berriez.
Ordea hala konplitu-ere zerauen bere agintza Mendekoste egunean, guziak kasik ehun eta hogoi elkharrekin zeudezilarikan, igorri zuen Espiritu Saindua mihien idurian barraiaturik hekien gainera: Halako moldez non, bethe baitzituen hekien Arimak eta bihotzak, eta hala: Cæperunt loqui variis linguis. Act. 2. Hasi ziren mintzatzen hitzkuntza diferentez.
Eta nola orduan Jerusalemen baitziren hanbat jendaki diferent Mundu herri guzitik ethorriak eta hara bilduak: harritu eta espantatu ziren guztiak. Quoniam audiebat unusquisque linguâ suâ illos loquentes. Zeren batbederak aditzen baitzituen nola mintzo ziren batbederaren hitzkuntzaz: Eta hala miretsirik, hasi ziren elkharri erraiten Nonne omnes isti Galilæi sunt? Eta nola hauk Gallilearrak direlarik, entzuten eta aditzen tugu, Gugerok hazi garen herriko hitzkuntzaz mintzatzen! Audivimus unusquisque linguam nostram in qua nati sumus. Act. 2. Eta hanbat mundu herri eta lekhuetako garelarik, eta bata bertzea ganik hanbat Erresuma eta Probintzia diferentetako: Audivimus eos loquentes nostris linguis, magnalia Dei. Entzun eta aditu ditugu Jainkozko gauzak gure hitzkuntzez mintzatzen. Eta egiazki alde guztiz miresteko gauza zekusaten, zeren Glosak dioen bezala Sermone Galilæi sunt hebetes. Glos. interlin. Gallilearrak bere mintzoan eta hitzetan ez baitziren solasturiak, ez eta-ere sobera agudoak.
Salbaitzailleak ordea eman nahi izatu zioten dohain berezi hau Ut qui in proximo debebant dividi, acciperent linguarum notitiam. Glos. ord. Zeren (Glosak dioen bezala) denbora laburrik artean joan beharrak baitziren fedearen irakhastera; hartarakotz bada Mundu guztiko hitzkuntzen ezagutza eman nahi izatu zioten; bide hartaz interpreten edo bitarteko adiaratzaillerik gabe bere buruen adiarazteko.
Lehenago zeren Gizonak urguilliaz jaiki baitziren Jainkoaren kontra, hitzkuntza bat baizik etzelarikan, bekhatuaren gaztigutan hainitzetara barraiatua izan zen. Ordea gero ondoan halaber Jainkoaren gana humilaturik eta haren lege saindua besarkaturik; lehen urguilliak eginikako kaltea humiltasunak erremediatu zuen: Espiritu Sainduak barraiaturik zeudezin hitzkuntzak batbederetara biribillatzen zituelarikan guztiak. Sicut enim per rebellionem ad Deum divisæ sunt linguæ, ita per infusionem Spiritûs Sancti sunt unitæ. Per superbos homines divisæ sunt linguæ; per humiles Apostolos congregantæ sunt linguæ. Spiritu superbiæ dispersit linguas; Spiritus Sanctus congregavit linguas. D. August. exponens illud. Genes. II. super Ps. 54.
Eta oraino Agustin saindu, eta Dotor handi hunek berak dioen eredura; Unusquisque accepto Spiritu Sancto, linguis omnium loquebatur. D. Aug. in Ps. 18. Espiritu Saindua errezibitu eta ondoan, Gizon bat bera mintzatzen zen zein-nahi hitzkuntzaz Zeren Dotor saindu hunek dioen bezala. Oportebat enim ita significari in omnibus linguis Spiritum Sanctum, quia Evangelium Dei per omnes linguas cursurum erat in toto orbe terrarum. Aug. trac. 6. in Joan. Epist. Konbeni zen ezagut zedin Espiritu Saindua hitzkuntza guzietan; zeren Jainkoaren Ebangelio Sainduak kurritu behar baitzuen, hitzkuntza guzietarik Mundu-herri guzian barrena. Mirakuillu hunetan berean da ageri nola gure Jainko Jaunak: Qui omnes homines vult salvos fieri, & ad agnitionem veritatis venire. 1. Timoth. 2. D. Nahi duen guziok salba gaitean, emaiten darozkigularikan Salbamenduko behar tugun bide guztiak.
Ordea Salbatzeko bidea da fede saindua: Fides est quæ dat salutem. Ambros. sup. Timot. 2. Dio Anbrosio sainduak; zeren: Sinè fide impossibile est placere Deo. Rom. 10. Joandoni Paulo Apostoluak irakhasten darokun bezala, nihor ezin baitaiteke Jainkoaren gogarako fedea gabe.
Lehen ikhasi dugu bada, fedea nola ikhasten den: Fides ex auditu. Entzunez; eta entzute hau behar dela: Auditus autem per verbum Christi. Kristoren hitzaren bidez.
Eta hala Apostolu sainduek, eta bertze Diszipulu eta predikari, JESU-KRISTO Jaunak bere fedearen irakhasteko berezi zituenek, Jainkoaren fedea eta Ebangelio saindua jakin arren; baldin jakin izan ezbalute, zeinek bere herriko hitzkuntzaz bertzerik, eta gehienak zirenaz geroztikan Erresuma berekoak, Mundutik fedearen predikatzera joanagatik, aditzera nola emanen zuten, irakhatsi nahi zuten fedea? eta oraino arebaino gehiago, Glosak dioen bezala: Sermone Galilæi sunt hebetes. Glos. interlin. Zeren Gallilearrak bere mintzoan, eta hitzetan ezbaitziren sobera agudoak; eta halakotz Munduak erran zezaken, erran zuen bezala: Nonne omnes isti Galilæi sunt? Eta nola hauk eztira Gallilearrak eta mintzo dira gisa hunetan? Bai: zeren nihork aditu ezbalu hekieen hitzkuntza, nihork ezin ikhasiko baitzuen bere salbamenduko bidea: Eta Munduan den bezanbat hitzkuntza delarik, hek guztiak nola eta noiz ikhasiko zituzten Apostoluek eta bertze hekien lagun predikari sainduek? eta nola salba ahal zitekeen Mundua, baldin Jainkoak eman ezbalio bere Eliza sainduari hitzkuntza guztiez mintzatzeko dohain handi hau?
Hargatik bada zeren nihork ezin jakin baitzetzakeen Munduko hitzkuntza guztiak; hargatik bada fede saindua-ere ezin irakhats, ez predika ahal zekiokeen Mundu guziari: zeren nihork ezin jakin baitzezakeen Jainkoaren fedea, irakhaslerik gabe. Quomodò credent ei quem non audierunt? Rom. 10. Entzun gabe, dio Apostoluak, nola sinhetsiko dute? Quomodò autem audient sinè prædicante? Eta nola entzunen dute irakhaslerik, eta predikaririk gabe? Quomodò autem prædicabunt, nisi mittantur? Eta nola predikatuko zaie, baldin predikariak bidal ezbadakizte? eta predikariak bidalduagatik, zer progotxu izanen dute, baldin elkhar adi ezbadezate?
Hauk guztiak erakusten darozkigu klarki Joandoni Paulo Apostoluak, Korinthiotarrei iskiribatu zioten lehenbiziko kartan edo guthunean. Si venero ad ros linguis loquens, quid vobis prodero, nisi loquar verbis, aut in revelatione, aut in doctrina? Tamen quæ sinè anima sunt vocem dantia, sive tibiâ, sive cytharâ, si distinctionem sonis non dederint, quomodò cognoscetur, quòd per tibiam canitur, aut quod cytharizatur? Etenim si incertam vocem tuba dederit, quis se parabit ad prælium? ita & vos per linguam nisi significantem sermonem dederitis, quomodò scietur quid loquimini? Eritis enim in aëra loquentes Tam multa, ut putà genera linguarum sunt in hoc mundo, & nihil sinè voce; Si ergo nesciero virtutem vocis, ero ei, cui loquor Barbarus, & is qui loquitur mihi Barbarus. D. Paul. 1. Cor. 14. Zer progotxu izanen duzue nitaz (dioste Korinthiokoei Apostoluak) ni zuen gana ethorriagatik, baldin ezbanakizue mintza, adi nazakezuen bezala? (eta zeren gauzak asko orduz hobeki aditzen baititugu etsenpluz eta konparazinoz, halatan ekhartzen deraue instrument soinuzkoen konparazino bat, hobekiago aditzera-emaiteko, nola ezten progotxurik bertzek aditzen eztuten hitzkuntzaz mintzatzeaz). Baldin arima gabe diren gauza soinu egiten dutenek, edo dela xirolak edo manyurak ez badezote eman soinuei mudantzarik, nola ezagutuko da zer kanta suerte den xirola xistua edo manyura soinua? eta tronpetak bethi soinu huts bat baizik egin ezbaleza, nola ezagutuko lizateke noiz lizen gerlako deia? eta nor gerlara prestatuko lizateke? (erraiten deraue oraino Apostolu handiak) baldin nihork ezin adi zetzaken hitzez eta hitzkuntzaz mintzatzen baziren, ea nork zer adituko zuen hek zer mintzo ziren? zeren soinu hutsa bezala aireari mintzatuko baitzitzaizkon: (Ut quid enim loquatur, quem nemo intelligit? D. Ambros. 1. Cor. 14). (Dio Anbrosio sainduak; zertako mintzatuko da nihork aditzen eztuena). Hainitz hitzkuntza mueta dira Munduan, dioste Apostolu hunek berak oraino, eta guziak dira mintzoak, gauzak aditzera emaiten tuztenak. Ordea baldin hitzak zer erran nahi duen ezbaldinbadakit, barbaro izanen naiz mintzo naizenarekiko, eta halaber barbaro izanen da niri hala mintzo zaitana.
Hemendik erran nahi zerauen Apostoluak, Jainkozko gauzak irakhatsi behar direla Elizaren onetan eta progotxutan, hitz eta hitzkuntza adi ahal ditezkenez, bernizadurarik eta tornurik eman gabe, lanoki eta garbiki guztiek adi ahal dezaketen bezala, eta bertzela, ezta ddeusetako zerbitzatzen, ezin adi ahal diteken hitzkuntza. Hargatik bada lehenago gure Elizaren lehenbiziko abiaduran bathaiatzen zirenek, Espiritu Saindua errezibitu, eta harekin batean izaiten zuten hitzkuntza guztien aditzeko eta hetaz mintzatzeko dohaina: Venit Spiritus Sanctus super eos, & loquebantur linguis. Act. 19. Dohain hunen gatik Apostoluak ere Jainkoari emaiten ziotzan eskerrak Gratias ago Deo meo, quòd omnium vestrûm linguâ loquor. I. Cor. 14. Aug. Ps. 18. Zeren guztien hitzkuntzaz mintzatzen baitzen.
Eta baldin Jainkoak bere Elizari eman ezbalio dohain handi hau, Munduan nola predikatuko zen haren fede saindua? eta baldin predikatu eta irakhatsi izan ez baliz eskola saindu hau, nola ikhasiko genduen salbamenduko eginbidea?
Ordea orai bathaiatzen direnek hitzkuntza guztien aditzeko eta hetaz mintzatzeko dohain hau ez izan-arren; hargatik ezin erran diteke hei-ere etzaiela emaiten Espiritu Saindua bathaio sainduan. Zeren orduko fedea eta orduko bathaio bera ditu orai-ere gure Eliza-Ama sainduak. Una Fides, unum Baptisma. Eph. 4. Ezta fede bat eta bathaio saindu bat baizik, dio Apostoluak. Elizaren ordea lehenbiziko abiaduran eta egiazko haren fede saindua Mundutik hedatu behar zenean, hunelako dohainez eta mirakuilluez hazi eta bazkatu behar ziren hainitz jende federa itzul-arazteagatik, hala dio Gregorio Aita Saindu Sainduak. Hæc necessaria in exordio Ecclesiæ fuerunt, ut enim ad fidem cresceret multitudo credentium miraculis fuerat nutrienda. Hom. 29. in Evang. Hunelakotzat Dotor saindu hunek ekhartzen daroku zuhaitz landaren konparazino bat, gauzaren hobekiago adiarazteko. Quia nos cùm arbusta plantamus, tamdiu eis aquam infundimus, quousque in terra jam coaluisse videamus, at si semel radicem fixerint, irrigatio cessabit. Zuhaitz landareak landatu berrian urtztatzen edo urez freskatzen eta hezatzen tugu, lurrean har dezaketen artean; bainan behin hartuz gero, erroak eta zainak hedatu eta egotziz geroztik, eztute gehiago urezko freskadura beharrik.
Hargatik dio Apostoluak-ere, hitzkuntza guztiez mintzatzeko dohaina dela, ez Giristino leial fedea harturik, fedezko gauzak sinhesten dituztenentzat, baizik infidel oraino federa itzuli eztirenen seinaletzat. Linguæ in signum sunt, non fidelibus, sed infidelibus. I. cor. 14. Mirakuilluaren berritasunaz federa mugida zitezin amoreakgatik, Glosak dioen bezala. Ad fidem novitate miraculi moventis. Glos. interlin. Gauza bera dio Nikolao Lirak: Non pro Fidelibus, qui jam credunt, sed Infidelibus, ut Prædicatores Evangelij possint ab omnibus singularum linguarum intelligi, & sic converti ad Christi fidem. Nicol. Lyr. I. cor. 14. Ezta Mirakuillu hau Giristino leial fedea sinhesten dutenen gatik, baizik fedearen ezagutzatik kanpoan direnentzat, eta Ebangelioaren predikariak zein-nahi hitzkuntzetako jendek adi ahal detzatentzat, eta federa itzul ditezintzat.
Lehenago jende mueta batean ohi zen Gure Eliza-Ama Saindua, eta orduan guztiak mintzatzen ziren Mundu-herri guziko hitzkuntza guztiez: Agustin Elizako Dotor handi hark erraiten darokun bezala. Anteà in una Gente erat Ecclesia, ubi omnium linguis loquebantur. Aug. Tract. 32. in Joan. & Tom. 10. fer. 1. de fer. 4. Pent. Bainan orai ezta beharrik ez premiarik hala mintzatzeko: Zeren Eliza-Ama Saindua nola baitago Mundu guztitik barraiatua eta hedatua. Quia jam ipsa Ecclesia linguis omnium loquitur. Hura bera mintzo da Mundu-herri guziko hitzkuntzez. Hargatik erraiten daroku Agustin sainduak-ere, baldin nihork galde badezagu; JESU-KRISTO Gure Jaunak agindu eta prometatu zuen bezala, haren baithan sinhetsiko zutenak: Linguis loquentur novis. Hitzkuntza berriez mintzatu zirela: nola-bada orai bathaiatuok eta Elizan garenok ezgaren mintzatzen zein-nahi hitzkuntza moetaz? Dio, Dotor Saindu hunek ihardetsi behar dugula: Loquor omnibus linguis, quia in eo sum CHRISTI corpore, quæ loquitur omnibus linguis, ubi suprà. Mintzo garela hitzkuntza guztiez: zeren baitgaude JESU-KRISTOREN gorphutzean, zeina baita Gure Eliza-Ama Katholika Saindua, Munduko hitzkuntza guztiez mintzo dena; zeren Mundu herri guztian baitago hedatua eta barraiatua. Ezta Munduan lekhurik hara fedea hedatu eztenik In omnem terram exivit sonus eorum, & in fines orbis terræ verba eorum. Ez-eta-ere herririk hain urrunik non egungo egunean ezbailiteke fede saindua irakhats eta predika, lehenago bezala hitzkuntza berriez mintzatzeko mirakuillurik egin gabe; Halakotz beraz ezta premiarik gure denboran, bathaiatzen eta bathaiatuak garenok izan dezagun bat-banazka hitzkuntza guztiez mintzatzeko dohaina. Eta hala baldin neke eta gaztigu handia izan bazen bekhatuak Mundura garraiatu zerokun hitzkuntzen nahastura; halaber Jainkoaren dohain eta urrikaltzapen handia izan zen hitzkuntza barraiaturik zeudezinak bere Elizari irakhastea, eta bide hartaz hain pena eta neke handiaren khentzea.
Eta nitukelarik oraino asko bertze arrozoinamendu egiteko hunen gainean aiphatzeko, uzten tut guztiak: zeren ezbaitut uste nihor kausitu Eskualdunak baino fede eta froga seguragorik eman ahal dezakedanik; denaz geroztikan gauza bat hain jakina eta egun guztiaz bat-bederak frogatzen duena; Eskualherritik ilkhitzen garen bezain laster, hitzkuntza arrotzen premian jartzen garela. Eta oraino bertze-alde, geure herritik ilkhi gabe Eskual-herrian berean barrena, geure artean dugu pena eta neke ondikozko hau; zeren geure hitzkuntza propiala baitarabilagu hain nahasia eta trukhatua, non Eskualdunok gerok pena eta neke baitugu elkharren aditzeko.
Ezperen bat-bedi Nafarroa-beherearra, edo zuberoarra Bizkaitarrarekin, edo Alabesarekin, eta Oxagabiarra, edo Erronkalesa Baztandarrarekin eta Lau-urtarrarekin; edo zein nahi Eskual-herriko aldebatekoa bertze alderdikoarekin, eta ikhusiko duzu, elkhar ezin adi dezaketela; aitzitik elkharri idurituko zaizkio Eskualdunak direlarik, eztirela hitzkuntza berekoak. Eta hau heldu da Eskualdunek bere hitzkuntza propiala ez estimutan idukiz eta Munduko bertze gainerako jendaki guztiek bere hitzkuntzan iskiribatzen duten bezala, Eskuaraz iskiribatu faltaz.
Ezen zenbat-ere liburu iskiribatzen baitituzte, hetarik gehienak dakuskigu iskiribatzen tuztela zeinek bere herriko hitzkuntzan; hau da gauza bat egun guztiaz ikhusten dena. Eta oraino hetarik hainitzek dakitzatelarik hainitz hitzkuntza arrotz, hekien herrikoa baino, lekhu eta Erresuma gehiagotara hedatzen direnak; Guztiarekin-ere bere herriko hitzkuntzarentzateko amodioa dela kausa, eta bere herriaren ohoratzeagatik eta progotxarazteagatik, bere hitzkuntzan iskiribatu tuzte bere liburuak; eta oraino bertze-alde, bereak hala iskiribatzea ez azki-etsiz, bertze hitzkuntzetan iskiribaturik daudezinak, ganbiatzen eta itzultzen tuzte bere herriko hitzkuntzetara.
Hargatik ordea dakusagu hitzkuntza hek bethiere dohazila aitzinatuz, hedatuz eta edertuz; ezta ordea zer miretsi, zeren liburuak baitira kutxak eta arkhak, zeinetan hitz eta solas ederki eta ongi erranak eta pentsatuak, galdu gabe baitaude altxaturik begiratuak eta goardatuak; eta hala manera hunetan ikhasten da ongi eta ederki mintzatzen, eta bide beraz hitzkuntzak-ere dohazi bethi aitzinatuz, hobeagotuz eta edertuz.
Eta baldin bertze hitzkuntzetan bezala, izan balira lehenagotik liburuak Eskuaraz iskiribatuak, hetan begiratuak eta altxatuak egonen ziren gauzen izenak eta mintzatzeko hitz eta manera eskuarazkoak; eta gisa hunetan baliatu ginakeen hetaz mintzatzeko. Bainan nola izan baitira hain aphurrak eta gutiak eskuaraz argitarat ilki diren liburuak; hargatik aldebatetakoak ezin jakin zetzaken bertze alderdiko hitz guztiak eta gauzen izenak: Eta-hala denborarekin, edo-zein lekhutan joan izan dira hitzak eta gauzen izenak, aphurbana emeki-emeki bertze gauza guztiak bezala, trukhatuz, eroriz eta ahantziz.
Lehenago Espainia guztian eta Franziako hainitz herritan Eskuaraz bertze mintzorik etzelarikan; egun dakusagu zein herri gutitan mintzo garen Eskuaraz: eta oraino mintzo garenoi-ere eskas zaizkigu hainitz hitz eta izen lehenagokoetarik: Zeren hekien lekhuan hartu baititugu bertze batzuek hitzkuntza arrotzetarik; eta hek-ere ez gisa berekoak guztiak; zeren batek hartu baitu hitzkuntza batetik, eta bertzeak bertzetik.
Miresteko gauza da eta oraino nihori guti gogoratzen zaioena: Mundu guztian eztelarik Eskualduna baino jendaki edo leinu nobleagorik, odol hobeagotakorik, adimendu zorrotz eta biziago duenik, zein-nahi den gauzetan antzatsuagorik, naturalezaz ethorkorragorik, zerbitzatzeko leialagorik, manatzeko emeagorik eta zuhurragorik: itsasoz eta leihorrez suharragorik, eta bihotz hobetakorik; bakean bakezkoagorik eta amultsuagorik; gerlan eta gerlako gauzetan halaber gerlosagorik, eta nihor berdintzen zaioenik; prestutasunean hurrantzen zaioenik, eta Jainkozko gauzetan abantail eramaiten dioenik; nahiz den Noblea, nahiz ez; nahiz aberatsa, nahiz probea, edo erromesa, nahiz handia, edo den ethorkirik aphalenetikakoa; nahiz dohala manatzera, nahiz zerbitzatzera; Egun guztiaz ikhusten dugun gauza da, Eskualdunak gauza guztietan bere burua ezagutzera eman-arazten duela; nahiz dohan Franziara, edo Espainiara, edo Indietako zein-nahi den partetara, edo nora-nahi den dela. Eta-halatan da hain estimatua, maitatua eta prezatua, non Mundu guztiak bertze leinu eta jendaki guztien gainetik nahiago baitu Eskualduna bere aldean.
Hauk guztiak hunela ikhusirik; (ezin nagoke erran gabe zein axola guti eta artha aphurra izatu duten Eskualdunek bere Eskuaraz, eta deusez-ere baldin egin ahal badakie erantzukirik, da gauza hunetaz).
Halakotz, bada, Eskualdunen pena eta neke hau ikhusirik hasi nintzen Eskuaraz, Latinez, Franzesez eta Espainolez hitztegi baten moldatzen; bidehartaz Eskualdun guztiek eta bereziki ene hertar Lau-urtarrek zenbait fagore eta laguntza izan lezaten gatik; bere herritik kanporat ilkhi gabe, zenbait hitzkuntzaren parte bederen ikhasteko. Ordea noiz-eta-ere uste bainuen aitzina neramala neure obra, gogora zitzaitan deusguti balio zuela ene trabailluak, eta zimendugabeko obraren pare izanen zela: baldin lehenbizirik ezbanituen moldatzen Ezkuarazko lehenbiziko hatsapenak Latin ikhasteko; zeren hauk baitira zein-nahi hitzkuntzaren zimenduak, zainak eta erroak.
Halakotz bada JAUNAK, orai hemen dakhartzketzuet, egin ahal tudan maneran moldatuak eta eginak; non haukien bidez estudiatu nahi duenak, Eskuaraz Eskual-herritik ilkhi gabe, ikhas baitetzake Latinezko Deklinazionak, bai-halaber Konjugazinoak eta lehenbiziko hatsapen guztiak. Egia hunen lekhuko, fiador edo berme, eta lehenbiziko Eskual-herriko orijinaltzat emaiten dut ene seme Agustin (zeina baita presenteko karta edo guthun gomendiozko hunen eramailea hau.
Ordea nola ni Aita eta obraren jabe bezala partida bainaiz, menturaz bazendukete zenbait arrozoin ene hitzetan ez trikhatzeko; zeren ordinariozki bat-bedera bere gauzetan itsu baita; halakotz bada orduan ezta bertze biderik baizik frogara joaitea; hartarakotz bada, satifamendu ossoa hartu nahi duenak froga beza orijinala hau bera, eta galdegin betzo eskuarazko zenbait perpaus, Latinez ihardesteko, Eskuara Latinera ganbiaturik; edo bertzela eman bezo zenbait Autor edo Liburu Latinezko eskuaraz esplikatzeko; eta esperantza dut (eskuaraz bertze hitzkuntzarik ez jakin-arren, eta oraino Eskual-herritik ilkhi eztelarikan) halere hunen ahoak eta mihiak bathere ahalketan eman gabe, aitzitik ohorezki egietan atherako nautela.
Eta gauza hunen hunela ikhusteaz uste dut ezen JAUNAK, atsegin eta plazer izanen duzuela, Agustin Elizako Dotor handi hark dioenaren eredura: Quia omnium linguarum scientia ferè ab omnibus desperatur, suæ gentis quisque maximè studet, ut noverit. D. Aug. lib. 10. doct, cap. 1. Zeren nihork ezbaititu uste ikhasi Munduko hitzkuntza guztiak (dio) bat-bedera gogotik dago, eta ahalaz entseiatzen da bere herrikoaren ikhastera, jakitera eta aitzinaraztera. Eta hau hala da; ezen irakur badetzagu istorio zahar eta berri guztiak, eta oraino Elizako Aitak eta Doktorak, hetan kausituko dugu; egundainotik Munduko jendaki guziek estimu handitan iduki izatu tuztela zeinek bere herriko hitzkuntza.
Erromaerez mintzo delarik, dio Agustin sainduak: Opera data est, ut imperiosa Civitas non solùm jugum verum, etiam linguam suam domitis gentibus per pacem societatis imponerent. D. Aug. lib. 19. Civit, cap. 7. Etziren kontent Erromarrak garaitzen zituzten jendeak bere azpiratzeaz eta bere manera errendarazteaz; aitzitik bere hitzkuntzaren hedarastera entseiatzen ziren: zeren ezbaitzeritzaten hanbat, Erresuma baten garaitzea eta irabaztea, nola garaitu eta hei bere hitzkuntzaren har-araztea. Bodin. lib. de Republic. cap. 10.
Halaber iskiribatzen du Tito-Liviok [lib. 9.] Erromarrek Espainia irabazi, eta bere menera zutenean: Espainolei har-arazi zerauela bere hitzkuntza, eta aitzinarat-ere hobekiago iraun zezan gatik, egin zituztela Hueskako hirian eskolak, zeinetan zientziak eta bertze gainerako letrak irakhasten baitziren Erromako hitzkuntzaz.
Oraino badio Tito-Livio Autor berak; Erromarrek egin zutela bertze lege bat, zeinetan manatzen baitzuten hekien azpiko eta meneko ziren Erresumetan etzedila egin testamentik, ez kontraturik, ez kridarik, ez sententziarik, ez eta ere edo-zein nahi iskiriburik batere, Erromakoaz bertze hitzkuntzetan.
Erromaren kontra jaiki izan zen Hetruria, zeina baita Toskana Italian. Valer. Maxim. lib. 2. de Institut. antiquit. Bainan etzitzaion baliatu; zeren garaitu baitzuten eta egin zioten legea, nihor etzekiola mintza Justiziari Erromarren hitzkuntzaz baizik. Lege hunek iraun zuen Espainian bortz ehun urthez baino gehiagoz; eta hala Espainiako lekhu gehienetan galdu eta iraungi izan zen lehenagoko hitzkuntza, zeina baitzen Eskuara, lehen erran dudan bezala, eta haren orde gelditu zen Erdara Erromarren hitzkuntzatik hartua, ezen hala erran nahi du (Romance) istoriolarien eredura, zeren erran nahi baitu Erromako antzera edo Erromako antzez.
Oraino bazuten Erromarrek bertze lege bat bere artean hagitz hertsia, nihoren ez entzuteko bere hiriko-etxean (zeina deitzen baitzuten) Senatus, (erran nahi baitu kargudundegia edo kargudunen etxea) baldin Erromako hitzkuntzaz mintzatzen ezbaziren; non handik obligarazten baitzituzten hekin egiteko zuten guztiak, Latinez mintzatzera, Agustin sainduak dioen bezala: Curabant ergo Romani, ut, & in Provinciis plurimi Latinè loquerentur, ita ut Hispanias, & Gallias Latinas prorsus fecerint, reteribus illarum gentium linguis abolitis. Et in Senatu nullos audierint legatos, nisi Latinè verba facientes. D. Aug. lib. 19. Civit. Dei. cap. 7. Eta hala egundaino nihork-ere baino gehiago hedatu, eta aitzinatu zuten bere Inperioa, edo Erresuma, bere hitzkuntza Mundutik hedatuz eta barraiatuz; zeren bide hunetaz bere azpikoak hobekiago gobernatzen, begiratzen eta manaiatzen baitzituzten; ordea irabasten zituzten herriei-ere, hargatik irabaztearekin batean, har-arazten zioten bere hitzkuntza.
Eztira gutiago laudori-oztatzekoak Arabiako jendeak; zeren hek-ere artha bera izan baitzuten Asian eta Afrikan bere hitzkuntzaren har-arazteko, eta ahalaz hedarazteko.
Hek guztiek bere hitzkuntzarentzat izan zuten bezanbat amodio izan zuten halaber Munduko zein-nahi bertze jendakik-ere, zeinek bere Erresumetako hitzkuntzak galtzera utzi gabe, begiratzeko eta aitzinarazteko; ezen azken Toskanak izan zuen Erregea Erromarrek garaitu bazuten-ere, halere egundaino Erromarren letrak, eta hitzkuntza ezin har-arazi zioten, handikan erran zuen Katonek: Latinas Litteras ut reciperet, persuaderi non potuit.
Guziek baino hobekiago ezagutu zuten Greziarrek, zein estimu handitan idukitzeko, eta begiratzeko duten zeinek bere Erresumetako hitzkuntzak: baihalaber galtzera eta erortzera uzteaz zenbat kalte heldu den Erresumetara, eta estimutan idukitzetik zenbat ontasun eta progotxu. Ezen ikhusi zutenean bere Inperioa edo Erresumak eroriz eta galduz zihoaztela: Egin zuten lege bat zeinetan manatzen baitzuten Greziako Muthilko eta Eskolau guztiak eskola zitezila Erresuma bereko hitzkuntzan, baihalaber lege eta zuzen guztiak irakhats zitezila hitzkuntza hartan berean, eta hala dio Justinianok. Justinian. lib. 2. de veteri jure. Lehenago Greziako hitzkuntzaz ohi zeudezila iskiribatuak orai Codice deitzen den zuzeneko liburuan dauntzan lege eta zuzen guztiak; baihalaber Aristotelesen liburuak lehen hekien hitzkuntzaz iskiribaturik ohi zeudezinak, zeren galdu baitzitzaizten, berriz berriro bere hitzkuntzara itzuli eta ganbiarazi zituzten, Thomas Dotor Aingiruarenak egin zituzten bezala. Eta bide hunetaz egin zioten hanbat ontasun eta fagore bere Erresuma ja erortzera zihoanari; non eraiki eta altxatu baitzuten, eta handik Mundu-herri guziko jenden artean irabazi eta ardietsi zuten jakintsunen izena eta omena.
Eztut bada dutatzen JAUNAK, zuek-ere egiazko Eskualdun eta Lau-urtar bezala, eztuzuela amodio eta borondate bera zeben herriarentzat eta herriko hitzkuntzarentzat. Esperantza horrek neure baithan mugidutarik eta beroturik, heldu natzaitzue neure obrattoaren ofrendatzera, agian bide hunetaz gure herriko semeek zenbait laguntza edo fagore errezibituko dutela; eta oraino, zenbait lo datzan-ere Eskuaraz iskiribatzera behar-bada atzar-araziko; arren beraz errezibi zazue Ebangelioko emakume pobretto haren kornadua errezibitua izan zen bezala: eta zuen borondatea hala delarikan ilkhiko da argitara. Hau da mandari bat aitzinat berri jakitera bezala dohana, eta bide-nabar ikhustera, nork zer begitarte eginen dioen; zeren perpausen esplikazinoa [zeina Franzesez deitzen baita les Particules, eta Espainolez, la Platiquilla de las Oraciones, baihalaber Syntaxa] eta bertze gainerako Gramatikari dagozkan gauzak, hunen begira baitaude, hunek zer iragaiten den edo nolako begitartea izaiten duen eta nor nola mintzo den ikhusi eta jakin eta ondoan, kanporat ilkhitzeko edo barrenean gelditzeko.
Eta baldin ene obra bere baithan ezbada ona, sinhets zazue bederen, ona dela Theologoen erregelaren eredura Quidquid agant homines, intentio judicat omnes. Zer-nahi dagiten Gizonek, intenzinoak neurtzen tu hekien obrak, eta-hala JAUNAK sinhets zazue bethiere naizela borondate eta bihotz on batekin,
Zuen zerbitzari Ttipiena, eta obligatuena,
J. D'ETXEBERRI,
Sarako Dotor-Mirikua.
|
|