MAITE ERE... NEURRIZ
ANTZEZ-LAGUNAK:
JOAKIN JAUNA, sendagillea, 45 urte-inguru.
LORE, Joakiñen emaztea, 40 urte-inguru.
MIKEL, semea, 20 urtekoa.
ANE, alaba, 18 urtekoa.
AZENTZI, etxeko neskamea, 44 urteduna.
EGINTZA BAKARRA
Agertokia atzetik aurrera erdibi zatitua azalduko da. Ikusleen ezker-aldera, etxeu-aurrea ager beza. Ate-gañean tellape txiki bat bedi, etxeari egotzia alde batetik eta bi zutabez eutsia beste aldetik. Aterpe ontatik kanpota, guzia elurrak artua dago. Eskui-aldeak etxe-barruko jatokia ager beza. Erdian maia, alki batzuekin. Tximenetan sua piztuta bego, ta besaulki batzuek sutondoan. Erdika ontan, ezker-aldetik kanporako atea bedi; eskuin-aldetik, berriz, etxeko sukalde ta beste gelatarako atea. Agertokia txikia balitz, ezker-aldean kantoi-zati bat utzi bezate, etxeko sarrera-ate ta aterpeari leku emateko lain; ta osteuntzeko agertoki guzia etxe-barruari bemaiote.
Lenbiziko Agerraldia
AZENTZI
(Azentzi, etxeko neskamea, Gabon-apari-aurrez jatoki-txooko batean Nazimentu bat eratzen ari da. Odolgi, kortxo ta zerrautzez, mendi, aitz eta bidexkak egiten. Belengo estalpean Jesus Aurtxoa ta beste iduriak...)
AZENTZI: Ari gera, ba, ari. Gure nagusi onek, baditu ere kazketaldiak. Gabon-gaberako bere Nazimentua jarri bear zaio... Beti ume izango gera gu. Etxean aurrerako lanik ezpalego bezela, arratsalde guzia Jaiotza au antolatzen... Berrogetaka urtekin, aur-lanetan.
Ta guzia... bere burua nasteko ta biotza minberatzeko. Andra zana bizi zanean, orrelaxe jartzea gustatzen omen-zitzaion ari; ta zaude emen, amazazpi urteren buruan, andra zanaren gustoak kunplitzen... Andreak agintzen duala etxean? Ezta gezurra. Emen, beintzat, ilda gero ere, andreak jartzen du legea... Gizonak txoratzen diranean...
Guk, zera... ezkontzeko gogoz eta senargai gabe gelditzen geran emakumeok, eztegu orrelako aginterik. Guretzat, erratza ta sukaldeko zatarra dira apaingarri. Autsak arrotzen eta zikiñak garbitzen degu, gure aginpidea... Baña bederatzi urte auen buruan, neronek ere ikasi det nagusiari errietan egiten.
Gaur ere, or azalduko zaigu kanabetekok bekozkoz bere arpegia illunduta. Ori, urteroko gaitza du. Gau ontan galdu omen-zuan bere andra ori, ta orduan bezelaxe jarri nai izaten ditu gauza guziak. Ta zer iristen du orrela? Bere barruko zauria berritzea, ta Gabon-gabeko poza ondatzea besterik ez.
Andrea... andrea!... Beste batzuek ere galdu izan dute, ba, berea. Ta orrenbesteko utsunea utzi badio andrerik ezak, badira emakumerik pranko munduan ezkontzeko borondate osoa dutenak... Neu aurrena naizela... Zer, ba? Gure sasoian gustokorik etorri etzitzaigulako, beti gai egon bear al degu, ala? Baña gure nagusi onentzat, eztago beste andrarik... Bere andreak au; bere andreak ori... Beste emakumeok gonarik ezpagenu bezela... Gonak eta gañerakoak edozeñek añakoak... eta berrogei urte paxeak, zoritxarrez. Ai! Zeñen txarra dan biotza beti gazte eukitzea!
Eta zaude zu gizon jator baten ondoan, etxepe berean, itzik esateko eskubiderik gabe, ta beste emakume baten kontuak aditzen beti. Eta orrela gaur, orrela biar, eta orrela bizi guzian. Bere andrea, bere andrea!... Gu ez al gera iñor?... Egia esan, nik ez nuan ezagutu etxekoandre zana. Etxe onetan bederatzi urte bakarrik ditut, eta andra zana il zala, gaur amazazpi urte.
(Argazki bat erakutsiaz:) Or dago bere erretrato bat. Zer ba ura ere? Moko estu, begi-pinporta, ezpain motx oiek ere, eztira, ba, beste munduko gauzak... Jakiña! Gaur amazazpi urte, ni ere zerbait banintzan. Udaberrian edozein da lore. Gaur bizi izan balitz, berrogei urte arek ere.
Bigarren Agerraldia
AZENTZI TA MIKEL
(Azentzi azkenengo itzak esaten ari dala, bat-batean sartzen da Mikel, etxeko semea, esanaz:)
MIKEL: Berrogei ta bi juxtu gaur.
AZENTZI: Oi! Besteren kontu-entzule mukizu au!
MIKEL: Eta zuk berrogei ta lau eldu-elduak.
AZENTZI: Ixilduko al zera, lotsagabe ori? Besteren saltsetan ogia bustiko luke onek.
MIKEL: Bakarrik al zeunden? Erretolika batean ari ziñan, eta nola ez entzun? Norbaiti zure biotzeko axala erakusten ari ziñala uste nuen.
AZENTZI: Etzaude zu axal ederra! Atzo nun ibilli ziñan?
MIKEL: Ai, Azentzi; besteren saltsetan ezta ogirik busti bear.
AZENTZI: Oraindik lurrean agiri ezta...
MIKEL: Ogei urte beteak ditut, Azentzi.
AZENTZI: Ta zer?
MIKEL: Udaberrian edozein da lore, emakume.
AZENTZI: Ta or egon zera ate-ondoan zeletan lotsarik gabe?
MIKEL: Ai! Zein txarra dan biotza beti gazte eukitzea!
AZENTZI: Orrelakoak obeto ikasi dituzu, liburuetako ikaskizunak baño.
MIKEL: Nolako liburuak diran, Azentzi. Onelako nobela politak diranean...
AZENTZI: Obe zenuke zein egunetan gauden gogoratzea.
MIKEL: Ori ere egin bearko degu. Baña aurrez Meltxor, Gaspar eta Baltaxar bere lekuan jarri bearko dituzu... Ez, or ez. Oraindik Erregenak urruti dira. Emen atze-xamar jarri bearko ditugu gaur. Artzaiak eta Aingeruak lenagokoak ditugu.
AZENTZI: Ta danbolinttero onek nun jo bear du ttunttuna?
MIKEL: Ementxe, estalpe-aurrean joko dio Aur jaio-berriari alkate-soñua.
AZENTZI: Ta zapi-jotzalle onek ba al du senarrik?
MIKEL: Orrek bere sasoian gustokorik ez, kottauak.
AZENTZI: Ara! ixilik ezpazaude, eztakit zer egingo dizudan.
Irugarren Agerraldia
LENGOAK ETA ANE
(Ane, etxeko alaba gaztea, Egintza Katolikuko Biltokitik dator.)
ANE: Orain ere, beti bezela, asarre?
AZENTZI: Mutil au beti ere ari da albotik-eta.
MIKEL: Azentzik eztu iñor bear alboan, izketan aritzeko. Beronek asmatzen ditu galdera ta erantzunak.
ANE: Biok ere, alkarri zorrik ez diozuela, uste det. Ni, beintzat, jota nator.
MIKEL: Atxurrean jardun aldezue?
ANE: Au kaikua! Gabonetan zertan arituko giñan? Egintza Katoliko-lana egun auetan jakiñekoa dezu. Beartsuen etxetara poz apur bat zabaltzea, gizona. Bazan antxe lana, batu diran soñeko, oñetako, janari ta abar banatzeko.
AZENTZI: Zeñek eraman du saskirik onena?
ANE: Olagañeko Andresak. Eztu poz makala eraman.
AZENTZI: Bai, gajoak aspaldi ontan makiña bat supritu du. Senarra gaxorik, eta bizkiak jaio.
MIKEL: Orrelakotxeak zerate emakumeok. Gutxiena palta egiten dutenean, bi aur batera. Esaten det, ba, nik...
ANE: Zuk zer esan bear dezu, gatzik gabeko eltze orrek?
MIKEL: Ori da mingain leguna! Etzan giro izango Egintza Katolikuko Biltokian ainbeste emakume batera itzegiten.
ANE: An egon da, ba, apaiz jauna, pozik asko.
MIKEL: Eta saskirik geienak kanpotik sartu-berri diran pardel oiei emango zenizkieten, ezta ala?
ANE: Bearra dutenei.
MIKEL: Zine bat ikusi gabe galduko ez dutenei; naiz ta eskerako ta negar egiteko lotsarik ez izan.
ANE: Beti akatsak billatzen zabiltzate zuek, mutillok. Emakumeok egiten degun lanik ezin onartu dezue.
MIKEL: Eta erriko bearrik aundiena dutenak, eskatzeko arpegirik ez dutelako, or geldituko ziran laguntzarik gabe.
ANE: Au itzontzi au! Zuk bost dakizu zein dan beartsuena. Berriketarako gogoa galanta, orixe da zuk dezuna.
AZENTZI: Utziozu orri bere jardunean. Alperrik da orrekin-eta.
ANE: Bai. Banoa aldatzera. Ia aita datorrenerako gertu dan guzia.
AZENTZI: Nik ere sukaldean begiratu bat bota bear det. Onezkero labea berotuko zitzaidan, eta egaztiak sartzeko pronto egongo da.
MIKEL: Bakarrik utzi bear al nazue?
AZENTZI: Aita, gaxoak ikustetik etorri bitartean, Jaiotza ori prestatzen, badezu lana. Badakizu nola gustatzen zaion, ama zana bizi zanean bezelaxe guzia ikustea.
MIKEL: Bai. Urteroko arpegi illunez Gabonak mintzeko. Badu, gero, gure aitak ortan ere okurrentzi zelebrea.
ANE: Bakoitzak geure korapilloak; etxean etxekoak. Banoa barrura.
AZENTZI: Ta ni zurekin. (Bijoaz biak.)
Laugarren Agerraldia
MIKEL
MIKEL: Orra ba. Gure etxeko korapilloa. Aita sendagille, ta bere burua sendatu ezin. Egun guzia besteren gaitzak sendatzen edo arintzen, eta bera urtetik urtera bere barruko arantzaz minberago... Gabon-inguru onetan ala ere, miña biziago egiten zaio. Gaitz onek badu guk eztakigun ixilleko giltzen bat.
Beste etxetan ere izaten dira onelako zorigaitzak, baña urteak samiña gozatzen diete... Zer izan dezake gure aitak bere naigabea orela luzatzeko?... Gogoaren bizarra bear du gizonak urtero bere tristura onela berritzeko.
(Jaiotza antolatuaz:) Artzai au, emen... Mendixka ontan iru ardi... onela. Erreka onetan, arata auek... Izarra estalpe-gañean... Astoa ta idia, pixka bat batuago, Aurra berotu dezaten... Oraintxe bukatu degulakoan naiz... Obeto esateko, orain asten gera urteroko negarra berritzen. Aita emen dator, oker ezpanago... Bai, atean da.
Bosgarren Agerraldia
JOAKIN JAUNA TA MIKEL
JOAKIN: (Lenbizi kanpo-aldetik atea idikitzen agertuko da. Gero, etxe-barruan sartzen.) Gabon, Mikel.
MIKEL: Gabon, aita. Gaur ere lan asko, ezta?
JOAKIN: Otz onek zarrak il eta gazteak maxkaldu egiten ditu, seme. (Jaiotzari begira gelditzen da betillun. Berekiko dio:) Orduantxe bezela. Noiz iritxiko ote det nere pakea?
MIKEL: (Berekiko:) Asi gera. Begietara pixu bat erori zaiola dirudi. (Aitari:) Bereala jarriko dute maia. Gaur apari aundia degu.
JOAKIN: Orduan ere ala zan.
MIKEL: Orduan ez, gaur bizi bear degu. Zertarako berritu arantzak, aita?
JOAKIN: Zuek txikiegiak ziñaten. Nik dakit orduko berri.
MIKEL: Ostatuk amorrai-pillo bat bialdu digu. Orrelakoxeak. (Eskuak zabalduaz.)
JOAKIN: Biotz onekoa Ostatu. Eman al diozue ezer? Etxean ere badu makiña bat ao.
MIKEL: Azentzik zerbait eman bide-dio.
JOAKIN: Noan nere lan-maira. Biarko errezeta batzuek egin eta idazkiren bati erantzun-bearra izango det. Apal-aurrez bukatzen ditudan nere egitekoak. Amaren alkia bere lekuan jarri dezatela. (Bijoa.)
MIKEL: Eztu sendabiderik. Beti ama zana gogoan. Noan ni ere zerbait aurreratzen dedan nere lanean. (Eskuiko atetik atera bedi.)
Seigarren Agerraldia
LORE
(Ezker-aldeko agertoki-erdika orain arte utsik egon da. Orain, eskuin-aldeko etxe-barrua gelditzen da utsik. Atadi-aldera emakume eskale bat dator nekez. Arlote jantzia; arpegi gaxoa dakar.)
LORE: Ezin det... ezin det geiago! (Elurretan zear, atadiko aterpera dator.) Aterpe orretan atseden pixka bat artuko det... Noan, noan otzak eta nekeak aitu nazan baño lenago... Emen naiz, orratik. (Aterpean sartuaz.) Utzi dezadan nere zama. (Bere pardela lurrean uzten du.) Nere soñeko urratu ta ontzi zarrok, etzaudete luzarorako... (Ate-ondoan armalla bat edo beste jarri diteke. An exeriko da Lore, etxeko orma-aldera bizkarra duala.)
Nere bizitza!... ez luke iñork sinistuko... Amazazpi urte auetan nere ibillerak ames bat dirudi... Etxe oneko alaba ura... geroko errespetoko etxekoandre ura... erriz-erri eskale, motxalle baten gisa!
Zeñen laburra izan zan nere zoriona!... Lenbiziko, semearen poza. Urrengo, alabatxoaren jaiotza... Nun ote-zerate, nere maiteok?... Ta nere zoritxarreko senar gizajoa... Aren maitasun itxua... Edena zeukan barruan; pozoi txar bat edaten duana bezelaxe... Maiteago ta zorigaitzago... Mozkortzen, orditzen zetorkion biotza... Azkenerako, erotzerañoko kezkak sortu zitzaizkion... Ta ni, aren eden; aren ardo ta kezka-iturri.
Maitasun aretan uste osoz bizi nintzan... Giro ura alda zitekenik ez nuen uste... ta nere itxumenean, ez nituan ikusi nere zerua estaltzera zetozen ekaitz-lañoak... Bat-batean etorri zan erasoa, ta mendebalak nere zorion-ostro guziak lau aldetara barreiatu zituen... Atera nintzan etxetik, tximistak jotako zugaitz baten iduri, soillik; arriak galdutako sail baten antzera... Zorigaizpean ebakita... Arrazkero, nere ondar gorrizko basamortu onetan, ezta landare bat sortu... Eguzkiak erretako zabalune onek, eztu iñun itzalik.
Nere ondamendia zerk sortu zidan esaten asiko banintza, parre egingo lirakete... Ta ala ere, egia da... Maitasunak galdu niñuen... nere senarrak zidan maitasun itxu arek, maitasun bete-beteko arek. Ura maitasunez itxu; ta ni, gañean nuen arrixkua ikusteko itxuago.
Une batean, maitasun ura gorroto bizi biurtu zan... ta atera nintzan etxetik, etxe oneko alaba au, etxekoandre begiratu au, senarrarekiko legea ausi duen andra zapuztu bat bezela, nere gizonaren madarikapen-mendean lur jota. Bururik jasotzeko indarrik gabe... Lotsa gorri batek eratxita.
Nora jo?... Nere gurasoak illak... aideetara azaltzeko arpegirik ez... Nere burua ezkutatzera jo nuen biderik-bide, euri ta ateri, uda ta negu. Beroak ito, ta otzak eten... Lore! Lore!... Zeñen oker jarri zidaten nere bataio-izena! Lore onek eztu zelairik. Landare-orpotik ebaki zuten, eta or dijoa ugolde nastu baten basetan lardaztua; neke ta gaitzak zimeldua. Geroztik, zeruko izarrak ditut nere aizpak, eta bideko autsak anai. (Loak artzen du.)
Zazpigarren Agerraldia
AZENTZI TA ANE
(Jatokiko eskuin-aldeko atetik datoz, mai-zapi, azpil ta beste ontziak eskuan dituztela.)
ANE: Ordua aurrera dijoa.
AZENTZI: Bai, eztegu lo artzeko betarik.
ANE: Gaur ala ere. Badakizu gure aitak nolako puntuan nai izaten dituen gauzak.
AZENTZI: Ez nago aztuta, ez.
ANE: Azentzi, gaur eztakit zerk ematen didan; bañan gure aitak ekarri duen arpegiak, ez dit bat ere pakerik sortu.
AZENTZI: Urterokoa dala ez al dakizu? Gabon-gabean zuen ama galdu zala-ta laño bat erortzen da etxe onen gañera.
ANE: Ezjakin arlote bat balitza, ez nuke ezer esango; baña sendagille bat, karreradun gizon bat onela azpiratzeko, zerbait bada emen gure ezkutu.
AZENTZI: Dakiguna ez al da naikoa?
ANE: Ez, Azentzi. Ta iñundik izatekotan, gaurko gau ontatik sortu bear du ezkutu orren argi-bidea.
AZENTZI: Eztezu ezer argituko, Ane.
ANE: Baietzean nago, ba. Gure aitaren naigabe onek gaur bukatu bear du. Zoaz sukaldera, ango lanak burutzera. Nik antolatuko det maia. (Bijoa Azentzi eskuin-aldetik.)
Zortzigarren Agerraldia
LORE TA ANE
ANE: (Maia jartzen ari dala, kantari asiko da:)
Jesus maitea logure dago seaskan, ain zoragarri!
Aingerutxoak kantari daude, lo eragiñaz Aurrari.
LORE: (Ate-ondoan kanpotik esnatuaz:) Ene! loak artu ez nau, ba. (Bere jantzia lepoan batuaz:) Bai otz egiten duala! Ziaro gogortuta nago.
ANE: (Abestuaz:)
Loak artu du. Aingerutxoak egan dabiltz inguruan;
ixil-ixillik makurtu eta laztantzen dute musuan.
LORE: Kanta ori!... Amazazpi urte gaur azkenengo kanta nuala... ta ondoren etorri zan ekaitza.
ANE: (Abestuaz:)
Amesetan da Jesus maitea, irri-parrez bere ezpañak;
Bera ikusteko zabaldu ditu zeruko ateak Jaunak.
LORE: Barru guzia ikara jarri zait. Zein ote-degu kantari? Etxean nagola dirudi. (Zutitzen da.)
ANE: (Abestuaz:)
Esnatu da, oi! bere begiak negarrez bete zaizkio;
Aingeru batek urrezko ontzian malkoak artzen dizkio.
LORE: Abots ori!... Neure aotik irtena dala, ematen du. Biotz errukitsuren bat bada etxe onetan. Jo dezadan atea. (Jotzen du atea.) (Ane, maia utzi ta atera dijoa. Lore ate-ondoan errezatzen. Aita gurea... Limosnatxo bat Jainkoaren izenean.
ANE: Emakume bat gau otz onetan! Jaungoiko ona! Sartu zaite barrura pixka batean berotzera.
LORE: Ez, ez. Narrasegi nago, onelako etxe txukunean sartzeko.
ANE: Gabon-gaba da gaur, ta ama zanaren izenean barruan artzen degu gau ontan datorren eskekoa. Aurrera, emakume.
LORE: (Barrura sartuaz:) Ama illa al dezu, neskatx on orrek?
ANE: Gaur amazazpi urte galdu genuala.
LORE: Jaunak bere pakean dezala!... Or atetik kanta bat entzun dizut. Zeñek erakutsi dizu?
ANE: Gure aitak. Ama zanari asko gustatzen omen zitzaion. Gabon-gabaz beti kanta oi degu. Nola dezu izena?
LORE: Lore, serbitzeko.
ANE: Ene! Gure amak bezelaxe. Banoa barrura berogarri zerbait zuretzat ekartzera... Exeri zaitez ementxe, amarentzat jarri oi degun alki ontantxe.
LORE: Illa dezuela esan eztezu, ba?
ANE: Bai, baña gau ontan leku ori gordetzen diogu beretzat, nolabait gurekin degula sinisteko. Berealaxe nator. (Bijoa eskuiñetik.)
LORE: (Apur batean bakarrik:) Nere etxean nagola dirudi. Mai au... alki auek, Jaiotza ori. Onelaxe jarri oi-nuen neuk ere zorioneko nintzan urte aietan.
ANE: (Azpil batean zuku beroa ketan dakar:) Artu zazu berotzeko.
LORE: Milla esker. Zure biotz ona Jainkoak ordaindu deizula! (Artzen asi bedi.)
ANE: Gau otz ontan, nola atera zera bide oietan zear?
LORE: Urteak daramazkit bide oien lagun.
ANE: Bein ere ez al dezu izan etxerik?
LORE: Amazazpi urte nere etxea galdu nuela.
ANE: Nolatan galdu zenuen, ba?
LORE: Maitasun geiegiak bota ninduen nere etxetik.
ANE: Maitasun geiegiak?
LORE: Bai, nere senarrak zidan maitasun geiegiak... Etzan bizi... Norbaitek emaztea ostu bear zion bildurrez bizi zan beti... Aide-tartekorik etxera etortzen bazan... adiskideren bat guregana ba-zetorren... Gizakume bati arpegi ona jartzen ba-nion... Nere senarrak etzuen pakerik.
ANE: Bizimodu larria benetan!
LORE: Geiegi maite ninduan... Nik aur bati bezelaxe, parre egiten nion... Alako susmo txarretan denborarik ez galtzeko, esaten nion... Baña gaitza zuen, eta gaitz arek noiz-nai muturtuta, iñorekin itzegin nai etzuela, jartzen zuen... Egun aietan, lengusu gazte bat genduen etxean... Nere senarrak gaitz-aldi gogorra zerabillen... bere maite-kezkak zoratu zuten... Ni, aren bekozkoa ta umore txarra ezkutatu nairik nebillen lengusuari... Senarra mutuago ta ni berritxuago ta alaiago itzegiten saiatzen nintzan. Lengusua ere, mutil gaztea ta itz egokikoa... Gure itz-jarioa ta jolas-gogoa, senarrarentzat edena zan, pozoi txar bat aren gaitzarentzat. Uste gutxiena nuenean, Gabon-gau batean, etxetik kanpora bota niñuen, emakume galdu bat banintza bezela... Nere gabon-aparia, bidetan igesi, nere burua ezkutatzeko alegiñetan joan zitzaidan.
ANE: Gertari negargarria! Zaude pixka bat. Sukaldera noa, beste zerbait jan dezazun. (Bijoa eskuin-aldetik.)
LORE: O! Etzaitez neregatik ibilli. Naikoa det... (Bakarrik berriro:) Jauna! Irudipena ote da? Neskatxa au... arpegi ori... Nere alaba bizi bada, emezortzi bat urte izango ditu. (Jaiki bedi ta ormetako argazkiak ikusten asi bedi:) Mutil gazte jatorra auxe... Auxe irudipena!... Nere senarra gaztetan bezelakoa dirudi. Nire Mikeltxo izan bear luke! (Beste kuadroari begira:) Jaungoiko Aundia! Nere senarra ta gure ezkontza-eguneko erretratoa!... Nere gizona emen bizi ote da?... Ez, ez... gu Naparroan bizi giñan. Lengusuren batzuek izango dira auek. Burua nasten zait... (Exertzera dijoa.)
ANE: (Berriro sartuaz beste azpil batekin. Lore burua mai-gañean botata ikusiaz:) Zer, zer?... Ez al zaude ondo?
LORE: Ez da ezer. (Burua jasoaz.) Bidetako nekea ta otza... O! Zer zabiltz baña orrenbeste neke artzen neregatik? Lotsatu egiten naiz.
ANE: Zer lotsa gero? Ar zazu indarrak egiteko.
LORE: Jainkoak ordaindu deizula! (Berekiko:) Jauna, au nere alaba Anetxo ote da, ba?... (Zerbait jaten asten da.)
ANE: Ama zanari ematen nagola, iruditzen zait.
LORE: Ama il zitzaizuenean, zenbat urte zenituen? (Jan beza.)
ANE: Urteterdi inguru.
LORE: Ta seniderik ba aldezu?
ANE: Nere anai Mikel. Or dator bera.
Bederatzigarren Agerraldia
LENGOAK ETA MIKEL
MIKEL: (Agertuaz:) Gertu al degu aparia, Ane? (Lore ikusiaz:) A, barkatu.
LORE: (Berekiko:) Ane esan dio. Nere seme-alabak dira... Biotza lertu bear zait.
ANE: Eskeko errukarri bat da, eta gure ama zanaren oroipenez, jaten eman diot... Eztakizu asko... gure amak bezelaxe, Lore du izena, ta amazazpi urte ditu bidetan eskale dabillela... Gertari negargarri bat... senarrak geiegi maite zuelako, etxetik bota omen zuen.
MIKEL: Geiegi maite izan zualako?
ANE: Bai, Mikel... Maite-kezkak eraginda... besteren batek emaztea ostuko ote zion bildurrez bizi omen zan beti senarra, ta susmo txarretan galdua.
LORE: O! Eztu merezi kontatzerik... Ta zuen aita bizi al da?
ANE: Bai, baña gaurko egunez oso goibeltzen zaigu urtero.
LORE: Zergatik gaurko egunez?
ANE: Egun onetan galdu omen genduan gure ama.
LORE: Ez al da geiago ezkondu?
ANE: Ez. Beste emakumerik eztu ezagutu nai izan. Eskerrak bere lanari. Gaxo-artean dabillenean, zerbait aztutzen zaio bere naigabea.
LORE: Sendagillea al da, ba?
ANE: Bai, andrea. Ori du bere egitekoa.
MIKEL: Aita barruan dan bitartean, gauza bat ikustera noa une batean.
ANE: Azkar ibilli. Badakizu aitak eztuela ordurik atzeratzerik nai izaten.
MIKEL: Bai, Ane. Emen naiz laster. (Badijoa eskuin-aldetik.)
Amargarren Agerraldia
LORE TA ANE
LORE: Ane dezu izena, beraz?
ANE: Bai, andrea. Amak ala nai izan omen zuen.
LORE: Geiegi egon naiz etxe ontan. Milla esker. Nola ordainduko ote dizut egin didazun guzia?
ANE: Zaude oraindik. Esne beroa ekarriko dizut.
LORE: Ez, ez. Geiegi litzake; ta gañera presa det. Berandutu baño lenago, beste leku batera iritxi bearra naiz.
ANE: Joango zera. Oraintxe bertan nator. (Badijoa sukaldera.)
LORE: (Bakarrik:) Ezin nindeke emen egon. Nere senarra ateratzen bada, ezagutu egingo nau... Aurrak txikiak ziran etxetik atera nintzanean, ta ez naute ezagutu, baña nere senarrak... itxura onetan ez da errez baña nere abotsak edo beste zerbaitek salatuko niñuke.
ANE: (Sukaldetik dator.) Emen esne bero-beroa. Ar zazu, ta on egingo dizu.
LORE: Zertan ibilli zera, baña? Zeruak bedeinka zaitzala. (Artuaz:) Ederra dago... (Berriz artuaz:) Ta beti emen bizi izan al zerate?
ANE: Ez. Len Naparroan bizi giñan. Ama il zitzaigunean, onera aldatu nai izan zuen aitak. An guzia ama zanaren oroipenez betea baitzegon. (Lore jaikitzen ikusita:) Zaude patxaran oraindik.
LORE: Ezin iñola ere. Joan egin bear det; baña aurrez...
ANE: Zer nai dezu? Esan.
LORE: Lotsatu egiten naiz. Onen zikin bait-nago bideko autsez.
ANE: Lotsak alde batera utzi itzazu.
LORE: Orren ona izan zeran ezkero, aldegin baño len, laztan bat ematen utziko bazenida.
ANE: Zergatik ez?
LORE: (Zotinka laztanduaz:) Nere alaba maitea.
ANE: E? Negarrez?
LORE: (Laztana etenaz:) Alaba bat nuen. Bizi bada, zure urteak berak izango ditu. Zu laztantzerakoan, bera neukala uste nuen nere besoetan.
ANE: Ama errukarria! Zenbat zulatu artu duen zure biotz orrek.
LORE: Oraintxe eztu asko geiago artuko. Azkena urbiltzen somatzen det nere gain. Zaude Jaunarekin! Noan lekura noala, zure izena bedeinkatzen ilko naiz. Agur. (Badijoa ateruntz.)
ANE: Jainkoak gorde zaitzala bide oietan!... (Bakarrik jatokian:) Neu ere negarrez jarri nau... (Begiak igurtziaz:) Biotza erdibi utzi dit andra orren bizitzak... Aita datorrenerako, azkenak inguratzera noa. (Bijoa sukalderuntz.)
Amaikagarren Agerraldia
LORE
(Ezker-aldeko atadian, zutabe baten babesean geldi bedi. Arnasa oso estutu zaio.)
LORE: Jesus!... nere biotz au... Nola kosta zaidan ixillik egotea!... Eskerrak, Jauna! Il baño lenago, nere seme-alabak ikusteko zoria eman didazulako... Baña, ez nien ezertxo esan bear... Orain pakean bizi dirala, dirudi... Aitak, il nintzala esan die, ta ez det pake ori nastu nai... Nere ezaguera eman izan banie, berriro nastu zitekean nere senarra... Zorioneko izan ditezela... Nerea laster bukatuko da mundu ontan... Ez naiz gauza ibiltzeko ere... Pixka bat ementxe exerita, ia indarrak ekartzen ditudan... (Zutabearen kontra exeri bedi lurrean.)
Agur, nere izar maiteok!... Amazazpi urte auetan nere aizpa kutun izanok!... Gau otz onetan, ni bezelaxe «otz-ikaraz zaudete gau beltz sakonean»... Ez al dezue gaur laño-estalgarririk?... Bai, oraintxe ezin nindeke asko bizi... Aurki utziko det lur au, eta il nadiñean, izarrik-izar joango nazaizue, guztioi banan-banan laztan bat emateko.
Agur, bidetako autsok!... Gaur elurrez estaliak zaudete, laztanok... Nere anai izanak bide oietan... Autsetatik sortuok, autsetara goaz... Il baño lenago orren nereak izan zaituztedan autsok, lurpera naramatenean, izan zaitezte nere izara ta kutxa... Gorde nazazue azken-egunerako zuen etxe illunean!
(Ziaro etzaten da aterpean.) Gaurkoa geiegi izan da... Ezin det geiago... Gabon-gabean etxetik jaurtikia; Gabon-gabean aituko da nere bizia... Barka, Jauna! (Il-itxuran geldituko da.)
Amabigarren Agerraldia
EZKER-ALDEAN, LORE LURREAN. ESKUIN-ALDEAN JOAKIN, ANE TA MIKEL.
(Lore atadian etzanda il-itxuran gelditu da. Etxe-barrutik Joakin jauna, Ane ta Mikel azaltzen dira jatokira.)
MIKEL: Ane, nun zera? (Eskuiko atetik agertuaz.)
ANE: Emen naiz, Mikel. Zer dio aitak? (Eskuiko atetik irtenaz.)
MIKEL: Iñoiz baño illunago dago.
ANE: Gaur lertu bear du naigabe orrek.
MIKEL: Ez dezu ezertxo ere iritxiko.
ANE: Iñundik al ba-det...
MIKEL: Beti bezela, barruan itoko du bere miña.
ANE: Ez diot, ba, utziko.
MIKEL: Bere arantza barrurago sartuko diozu. Besterik ez.
ANE: Ez ote degu, ba, beñere oñaze orren giltzik jasoko?
MIKEL: Larri ibilli!... Baña, zaude ixillik. Emen dator aita. (Aita atera bedi.)
JOAKIN: Gabon, gazteok. Aparia maian al dago?
ANE: Balego bezela. Sukaldean pil-pillean dago guztia.
JOAKIN: Kanta dezagun, orduan, aurrez ama zanaren kanta.
(Irurak Nazimentu-aurrean jarrita abes bezate len Anek abestutako abestia bera:)
Jesus Aurtxoa lo-gure dago seaskan, ain zoragarri!...
Aingerutxoak kantari daude, lo eragiñaz Aurrari.
(Ikusleen sentimen-galdak eska-neurrian, kanta bitzate bi edo iru ahapaldi.)
JOAKIN: Ta orain, guziok maira.
ANE: (Sukaldera deituaz:) Azentzi, ia zuku ori.
MIKEL: Elur-giro onekin, a zer apari gogozkoa egin bear dedan.
JOAKIN: Maia bedeinkatuaz, ama zanaren izenean Aita gure bat errezatu dezagun. (Otoi egin bezate. Azentzik bitartean zukua ekarri ta maian jarri beza ixillik, berriro sukaldera joanaz.)
Lenbizi, amari jarriko diogu. (Utsik dagon alki-aurreko azpillera burruntzaliaz zuku pixka bat botatzen du.)
ANE: Amak zerutik ikusten gaitu, ta guk baño jai ederragoa izango du begien aurrean. (Aitari zukua banatuaz; gero Mikeli, ta azkenean beretzat artuaz.)
MIKEL: Alde ederra! Baña guk ere eztegu atzean gelditu bear. Gabon-gabeko poza, kristau guziona da.
ANE: Ala ere, gu eskerrak eman bearrean gaude Jaunari. Etxe gabe bidetan galduta dabiltzan errukarriak, artuko lukete gure mai-ingurua.
MIKEL: Ez al deikezu! Gaurko emakume eskale arek bezela.
ANE: Errukarria! Biotza urratuta utzi dit.
MIKEL: Eta izena nola duela esan du?
ANE: Lore, gure ama zanak bezelaxe. Orregatik kupira geiago egin dit bere zorigaitzak.
MIKEL: Zenbat urte esan du daramatzela bidetan?
ANE: Baita ori ere, amazazpi urte etxerik gabe bide galduetan eskean!
MIKEL: Eriotza baño okerragoa gaxoaren bizitza.
ANE: Esango nuke! Senar itxu baten maitasun geiegiak ekarritako ondoren negargarria. Emaztea etxetik orrela bialdu, bere buruan sortzen zitzaizkion susmo okerragatik.
(Aita itun eta ixillik zegoana, adi-adi jartzen da seme-alabaren esanetara.)
JOAKIN: Zer esaten ari zerate?
ANE: Andra eskale bat euki det lentxeago, oitura degunez, barrura sartuta. Etenda zetorren nekez eta otzez. Arek esan dizkit bere bizitzako gora-berak.
JOAKIN: Zer gorabera?
ANE: Amazazpi urte dirala, senarrak etxetik bota zuela.
JOAKIN: Ta izena Lore zuela?
ANE: Bai, ta urteak ere, ama zanak bizi izan balitz, izango zituanak. Baña zer gertatzen zaitu, aita? Gaxorik al zaude?
JOAKIN: Jarrai aurrera... Zer geiago esan dizu?
ANE: Gure etxeko galdera asko egin dizkit, eta azkenean laztan bat eskatu dit. Estutu nauenean, negarrak irten dio. Nere urte-inguruko alaba bat ere, bazuela, zion.
MIKEL: Gabon-gau bertan bere senarrak etxetik bota zuela, esaneztu?
ANE: Baita ere.
JOAKIN: Zergatik?
ANE: Maitasun geiegi omen zion senarrak. Beti bere andrea besteren batek ostuko ote-zion bildurrez bizi omen zan gizajoa. Gaitza omen zuen.
MIKEL: Eta egun aietan etxean lengusu gazte bat zutela, ezta?
JOAKIN: (Bat-batean aita zutitua:) Nun da emakume ori?
ANE: O! Denbora da atera zala.
MIKEL: Oso nekatua zegon. Etzan urruti joango.
JOAKIN: Azkar, azkar! Billa zagun. Amazazpi urte auetan emakume orren billa ibilli naiz alperrik.
ANE: Zein da, ba bera?
JOAKIN: Nik, itxu onek, etxetik bialdu nuen andra errukarria; zuen ama.
ANE: Ez al diguzu, ba, esan beti, ama il zitzaigula?
JOAKIN: Gezur orrek erre dit arrazkero nere biotza.
ANE: Mikel, goazen azkar! Ama gaxoa. (Irurak atera dijoaz larri. Atea zabaldu-orduko, ama lurrean dakuste.) Ama! Ama!
JOAKIN: Eldu, Mikel; barrura sartu bear degu.
ANE: Ai, gure ama gaxoa! Otzak il du etxeko atetan.
JOAKIN: (Barrura sartu ta butaka batean exerita jarriaz:) Azentzi, (sukaldera deituaz) azkar botilla bero batzuek! (Bularrean belarria jarriaz:) Oraindik bizi da. Biotzari laguntzeko, sendagaia ziztatuko diogu. Irakin-arazi bereala orratza ta zizta-ontziak. (Botilla beroekin etorri dan Azentziri.)
AZENTZI: Zer gertatzen da etxe onetan? Eskale batek onenbeste istillu?
ANE: Geure ama da-ta! Ai, gaxoa! Ez jakin bear nik au lenago.
AZENTZI: Etxen ontan guziak zoratu al dira? Ama illa etzuten ba? (Bijoa sukalderuntz.)
JOAKIN: Jarri albotan botilla bero auek; eta oñetan beste au. Ekarri orain orratza ta beste zizta-ontziak.
ANE: Banoa sukaldera ekartzera. (Bitartean Joakin jauna eskuturretik pultsoa artzen bego.) Emen dituzu, aita. (Berriro sukaldetik itzulita.)
JOAKIN: Sendagai onek bere senera ekarriko du. (Ziztatzen dio sendagaia.)
ANE: Ai, gure amaren azken negargarria!
MIKEL: Begiak zabaltzen asi da. Arnasa indartzen ari zaio.
ANE: Jesus Ona! Ez dedilla il gure ama!
JOAKIN: (Eskuturretik elduaz:) Biotzak obeto erantzuten dio.
LORE: (Ezaguera artean erdizka:) Nun nago?
ANE: Zure etxean, ama.
LORE: Zer gertatzen da emen?
MIKEL: Ate-ondoan erorita zeunden, ama; ta barrura sartu zaitugu.
LORE: Zergatik ez nazue iltzen utzi?
JOAKIN: Lore! Nere emazte zoritxarrekoa! Azkar asko damutu nintzan nere itxumenaz... Zenbat urte zure billa? Nun ezkutatu ziñan?
LORE: Joakin! Zure kalterako ezagutu niñuzun.
ANE: (Lepotik estutu ta laztanduaz:) Ez esan orrelakorik, ama. Orain gurekin biziko zera.
MIKEL: Bai, ama. Bereala sendatuko zaitugu.
ANE: Zergatik eztidazu ezer esan lenago, ama. Etziñan orrelain gaxotuko. Otzak garbitu etzaituenean atadian!
LORE: Geiegi maite ziñuztedan, maiteok, zuen pakea galtzera etortzeko. Au izan da etxe onetako gaitza... Guztion ondamendia ekarri duena... Iltzat niñuzuen; ondo bizi ziñaten... Nere berri jakin izan bazenute, zure gaitza berritu zitekean, Joakin. Berriro asiko ziran zure susmo ta maite-kezkak; berriro zure biotzeko inpernu ura... Ez nuen zuen aurrera agertu bear.
ANE: Zure maitasun geiegiak ekarri zaitu orain egoera ontara.
LORE: Bai. Maitasun geiegiak jaurti niñuen etxetik; maitasun geiegiak arrazkero euki nau zuen igesi ta ezkutu. Ta orain berandu da... Nere bizia badijoakit.
MIKEL: (Amari lepotik elduaz, Aneren beste aldetik:) Ez, ama. Zure bizia bearrekoa degu.
LORE: Oso pozik noa. Zeruak zuen besartean iltzeko zoria eman dit azkenean.
JOAKIN: (Loreren aurrean belaunikatuz eta aren magalera bere burua botata:) Nik il zaitut, Lore. Barka zaidazu nere itxumena! (Negarrez.)
LORE: (Bere eskuak senarraren buru-gañean dituela:) Maite-gaitzak galdu zizun burua... Guzia neurriz egin bear da mundu ontan, Joakin... Maite ere... neurriz. Ta orain... neguak galdu du zuen Lorea... (Indar guziak batuaz:) Agur, nere kuttunok!... Ze...ru...rar...te! (Iltzen da.)
ANE ta MIKEL: (Garraxika:) Ama! Ama!
JOAKIN: (Andrearen biotzera burua eramanz:) Lore! Lore nerea!
AZKENA
Antzerki au MCMLVI'garren urteko azillaren 14'an bukatu zan
|