GABON-ZAURIA
Ekiñaldi bakarreko antzerkia
ANTZEZLARIAK:
JOXE MARI: 28 urtedun etxejauna.
JUANA: 26 urte. Joxe Mariren emaztea.
TOMAS: 40 bat urte. Sendagillea.
XABIERTXO. Aurra seaskan. Ez du itzik egiten.
AINGERU-TALDEA.
AITA JAUNGOIKOA.
EKIÑALDI BAKARRA
Lenengo Agertaldia
JUANA
Euskal-sukaldea. Juana seaska-ondoan Xabiertxori kontuak egiten ari zaio.
JUANA: Zein da gure ederra?... E?... Ez al diozu ezer esan bear amari?... A, gaiztoko!... Zeñi egiten diozu kiñu?... Aggg!... Aggg!... Gure izarra! Aurtxoa jaio da argizko askatxo batean... eta aingeruzko auts zuria zeruetatik kantari dabil... Akio, makio dilindan; gure aurtxoa seaskan; amak kantatzen ondoan; aita urruti lanean... Ai!... jan bear dedala nere txikia! (Laztantzen du aurra.)
E?... negarrez?... Ixo, ixo, maite!... Zeñek egin zuri, gure eder orri?... Akabo, akabo... Pupua?... Nun? Ementxe?... Bai, biotz orrek... Gaxorik nere maite ori... Ez da ezer; ez da ezer... Mamuak egin?... Da, da, mamuari!... Utikan, zatar ori!... Juan da mamua... Orain berealaxe sendatuko zera. Aitaaa, aitaaa!... Bai, enetxo; oraintxe etorriko aita lanetik... eta txanpon asko ekarriko... eta goxoak zuretzako... Zer, zer?... Medikuari bildur?... Xista, xista medikuak?... A, itxusi aundia!... Zatar ipurdi, musu zikiña! Lo, lo, maite... azkar sendatzeko,... mutil aundi egiteko... Lo, Xabiertxo... Begiak itxi... orrelaxe... Lo... lo... lo!...
(Seaskari eragiñaz kantari:)
Gure Potxolo, gure Potxolo,
begiak zabalik, seaskan dago.
Lo eiten ez duan aur gaiztoari,
Mamua agertzen zaio tentari;
ta azkar eragiñaz zaku beltxari,
ñiñia arrapatzen dio amari.
Gure Potxolo, gure Potxolo,
Mamua juateko egin azkar lo.
Lo egiten duan aurtxo zintzoak,
inguruan ditu aingerutxoak;
aiek ekarriko koko goxoak,
ta egan eiteko ego urrezkoak.
Gure Potxolo, gure Potxolo,
begiak itxita lo ta lo dago.
(Kantatzen ari dala, Juanak lo artzen du aur-seaska ondoan, ta amesetan auxe ikusten du:)
Bigarren Agertaldia
(Atze-oiala jaso ta zeru izarratua dager. Aingeru-taldea zeruetatik bera dator jostari ta itz-jario:)
1. AINGERUA: Zeñek deitzen digu?
2. AINGERUA: Zertara gatoz?
3. AINGERUA: Ba al daki iñork ezer?
4. AINGERUA: Zaudete, zaudete. Aita Jaungoikoa oraintxe datorrela, uste det... Ta arekin, millaka Aingeru.
(Aingeru-sail bat sartzen da. Aita Jaungoikoa, bizar-zuri, azkenengo.)
AITA JAUNGOIKOA: Nundik nere aingeruok?
1. AINGERUA: Lurra inguratu ta itzul-inguratu degu.
AITA JAUNGOIKOA: Orretarako eman nizkitzuen ego arin oiek. Ta zer ikusi dezue?
1. AINGERUA: Gizonak alkar gorrotatzen eta iltzen.
2. AINGERUA: Eta emakumeak zirtzilkeriz jota.
3. AINGERUA: Mutillak nexka-zorabiotan galduak.
4. AINGERUA: Ta neskatillak mutil-saretan ondatuak.
AITA JAUNGOIKOA: Ixo, ixo! Ez asi denok batera itzegiten. Ez al dakizue gaur zein egun degun?
1. AINGERUA: Gabon-eguna.
AITA JAUNGOIKOA: Ederki esana. Dakizuen bezela, gaur Belenen jaioko zaigu Aurrik ederrena, ta guziok zerua utzita lurrera jetxi bear dezue jai ortara.
2. AINGERUA: Orrela egingo degu, Jaun Aundi ori, Zuk esan bezela.
AITA JAUNGOIKOA: Zenbat zerate? Bat, bi, iru, amar, ogei, milla... Gutxitxo aukeran Jai ortarako aingeru geiago bear ditut.
3. AINGERUA: Nun arkituko ditugu, Jauna?
AITA JAUNGOIKOA: Ez al dituzue ikusi lurreko seaskak? Eta seasketan aur matrail-gorriak? Aiek bai kutsu gabeak! Munduko gaiztoz lausotu gabeak! Enetxuok! Zoazte arin, egoak astinduaz, lurreko seaskatara, ta aur oietatik ederrenak ekar itzazue zuen lagun izatera. Gaur gabeko jairako emen bear ditut guziak... Sin palta, gero.
AINGERUAK: Bai, jauna! bai, Jauna!...
AITA JAUNGOIKOA: Ederki, ederki! Orain zoazte lur zabalera zuen egitekoa betetzera. (Aita Jaungoikoa ezkutatzen da.)
Irugarren Agertaldia
AINGERUAK. JUANA LOTAN
(Bigarren agertaldi ezkero, sukaldea argi xotilletan egongo da. Aingeru-zerua, berriz, argi bizitan atze-aldean.)
1. AINGERUA: Ara or seaska bat.
2. AINGERUA: Egia! Ta bai aur polita!
3. AINGERUA: Gaur gaberako aukerakoa.
4. AINGERUA: Ama lo dagoen bitartean, guregana artuko degu.
1. AINGERUA: Bai, orixe egin dezagun.
2. AINGERUA: Bai pozik ikusiko duala Aita Jaungoikoak!
(Kanta ta dantza, seaskara alboratzen dira:)
Gure Potxolo, gure Potxolo,
seaskan etzan-da gaxorik dago.
Aingeru-txuriak, seaska-inguru,
dantzan ari dira, soñu ta kantu;
gure Potxolori emanaz musu,
zerura eraman dute aingeru.
(Kantatuz aurrari musu eman eta oial arin batzuek seaskatik jaso, aurtxoaren anima-iduri, ta badaramazkite besoetan zerura.)
(Juanak, besoak ate-aldera luzatuta daramaioten aurrarengana zuzentzen ditu larri. Bere lo-zorroan, aurra aingeruei kendu nai lieke. Ontan, atze-oiala erortzen da berriro, ta zeru-ikusmira ezkutatuz, lengo sukalde-orma azaltzn da. Piztu bitez sukaldeko argiak.)
Laugarren Agertaldia
JUANA TA JOXE MARI
(Juana lo-zorroan besoak ate-aldera dituala geldirik dago. Ala arkitzen du senarrak. Ate-otsera esnatzen da Juana, ta bere estuasun artan, begi-igurtzika ta seaskara begira asten da.)
JOXE MARI: Zer zaude, emakumea, orrela besoak luzatuta?
JUANA: Au ames larria, Joxe Mari!
JOXE MARI: Ze ames, gero?
JUANA: Neronek egin dedana. Xabiertxori lo eragiñaz, nerau loak artu nau. Zerua nere begien aurrean zabaldu da, ta Aita Jaungoikoa aingeruei izketan asi zaie.
JOXE MARI: Ames politagorik!
JUANA: Bai zera! Aita Jaungoikoak gaur Gabon-eguna degula gogorazi die bere aingeruei, ta aingeru asko bear dituala jai ontarako.
JOXE MARI: Baditu nai aña zeruko zelaietan.
JUANA: Ez, ba. Aingeruak kontatzen asi da, ta gaur gabeko jairako gutxitxo dirala zeruan diranak, eta lurreko seasketara jeisteko esan die.
JOXE MARI: Zertara, gero?
JUANA: Aur kutsugabeak artu ta aingeruak zeruan ugaltzeko.
JOXE MARI: Gure Xabiertxo eraman nai ote ziguten larrituko ziñan?
JUANA: Nola ez? Aita Jaungoikoa ezkutatu daneko, lau aingeru gure sukaldera begira jarri dira, ta Xabiertxo zerura eramateko asmoa artu dute. Seaskara alboratu ta, kanta ta dantza, aurrari musu emanaz, berekin eraman dute.
JOXE MARI: Ni sartu naizenean, besoak ate-aldera luzatuta zeunden.
JUANA: Xabierto aingeruak zeramatela ikusi ta jaiki nai nuan; eta ezin. Gure aurra aingeruei eske nengoen larri zu sartu zeranean. Ate-otsak esnatu nau.
JOXE MARI: Baña amesak ames dira, ta gure Xabiertxo seaskan degu.
JUANA: Bildur naiz luzarorako ez ote degun; eta amesa gaur gaberako egi izango ote dan.
JOXE MARI: Uxa itzazu burutapen oiek. Gabon-gaba pozezko jaia da, ta gaur biotzak zabaldu bear ditugu.
JUANA: Ez nago, ba, lasai. Aurraren itxura ta arnas orrek, eztit batere onik egiten.
JOXE MARI: Ez al zenion entzun atzo medikuari?
JUANA: Sendagilleak, gurasuok ez kezkatzearren, gezur asko esaten dakite.
JOXE MARI: Zaude ixillik, Juana. Zure ames orrek zearo nastu zaitu-ta. Gañera, gaur Eguerritarako lan-sari obea eman digute. Poltsa bero onekin, jaiak ederki gozatuko ditugu.
JUANA: Ala nai izan dakiola zeruari!
JOXE MARI: Aztu ezazu ames ori, ta betor Gabon-aparia. Zer jarri dezu?
JUANA: Olio-azak gal-galean daude.
JOXE MARI: (Beatzak miaztuaz) Ta zer geiago?
JUANA: Bakallaua saltsa gorrian; errege-sagarrak konpotan...
JOXE MARI: Ta kape beltxa kea dariola, ta miztela naiz pattarra gañean. Nor da triste gau ontan?
JUANA: (Maitez) Au xoroko!
JOXE MARI: (Gaiztoz) Zer? Senarrari xoroko? Ori al da kristau-legea? Ori erakutsi al zizuen ezkontzerakoan aldare-aurrean? Ikasiko didazu azkar zure gizonari zor diozun legea gordetzen.
JUANA: Ara sermolaria etxean! Garizuman al gera?
JOXE MARI: Etzaude zu Garizuma txarra, begi beltz oiekin eta irri gaitzo orrekin. Tira, orain penitentzi txiki bat eman bear dizut zure pekatuaren aldera.
JUANA: Gure Aita konpesorea bertan!
JOXE MARI: Zuk merezi baño txikiago izango da gaurko penitentzia; ta neronek lagunduko dizut, gañera.
JUANA: Oso damuturik naukazu.
JOXE MARI: Tira, ba. Etxean ez degu gabonetarako Jaiotzarik ipiñi; baña Jesus bizia seaskan degu.
JUANA: Xabiertxo gaxoa!
JOXE MARI: Bai; bion arnasa dakarren gure sagastiko ale maitagarria. Gabon-gabari bere usaia emateko, kanta dezaiogun biok gure Jesustxo biziari.
JUANA: Bai! Belengo Jesusek osasuna eman dezaion.
JOXE MARI: Ara, ba... (Biak abestuaz seaskaruntza:)
Gaur ozkarbi! Izar argi!
Zerutik da etorri.
Jainkoaren Seme jaio-berri;
Aingeru denen poz-iturri.
Gogo oneko gizonei
pakea die ekarri.
(Doñua, Alemaniko Gabon-kanta ezagunarena. Noche feliz... dalakoa.)
Boskarren Agertaldia
LENAK ETA TOMAS JAUNA
(Senar-emazteak seaskaren alde bietan kantari daude aurrarengana zerbait makurtuak. Lenbiziko ahapaldia (estrofa) bukatzera dijoazela, atea ixil-ixillik iriki ta senar-emazteak konturatzeke, Tomas sendagillea sartzen da. Kantari biei begira geldituko da, ta kanta bukatzen danean, bere artean dio:)
TOMAS: Jauna! Zein alkarren urrean jarri dizkiguzun lur ontan negarra ta poza!
(Senar-emazteak bigarren ahapaldia kanta bezate:)
Goazen denok Belenera
artzaiekin batera,
Jainkoa lastotan ikustera,
aska-aurrean abestera;
Jesus Aur maiteari
biotza eskeintzera.
TOMAS: (Senar-emazteak bukatzen dutenean, aien doñuan kantatuz:) biotzak txoratzera.
JOXE MARI: Baña noiztik zaude or zeletan?
JUANA: Aterik jotzeke sartuta iñoren etxean!
JOXE MARI: Juezetara eraman bear zaitugu oraingo ontan.
TOMAS: Etzaudete zuek biok ere juez txarrak. Aparirik ez al dago?
JUANA: Oraintxe giñan astekoak. Exeri zaite gurekin.
TOMAS: Zer oberik neretzat? Baña etxean lotuta naukaten borrero biak jango nindukete.
JOXE MARI: Zein borrero, ostera?
TOMAS: Nere andrea ta alaba. Onak jarriko lirake Gabon-gabaz auzoan apalduko banu.
JUANA: Au Don Tomas, au! Gaizki artzen zaituzte etxean, beraz?
TOMAS: Ezin gaizkiago. Ta okerrena: neronek sortutako kateak ditudala. Au komeria! Azkenerako gure etxetako kartzela maitagarri egiten zaigu, ta kito. Eztago salbaziorik... Ta zer dio zuen borrero txiki orrek?
JUANA: Beinke, ba, borrero txikia. Orrek gauzka biok ari batetik itotzen. Eztakit, eztakit. Gaur ez det batere ongi ikusten.
JOXE MARI: Onen kezka geiegiak. Amesetan sinisten duan emakumearekin nora joango zera?
TOMAS: Amesak ere ba al ditugu?
JOXE MARI: Bai, nunbait. Gure txikia aingeruak zerura eramaten ikusi du. Ni sartu naizenean emen zegoen lo zorroan besoak ate-aldera luzatuta... Urreratu zaite, Don Tomas; ia onen amesak egia dioten.
TOMAS: (Seaskara dator, eta aurra aztertzen asten da. Arpegian etzaio ezer igartzen.) Bapo! Eztago txarragorik.
JUANA: Baña, ezta oberik ere, Don Tomas. Ai, gure Jauna! Au ez da bizitzea!
TOMAS: Emakume auek!... Nork esan du orrelakorik? Gaitza ez da egun batekoa, ta itxoin egin bear. Ezta besterik.
JUANA: Ala nai dakiola Jaunari! Banoa esku-zapi billa. (Ateratzen da.)
Seigarren Agertaldia
TOMAS JAUNA ETA JOXE MARI
JOXE MARI: Ta?...
TOMAS: Ala-ala... Biotzak ez du ongi erantzuten, eta egunetan bularrik artu nai eztuala, asko auldu da.
JOXE MARI: Guretzat zegoen au ere.
TOMAS: Ez dago dena galdua.
JOXE MARI: Baña laster galduko da guzia. Nere alegiñak Gabon-gaba emazteari pozteko, ta, dena alperrik!
TOMAS: Etzaiozu ezer esan berari.
JOXE MARI: Gaitzak esango dio aurki geiegi. Ta zaude bitartean zerorren naigabea itotzen.
TOMAS: Bizi-bideak gizakumeoi jarri digun legea. Emakumeak beren samiña azalera atereaz, arnas-bidea dute. Guk, besteri bizia arintzeko, barruan ito bear izaten ditugu naigabeak.
Zazpigarren Agertaldia
LENGOAK ETA JUANA
JUANA: (Ustegabean sarturik, senarraren arpegi illuna ikusten du.) Zer, zer? Gaizki al dago?
JOXE MARI: Zeñek esan dizu ezer?
JUANA: Zure arpegiak. Oso kezkati zeunden Don Tomasekin izketan.
TOMAS: Etzan Xabiertxogatik. Sendagilleok onenbeste zulo ikusi bear izaten ditugu... Etxaluzenekoa aitatzen ari nintzaion Joxe Mariri. Bada antxe negarra! iru aur eta alarguna!
JUANA: Il al da Patxi?
TOMAS: Il balitz bezela. Eztu gaurik emango.
JUANA: Ines gaxoa!... Zerbait eman bear diogu bere premia arintzeko.
JOXE MARI: Aur gaxo oien gosea ixiltzeko.
TOMAS: Lagun on batzuen bearra izango du gajoak... Gabon-gabak ere, zenbat eratakoak etxe bakoitzean. Emen poz, eta an negar; auek larri ta aiek alai. Gurean ere onuzkero zai egongo dira-ta, banoa. Len bezelaxe, kontu artu aurrari ta zerbait berririk balu, deitu bildurrik gabe. Gabon ederra igaro!
JOXE MARI: Orobat zuek ere.
JUANA: Jauna lagun dezagula guziok.
Zortzigarren Agertaldia
JUANA TA JOXE MARI
JUANA: Zer esan dizu Don Tomasek?
JOXE MARI: Betikoak. Orain arte bezelaxe jarraitzeko ur beroa jartzen; estutzen danean sendagallu au emateko... Ezer berririk ez. Gaur Gabon dala ta pozari leku egiteko gure biotzetan.
JUANA: Errez da esatea.
JOXE MARI: Eta egitea ere bai. Biok alkarrekin gerala, zer geiago bear degu? Tira!... Atera olio-azak; munduan ezta gu baño zorionekoagorik-eta.
JUANA: Ai, Xabiertxo sendatuta bagendu!
JOXE MARI: Sendatuko da. Gaur bijoaz kezkak, eta begoz pozak! Orain, apalatxo! (Exertzen da.)
JUANA: Zu beti jan-poz.
JOXE MARI: Euskalduna maian ezagutzen da.
JUANA: Ez mai utsean.
JOXE MARI: Jakiña! Mai utsak eztu grazirik. Betea bear du, betea. Begietatik aora dabilkit gosea.
JUANA: Eltzeak txistu jo du, ba, oraintxe.
JOXE MARI: Betor, ba, lenbailen Jaunaren grazia.
JUANA: Aurrez maia bedeinkatuta.
JOXE MARI: Egia; ta apal-ondoan maia asmatu zuanaren alde, Aita gure bat esango degu.
JUANA: Oraintxe esatea obe zenduke.
JOXE MARI: Ez, orain luzetxo joko luke orrenbeste errezo. Oraindik eztegu urterik amonarenak egiten asteko.
JUANA: Amonarenak?
JOXE MARI: Bai, Juana. Aren jan-aurreko otoi-erretolikak, etziran motxak izaten. Majiña bat gose pasa genduan mai-aurrean, aren Aita gureak bukatu-zai.
JUANA: Au ao aundi! Arri koskorra mendi egingo zenduke zuk. Ai, gure txikia maian exertzeko gauza balitz!
JOXE MARI: Aulki bat geiego jarri zazu, ta emen degula kontu egizu.
JUANA: Azten danean, ementxe jarriko degu bion artean.
JOXE MARI: Ta zuk emango diozu zukua, ta nik babarrunak. (Bitarte ontan Juana, maia prestatzen bebil, azpil, antoxin eta abar ekarriaz.)
JUANA: (Seaskara begira) Gure zerua! (Makurtu ta laztanduz) Baña arnas au... Joxe Mari, ume au eztago ondo!... Ai, gure erruki!
JOXE MARI: (Maitik jaiki ta seaskaratuz) Etzaite orrela estutu, emakume. Ezta ezer izango-ta.
JUANA: Bai, Joxe Mari. Begira zaiozu... arpegi ori... begi-ondo oiek... arnas estu ori... Ai, gure Jauna! Au ere guretzat al zegoen, ba?
JOXE MARI: Nun da sendagilleak agindutako edaria?... Emaiogun eta bereala etorriko da bere onera.
JUANA: (Edaria emanaz) Edan, edan, maite... goxo-goxoa... Bai, azkar sendatzeko... Don Tomasi deitu bearko diogu, Joxe Mari.
JOXE MARI: Gauden pixka bat ikusi arte... Gabon-gaba alperrik galtzera joatea ere, ez da itxura izango.
JUANA: Ama Doloretakoa! Lagun iguzu!... (Aurrari:) Edan berriz, maite... orrelaxe... poliki-poliki. Bapo, gure txikia!
JOXE MARI: Ikusten dezu? Ez da ezer... Joan zaio estualdia.
JUANA: E?... (Belarria aur-bular gañean duala) Ume onek eztu arnasarik! Ikusi zazu, Joxe Mari.
JOXE MARI: Ez gaitezen ito... Ia, ia... (Belarria aurrarengana urreratuz:) Zerbait gutxiago, baña oraindik badu arnasa... (Eskuturretik pultsoa artuaz:) Pultsoa ere auldu egin zaio... Biotz txiki orrek eztu lanik egin nai.
JUANA: Ai, nere bizia!... Badijoa gure poza... Agur gure aparia!... Agur, Gabon-gaba!
JOXE MARI: (Zutituz) Jaunak eman zigun; Jaunak kendu digu!
(Ama zotinka seaska-ondoan burua botata. Aita buru-makur bere samiñak astunduta.)
Bederatzigarren Agertaldia
LENAK ETA AINGERUAK
(Berriro atze-oiala jaso ta aingerutxoak kantari agertuko dira.)
Gure Potxolo, gure Potxolo,
ilda geldik dago, betiko lo-lo.
Amaren biotzan naigabe-itxaso,
seaska-ondoan negarrez dago;
burua makur da begiak malko,
illa dagolako gure Potxolo.
* * *
Txalopin txalo, txalopin txalo,
katutxoa mizpira-gañean dago.
Badago, bego; bego badago;
gure txiki polita zeruan dago.
Amargarren Agertaldia
JUANA TA JOXE MARI. GERO, MUTIKOAK
JUANA: (Zutituaz:) Illunak artu du eguna.
JOXE MARI: Naigabeak ez daki orduak neurtzen, maite. Gure negarretan joan zaigu argia.
JUANA: Bai ondo joan ere gure biotzetatik.
JOXE MARI: Ez al degu apalduko?
JUANA: Seaska onen ondoan, nola?
JOXE MARI: Gure txikia onuzkero Belen-aldean da kantari.
JUANA: Nere amesa azkenean bete da. Gau ontarako aingeruen taldea ugaltzera eraman digute, noski.
JOXE MARI: Bete dezagun guk ere Gabon-apari-legea.
(Ataritik itz-otsa ta mutiko-zaratak datoz.)
JUANA: Zein dira atari-alde ortan zarataka? Gure malkoak algara ta parrez miñagotzera al datoz?
MUTIKOAK: (Ataritik:)
Etxekoandre ona,
kantatzerik nai?
Jaiotzadunak gera
begirunez beteak
zure zai.
JUANA: Nortzuk dira... dijoazela ortik!
JOXE MARI: (Atetik begira:) Gorriz argitutako Jaiotzaz mutiko-talde bat da bertan.
MUTIKOAK: (Ataritik:)
Etxekoandre ona,
abesterik nai?
Belen-zaleak gera
sari ustez beteak,
zure zai.
JUANA: Bijoaz!
JOXE MARI: Ez, maite; begira zaiezu. Gurea ere, bizi izan balitz, oiek bezelaxe ibilliko zan.
MUTIKOAK: (Ataritik:)
Etxekoandre ona,
abesterik nai?
Gabon-zaleak gera,
ezin etsiz beteak
zure zai.
JUANA: Zuzen diozu. Aur onak bedeinka bitza!... Sartu, mutillok seaska-aldera urreratuaz Jaiotza. Lotan dago gure txikia, baña ez du esnatzeko loa. Belenera joan zaigu aingeruekin Jesusen Jaiotza kantatzera.
MUTIKOAK: (Sartzen dira, seaskara urbilduaz. Inguratzen dute seaska, ta guziak ixillik begira gelditzen zaizkio aurrari.)
1. MUTIKOA: Bai txuria dagola!
2. MUTIKOA: Ta arnasarik ez du.
(Illa dagoela igartzen diotenean, bana-banan txapela erazten asten dira.)
1. MUTIKOAK: Lagunak, etxeko ildakoen alde otoi bat esan dezagun.
GUZIAK BAT: (Abestuaz edo errezatuaz:)
Aita gure, zeruetan zaudena, santifikatua izan bedi zure izena...
(Antzoiala, Aita gurea asten duteneko poliki-poliki jeisten asiko da, mutikoen otoia etenaz.)
AZKENA
|