Lehenbiziko solastaldia
ANTONIO. Aintzineko eguneko zure solasak hainitz dostatu ninduen.
BASILIO. Atsegin dut jakitea.
ANTONIO. Nahi nuke zerbait erran bazineza abere batzuen gainean.
BASILIO. Ez da gaitz atsegin hori egitea zuri.
ANTONIO. Esker izanen darotzut.
BASILIO. Badakizu zer den seda?
ANTONIO. Ustez bai; huna hementxe.
BASILIO. Bainan badakizu nondik heldu den?
ANTONIO. Indietarik naski.
BASILIO. Seda izateko, ez Indietara goan beharrik.
ANTONIO. Nola! Hurbilagotik heldu da?
BASILIO. Hemen berean atzeman diteke. Seda pinpiriña baten lana da.
ANTONIO. Pinpiriña baten lana! Othe daiteke?
BASILIO. Bai; pinpiriña baten lana.
ANTONIO. Erradazu nola egiten duen lan eder hori.
BASILIO. Bada pinpiriña mota bat zuria eta lodia. Hunek egiten dituen arroltzetarik atheratzen dira har xehe-xehe batzu. Ordu beretik hasten dira martzoka hosto jaten. Jaten dutenaren arabera, handituz ere dohazi. Erhiaren neurrira heltzen dira berrogoi bat egunik barnean. Orduan abiatzen dira, armiarmak bezala, ahotik heldor botatzen. Botatzen dute beren buruen inguruan arbolen adar artetan. Hunela gelditzen dira zarpa baten barnean. Zarpa hau deitzen da kuskua. Kuskuak ezartzen dira ur irakituan, eta han guritzen dira. Hartzen da zirikuaren izpia, eta kuskuak barraiatuz dohazi beren lekhutik athera gabe. Zirikua bilduz hastalkaian, hastaria egiten da, kuskua barraiatzen denaren arabera.
ANTONIO. Nork erran lezake ikhusten diren sedazko soineko ederrak, pinpiriñari zor zaizkola?
BASILIO. Kuskuaren barnean diren harrek ezkurra osoki iduri dute.
ANTONIO. Hilak ala biziak dira?
BASILIO. Hilak gure begietan, bainan, primaderan, atheratzen kuskutik pinpiriña bihurturik.
ANTONIO. Zer gauza espantagarria!
BASILIO. Bi gauza haukietarik, zein zaitzu espantagarriagoa? Berriz phiztea, ala pinpiriña bihurtzea?
ANTONIO. Hain harrigarri aurkhitzen dut har bat pinpiriña bilhakatzea, nola hil bat berriz phiztea.
BASILIO. Egiazki, espantatzeko gauza, egun lurrean herrestaka dabilan harra, bihar hegaldaka, lehen zen baino ederrago ikhustea. Hau ikhusi eta, ez da gaitz sinhestea, egun batez gu ere berriz phizturen garela, aintzinean baino ederragorik. Pinpiriña berri haukiek egiten dituzte arroltzeak eta berehala hiltzen dira.
ANTONIO. Zer! hunen ephe laburra dute bizitzeko?
BASILIO. Bai, eta badira abereak gutiago oraino bizitzen direnak.
ANTONIO. Hori hola bada, ez dugu gure biziaren laburtasunaz arranguratzekorik.
|