www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Amandriaren altzoan
Julene Azpeitia
1961

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Kuliska Sorta, 1961.

 

 

aurrekoa hurrengoa

78
PERRA TA KEREXAK

 

        Abadiño'tik Berriz'era zijoazen oñez aita-seme batzuek, bide zabaletik.

        Bide-ertzean aitak perra bat ikusi zuan, zaldiren baten eroria noski. Aita gizon zurra zan eta esan zion semeari: —Anton, jaso eik perra ori, berri-berria dok-eta. Baña semeak, amabi urteko mutil koskorra zan arren, gerria gogorra zeukan nonbait eta erantzun zion:

        —Perra batek ez dau ezer balio, aita, ta zetzaz makurtuko naz ba? Goyazan aurrera.

        Aitak, makurtu ta jaso zuan perra ta jarraitu zion bideari. Durango'tik igaro ziranean, Kurutzeaga'ko perratokian saldu zuan perra iru txakur txikian, eta denda batean diru arekiñ kerexak erosi zituan. Ipuiñ au irakurten dutenak ez dezatela uste izan gezurra diotanik.         Oraindik ogei urte baño gutxiago dira kilo bat kerexa iru txakur edo errial batean erosten zirala gure errietan.

        Ekiñ zioten bada, Berriz'ko bideari aita aurretik eta semea atzetik. Bero aundia zan, arratsaldeko irurak, eta aita San Pedro egunaren biaramona.

        Aita, noizean bein, kerexa bat edo bi lurrera botatzen asi zan ezer esan gabe. Mutiltxoak ariñ ikusi zituan kerexok, eta bai jaso ta jan ere pozik. Gerria bigundu zitzayon nunbait.

        Olakueta'raño onela juan ziran, aitak kerexak bota ta semeak jaso ta janaz. Baña kerexak bukatu ziran eta aitak ezin zuan geyago bota. Orduan semeak esan zion:

        —Aita, ez aldezu geyago kerexik?

        Eta aitak erantzun zion:

        —Ez, seme, jan dozak danak, banaka ta biñaka lurretik jasota. Perra jasotzeko esan duatanian altzau ba'eban, ez uan gero ainbeste bider makurtu bearrik ixango kerexak altzetako. Beiñ makurtu izan gura ez dokalako, gero ogei bider makurtu biar izan dok. Ez adi izan alperra, alperra zorrijak jaten juek-eta.

 

aurrekoa hurrengoa